Beriain, euskal Rushmore
Txindokipean hazitakoa naiz ni; egunero ikusten dut Aralarko tontor hori, ikuspegi tipikoenetik gainera, eta barkatuko didazue xobinismoa mendi dotorearen eredutzat daukadala esaten badut. Bada beste mendi bat hala ere, bere bistak txunditu eta liluratzen nauena: Beriain, jende askok San Donato moduan ezagutzen duena, Aralarren aurrez aurre Nafarroako Sakana menderatzen duena. Oraintxe jakin dugu gainera, bertan dagoela Euskal Herriaren erdigune geografikoa, Olibesarioko saroia deritzan parajean, hain juxtu.
Etxarri Aranatz edo Arbizu aldetik genbiltzala, hura gainean ikusita, nire andregaiari etorri zitzaion behin gogora, Euskal Rushmore izan zitekeela Beriain mendia. Rushmore izenak ez dizue gauza handirik esango agian, baina seguru hamaika pelikulatan ikusi duzuela: Estatu Batuetako mendi bat, harrian bertan herrialde hartako lau presidenteren aurpegiak zizelkaturik dauzkana: Washington, Jefferson, Lincoln eta Roosevelt. Roosevelt ere hor zegoela jakin gabe, Far Westerako emigrazioarekin lotzen nuen nik irudia, XIX. mendean, baina entziklopedietan begiratuta jakin dut 1919an egin zutela, Hego Dakotan. Ronald Reaganen irudia gehitzeko proposamenak izan ziren orain dela urte batzuk baina badirudi bertan behera geratu dela asmo hori, oraingoz.
Euskal Rushmore izendatu eta gero, handik pasatzen ginen aldiko txantxetan hasten ginen andregaia eta biok, noren aurpegiak irudikatu beharko ote liratekeen Beriainen, Altsasutik Irurtzuna bidean edo alderantziz doazen autozaleen gozagarri. Lehendakariak hartzen baditugu irizpidetzat, Agirre, Garaikoetxea, Ibarretxe bururatzen ahal zaizkio bati (horiek eta Ardanza ageri dira orain Vaya Semanitako esketxetan; Leizaola ahaztu zaie nonbait, ez dakit txepelagatik edo aski ezaguna ez izateagatik). Baskongadismoaren bekatua du aukera horrek ordea. Urralburu, Alli, Otano eta Sanzek ere ez lukete itsusi emango, lurraldetasunaren aldetik lehen bezain herren edo herrenago geratuko ginateke baina. Ikuspegi zinez nazional eta konsensuzko bat zaila da, dena dela: Zumalakarregi adostu genezake, bere txapelarekin; Antso III.a beharbada, zer itxura zeukan ez dakigu baina; eta hortik aurrera? Sabino? Kanpion? Xaho? Eta gizonezkoak izan behar al dute aberriaren guraso guztiek?
Mendia bere horretan uztea izango da onena baina, berriketan jardutea gustatzen zaigu eta