Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Durduzaz eta dardaraz

Durduzaz eta dardaraz

xme 2004/11/17 09:42

(Andoni Egañak idatzi eta Hariadna argitaletxeak atera berri duen "Hogeita bina" bertsolaritzari buruzko saiakera liburuari egindako hitzaurrea)

Aitor dezadan ezer baino lehen: mirespen eta inbidia diet nik bertsolariei, handia. Lehenik eta behin, haiena sormen-lan ikaragarria iruditzen zaidalako, nire gaitasunentzat guztiz iritsezina. Horrek ez du esan nahi izaki estralurtar, gizagaindiko, aparteko eta mirarizkotzat jotzen ditudanik: badakit bertsoa "beste arte-jarduerak bezala" berezko dohainaren eta landuriko tekniken emaitza dela; talentuaz aritzea zein alferrikakoa den jabetuta, teknikaz dihardu hemen idazleak, besteak beste: bertsoa nola egiten den, errimaren gorabeherak, diskurtsoa antolatzeko moduak, doinuak eta abar. Urteetan emandako hitzaldi, ikastaro eta artikuluetan azaldutako iritzi eta gogoetak dira batzuk, guztiz berriak bestetzuk, denak ere jakingarri eta "lilura barkatzen badidazue" bere osoan txundigarri.

Edozein langintzatan, puntako egile batek bere lan-prozedurak, kezkak eta martingalak agertzea beti da ikuslearentzako plazer eta opari; lehen miresgarri irizten geniona ez zaigu kamutsago irudituko, baina bai hobeki ulertuko. Halako zerbait gertatzen da liburu honetan. Andoni Egaña zein artista handia den, nik esan gabe ere badaki irakurleak. Bere handitasunaz gain beste ezaugarri batzuk ere agerian uzten ditu obra honetan: hausnarketarako gaitasuna eta zaletasuna, etengabeko hobetzearen grina, zenbat gustatzen zaizkion arriskua eta desafioa, jokoa nahiz jolasa, zenbateraino maite duen bertsolaritza bere osoan, eta nola maitasun hau bizitzarekiko bere irrika eta interes aspergaitzaren errainua den. Bizitzari (munduari, errealitateari) bere luze-zabalean etengabe begiratzearen ondorio da, neurri handi batean, Egañaren bertsokera, eta, era berean esan liteke, bertsoari eta honen inguruabarrari bere luze-zabalean erreparatzearen ondorio dela liburu hau, bertsolaritzaren gaineko hogeita bi saiakera laburren bilduma, arte honi buruzko tratatu goitik beherakoa izan gabe "ezta nahi ere" mila arrasto, iradokizun, gogoeta eta irrirako aitzakia eskaintzen diguna.

Egañaren handitasuna aipatu dut goraxeago, eta hitzaurregilearen gizalege edo eskerrontzat jo dezake baten batek. Bertsolaritzaren handitasuna ere gogoratu eta goratu nahi nuke ordea, hor ez baitaukat inongo zorrik. Bistako egia da Egañak asko eman diola bertsolaritzari, baina alderantziz ere beste horrenbeste esan liteke: asko eman dio bertsoak Egañari. Idazleen artean behin baino gehiagotan sumatu izan dut halako gutxiespen moduko bat, bertsoa dela eta ez dela; ez nuke pentsatu nahi oihartzun eskasagoak eragindako erresumin hutsa denik; beharbada hizkuntza bidezko sorkuntzarekiko kezkagatik izan liteke, bertsoetan ugariago izaten baita topikoa, sarriago axalkeria, bat-batean jardun beharraren ezinbesteko makurrak. Hala ere, bertsolaritza apur bat segitu eta ikertu duenak derrigor kendu behar txapela, etengabe sortzen den komunikazio ederraren eta txitean-pitean azaltzen zaizkigun perlen aurrean.

Poesia, komikia, kirola... hainbat eta hainbat esparru erabiltzen ditu Egañak bere argudiatze eta konparazioetarako. Beste bat ekarriko dut hona, eta sinets iezadazue, arren, asmo zintzoz ari naizela: zirkua etorri zait hainbat aldiz gogora, ez gaur bere ezinean endekaturik sumatzen dugun etxola triste hori, ezpada garai batean aho-zabalik edukitzen gintuen ikuskizun oso eta noble hura: bertsolariak pozez barre eragingo digu tarteka pailazoen antzera; zirrara ere bai inoizka, lehoiak gobernatzen dituen bezatzailearen moduan; arnasari eutsiz eta begiak zabalik egongo gatzaizkio begira maiz, airean eroriko / ez eroriko dabilen trapezistari bezala; eta adarra joko digu nahi adina aldiz, kapelatik usoa ateratzen duen magoaren gisan.

“Durduzaz eta dardaraz” bataiatu dut hitzaurre hau, izena liburu batetik hartuta (Nathalie Nothomb frantsesarena, Joxan Elosegik euskaratua eta Igelak argitaratua). Durduzaz eta dardaraz, halaxe egon behar omen du japoniar batek bere enperadorearen aurrean. Ez dakit zein den euskaldunek gure artista gorenei eskaini beharko geniekeen errespetua, baina argi dago bertsolariei ematen diegun tratua urrun dagoela Japoniako enperadorearenetik, eta hori ere bada mirespenerako beste arrazoi bat: herriz herri eta egunez egun, diren eta ez diren forofo, kapar, jator usteko eta xelebre guztiak inguratzen zaizkie (gatzaizkie), eta haiek, onez eraman ez ezik, igurtzi horretatik ikasi ere egiten dutela esaten dute. Bejondeiela!

Hogeita bina du izenburua liburuak, eta sarrerako testuan azaltzen du egileak tituluaren arrazoia; irakurtzen hasi aurretik, beste bat nuen nik imajinatua: pilotan ez bezala, posible dela bertsotan hogeita bina egitea, teman ari diren biak irabazle suertatzea, batek ondo egindako lanak besteari ere mesede egiten dionez gero. Honen haritik, eta beste aitorpen batekin amaituko dut, badute bertsolariek, buru-ahalmen harrigarriaz gainera, beste motibo bat nire inbidiarako: haien artean sumatzen dudan auzolana, bertsotan elkarrekin egitetik harago doana; ez dago ikusi besterik zenbat bertsolari gazte eta sasoiko aritzen diren elkartearen ohiko lanetan nahiz txapelketa, batzar eta bestelakoen antolamenduan. Beste arlo batzuetarako ere nahi nuke nik horrelako hartu-eman eta kidetasuna; artisten berezko berekoitasunak galarazten duela erantzungo dit baten batek beharbada, baina zer demontre: bertsoetako azken arrazoia hasiera aldeko puntuetara igotzen saiatzea proposatzen du hemen Egañak, eta hori ez da, inondik ere, errazagoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.