Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Miren Azkarateri, saminez

Miren Azkarateri, saminez

xme 2004/11/25 09:08

(Berria-n azaldutako iritzi-artikulua)

Gaur ikusi eta entzun zaitut (asteartea, hilak 23), Eibarko zinegotzi Vallesi auto azpian jarri dioten gezurrezko lehergailua dela-eta mintzatzen, bi gauza esateko: 1) hori ere tortura dela; 2) hau salatzen ez duenak ez duela zilegitasunik bestelako torturak salatzeko.

Zer pentsatua eman didate zure hitzek; adierazpen horien egun berean luntxa ere eskaini diguzu, Euskadi Sariak emateko ekitaldian, eta heziera txarrekoa izan daiteke beraz zure kontrako ezer idaztea, baina konplimenduen gainetik dagoen gizalegeak behartzen nau nire ezinengona agertzera.

Hasteko, zu bezalako hizkuntzalari eta euskaltzainak jakin beharko luke hitzak ezin direla merke saldu. Eibarko Valles sozialistari egin diotena txarkeria, bilaukeria, matonismoa... modu askotan izenda daiteke, ez da hitzik falta gure hizkuntzan nahiz auzokoetan. Torturak, ordea, definizio zehatzak ditu, bai hiztegi arruntetan bai nazioarteko tratatuetan "izango duzu non kontsultatu", eta kasu hori ez zaio egokitzen hitzari, lizentzia poetikotzat hartzen ez badugu.

Munta handiagoa du bigarren puntuak, hala ere. Ekidistantziaren diskurtsotik arrazoizkoa irudi lezake: tortura guztiak salatzen ez dituenak ez du sinesgarritasunik berari komeni zaizkionak bakarrik aipatzeko. Alabaina, pentsatzen jarrita, noiz salatu du Jarularitzak tortura-kasurik? Nik dakidala inoiz ez. Epaitegiek tortura izan dela frogatu arte ez baitago halakorik administrazioarentzat, eta torturak egin, ezin frogatzeko moduan egiten dira. Unai Romano gizajoak ere, fiskalaren arabera, bere buruarekin jo omen zuen paretaren kontra, hori da hori gizonaren zoroa!

Gehienez ere, atxilotuei eman omen zaien tratuaren inguruko kezka entzun izan dizut, inoiz edo behin: Egunkariko razzia hartan esaterako, zuk ere ondo baitakizu haiek “txintxoak” zirela; hala eta guztiz, gogorarazi nahi nizuke tortura edozein kasutan dela bidegabe eta salagarri. Edozein dela ere sufritzen duena, edozein dela ere sufriarazten duena.

Hor baitago kontu honen muina: tortura izugarrikeria bat dela bat baldin bagatoz, jar ditzagun bitarteko guztiak halakorik berriro gerta ez dadin. Ez dago zure eskutan Guardia Zibilak edo Espainiako Poliziak zer egingo duen, badakit, baina zu partaide zaituen gobernuak gaur bertan erabaki dezake Herrizaingo Sailak ez ezartzea inkomunikaziorik atxilotuei.

Nik ez dakit Ertzaintzak torturatzen duen. Salaketak hor daudela, bai. Salaketa horiek funsgabeak direla erakutsi nahi baduzue, eta Jaurlaritza benetan dagoela torturaren kontra, erraza duzue bidea. Erraza bezain eraginkorra, Theo van Boven-en aholkuei behingoz kasu eginik: ez erabili Espainiako legediak aurreikusitako inkomunikazio-aldia; atxilotuak izan dezala, zinez, isilik egoteko eskubidea eta bere abokatuarekin deklaratzekoa. Orduan bai, orduan sinesgarritasun guztia izango duzu, bai zuk bai zure gobernuak, inoren torturak salatzeko, eta denenak salatzen ez dituztenei kontuak eskatzeko.

Hurrengoan literatura eta kultura kontuez ariko garelakoan, agur t’erdi.

etiketak: Politika
peru
peru dio:
2004/11/25 20:26

benetan: erantzun zuzen eta argia xabier. ea zer erantzuten dion berak horri (badakigu ez duela egingo).

...eta azkuna... puf... nazka ereinzale nazkagarri hori...

Apostata
Apostata dio:
2004/11/25 17:44

Azkuna be Azkarateren eskolakoa da. Gaur, Gararen webgunean, azken ordukoetan:

El alcalde de Bilbo, Iñaki Azkuna, ha ordenado hoy el desalojo de cinco personas que portaban pancartas contra la tortura y que han hecho acto de presencia en el pleno que se celebraba en el Consistorio. Azkuna ha señalado que que "los torturadores son los que matan y persiguen".

Los hechos han ocurrido a las once y cuarto de esta mañana cuando cinco personas han interrumpido el pleno portando pancartas en las que se podía leer "STOP Tortura. STOP isiltasuna".

En ese momento, Azkuna ha tomado la palabra y les ha respondido que "torturadores son los que matan y los que persiguen".

El alcalde de Bilbo ha añadido que también son torturadores aquellos que" ponen artefactos aunque sean de mentira", en referencia a la bomba simulada colocada en los bajos del vehículo de los escoltas de un concejal del PSOE en Eibar.

Petrus
Petrus dio:
2004/12/10 01:47

Xabier, pertsona erdi-publikoa zaren neurrian aspalditik jarraitzen ditut zure fazeta desberdinak : idazle, editore, zutabegile ta abar. Baina gaurkoan frogatu duzu badaukazula nerbio politiko bat ere; politikoa, noski, zentzu zabal eta bakoirrenean ulertuta. Txapela kentzekoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.