Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Bi kale eta errepide berriak Donostian

Luistxo Fernandez 2010/07/13 17:51

Joan den astean, bi kale ireki zituzten Donostian, etxetik gertu. Android telefono batekin, seme-alabek lagunduta, ibilalditxoa egin nuen, GPS trazak marrazteko, eta OpenStreetMap-en gehitu ditut.

Bata  da Pagola kalea. Lehen zelaia eta mendia besterik ez zegoen tokian, etxeak egin dituzte. Bi bloke amaituta daude, eta jendea hasi da bizitzen, beste kalearen amaieran, amaitu barik dago oraindik. Grazia egiten dit kale honen izenak, gogor sartu naizelako Pagola batekin (Donostiako bikario katolikoa, nonbait Munilla baino progresistagoa) Sustatuko artikulu batean. A ze gurutzea! aldamenean jarri didate haren izena duen kalea, kar kar. Pagola kalean baso-parketxo bitxi bat ere badago, zuhaitzen artean egurrezko plataforma moduko batzuk, ibilbidetxo batekin.


Argazkiak.org | Pagola kaleko baso-parkea © cc-by-sa: Luistxo.F


Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen Pasealekua
da beste kalea. Aldapan gora doan kale bat da. Izatez, Ibaeta edo Lorea edo Unibertsitateen ingurutik Miramonera igotzeko aurrerakuntza bat da kale berri hau, semaforo eta bidegurutzeak aurreratzen ditu. Hemen ez dago atari edo etxebizitza berririk, baina gainaldean auzo berri oso bat eraikitzen ari direla ematen du. Haren ondoan, kirol-aisialdirako zonalde majo bat ireki dute. Mini-eskaladarako muino bat dauka, eta skate egiteko zulopista bat ere bai.


Argazkiak.org | Eskalada muinoa © cc-by-sa: Luistxo.F


Argazkiak.org | Skate egiteko zulopista © cc-by-sa: Luistxo.F

Pagola eta beste kalearen artean, halaber, Miramon aldera igotzeko bidegorri berria ere badago.

Donostia inguruko mapa dexente aldatu da azken asteetan. Donostiako bigarren ingurabidea ere zabaldu dute. Honen tarifa berriekin eta deskontuekin zalantza bat dut, nahiko oker komunikatu dituztelako, eta zalantzak argitu barik. Une honetan, GAO aldizkari ofizialean argitaratu dutenagatik, iruditzen zait Donostia-Eibar-Donostia bidaia egiten baduzu autopistatik, lehen bezalatsu kostatzen zaizula. Baina aldiz, Eibartik igande bat kapitalean igarotzera joaten bazara, Eibar-Donostia-Eibar ingurabidearen tasa bi aldiz pagatzea tokatzen zaizula iruditzen zait, deskontu aukerarik gabe eta ingurabidea bera erabili gabe ere Ondarretara bazoaz adibidez.

Diputaziotik zalantza hauen inguruan erantzunak agindu dizkidate, baina horien arrastorik ez oraingoz; uste dut ez direla aklaratzen eurek ezarri duten deskontu sistemaren detaileekin.

Krisi ekonomikoa, arazoak eta ideiak

Luistxo Fernandez 2010/06/30 09:22

Twitter pribatua duen lagun batek galdetu zuen atzo. "Gaur lanera joan zaretenei, galdera bat? Zer espero dezu arazoak bakarrik konpontzea? #grebaorokorra gaur" Neuri ere bazegokidan galdera, eta Facebook bidez erantzun nion. Hala ere, erantzun hori luzeago garatuko dut hemen gaur.

Batetik, ez dut uste arazoak bakarrik konponduko direnik. Alderantziz, arazoak areagotu egingo dira. Nik uste dut egoera ekonomikoak okerrera egingo duela, eta motiboetako bat gertu ikusten dut: Internet eta teknologiaren erabilpenak produktibitatea igo, prozesu askotan mugimendu ekonomikoa murriztu, eta enplegua suntsituko du. Hori ez dugu lortuko gelditzerik, ez eskirolak lanetik, ez kaletik #grebaorokorra tuiteatu duenak. Izatez, denok lagunduko dugu Internet are indar botoretsuagoa izaten bizitza sozial eta ekonomikoan, eta bere logika gailenduko da: bitartekariak soberakin bihurtzen ditu.

Interneteko mobilizazioetarako, GOerreportariak, urrunago joan barik, primerako etsenplua dira: ez da behar ez sindikalista liberaturik ez kazetari ordaindurik pikete informatibo bikain bat antolatzeko. Telebista bat egiteko gastua ia zerora jaisten da: onura ekonomikoa dirudi azaletik, baina  egoera ekonomiko orokorrari begira, ez dut uste hain ona denik, gizarteko zirkulaziotik, merkatutik, dirua kentzen du aurrezpen horrek.

Tijeretazo direlako neurrien aurrean ere bati irakurri nion, soldata eta pentsio murrizketak barik, beste aurrezte batzuk egin behar zituztela administrazioek: "Internet erabili prozesu administratibo eta burokratikoetan aurrezteko!" Noski. Erabil bedi inteligentziaz teknologia... baina aurrezpen burokratiko horren ondorio garbia litzateke burokrata edo langile administratiboak soberakin bihurtzea. Ondorio logikoa hori da. Lanorduak aurreratzen ditu Internetek. Lanordu ordainduak suntsitu...

Hala ere, egia da beste era bateko politika ekonomikoak behar direla: ongizate estatuaren murriztapena besterik ez dute asmatu gobernuek, eta ulertzen dut horren kontrako protesta. Beste zerbait esijitzeko eskubidea dugu. Zer ordea? Bueno, lehentasun edo ideia bat botako dut nik, eraikitzaile izateko. 

Iruzur fiskalaren kontra

Uste dut defizitaren arrazoi nagusietako bat ez dela gastua, baizik eta errekaudazioa. Eta zerga ez-zuzenen areagotzea baino neurri hobeak beharko genituzke. Errekaudazioan zulo galanta dago, iruzurra dagoelako. ELAk aurten analisatutako datuak, EAEko zergetakoak: soldatapekoen errenta ertainak, 25.059 euro; errenta profesional ertaina, 10.130 euro; eta errenta enpresarial ertaina, 7.203 euro. Eskandaluzko iruzurra da hori, argi dago.

Eta iruzur fiskal masibo hori borrokatu beharko litzateke, eta uste dut teknologia eta gardentasuna izan behar direla horretarako gakoak.

Bat. Izan daitekeela PFEZ eta gainerako zerga inportanteen datuak OROKORKI PUBLIKOAK. Gardentasun orokorra saldukeria, faboritismoa eta trapitxeoak azaleratzeko. Finlandian eta Norvegian, kasu, publikoak dira Errenta Aitorpenak. Lehenbizi, jakin; eta susmatiak agerian daudenean, errazagoak izango dira iruzurraren aurkako neurriak (eta zailagoa, lotsa eta salaketaren beldurragatik, iruzurti agertzea publikoan). Kontrol soziala neurri ona litzatekeelakoan nago: datuak sarean eta denok elkar fiskalizatzen? Bai; inspektoreak ez badira iristen, crowd-sourcing egin dezagun.

Noski, hortik oso urruti gaude. EAJk iruzurti itxurak zekartzan hautagai bat aurkeztu zuen diputatu nagusirako Gipuzkoan, eta a ze komeriak haren benetako ondasun eta zergak ezagutzeko... Pribatutasunaren izenean, iruzurra estaltzen da azken batean. 

Honekin lotua dago Internetekin datorren beste ondorio bat: pribatu/publiko barrerak zaindu behar direla argi dago, baina "datuen babeserako" jarrera hertsi eta batzuetan paranoikoekin bizitza politiko publikoaren gardentasuna ez dugu lagunduko. Pribatutasunaren alde eta Interneteko agerikotasunaren eta kontrol sozialaren kontrako jarrerek progresista dirudite azalean, baina azkenean aurrerapenerako barrera atzerakoi bihur daitezkeela susmatzen dut. Honetaz ere hausnarketa egin beharra dago.

Bi. Gardentasun fiskalak zerga sistemaren eraldaketa ekarri behar badu, ekar beza. Errenta aitorpenean ondasun zein "errentak" (soldatak) nahasten dira, eta mila baremo daude. Agian beste herrialde batzuetan bezala, bereizi beharko lirateke laneko errentak, eta ondasunen gaineko zerga (ondasunetan, jabetzak eta bankuetako depositoak zenbatuta). Progresibitatea behar da gehien dutenenganako presio fiskala handiagoa izan dadin, baina honetan ere, uste dut errenta eta ondasunak bereizita tratatu daitezkeela. Enpresen kasuan, adibidez, aktibitateen zerga laua da, ez dago progresibitaterik, tasa jakin bat irabazi guztien gainean berdin 8 langile badira enpresan zein 900... Beste herrialde batzuetan, berriz, errenta pertsonalaren zerga da laua... Anatema litzateke hemen? Beharbada, baina gardentasun publikoarekin lotuta, eta progresibitatea errentetan barik ondasunetan ezarrita, uste dut sistema sinpletu ere egingo litzatekeela, eta sinpletasunetik etorriko litzateke gardentasun handiagoa eta iruzurra egiteko aukera gutxiago.  Europako zenbait herrialdetan badaude zerga lau hauek, adibidez Islandian, eta lehen bloke komunistakoak ziren zenbaitetan.

Hiru. Sozietateen zergak (enpresenak), sozietateen egitura akzionariala eta jabetza jakin batzuen errejistroak (etxebizitza, orubeak...), publikoak izan bitez halaber.

Lau. Goian esandako datu fiskal publiko horiek guztiak, Internet erabiliz egin daitezela publiko, modu ondo egituratuan. Googlek datu publikoetarako daukan aplikazio hau adibide bikaina litzatekeelakoan nago. Era berean, izenen arteko "hiper-loturak" izango lirareke aplikazio horren gakoa: izen bat (pertsona ala sozietatea) ageri bada etxebizitzen jabetzaren errejistroan, izan bedi klikagarri, iristeko haren jabetza/errenta/sozietate zergen kontuetara, edo sozietateen jabetza datuetara...

Altzako bide-seinaleak jarri zituena asesinatzeko gogoa

Luistxo Fernandez 2010/05/31 10:28


Donostiako auzorik apartatuenetako da Altza. Ekialdera geratzen da. Bertara iristeko mendebalderagotik, A-8 autopistatik edo bariante esaten dioten horretatik irten behar duzu, Donostia amaitzen den inguruan. Errepide konexioak berritu egin dira inguru horretan duela ez asko, pasabide eta zubi berriekin. Ba, hara zoazela, topatuko duzu seinale bat eskumatara, hiru auzo-izenekin:


Argazkiak.org | Altzarako bidean, lehen seinalea © cc-by-sa: Luistxo.F

  • Altza >
  • Herrera >
  • Larratxo >


Ondo. Hortik behar du beraz. Baina, aurreraxego, bidea bitan zatikatzen da, eskuin-ezker, eta han dago bigarren seinalea.

  • < Herrera
  • Larratxo >

 


Argazkiak.org | Altzarako bidean, bigarren seinalea © cc-by-sa: Luistxo.F

WTF!!!! Eta Altza? Nondik da Altzara?! Benetan, joan beharra tokatu zitzaidan lehen bi aldietan seinaleak planifikatu dituen idiota hilko nukeeen!!!! Azkenean ikasi dut, Herrerarako bidea jarraitu behar da.

 

Oharra: argazkiak kopilotuak egin zituen. Gidariak bi eskuak bolantean zeramatzan.

 

 

Azpitituluak.com, azpidatziak sustatu eta trukatzeko

Luistxo Fernandez 2010/03/08 11:05

Duela hilabete batzuk hasi zen ekimena da Azpitituluak Euskaraz, baina orain domeinu propioarekin dago sarean: azpitituluak.com. Filmen bertsio originalen gainean euskarazko azpidatzi edo azpitituluak jartzeko ohitura sustatzea du helburu ideia txoro jorrek.



Hala ere, jende arraroaren afizioa da hau, eta ez dira asko orain artean bildutako azpitituluak. Gunearen ibilbidean zailena suertatun zaidana izan da elkarlana sustatzea. Film baten lerroak (mila inguru, normalean) itzultzea lana da, eta errazago hartzen da egitekoa lau lagunen artean partituz gero. Baina nola sustatu hori? Ez dakit. Gutxi gara zaletuak, bakoitzak bere gustoak ditu, eta saiatutako mekanismoek momentuz ez dute ondoegi funtzionatzen. Webgunean, film osatugabeen aukera eta saila sortu dut, baina ez du erantzunik jasotzen; Zutagu komunitatean sortutako taldean ere edo Twiterren #azpitit gakoa erabiliz saiatu naiz elkarlana sustatzen, baina hor ere ez da feedback handirik. Baina tira, depresiorik ez, irteten den apurra behintzat gordeta gera dadila, eta aurrera. Berriro saiatzeagatik ez dadila geratu: orain Facebook-en sortu dut talde bat.

Dena den, apurka apurka badoa materiala biltzen: Azken aldi honetan agertutako batzuk aipatzearren, Up, Pixarrena, 2010eko Oscarretan saritutako animazioko filma; Ten Canoes, hizkuntza australiar aborigeno batean dialogoak dituena; The Road, Cormac McCarthyren eleberrian oinarritua eta Javier Agirresarobe eibartararren argazkiarekin...

Etxean, film hauek ikusteko aukera berri bat dut orain gainera. Donostiara itzalaldi analogikoa iristear da, eta dekodegailua erosi behar izan dut LTD/tdt delakoarentzat: usb zirrikitua duen 30 euroko modelo bat (Sunstech dtb 3700) erosi nuen Eroskin, eta film azpititulatuak ikusteko balio du, pendrivea bertan sartuta!

Txino-dendetan sanblasak

Luistxo Fernandez 2010/03/02 11:37

Duela hilabete edo gertatu zen. Alabarekin nindoan kaletik eta esan zidan.

- Badakizu zer? Txino-dendako katuak sanblasa dauka.

Badakizue zein katu diren. Uste dut izatez Japoniako kutun bat dela, zorte ona dakarrena. Hemen, jakina, txinoen dendetan egoten dira. Askok ezkerreko eskua mugitzen du, gora eta behera.

Alabarena entzunda, pentsatu nuen, igual apaingarri jarri diote opiltxo bat altzoan eskaparateko katu horietako bati... Baina, ez, ez zen hori, esan zidan alabak. Ez nuen ulertzen, eta misterioa argitu aldera, proposatu nion: Goazen bada, katu sanblasduna ikusi duzun txino-denda horretara. Eta joan ginen batera, eta bai, eskaparateko katuak sanblasa zeukan. Baina ez hark bakarrik. Txino-dendetako katu guztiek dute sanblasa. Ez duzula sinesten? egin klik hemen eta ikusiko duzu.

Nagusiek ezin ikus ditzakegun gauzak ikus ditzake sei urteko haur batek. Ez dakit blog hau berpiztuko ote den. Akaso bai. 

Protekzionismoa ala sormena, euskal kulturgintzaren transmisioan

Luistxo Fernandez 2009/05/22 07:55

Erdi utzita daukat bloga. Eta berpizteko asmo gutxi. Baina tira, Mondragon Unibertsitatean antolatutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoan ikas-saioa eman dut aste honetan, eta han azaldutako presentazioa sarean jartzea ezinbestekoa zen, zor nien ikasleei.

Hemen bada:

 
Beti bezala, aurkezpenak ez du ordezkatzen hitzez esana eta ulertzen zaila da kontestu barik, baina tira. Gainera, aurkezpenaz gain, Interneten ibili ginen apur bat, eta hiru bideo erakutsi ere. Sarean ikusitakoa:

 


Eman izan ditudan beste hitzaldi batzuetako kontuak jorratu nituen, Internet eta euskara, han hemenka azaldu ditudanak. Baina kasu honetan, horri baino gehiago, panorama orokorrari begiratu nion, eta graduondoko funtsetako bati: Kulturgintzaren Transmisioa. Kultura transmititzeko garaian Internetek eta teknologiak dakarten aldaketa erabatekoa azaltzen saiatu nintzen. Eta uhin horren aurrean, protekzionismoa alferrik dela, eta teknologiaren aukera paregabeetan murgildu beharra dagoela. Industria kulturalen gainbeheraz ere hitz egin nuen: bale, industria edo merkataritza jakin batzuek zaila dute, baina Kultura ez da hilko, eta Ezagutzaren gizartean (sinesten badugu berba akaso fetitxe honetan, eta neuk sinetsi egiten dut) ezagutza eta kultura badira lehengai nagusia, Kulturaren Industria bat egongo da edo egin beharko dugu.

Baina benetako kulturaren benetako industriaren motorea ez da protekzionismoa izango. Sormena izango da. Eta sormena sustatu behar dugu.

Erakutsi nituen hiru bideo ederrak horixe ilustratzeko erabili nituen: teknologia berrien kontestuan sortzen edo kontsumitzen den kulturan, sormen ikaragarrizko hiru adibide:


Intermedio gisa ere balio izan zidaten klip hauek, ze bi ordu jardun genuen berriketan! Eskerrik asko arretaz entzun zenidatelako Huheziko arduradun eta ikasleok.

Euskara eta Internet, Laboa eta Junkera

Luistxo Fernandez 2008/12/03 17:43
Euskararen Nazioarteko Egunean, Eibarko Tekniker zentro teknologikoan emandako hitzaldia: Euskara eta Internet.

Gustura egon naiz Teknikerren, solasaldia eskaintzen. Ze desgrazia itzela, han ginela, piskolabis eder horretan, ordu berean batzuek Euskararen Nazioarteko Eguna zapuztu izana Azpeitian. Nire hitzaldiko presentazioa igo dut sarera. Beti bezala kasu hauetan, gehituko dut: zaila da kontesturik gabe aurkezpen bat ulertzea, baina gutxieneko zorra ere bada hura publiko egitea ere. Hemen dago, beraz. Aurtengo udazkenean eman ditudan beste bi hitzaldiren konpilazioa izan da, nolabait. Batetik, Legazpin parte hartu nuen mahainguru bat (kronika hemen), eta bestea, Unesco Etxearen mintegi batean (aurkezpena, kontakizun propioa).

Gaurkoan, berriz, azken egunetako detaile batzuk sartu ditut hizketaldian: Mikel Laboaren aipamenak, nola bere musika gustura igo dudan Euskaltubera eta hor konpon pirata esaten badidate; eta Kepa Junkeraren kasua, hari emandako diruekin kezkatu barik, askoz positiboagoa iruditzen zaidala Etxea2 ekimena bultzatzea: euskal kantuen bilduma benetan on bat, guk geuk egina, doan.

Euskararen Nazioarteko Egunean

Luistxo Fernandez 2008/12/02 18:29

Eibarko Tekniker zentro teknologikoan ohitura dute ekitalditxo bat egiteko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean. Iaz Andoni Egaña bertsolarien txapelduna izan zen hizlari. Aurten neu gonbidatu naute. Euskara eta Internet, hori izango da nire hitzaldiaren gaia.

Txarteltxo honekin egin dute iragarpena Teknikerren:


Argazkiak.org | Euskararen Nazioarteko Eguna © cc-by-sa: Luistxo.F

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa masterrean

Luistxo Fernandez 2008/11/21 12:59

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulua ateratzeko matrikulazio kanpaina irekita dago Mondragon Unibertsitatean, abenduaren 15a arte. Iaz ere izan zen ikastaro hau, eta biribila irten zen: aurten arrisku gehiago dago ze ni ere izango naiz eskolak ematen estrainekoz. Ikastaroa 2009ko urtarrilaren 7tik uztailaren 1era luzatuko da.

Euskal Kulturgintza XXI. mendean atalean, egungo teknologiak azpiatalean, hizlari izango naiz beste lagun hauekin batera: Josu Landa, Joxe Aranzabal, Mikel Irizar, Iban Arantzabal eta Asier Sarasua.

Informazio gehiago hemen.

Haginetako mina eta Kontaktua

Luistxo Fernandez 2008/11/11 16:52
Kontaktua nire ipuina, euskal gatazka ardatz gisa hartuta osatu duten Haginetako Mina ipuin bilduman sartu dute.

Ostiral honetan (hilak 14) aurkeztuko da Donostian Haginetako Mina ipuin bilduma. Txalaparta argitaletxeak aterako du, eta Mikel Sotok prestatu du edizioa eta egin du aukeraketa. Ostiralean 12:00etan da aurkezpena, Donostiako Haur Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (Fermin Kalbeton kalea 25, 4. solairua), eta Soto editorea eta Eider Rodriguez izango dira bertan.

Euskal gatazka ditxosozkoa motibo duten ipuinak sartu dituzte bilduma honetan, eta hor nago ni ere, Kontaktua ipuina idatzi nuelako behin, ospe gehiagoko jendez inguratuta. Kontaktua idatzi nuenean agian idazle nintzen, ez orain, baina ilusioa egiten dit lan hura kontuan hartu badute batzuek.

Hauxe da aukeratutako antologia:

ALBISU, ANTZA, MIKEL:
Odolaren usaina: “Odolaren usaina”.
 
 ALONSO, JON:
     Erretzaileen eremua: “Euskara izan”.
 
 CANO, HARKAITZ:
     Hipotesiak gordinkeriaz

FERNANDEZ, LUIS:
    Ipuin izugarriak: “Kontaktua”

GARRO, LANDER:
     Orain galdera berriak ditut: “Hainbeste herri”.
 
  IZAGIRRE, KOLDO:
Mendekuak: "Hildakoaren aboza"
  
JAIO, KARMELE:
    Zu bezain ahul: “Gogoratzen”.
 
 JIMENEZ, EDORTA:
     Atoiuntzia: “Atoiuntzia”.

LERTXUNDI, ANJEL:
    Aise eman zenidan eskua: “Hausdurak”

MENDIGUREN, XABIER:
    Bihotz gosetien kluba: “Trip”
 
 MONTOIA, XABIER:
     Bilbo hiria sutan: “Xera”
 
 MUÑOZ, JOKIN
     Bizia lo: “Isiluneak”.

OTAMENDI, JOSE LUIS
    Euri kontuak: “Hagina”.

RODRIGUEZ, EIDER
Eta handik gutxira gaur: “Politika albisteak” .

SARRIONANDIA, JOSEBA:
Ataramiñe 07: “Xake”.

UGALDE, RAFA:
    Gure gerretako heroiak: “Hitzen esanahia”.

ZALDUA, IBAN:
Etorkizuna: “Udako bidaia”
 
Kontaktua-ri dagokionez, blog honetan ere badago testua osorik. Bere garaian, ipuin hau liberatzea erabaki nuen, copyleft lizentzia batekin banatuz. Eta CC-BY-SA lizentzia horrekin berarekin agertzen da bilduma honetan. Kopiatu daiteke, eraldatu daiteke (baita helburu komertzialekin ere), baina lana berdin banatzeko eta egiletza aitortzeko baldintzapean.


Argazkiak.org | Haginetako mina, copyleft apur bat © cc-by-sa: Luistxo.F

Liburuaren kredituetan, Creative Commons-eko ikonoekin utzi dute adierazita lizentziaren kontua. Liburuaren azala Esteban Montoriorena da, eta hemen duzue:

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004