Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Telebista-kontsumitzaile aktiboak

Mikel Lizarralde 2010/09/13 18:49

Lagunek badakite Lost telesaila izugarri gustatu zitzaidala (bukaera ez). Telesail hau izan da telebista kontsumitzeko dudan modua aldatu didana. Cuatro telebista katean azken atala soilik ikusi nuen, gainerako guztiak internetetik jaitsita.

Zergatik?

  1. Nahi dudanean ikus dezaket
  2. Lehenago (sarri, hilabeteetako atzerapenarekin iristen zaizkigu AEBetatik telesailak)
  3. Iragarki gabe
  4. Jatorrizko bertsioan (jatorrizko ahotsak entzutea gustatzen zait, ingelesa hobetuko didan esperantza ahaztu gabe)

The Pillars of the Earth

Pasa den astean Nandok Twitterren bota zuen The Pillars of the Earth Cuatro katean botatzen hasi behar direla bihar bertan. Liburua gustuko izan nuela oroituz, saretik jaitsi nituen kapitulu guzti-guztiak, baita egun gutxitan ikusi ere.

Zer egin negozio ereduarekin?

Jakin badakit ohitura hau bakan batzuen kontua dela, gehiengoak betikoari eusten diola eta aldaketa zaila izango dela (batez ere sareari mugak jartzen badizkiote Telefonica eta enparauek). Hala ere, ziur nago GoogleTV eta AppleTV moduko apustuek, zein edukiak sarean libre jartzeak, bultzada handia emango diotela telebista kontsumitzeko era berri honi.

Zer egin dezakete bada telebistek eta ekoizleek? Ba ikusle aktiboei nahi duten horixe eman.

  • Zergatik ez jarri sarean telebistan emititu aurretik? Mikro-ordainketa baten trukean litekeena da ikusle asko ordaintzeko prest egotea. Begira bestela iTunes-ek lortzen duen dirutza.
  • Emititu ostean ere, jarri sarean, ikusle asko eta asko telesailen kapitulu zaharren zalea da eta.
  • Baliatu sarea eta ikusle aktibo horiek marketina egiteko. Lost telesaila ez litzateke horren arrakastatsua izango sarean sortu ziren talde eta webguneengatik izan ez balitz. Bertan hamaika teoria partekatzen ziren, amaigabeak ziren erantzun-ildoekin.
  • ...

Turisten kontsumoa

Mikel Lizarralde 2010/09/06 23:06

Igandeko DVn ondorengo artikulua irakurri zitekeen, Gipuzkoan turismoak dituen joerekin. Hainbat puntu oparoren artean ba ei da argi gorri bat: turistek gutxiago kontsumitzen dute eta ostalariak arduratuta dabiltza.

Kalitatea eta prezio merkearen artean egin behar den aukeraketan lehenaren alde egin dugu. Baina, benetan kalitatezko esperientzia global bat ematen al zaio bisitariari gure ostatuetan? Jaki aldetik baiezkoan nago. Orain, zer gertatzen da zerbitzuarekin? Jaitsieraren arrazoia ez da ba izango esperientziak ez dituela asetzen? Prezioaren eta esperientziaren arteko erlazioa ez dutela egokia ikusten?

Hala ere, ez dezatela aitzakiarik bilatu, ziurrenik beherakadaren arrazoiak teilatupean dituzte ostalariek.

Horretaz gain, zer nolako turistak dira gurera iristen direnak? Patrikak beteak dituzten bikoteak, haurrekin bidaiatzen duten gurasoak edota motxilarekin dabiltzan gazteak? Talde bakoitzak bere aurrekontuak dauzka, eta azken taldea, adibidez, ez da diru larregi xahutu zalea, ez Donostian ezta Laosen ere.

Bestalde, gehienok ezagutzen ditugu atzerritarrei gehiago kobratzen zaien istorioak. Gertaera hauek benetakoak dira, ez dira asmatutako kondairak. Bide hau jarraitzea epe oso motzera begiratzea da, dirua gaur egitea. Baina epe ertain/luzera, taberna edota herrialde osoari ospe txarra besterik ez dakarkio, turismoan horrek izan dezakeen eraginarekin.

Beraz, Gipuzkoara datozenean, prezioak ez zaizkie horren merkeak irudituko turistei. Guri aldiz kontrakoa pasatzen zaigu ia-ia beti, hemendik at, leku gehientsuenak merkeak egiten zaizkigula!

Egizak lo eta...

Mikel Lizarralde 2010/07/02 15:51

Ateak ireki zenituztenean zuenera joateko ohitura hartu nuen. Produktu ona zenuten, gustura dastatzen den horietakoa. Lehiakideak ikaratu zenituzten.

Denborarekin, ordea, zuen arreta okertzen joan zen, lehor azaltzen hasi zineten, zakar tarteka. Hori ikusita, nahiago izan nuen gehiago ez agertu.

Urteak pasa dira, lekuz aldatu zenuten saltokia eta zuen lehortasuna ere ez ei da horrenbesterako jada. Itzultzea pentsatu nuen aurrekoan, ez nintzen joan.

Baina lehiakideak jada ez dira zuen beldur. Parez-pare jarri zaizkizue. Eta gaur bertan sartu naiz. Ondo hartu naute, baita oparitxoa ere egin.

Ez da nahikoa produktu ona edukitzea; produktua garrantzitsua da, baina are eta gehiago esperientzia. Erosi eta kontsumitzearen esperientzia da gakoa.

Zappos

Mikel Lizarralde 2010/06/11 00:34

Interneteko zapata-denda bat da Zappos, sareko enpresa arrakastatsu gehienen tankeran, jatorri amerikarrekoa. Benetan deigarria egin zait kontakizun luze honetan enpresako CEO-ak, Tony Hsieh, azken bost urteetako jardunaz dioena, bereziki Zappos-en enpresa filosofiaz.

Beraien ustez, arrakastaren iturria bezeroaren fideltasunean dago, hau da, bezeroek erosketak errepikatzean. Eta helburu hori lortzeko funtsezkoa da zerbitzu ona emango duten langileen konpromiso eta lanerako grina eta poztasuna. Horixe lortzeko hainbat abantaila ematen dizkiete langileei: osasun aseguru ona, langile moduan garatzeko aukera ugari, bezeroaren arreta-zerbitzua nahi zuten eran antolatzeko eskumena eta abar. CEO-ak beste era batean egin nahi zituen gauzak Zappos-en.

Baina langileekiko praktika hauek ez dira ohikoak AEBtako enpresetan. Enpresaren epe-motzeko errentagarritasunari ematen zaio garrantzia, kostuak murriztu eta sarrerak maximizatzeari. Gainera, zuzendaritza batzordeko gehiengoak ez zuen CEO-aren ikuspegi bera. 

Horregatik, Amazon bigarren aldiz etorri zitzaienean enpresa erosteko asmotan, enpresa politikaz jardun zuten lehenbizi Hsieh eta Bezos-ek, bi erakundeetako buruek. Hori adostu ostean, gainerakoa erraza izan zen.

Interesgarria benetan ziurtatzea arrakasta bidea dela talde bat osatzea, ikuspegi bera duena, gogoz eta grinaz egunero hobetzen ahalegintzen dena. Berriz ere diot, irakurri Why I sold Zappos, gustatuko zaizu.

Armada barik hobeto

Mikel Lizarralde 2010/05/13 18:30

Asteleheneko telebista saio bati esker jakin nuen Costa Ricak ez duela armadarik. Deigarria egin zitzaidan, batez ere historia odoltsua duten herrialdeen auzokidea delako.

Gaur Wikipediako orri honekin egin dut topo: Países sin fuerzas armadas. Gehientxuenak herrialde txiki xamarrak, baina bada zerbait. Bi gauzak harritu naute. Batetik, herrialde hauek beste armadadun beste herrialde batekin akordioa sinatzen dutela erasotuak badira defenda ditzaten (adibidez, Andorrak Espainia eta Frantziarekin dauka hitzarmena, edota Panamak Kolonbiarekin). Bestetik, Liechtenstein-ek armada bertan behera uzteko erabilitako arrazoia: oso garestia zela. Horra hor defizita murrizteko bide bat.

Eroskirik barik hobeto!

Mikel Lizarralde 2010/05/11 23:50

Ez dut nik esaten izenburuan datorren hori. Orain bi aste Lekeitioko denda baten leihoan zegoen kartel batean ikusi genuen.

2010-05-02 13.11.02

Deigarria benetan Lekeition zeren alde egiten duten dendariek eta Eibarren zer gertatzen den.

Hartu arnasa

Mikel Lizarralde 2010/05/06 20:13

Tarteka komenigarria da gure ohiko leku eta txokoak beste begirada batekin ikustea, kanpotarrak bagina lez. Eta tarteka, komenigarria da egunerokoan eten bat egin eta arnasa hartzea.

Horixe egin genuen aurreko asteburuan, Mutrikuko Arbe hotelera joan, arnasa hartu eta ezagun-ezagun zaizkigun eskualdeko txokoak kanpotarrek lez ikusi genituen.

Damutuko gara

Mikel Lizarralde 2010/03/29 15:52

Aurrekoan Amañatik Zozolara bidean ginela, behera begiratu eta hauxe ikusi nuen:

Bariantearen hirugarren fasearen lanak

Galdaramiñotik jaisten ari ginela ikusi genuen lehen aldiz bariantearen obra bere osotasunean. Nago hemendik gutxira damutuko garela txikizio honengatik. Bizi osorako gainera.

Donustiarrak

Mikel Lizarralde 2010/02/25 14:53

Hartu Panricoren donuts bat, busti txokolate zuriz eta marraztu tinta urdin pixka batez. Horrela egiten dira Donustiarrak:

Donustiarrak

Argazkiaren egilea Pedro Lyant, Flickr (CC, BY, SA)

Hainbat denda eta tabernatan jarri omen zituen salgai Donostiako enpresa batek. Baina donustiarren salmenta bertan behera uzteko eskatu dio Panricok, berak erregistratutako produktua erabiltzearren (hemen kronika).

Nahiz eta oinarrian arrazoia duen Panricok, eta legea bere alde egon, hanka sartzen duelakoan nago:

  • Saltzen den donustiarra bakoitzarekin dirua irabazten du.
  • Enpresa handia izaki, zaila luke bertsio lokalak ateratzea, donustiarraren modukoak baina Bilbo edota Salamancarako.
  • Kanibalizazio eskasa egongo da bere produktuekin (normala, txokolate beltzekoa, ...). Lineala osatzera datorrela esango nuke; ez dut uste donustiarraren eraginez Panricoren produktuak gutxiago salduko direnik.
  • Prentsan agerpen negatiboa izango du orain Panricok, donustiarraren eta enpresa txiki baten kontra egiteagatik. Honek bere salmentetan eragingo duenik ez dut uste, baina zergatik ez.

 

Zergatik jo behar dute beti copyright-aren interpretazio estura? Inork ez dezala nire produkturik erabili, naiz eta hortik onurak atera nik neuk. Inork ez dezala nire musikarik jaitsi internetetik, nahiz eta kontzertura jende gehiago etorriko den. Inork ez dezala nire datu geografikorik erabili, nahiz eta horrela datuei balioa eman eta eguneratu ahal ditudan. Azken honekin lotuta dago Dani Reguera lankideak Bilbon egindako aurkezpena datu geografiko libreen inguruan.

Sosiuz

Mikel Lizarralde 2010/01/05 00:23

Urte amaierarekin bat Elogio a la lentitud liburua bukatu nuen, Carl Honoré-k idatzia. Bertan, bizitza azkarregi dioala eta erritmoa mantsotzearen aldeko aldarria egiten da. Kanpora estresa eta abiadura, egin ditzagun gauzak mimo eta maitasun gehiagorekin.

Hainbat gai jorratzen dira liburuan:

  • Janaria: Slow food-a izan zen Slow mugimenduaren lehen pausua, honetan oinarritu ziren ondorengo guztiak. Fast food-aren beste puntako sukaldaritza, bertako nekazariek sasoiko lehengaiekin soseguz prestatutako janaria.
  • Herri eta hiriak: Slow city edota Cittaslow-ak, oinezkoa eta herritarrari garrantzia eman nahi dioten herriak (tartean, Mungia eta Lekeitio).
  • Seme-alabak: haurren estresaren aurka egiten du idazleak, kanpora gehiegizko etxekolanak eta eskolaz kanpoko jarduerak.
  • Beste hauetaz ere badabil: lana, medikuntza, sexua, kirola, aisia eta abar.

Ez pentsa ordea Honoré- k historiaurrera itzultzea nahi duenik, beste alor askotan bezala puntako joerak ez dira onak, bietatik pixkat hartzea da gomendagarria. Tarteka, hanburgesa bat jan, egin lana ia-ia ito arte, gidatu ero moduan norabait berandu zoazelako, eta abar. Oreka da gakoa, adibidez, arnaste-teknikek edota meditazioak laneko estresa hobeto gainditzen lagundu ahal digu, baita lana hobeto egiten.

Hamaika gauza erdipurdi egin beharrean, egin ditzagun bakan batzuk gutxiago emaitza hobeagoa lortzeko asmotan. Hau da, denbora eta lasaitasun gehiagorekin jarduten badugu, emaitza hobea lortuko dugu, eta gusturago bizi ahal izango gara eta gure osasuna hobea izango da.

Egileak berak onartzen du liburuan aipatzen dituenak: elikagai osasuntsuagoak, meditazio erretiroak, auzo slow esklusiboak eta abar aberatsen esku daudela soilik dirudiela. Eta hau ukatzen ez duen arren, norberaren aukerak direla dio eta osasunaren kostua. Ahal izanez gero lanera oinez joatea, adibidez, ez da garestiagoa, alderantziz, diru apur bat aurreztu dezakegu, denboraren trukean.

Benetan gomendagarria iruditu zait liburua. Irakurri eta norberak bere ondorioak ateratzeko modukoa. Niri behintzat gai hauetan sakontzeko gogoa eman dit. Urte berriarekin beti datoz helburu berriak, ea zenbait gauza sosegu gehiagorekin egiteko gai naizen, betiere emaitza hobeagoa lortzeko.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.