Telebista-kontsumitzaile aktiboak
Lagunek badakite Lost telesaila izugarri gustatu zitzaidala (bukaera ez). Telesail hau izan da telebista kontsumitzeko dudan modua aldatu didana. Cuatro telebista katean azken atala soilik ikusi nuen, gainerako guztiak internetetik jaitsita.
Zergatik?
- Nahi dudanean ikus dezaket
- Lehenago (sarri, hilabeteetako atzerapenarekin iristen zaizkigu AEBetatik telesailak)
- Iragarki gabe
- Jatorrizko bertsioan (jatorrizko ahotsak entzutea gustatzen zait, ingelesa hobetuko didan esperantza ahaztu gabe)
The Pillars of the Earth
Pasa den astean Nandok Twitterren bota zuen The Pillars of the Earth Cuatro katean botatzen hasi behar direla bihar bertan. Liburua gustuko izan nuela oroituz, saretik jaitsi nituen kapitulu guzti-guztiak, baita egun gutxitan ikusi ere.
Zer egin negozio ereduarekin?
Jakin badakit ohitura hau bakan batzuen kontua dela, gehiengoak betikoari eusten diola eta aldaketa zaila izango dela (batez ere sareari mugak jartzen badizkiote Telefonica eta enparauek). Hala ere, ziur nago GoogleTV eta AppleTV moduko apustuek, zein edukiak sarean libre jartzeak, bultzada handia emango diotela telebista kontsumitzeko era berri honi.
Zer egin dezakete bada telebistek eta ekoizleek? Ba ikusle aktiboei nahi duten horixe eman.
- Zergatik ez jarri sarean telebistan emititu aurretik? Mikro-ordainketa baten trukean litekeena da ikusle asko ordaintzeko prest egotea. Begira bestela iTunes-ek lortzen duen dirutza.
- Emititu ostean ere, jarri sarean, ikusle asko eta asko telesailen kapitulu zaharren zalea da eta.
- Baliatu sarea eta ikusle aktibo horiek marketina egiteko. Lost telesaila ez litzateke horren arrakastatsua izango sarean sortu ziren talde eta webguneengatik izan ez balitz. Bertan hamaika teoria partekatzen ziren, amaigabeak ziren erantzun-ildoekin.
- ...