Turisten kontsumoa
Igandeko DVn ondorengo artikulua irakurri zitekeen, Gipuzkoan turismoak dituen joerekin. Hainbat puntu oparoren artean ba ei da argi gorri bat: turistek gutxiago kontsumitzen dute eta ostalariak arduratuta dabiltza.
Kalitatea eta prezio merkearen artean egin behar den aukeraketan lehenaren alde egin dugu. Baina, benetan kalitatezko esperientzia global bat ematen al zaio bisitariari gure ostatuetan? Jaki aldetik baiezkoan nago. Orain, zer gertatzen da zerbitzuarekin? Jaitsieraren arrazoia ez da ba izango esperientziak ez dituela asetzen? Prezioaren eta esperientziaren arteko erlazioa ez dutela egokia ikusten?
Hala ere, ez dezatela aitzakiarik bilatu, ziurrenik beherakadaren arrazoiak teilatupean dituzte ostalariek.
Horretaz gain, zer nolako turistak dira gurera iristen direnak? Patrikak beteak dituzten bikoteak, haurrekin bidaiatzen duten gurasoak edota motxilarekin dabiltzan gazteak? Talde bakoitzak bere aurrekontuak dauzka, eta azken taldea, adibidez, ez da diru larregi xahutu zalea, ez Donostian ezta Laosen ere.
Bestalde, gehienok ezagutzen ditugu atzerritarrei gehiago kobratzen zaien istorioak. Gertaera hauek benetakoak dira, ez dira asmatutako kondairak. Bide hau jarraitzea epe oso motzera begiratzea da, dirua gaur egitea. Baina epe ertain/luzera, taberna edota herrialde osoari ospe txarra besterik ez dakarkio, turismoan horrek izan dezakeen eraginarekin.
Beraz, Gipuzkoara datozenean, prezioak ez zaizkie horren merkeak irudituko turistei. Guri aldiz kontrakoa pasatzen zaigu ia-ia beti, hemendik at, leku gehientsuenak merkeak egiten zaizkigula!