Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Errebalen zer egin

Mikel Lizarralde 2009/12/08 00:26

Ez, nik ez dakit zer egin behar den Errebalen, ez daukat errezeta magikorik, baina ez daukadan bezala, lasai asko hitz egiten ari diren askok ere ez daukate, udala eta merkatariez ari naiz. Badaude proiektu posible batzuk atsegin ditudanak eta beste batzuk berriz ez, baina erabakia analisi-prozesu eta ikerketa serio baten ostean egin behar dela uste dut.

Arazoa zera omen da, Barrenenguan jarri den merkatalgune berrira bakarrik joango dela jendea, ez direla Anbulatoriotik behera jaitsiko. Horretarako bi ideia nagusi omen dituzte herri hau kudeatzen dutenek: merkatalgunea eta autobus geltokia.

Merkatalgunea Errebalen

Proiektu honi ondorengo ondorioak ikusten dizkiot:

  • Kanpotarrak erakartzeko Eibarrek izango duen interes bakarra dendak izango dira eta sortuko diren enplegu gehienak profil nahiko baxukoak izango dira (bai eskakizunez zein soldataz).
  • Urkizu, Errebal eta erdigunea prest al daude sortuko litzatekeen trafikoa irensteko? Kamioi eta bisitariez nabil, bai aparkatzeko zein autoaz gidatzeko. Corte Inglesera doan jende guztia ez doa aparkalekura (garestia bait da) eta inguruko kaleetan lehen baino zailagoa da autoa aparkatzea.
  • Benetan uste al dute beste merkatalgune batek herriko dendei mesede egingo diela? hemen, ez dut uste inolako ikerketek lagunduko luketenik, denborak emango digu erantzuna.
  • Hirigintza eta estetika aldetik herria eraikinez bete-beteta dago, ez dago inolako jolas-parke handirik, zuhaitz edota zelairik, gainera ia ez dugu inguruko mendirik ikusten. Lehen egin nahi zuten merkatalguneak bost solairuko altuera hartu behar zuen; egin nahi duten berri hau zehazteke dago, baina suposatzen dut lurzoruari ahal duten etekin ekonomikorik handiena atera nahiko diotela.

Autobus geltokia

  • Orain arte tren geltokia behean egon da eta autobus geltokia Untzaga inguruan. Laster, tren geltokia Untzagaruntz eramango dute, biba! bi geltokiak batera. Baina ez, autobus geltokia mugituz gero (Errebalerantz zein Matsariarantz) biak banatuko dira berriz ere.
  • Logistika aldetik nire zalantzak ditut Errebal leku egokia den estazioa bertan jartzeko. Gainera, laster San Agustin kalea oinezkoentzako egiten badute (Zuloagatarrenaren pare), non emango dute buelta Elgoibar aldera doazen autobusek asteburuetan?
  • Bestalde, izan gaitezen errealistak, zenbat pertsonak darabilte autobusa gure herrira etortzeko? Pena merezi du datozen horiengatik geltoki berriaren obrak egitea? Bestalde, zenbatek darabilte trena? Gustura jakingo nituzke bata eta bestearen bidaiari-kopuruak.

Beste aukerarik?

Berriz ere diot ez dudala arrakastaren formula ezagutzen, baina nago aurreko biek ez dutela balio, eta hori denborak baino ez digu esango. Uste dut badaudela beste formula batzuk herrian giroa pizten lagundu ahal dutenak, herriko bizi-kalitatea eta denden erakargarritasuna areagotuz. Baina hori aurrerago ;-)

Egunkaria libre!

Mikel Lizarralde 2009/12/06 17:52

Hitzak soberan daude, utzi dezatela behingoz bakean Egunkaria!

Egunkaria

Donostiako direktorioa

Mikel Lizarralde 2009/11/24 12:36

Enpresa zientziak ikasi nituen, baina orain artean ez zegoen enpresari gehiegi ikaskideen artean. Banketxe, administrazio publiko eta enparauetan lan egiteko prest asko, baina bere bide propioa egitearen aldekoak, ez larregi.

Horregatik poz izugarria hartzen dut Donostiako enpresen direktorioaren atzean Txomin Jauregi klasekidea ikustean.

Lan pila ari dira egiten (ez dira egun bakarrean seiehun negoziotik gora erakarri Ddonosti.com-era). Gainera hobekuntza txikiak ari dira pixkanaka gehitzen, beheko QR kodea adibidez, sare sozialetan egoki ari dira maneiatzen eta etorkizunean zer izan nahi duten nahiko argi daukate.

Ddonosti

 

Bigarren zatia

Mikel Lizarralde 2009/10/18 23:12

Mansillara iritsi nintzen. Ordurarte, orain bi urte baino egun gutxiago behar izan nituen. Abiadura handiagoa eta denbora gehiago bizikleta gainean. Baina bostgarren egunetik aurrera, lasaiago ibili nintzen. Hauek dira egindako azken lau egunak:

  • Bostgarren eguna: Mansilla de las Mulas - Rabanal del Camino
  • Seigarrena: Rabanal - Cebreiro
  • Zazpigarrena: Cebreiro - Palas de Rei
  • Zortzigarrena: Palas - Santiago
Santiagon

Santiagora iristea polita da, baina onena bidea da eta bertan topatzen den jendea. Holandan hasi zen gazte bat, orain hogei eta hamar urte Londonetik Indiara bizikletan joan zen ingeles bat, izen bereko bi pertsonaia, Henry Chinaski, ... ondo, esperientzi ederra.

Bidaiaren lehen zatia

Mikel Lizarralde 2009/10/12 19:24

Idatziko nuela esan nuen, baina hitzak haizeak eraman ditu. Egin ditut jada lau egun bidean eta hona hemen apunte txiki batzuk, bizi naizela, gutxienez, esateko. Hauek dira orain artean egindakoak, labur-labur:

  • Lehen eguna: Orreaga - Iruñea
  • Bigarrena: Iruñea - Najera
  • Hirugarrena: Najera - Hontanás
  • Laugarrena: Hontanás - Mansilla de las Mulas

 

Leonetik gertu xamar nago, bihar after-sun pixkat erosi beharrena nago. Uste baino eguraldi hobea egiten ari da eta aurpegia erre dut. Gainerakoan ondo, ipurdia eta bizkarra nola dauzkadan hobe ez esatea.

Bide batez, txorakeria bat. Vodafone eta halakoek diote estaldura %99,99koa izaten dela. Ba atzo %0,01 horren parte den leku batean egin nuen lo. Munduko zulo horretan estaldurarik ez, eta gomendatu zidaten jaitsi berri nuen aldapan gora egiteko telefonoz hitzegitea nahi banuen. Ia gaua zela hor eman nituen bost minutu txankletetan aldapan gora...

Horrela jarraituz gero ostiralean iritsiko naiz, biba ni!

Berriz ere bidean

Mikel Lizarralde 2009/10/08 08:27

Blog honi Bidean izena jarri nion. Berau sortu baino aste batzuk lehenago Done Jakue edota Santiago bidean nengoen (bertakoak dira headerreko eta profileko argazkiak), On the road Jack Keruac-en liburua alboan nuela.

Oraindik ere opor-egun batzuk geratzen zaizkidanez berriz ere bidean jarri behar gara bizikleta eta biok. Eta berriz ere Done Jakue bidea egitera noa, bide frantsesa deritzanetik.

Zergatik egin behar dudan berriz ere bide bera? ba ez dakit, gogoa daukat eta kitto. Hori bai, aurkitu dut nire burua zertxobait zuritzeko moduko aitzakia: OpenStreetMap-erako datu bilketa masiboa egitea.

Zortzi egun beharko ditut, gutxi gora-behera eta eguraldia lagun, Santiagora iristeko, beraz zortzi egun emango ditut mapa-jai konstante batean. Datuak jasotzeko GPS-a, argazki kamera eta koadernoa, besterik ez ditut eramango.

Orain bi urte bidea egin nuenean Tagzania & CodeSyntax-en hastear nengoen. Garik GPS-a eman zidanez, han grabatutakoa OSM-ra igo zuen. Oraingoan helburua herrien mapak hobetzea eta erromesentzako puntu interesgarriak gehitzea da.

Bidaitxo hau egiteko gogo bizia dut. Badaukat halako sentsazio bat aurrerago etorriko den bidaia luzeagoren baterako prestaketa dela. Prestaketa, batez ere, mentala eta pertsonala.

Ahal izanez gero, hementxe bertan joango naiz eguneroko bat egiten. Orain bi urte idatzi nuen hura irakurri dut jada; ea orduan bezain ondo pasatzen dudan.

Ultreia!

 

Erosi kamisetak interneten

Mikel Lizarralde 2009/09/24 12:10

Pasa den asteburuan sorpresa polita hartu nuen. Webgune frantses batean erositako kamiseta bat neraman soinean. Koadrilako batek begiratu eta ea non erosi nuen galdetu zidan. Interneten erosi nuela esan nion. La Fraisen erosi al nuen galdetu zidan. Nik baietz harrituta.

La fraise

Gero denda horretan bertan saltzen dituzten kamiseten diseinua aipatu genuen. Berak ez zuela oraindik ezer erosi, baina pentsatzen ari zela. Ez pentsa lagun hau oso interneteroa denik, erabiltzaile normal moduan katalogatuko nuke.

Pauso txikiak ematen ecommerce-a goraka doa.

Hasi pausu txikiak ematen

Mikel Lizarralde 2009/07/20 10:25

Aspertuta nago politikariek naturarekiko azaltzen duten arduragabekeriaz, baita guk ere gizarte moduan azaltzen dugunaz. Erabaki korporatiboek mundua hobetuko duten zain egotea baino nahiago dut nire erabaki txikiak hartzea.

  • Ahal dudan guztietan bizikletan nator lanera. 2 kilometro exkax dira, baina alferkeriak gogor jotzen duenean autoz etortzen naiz.
  • Eroskira motxilarekin joaten gara. Asteko erosketa egiten dugunean motxila eta guzti joaten gara, plastikozko poltsa kontsumoa jaitsi dugu (eta etxean poltsa gutxiago dabiltza bueltaka). 

Argi daukat guk egindako hau ez dela ikusten, norbanako moduan txiki-txikiak garela, Eibarko kaleetan ez dela auto gutxiago antzematen edota Eroskikoek ez dutela plastikozko poltsen kontsumoan aldaketarik igerri.

Baina zer gertatuko litzateke bihar hamar pertsonak gauza bera egingo balute? Eta etzi ehun balira?

Hasi ekintza txikiak egiten eta zabaldu berria zure lagunen artean!

Marka zuriak

Mikel Lizarralde 2009/05/28 10:02

Marketineko pertsona izanda, maite ditut markak, maite dut zentzumenaz haratago joan nahi duten marka horien ahalegina. Maite eta miresten dut trademark izatetik lovemark bilakatzeko bidea. Maite ditut BMW eta bere komunikazioa, Apple-en Mac ordenagailuak eta Ipod-ak, Nespressoa, Adidas-en zapatila klasikoak, Brompton bizikletak eta abar. Marka horiek moda izatera pasa dira. Bezeroak pixkat gehiago ordaintzeko prest zeuden marka horiek lortzeko.

Baina halako batean, krisia iritsi zen eta horrenbeste miresten genituen markek komunikazio defentsiboa egiteari ekin zioten. "Danonek ez du beste markentzako ekoizten". Mercadona supermerkatu kateak ateak itxi zizkien 900 produktu ingururi, bere marka zuria bultzatzeko, nahiz eta ofizialki "bezeroari dirua aurrezteko" egin zuten. Bezero asko eta asko prezioan gehiago arreta gehiago jartzen hasi dira. Badirudi markak eta marketina krisian sartu direla.

Mercadonaren apustu arriskutsuak hainbat ondorio izan ditu. Ikerketa baten arabera, kontsumitzaileen %55 minduta agertzen da enpresak hartu duen neurria dela eta. Hala ere, Mercadonak bere merkatu-kuota %6 hazi du eta fakturazioa mantendu. Erabaki honek eta hainbat marka egiten ari den komunikazioak argi uzten du banaketa enpresa handiek botere itzela bereganatu dutela azken urteetan, beren esku dago zein produktu saldu eta zein ez, zein bultzatu eta zein bazterrean laga.

Argi geratzen da ere marka zuriko produktuen arrakasta handitzen ari dela, kontsumitzaileak egoki ikusten duela hauen prezio-kalitate erlazioa. Marketinak eta markek erronka handia dute aurrean: kontsumitzaileek benetan sinestu behar dute marka horiek badutela zerbait berezia eta berezitasun horren trukean ordaintzen den prezioa bidezkoa dela. Nola egin? produktuan eta komunikazioan inbertituz. Produktua izan dadila benetan interesgarria eta kalitatezkoa, eta bezeroak ikus eta balora dezala alde hori.

Experiencia heroica

Mikel Lizarralde 2009/05/26 18:42

Gaurkoan Garik 123people.com webgunea aipatu dit, ni ere bertan nengoela esanaz. Nork ez du bere izena bilatu Google eta halakoetan? Bilatu dut, eta hantxe zeuden nire irudi batzuk (baita Mikel Lizarralde izeneko igarle batenak ere), eposta helbidea, blogak, etab. Informazio ugari, tartean nire izena aipatzen zuen artikulu bat ere. Artikulua, 2007ko maiatzekoa, blogen zabalkundeaz eta erabileraren ingurukoa da, eta hara zer dioten: 

Fuera de la tecnología y sectores especializados como el marketing y
las relaciones públicas, sólo hay experiencias heroicas. Es el caso de
Mikel Lizarralde de Indubrik, una empresa familiar de fabricación y
venta de muebles.

Joño, gauzak beltz ikusten ziren egun horietako batean pentsatzen nuen blog korporatiboa edukitzea alferrikakoa edota eroa zela, baina heroikoa izatearena... ez nuen behin ere pentsatu.

Hain justu ere, aste honetan bete dira hiru urte Indubrik-en bloga martxan jarri genuela. Merkatuak elkarrizketak dira eta txiki-txikia izanagatik, ahots propioa izateko aukera ematen digu Internetek. Polita izan zen gure altzari dendari ahotsa eman genionekoa.

Hona hemen El Mundoko artikulua.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.