Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Interneteko iragarkiak eta edukia

Mikel Lizarralde 2008/10/15 20:34

Nere alter ego blogariaren lanak egiten ari nintzela (ez, gaurkoan SEO lanik ez, lasai) detaile batetaz konturatu naiz, autoetaz hitzegiten duten blogek geroz eta link gutxiago jartzen dituztela beste blogetara, albisteen iturrietara.

Obsesioa Google-eko lehen postua da, obsesioa bisitaria beste blog batera ez joatea da (eta SEO lanik besteei ez oparitzea). Nik nere bloga lehena izatea nahi dut Google-en, zalantza gabe, baina albistea nondik jaso dudan aipatzea interneteko printzipio oinarrizkoenetakoa da. Agian ez nabil guztiz zuzen eta editoreen alperkeria besterik ez da, ez dakit.

Horretaz gain bada beste zerbait arduratzen nauena: iragarkien masifikazioa eta zentzurik ezak. Beste blog honetako artikulua irakurtzea ezinezkoa da iragarki batek testu gehiena ezkutatzen duelako. Eta horrelakoak dira blogeko artikulu guztiak. Blog horren egileari ez zaizkio bere irakurleak interesatzen, berak nahi duen gauza bakarra da orri bistaratze (pageview) asko izatea gero iragarleak lortzeko.

Horrek ere iragarleak leku txarrean uzten dituela iruditzen zait. Zein irizpide jarraitzen dute iragarkiak jartzerako orduan? Audientzia? Influentzia? Irakurleen komunitatearen indarra? Inbertsioaren itzulera (ROI)? edota ez daukate irizpide propiorik eta marketin agentziak dioena egiten dute? Komunikabide tradizionalekin dauden arazo berean erortzeko arriskuan daude zenbait enpresa.

Autoen inguruko blog sinple bat egitea erraza da. Jarri Technorati edota Google Blog Search lanean (Yahoo Pipes erabiltzen baduzu hobe jario bakarra izateko) eta idatzi blogean. Nik hala egiten dut. Baina nere helburua ez da iragarkiak saltzea. Nik jendea bidali nahi dut gure saltokiko webgunera (eta uste dut ez dudala era inbasiboan egiten) eta ia-ia beti (%99,99) jartzen ditut iturriak.

 

2008 - X - 16 Eguneraketa

Beste adibide bat ondorengo blog honetan.

Eibarren lanak egiteko era

Mikel Lizarralde 2008/10/01 15:44

Japoniari buruzko hainbat blog jarraitzen ditut. Beste mundu bat da hura, eta beti iruditu izan zait interesgarria. Duela zenbait egun artikulu bat irakurri nuen, Japoniako kaleetan lan publikoak egiteko erari buruzkoa. Ezin izan diot azken esaldia ekartzearen gogei eutsi:

"Está claro, que las obras están planificadas con una idea clara en mente: Molestar lo menos posible al ciudadano."

Eibarren bezalatsu, ezta?

Iragarkietan dirua xahutzen

Mikel Lizarralde 2008/09/16 16:56

Hau ez da lehen aldia nire beste alter ego blogaria aipatzen dudana. Aurreko batean aritu nintzen Alfa MiTo autoaren inguruan egindako posizionamendu SEO lanaz.

Kontua da Google-en bilaketa egin dudala ikusteko ea nola kokatua zegoen nire bloga eta ondorengo hau ikusi dut:

Alfa MiTo search

Emaitza naturalean lehen bi postuetan jarraitzen du blogak. Alfa Romeo markaren webgunea da hirugarren dagoena, auto berriarentzako egin duen webgune bereziarekin. Eta guztiaren gainean, iragarkietan diru dexente xahutzen, Alfa Romeo beraren webgunera daraman iragarkia (eta ez nola nahiko iragarkia, hori, garesti xamarra da).

Alfa Romeok eduki dezakeen super-aurrekontuarekin... beraien auto berria ateratzen... eta iragarkiak jarri behar dituzte lehenak agertzeko? Ados, Alfa Romeo MiTo bilatuz gero beraiek dira lehenak, baina jende gehiagok bilatzen du Alfa MiTo beste hori baino.

Dirua webgune flashero super politak egiteko erabili (egia esanda, webgunea polita da, ezin ukatu), eta gero berriz ere beste hainbeste gastatu behar bilatzaileetako emaitzetan goian agertzeko. Eta gainera, nahiz eta lehen emaitzetan agertu, iragarkiak ere erosi oraindik eta gorago azaltzeko.

Kuriositate hutsez beste marka batzuk ere errapasatu ditut eta gehientsuenek berdin egiten dute: Ford Focus, Renault Megane, Volskwagen Polo, Opel Astra, Citroen C5, ... Ziur guztiek interneteko komunikazioa enpresa berarekin egiten dutela (eta posizionamendua beste batekin? ;-).

Agian, Enrique Dans-ek aipatzen duena pixkat moldatuz, krisi garaian erabakiak hartzen dituzten goi-mailako exekutibo inkopententeak kaleratu beharko lituzkete, eta ez benetan balioa sortzen duten langileak.

Ikearen katalogoa

Mikel Lizarralde 2008/09/15 23:21

Eskerrak! Iritsi da 2009. urteko Ikearen katalogoa. Eta gainera LHC-ak mundua suntsitu aurretik iritsi ere. Jendeak izugarri espero duen katalogoa da hauxe (altzari munduan diote urteetan ez dutela ia ezer berririk atera baina...). Bada desmuntatutako mito bat ere dioena Biblia bera baino publikatuagoa izan dela.

Ba gure etxean bada norbait zuzenean zakarrontzira bota duena. Hori sakrilejioa! Ez dio aukera txikiena ere eman XgiebaGax estanteriari.

Ikearen katalogoa zakarrontzian

Egia da Eta Kitto ere hor dagoela (eta hau astero egiten du bizilagun enmaskaratu honek). Ez daukat arrastorik ere zein ote den. Zin dagit ni ez naizela izan. Ez daukat ezer suediarren aurka, oso jatorrak dira, altuak, ilehoriak eta begiurdinak.

Altzari saltzailearen kirats hau ezin kendu ezta hiru dutxa eguneko emanda!

Munduaren salbazioa

Mikel Lizarralde 2008/09/11 21:47

Akabo, jarri dute martxan Hadroien Talkagailu Handia. Sortuko omen da zulo beltz handi bat eta materia guztia xurgatuko du. Edo hori diote zenbaitzuk.

Esperimentu honekin mundua nola sortu zen jakin nahi omen dute. Big Bang-ik benetan izan al zen, nolakoa izan zen, zergatik, zeinek sakatu zuen botoia, botoirik bazen.

Zer gertatuko litzateke zulo beltz bat sortu ordez galaxia berri bat sortuko balitz? Eta bizia sortuko balitz? Eta gure unibertsoa horrela sortua izan balitz? Ez dakit, agian beste dimentsio edo bizi edo danadalako batean bada fisikari talde bat halako esperimentu bat egin eta guk ezagutzen dugun galaxia hau sortu zuena. Agian beraien Hadroien Talkagailu Handiaren esperimentua ondo atera zitzaien eta bizia sortzea lortu zuten; orain begira-begira egongo dira gu aztertzen.

Lastima gaur ez duela eguzki eta sargoririk egin, bestela izango nuen aitzakiaren bat eta hemen goian idatzia intsolazio baten kulpa izan dela esan nezake.

Lolita Guruceta

Mikel Lizarralde 2008/07/16 02:56

Duela astebete gure amama hil zen. Donostiarra izanagatik, berak nahiago zuen amama deitzea eta ez amona (edo amoña, parte zaharrean entzuten nuenez). Amama, bi aldiz ama zelako, eta neretzako horixe izan zen, bigarren ama bat, batez ere Donostian hainbeste urtean bizi izan nintzeneko sasoietan.

Donostiarra zen, Portu kalean jaiotakoa, Santa Marian egin zuen hileta ez beste guztia. Donostiar on bezala, kaxkarina zen. Beti margotzen zituen ezpainak arroxa kolorez bazkariren bat edo genuenean, eta baita Channel lurrina bota ere. Hain zen kaxkarina ezen, duela hilabete, erietxean zegoenean, medikuari esan ziola 84 urte zituela; "nola esango diot ba 85 ditudala!".

Alaba bakarra izan zen. Aita Joaquin, donostiarra, eta ama Dorotea, nafarra, Belaskoaingoa. Hiletan aipatu zidaten gure birraitona oso arro omen zegoela alabaz, gerraosteko lehen Easo Ederra izan zelako, 1945. urteko San Sebastian egunean, artean 22 urte zituela. Argazki hauek orduan ateratakoak dira:

Amama Lolita: Easo Ederra

Amama Lolita: Easo Ederra

 

Eta hemen ikus daiteke argazki azpian Euskal Billera sozidadekoek idatzitakoa.

Begi oso politak zituen gure amamak, argiak, urdin tankerakoak edo. Kontatzen zigun gaztetan kai inguruan ibiltzen zirela marinel trajedunei begira (aita enteratu gabe, bestela...). Aipatzen zigun beste gauzetako bat zen gaur egun Araba parkea dagoen inguruetara joateko idatzizko baimena eman behar izaten ziola aitak. Aspaldiko sasoiak. Beste kontakizunetako bat izaten zen Santa Klarara arraunean joaten zirela, eta irla guztian ez omen zen beraien neska taldea eta farozaina besterik egoten.

Honetaz gain, Eskola Cantorumean abesten zuen eta txikitan euskal dantzen taldean egon zen (baina gerra zela eta argazkiak erre egin behar izan zituzten). Gainera, udaletxean egiten zuen lan idazkari moduan. Pertsona ezaguna zen ordungo Donostian. Horregatik gure aittitta Mariorekin ezkondu zenean (Santa Marian) jende ugari joan zen elizkizunera. Aittittak esan omen zuen ez zatekeela ezkonduko hainbeste jende joan behar zela jakin izan balu!

Amamak ez zuen jakin ezkondu arte aittittak zenbat urte zituen. Hamasei urteko tartea zegoen bien artean (24 - 40). Kuriosoa ere, bata eibartarra izatea eta bestea donostiarra, eta biek ala biek beraien bizitza jaioterrian bertan edukitzea. Igeldoko erromeriaren batean edo elkar ezagutu omen zuten. Biba gure Mario! Donostiako Easo Ederra konkistatzen! Ezkondu eta Eibarra etorri ziren bizitzera.

Amamak kontu bat aipatzen zigun amorru bereziarekin. Ezkondu eta gutxira, jada Eibarren zeudela, biak atera omen ziren herrian paseatzera, eta halako batean norbaitek aittittari hara zer esan eta: "ze, guardia zibilakin pasiatzen ala?"; ez dakit bat andrearekin paseatzearena gaizki ikusia ote zegoen orduan, baina amamari amorru bizia sortu zitzaion.

Nik gustoko nuen bera pixkat amorraraztea, pixkat bakarrik. Adibidez, Donostian bizi izan nintzen urte guztietan, sekula ez zidan afaririk prestatu (bazkariak bai, eta goxo askoak); famili bazkari eta halakoetan hori aurpegiratzen nion, broma moduan, ze gutxi zaintzen zuen bere biloba.

Aspaldian ez zegoen broma askotarako, eta muxuak ematen genizkion lehenagoko amorrazioak konpentsatzeko edo. Azken muxua pasa den ostiralean eman nion, Polloera bidea hartu aurretik. Oraindik ere zaila egiten zait sinistea amama ez dudala bere besaulkian aurkituko. Gutxienez, beti bezala agurtu nuen, eta "Agur guapa!" esan nion. Oroitzapen eta argazki eder hauekin konformatu beharko gara, agur betirako amama Lolita.

Artikulu baten bizi-itxaropena

Mikel Lizarralde 2008/06/30 23:57

Zibermunduan daukadan blog horietako batean, estatistiketan kuxkuxean, gehien irakurri den artikuluak izan duen bizitza deigarria egin zait:

 

Artikulu baten trafikoa
Blog bateko artikulu baten eboluzioa

Martxoaren erdialdean idatzitakoa da. Haseran izan zituen hainbat irakurle, gero sarrera orritik irten zen (azken 10 artikuluak soilik ageri direlako) eta ez zuen ia irakurlerik izan. Gerora, idatzi eta hilabete eta erdira, berriz ere irakurria izatera pasa zen. Arrazoia? Batez ere Google-ek ondo indexatu izana eta bilaketa emaitzetan lehen lekuetan agertzea.

Lehen aldiz honen berri blogger famatu bati esker izan nuen, haren blogean berdintxu gertatzen baitzen. Artikulu batek irakurle gehiago ditu idatzi eta hilabete batzuetara momentuan baino. Argi dago SEO-ak bizi-itxaropen luzea ematen diela artikulu hauei. Sinisten ez baduzu, bilatu IKEA Google-en eta begiratu noiz idatzitakoa den emaitzetako hirugarrena.

Yes we can

Mikel Lizarralde 2008/06/13 00:00

Bai, ahal dugu, yes we can.

Aurreko igandean, Ipuruan, poza, lotsa eta tristura. Poza, Eibarren gola eta emaitza; baita Erreala 1-2 zihoanean. Lotsa, atsedenaldian, helikoptero bat zelai erdian lur hartzen eta telesail baterako grabaketa egiten. Tristura, Errealak galdu.

Bertan izan genuen, esku eskura. Orain, zaila dago, baina Obama agertu zait hor nonbaitetik, yes we can, believe. Abesti eta guzti.

Modan dago, Cuatro telebista katea ere Podemos ari da esaten eguneko 24 orduetan, estatuko futbol taldeari sostengua eman nahiaz edo. Erlijioa, fedea eta halakoak krisian omen daude, inplikazio gutxiko gizartea omen gara, baina sinisteko eskatzen digute. Beno, ba, sinistu beharko.

Yes we can.

Palestinar zapia

Mikel Lizarralde 2008/05/30 17:01

Egunkarian irakurri dut AEBn polemika sortu dela Donuts enpresa baten iragarkian agertzen den aurkezle famatu batek palestinar zapia daramalako.

Paslestinar zapia

 
El Paisen diotenez protestak egon dira zapiaren sinbolismoa dela eta, Palestinar herriaren borroka sinbolizatzen duelako. Baten batek ere esan omen duenez, palestinar zapia "jendeari burua mozten dioten islamista terroristen bideoetan agertu ohi da" (artikulutik euskaratua, ez dut ezer gehitu, zoritxarrez). Enpresak iragarkia erretiratu du.

Beno, balorazio politiko edo psikologikorik egin gabe, nik uste moda kontuengatik eramaten duela zapia neska honek. Lehen gure kaleetan ugariagoa zen zapi honek bazuen zeresana, baina gaur egun "pija" bat baino gehiago ikusi dut hori soinean dutela. Ziur Zara edota H&M-n barra-barra saltzen dituztela.

Trafikoaz gogoetak

Mikel Lizarralde 2008/05/28 15:24

Lehen etxera bidean nengoela hamaikagarren ataskoan egon naiz geldi (geldi, mugitu gabe, ez poliki-poliki aurrera egiten). Kotxean aspertuta nengoela Eibarko trafikoaz eta dendez ondorengoa pentsatu dut:

Laster dugu uda berriz gurean eta hondartzara joateko sasoia hasiko da. Hondartzara joateko hiru leku ditut gustoko: Zumaia, Zarautz eta Getaria. Eta ez da hondartzaren ezaugarriengatik, trafikoarengatik baizik. Gorroto dut auto ilaretan geldi egotea eta aparkatzeko lekurik ez edukitzea. Horregatik ez naiz joaten Debara edo Saturraranera (hemen tarteka egoten dira arazoak aparkatzeko, ez beti). Nahiago dut autopista ordaindu eta lasai gidatu eta aparkatu.

Hau da, nere aisialdi eta erosketa denbora pasatzeko kontuan izaten dut noan lekuko trafikoa eta aparkatzeko erraztasuna.

Eibarren trafikoa izugarri estresantea da. Oraindik ez dut ulertzen nola jendeak kontu normaltzat hartzen duen eta ez den gehiago kexatzen daukagun arazo larriaz.  Eta ziur nago batek baino gehiagok nahiago duela erosketak egiteko Urbil, Bilbondo edota Max Center-era joan Eibarren atasko batean geldi egotea baino.

Dendarien elkartetik diote Errebalgo merkatalgune berriak jende gehiago ekarriko duela eta hori ona dela herriarentzat. Ez dut baloraziorik egingo merkatu berriari buruz. Baina hiru gauza datozkit burura:

  • Jende gehiago badator Eibarrera: trafikoa askoz ere okerragoa izango da, ezta?
  • Udaletxetik eta Dendarien elkartetik Eibar komertzialki indartzea nahi badute, hobe dute hastea Eibarko trafikoa hobetzen, bestela ea zenbatek etorri nahi duten gure herrira. Merkatalgune berrirako aparkelekuarena pentsatu dute, hori bai.
  • Garraio publikoarena... hobetzeko beharra dagoela argi dago, maila guztietan (baita Eibar barruko garraioa ere).

Bestalde, Corte Ingles-aren kasuan bariantea eta Ermua-Eibar bideak izango dira autoz beteko direnak. Hoiek ez dira herri erdigunean sartuko (ustez).

 

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.