Donustiarrak
Hartu Panricoren donuts bat, busti txokolate zuriz eta marraztu tinta urdin pixka batez. Horrela egiten dira Donustiarrak:
Argazkiaren egilea Pedro Lyant, Flickr (CC, BY, SA)
Hainbat denda eta tabernatan jarri omen zituen salgai Donostiako enpresa batek. Baina donustiarren salmenta bertan behera uzteko eskatu dio Panricok, berak erregistratutako produktua erabiltzearren (hemen kronika).
Nahiz eta oinarrian arrazoia duen Panricok, eta legea bere alde egon, hanka sartzen duelakoan nago:
- Saltzen den donustiarra bakoitzarekin dirua irabazten du.
- Enpresa handia izaki, zaila luke bertsio lokalak ateratzea, donustiarraren modukoak baina Bilbo edota Salamancarako.
- Kanibalizazio eskasa egongo da bere produktuekin (normala, txokolate beltzekoa, ...). Lineala osatzera datorrela esango nuke; ez dut uste donustiarraren eraginez Panricoren produktuak gutxiago salduko direnik.
- Prentsan agerpen negatiboa izango du orain Panricok, donustiarraren eta enpresa txiki baten kontra egiteagatik. Honek bere salmentetan eragingo duenik ez dut uste, baina zergatik ez.
Zergatik jo behar dute beti copyright-aren interpretazio estura? Inork ez dezala nire produkturik erabili, naiz eta hortik onurak atera nik neuk. Inork ez dezala nire musikarik jaitsi internetetik, nahiz eta kontzertura jende gehiago etorriko den. Inork ez dezala nire datu geografikorik erabili, nahiz eta horrela datuei balioa eman eta eguneratu ahal ditudan. Azken honekin lotuta dago Dani Reguera lankideak Bilbon egindako aurkezpena datu geografiko libreen inguruan.