Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Banana Pancake Trail

Mikel Lizarralde 2011/04/29 14:22

Paco Nadalek aspaldi aipatu zuen bere blogean lehengo motxileroak erdi-desagertuta daudela. Gaur egun, motxilarekin batetik bestera dabiltzan gehienak tankerako asmoekin dabiltza, tankerako lekuetan gainera. Utikan lehengo abentura, gora parranda eta sexua (ordaindu gabe, ahal bada).

Sarri pentsatzen dugu Laos edo Kanbodian mundu garatu-gabe eta basatia topatuko dugula. Baina ez, Vang Vieng (Laos) edo Siam Reap (Kanbodia) turismoarentzako prestatuak daude, eta, batez ere, guztiz egokituak. Conil edota Salouren tankerakoak dira, kale traketsago eta abandonatuekin.

Mendebaldeko estiloko taberna mordoa; chill out edo techno musika topera; jatetxeetan hanburgesa, pizza edo pancake-ak; giriak telebistetan Premier League, Friends edo Simpson-ak ikusten eta abar.

Asia hego-ekialdean aurki daitezkeen gune turistiko hauek denek Banana pancake trail deritzona osatzen dute (hemen Banana pancake trail-aren mapa). Herrialde osoak ez dira horrelakoak; ezta hiri eta gune zehatz horiek ere. Inguru haietan ezagutzen ditudan lekuetan nahi izanez gero Banana pancake trail giroa aurki dezakezu, edota paso egin.

Hori bai, oso deigarria egiten da Angkor miresgarritik bueltan Siem Reap-en sartzea; edota egun osoa arroztietan zehar pasiatu ostean tubbing-aren ondorioz pasa-pasa egindakoak ikustea Vang Vieng-en. Banana pancake trail-a osatzen duten lekuetan ugaldu egiten dira girientzako eskaintzak.

Pertsonalki, ez zait gaizki iruditzen oporrak horrela pasatzea. Baina ni neu, ez noa munduaren ipurdiraino parrandara. Horretarako, nahiago Euskal Herriko udako jaietan ibiltzea.

Jarraituko du.

Lehen aipatu dudan tubbing-a zer den?

Paraje eder batean, hartu kamioi baten neumatikoa eta hasi ibaian behera jaisten. Ertzak girientzako tabernaz beteta daude. Dibertigarria da. Kilometroak bezala, baina ibaian behera.

IMGP0315

Laos 152

Tubing in the Vang Vieng

Tubing in the Vang Vieng

Abentura berri bat

Mikel Lizarralde 2011/04/27 18:40

Abentura berri baten aurrean nago. Gaur goizean erosi dut udan Bangkok-a joateko hegaldia. Lehenago ere izan naiz han. Oraingoa desberdina izan da ordea. Bakarrik noa, hilabete pasatxorako, bizikletarekin eta inolako planik gabe, oraingoz. Plana eta bidea, pixkanaka. Eskerrik asko CodeSyntax opor-egunen malgutasunagatik. Eskerrik asko Maria zure babesagatik. Biba gu!

Krisialdi ziklikoak

Mikel Lizarralde 2011/04/06 00:33

Duela hilabete batzuk Las uvas de la ira jaitsi nuen, Steinbeck-ena. Aitak etxean dituen liburu mordoskaren artean ikusia nuen, kasu larregi egin gabe. Inolako erreferentziarik gabe irakurtzen hasi nintzen.

Hasieran larregi katiatu ez arren kapituluak igaro ahala geroz eta interesgarriagoa egin zitzaidan. Tartean, gainera, Gorkak amaiera biribila iragarri zidan, irakurtzeko gogoa bizituz.

Gaur-gaurko gaiak ziruditen gainera. Euren jabetzak galtzen dituzten nekazariak. Banketxe eta enpresa handien berekoikeri eta diru-gose mugagabe. Pobrezia eta emigratzeko beharra. Inmigrazioa jasotzen dutenen arrazakeria eta beldurra. Emakumearen paperaren garrantzia. Familia.

Gezurra dirudi 70 urte dituenik liburuak. Sekulako gaurkotasuneko gaiak. Bereziki gustatu zait langile esplotatuek bat egin beharraren aldarrikapena. Baita egoera txarrenean emakumeek aurrera egiteko erakusten duten adorea.

Oso liburu interesgarria. Gomendatzeko modukoa.

Zaborrarekin zer egin

Mikel Lizarralde 2011/03/10 09:45

Gure lantokia dagoen poligonoa zabortegia zen lehen. Alboko eskolan nengoen poligonoa eraiki zutenean.

Abendua edo urtarrila inguruan, gure gainean dagoen lur-sail batean zuhaitzak moztu eta lurra mugitu zuten, ur-hodi berriak edo sartzeko. Lurra mugitzean, hara non agertu ziren orain ia hogei urte zabortegira botatako plastiko, botila eta abarrak.

Lanak bukatu eta berehala zaborra ezkutatu egin zuten, badaezpada, ez eskandalizatzeko edo. Orain gutxi belarra ere landatu dute, berdeagoa edo politagoa izan dadin lur-saila.

Nik neuk ez dakit zein den zaborrarekin egin beharrekoa. Atez ate jaso, edukiontzi marroia, erraustegia, gutxiago kontsumitu eta ondorioz zabor gutxiago sortu, ... ez dakit. Hori bai, zerbait egin behar dela bai, nahita nahiez. Ikusi ez arren, zaborra hor dago, lurra pixka bat mugituta agertzeko prest.

Botereen banaketa

Mikel Lizarralde 2011/02/23 00:37

Unibertsitate sasoian Ignacio Ramoneten La tirania de la comunicación liburua irakurri nuen. Ohikoa den botere banaketa klasikoa, legegilea, judiziala eta exekutiboa, atzean geratua zela pentsatzen zuen Ramonetek.

Botere horizontal eta parekideak izan beharrean, piramide moduan antolatuak daude bere ustetan:

  • Goian, gainerakoak dominatzen, botere ekonomikoa
  • Ondoren, botere mediatikoa
  • Hauen azpian, botere politikoa

Botere ekonomikoak komunikabideak kontrolatzen ditu, eta biek batera botere politikoa.

Interesgarria iruditu zitzaidan, baina horixe, besterik ez. Aspaldian, ordea, geroz eta argiago daukat Ramonetek bete-betean asmatu zuela. Ez du inporta nora begiratu, dela Espainiaren kanpo-politika, finantza merkatuen erreskate neurriak edota zenbait udaletxeren erabaki xelebreak (horra Bukowski Donostian edo Errebal Eibarren), denen atzean enpresa handien interesak.

Honetan xahutu diru publikoa?

Mikel Lizarralde 2011/02/01 09:40

Atzo Paco Nadalen blogean Fitur turismo feriari buruzko artikulua zetorren, bideo xelebre eta guzti. Ikusi, ikusi:

Bideoa 2007koa da, baina ez dut uste egoera larregi aldatuko zenik aurten.

Argi daukat profesionalei zuzendutako turismo feria bat baliagarria izan daitekeela. Bidaia-antolatzaileek hornitzaile eta destino berriak ezagutu, elkarlana eta abar, bai, arrazoiak egon daitezke. Baina zenbat norbanako joan ote dira Galizia edota Nepala turismo feria batean egon ostean? Egongo dira bakarren batzuk, baina horrek konpentsatzen du egindako inbertsioa?

Baten batek esango dit bideoko aterki horiek kalean ikusiko direla eta horrela Galiziaren promozioa ikusgai egongo dela. Edota txakolina doan ematen diogun horrek lagunei esango diela zein ona zegoen eta Getariako txakolindegira joan behar direla. Auskalo. Ni neu ez naiz iritzi horretakoa

Aspaldian sarea bilakatu da gure informazio iturri eta bidaia-agentzia. Aukeran interesgarriagoa iruditzen zait interneten turismo baliabideak era argi eta erakargarrian erakustea. Aprobetxatu sarearen aukerak. Seguru Islandiak bisitari gehiago lortu dituela bideo honekin Fiturren baino:

 

Moleskine koadernoa

Mikel Lizarralde 2011/01/11 21:30

Zenbait produktuk sekulako lana egin dute beren inguruan istorio bat sortzeko. Produktua, zerbait generikoa bezala ulertu ordez, balio erantsi jakin batekin ikusia izatea lortu dute. Horren adibide da Moleskine koadernoa.

Moleskinek ez du izan nahi kaiera soil bat, hamaika orri, huts-hutsak edota marradunak, tapa gogorra edota bigunarekin. Ez. Moleskinek istorio bat sortu du bere markaren inguruan, bere markaren historia. Hemingwayk Moleskineetan idazten zuen, beste famatu batzuk ere bai. Eta klaro, guk ere Hemingway izan nahi dugu, idazterako orduan bederen.

Historia horrek Moleskine marka sortzen lagundu du. Bezeroek koaderno soil bat besterik erosten ez dutela pentsatzeko. Ez delako koaderno soil batean idaztea bezala. Eta noski, koaderno soil batek baino prezio garestiagoan.

Eta kontuz, ez pentsatu gero Moleskinek Eroskin saltzen diren koaderno merkeekin lehiatzen duenik.

Ekoizpen oso merkeko produktuekin lehia ezin da prezioan egin, marketinarekin baizik.

Trouristen Moleskinea

Trouristeko lagunek Moleskine berezi eta pertsonalizatu bat atera dute, La Personnaliteren laguntzaz. Bidaiei oso lotua dago Moleskinea, askok eguneroko moduan erabili izan dugu eta. Ekintza polita eta interesgarria da bidaien inguruko sare-soziala koaderno eder hauekin promozionatzea. Sarea eta papera elkarlanean.

Moleskine para Trourist.com

 

Ondorengo bideo honetan Trouristen Moleskinea nola egin zuten ikus dezakegu:

Jon Sarasuaren bloga

Mikel Lizarralde 2010/12/31 03:13

Bapo. Bukatu dut Ertzeko zatiak, Jon Sarasuaren liburua. Gustura irakurri dut. Analisi polita egin zion Azpi lagunak, eta nigan interesa sortu.

Koadernoan paragrafo gutxi batzuk idatzi, fotokopiatu eta lankideei pasa. Beraz, Jonek badauka blog bat, pribatua eta paperezkoa, baina bloga. Liburua bere lau urtetako post-en artxiboa iruditu zait.

Josuk berak dio pena zatekeela idatziok gordean utzi izana. Egia. Gustura irakurriko nuke bere bloga, irekian, sarean libre.

Telebista-audientziak

Mikel Lizarralde 2010/12/28 19:44

Oso interesgarria iruditu zait Free Rainer (Un juego de inteligencia) filma. Hitzaldi batean audientzia neurtzeko sistemak zalantza jarri nituenean gomendatu zidan entzule batek. Gustura ikusi dut filma, nahiz eta irakurri dudan kritika eskasik

Kontzeptu interesgarri batean oinarritzen da, programa erraz eta leloek audientzia handia lortzen dutenez horixe emititu behar da kate guztietan.

Nahiago dut filma ikusteko gonbita luzatzea berau kontatzea baino. Ikusi, ikusi eta gero komentatuko dugu.

Audientziak neurtzeko sisteman ez dut larregi sinisten eta Iturrik bere blogean jarritako bideo hark susmo txarrak areagotu zizkidan. Filmaren ostean zalantzak bere horretan diraute.

Sorkuntza prozesua

Mikel Lizarralde 2010/12/20 21:59

Interes handiarekin jarraitzen ari naiz Orsai aldizkariaren sorkuntza. Ketari abilari esker aldizkari berri honen ale baten jabe egingo naiz laster. Blogeko azken artikuluan bideo eder bat jarri dute, paper solteak lurrean jarriz, aldizkaria nola inprimatuko den frogatuz.

Hein handi batean Interneten egiten diren wireframe-ak gogoratu dizkit. Oso prozesu ederra da webgunea marraztearena. Zer egin ahal izango den, zein den helburua, funtzionalitateak eta abar. Marraztea bera ederra da, baina politena orri hutsaren aurrean zerotik webgune bat pentsatzearen prozesua da niretzako.

Sorkuntza prozesua interesgarria iruditzen zait, ia emaitza bezainbeste. Gustura ikusiko nuke, zineman bezala, liburu bat nola sortzen hasten den Sarri, edota abesti bat Mursego, bertso bat edota komiki bat. Baita ingeniari batzuk Aharixe izeneko kasko berezi batekin ideiak izaten hasten direnean.

Nik neuk ez dakit nolakoa izango den Orsai, baina gustura jarraitzen dut ekintzaile hauen sorkuntza prozesua.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.