Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Bizikleta eta turismoa

Mikel Lizarralde 2012/07/01 23:10

Gaur Debabarreneko BTT martxan laguntzaile jardun dut, Atxuri baserri alboan zegoen anoa-postuan, Koro eta Aitzolekin batera. Goiz-goiz Mintxetan edariak, mahaia eta itzalkina hartu Atxurirantz igo gara. Muntaia egin eta sukaldeko epeltasunean kafea eman digute.

Kuriosoa egin zait entzutea nola Atxurikoek BTTaren kontura bisitariak izan dituzten. Kanpotar ugari etorri omen zaie mendi-bizikletan ibiltzearen aitzakiaz. Eta horretan gakoa da Elgoibarren orain urte batzuk jarritako BTT zentroa. Markatutako ibilbideak, bizikleten alokairua, aldagelak, bizikleta garbitzeko aukera, ...

Izango du zer hobetua, baina eskualdean mendi-bizikletaz jende gehiago ibil dadin lagundu du, bertakoak zein kanpokoak. Eta azken hauengan pentsatuz, aukera interesgarria da, akaso gehiago landu beharrekoa, azpiegitura zein eskaintza turistiko aldetik. Enekok idatzi zuen orain hilabete batzuk zikloturismoak zelako eragina duen turismoan, lantzen jarraitu beharreko kontua gurea bezalako eskualde batean.

Atxurin

Atxurin behera

Anoa postua Atxurin

Bitartean, zorionak gaurko BTT martxa antolatu duen lan-taldeari, eta baita eskualdean bizikleta sustatzen dabiltzanei.

Salmenta helburu soilak

Mikel Lizarralde 2012/03/14 20:56

Unibertsitatea amaitu ostean banketxe batean aurkitu nuen lehenbiziko lana. Besterik ez eta Bilboko bulego nagusian traje-gorbatarekin lana egiteari baiezkoa eman nion. Sei hilabeteren ostean ez zidaten kontratua berriztu. Berritzeko prozesuan elkarrizketatu ninduenetako batek esan zidan ez ninduela banketxe batean lanean ikusten, bulegoko arduradun eta beste bi elkarrizketatzaileen iritziaren kontra. Pertsona harekin elkarrizketan egi larregi bota nituen, besteak beste banketxeko produktu batzuek sortzen zizkidaten zalantza etiko eta moralak. Sinzerizidioa esango lioketena.

Sekulako kolpea eraman nuen. Lehen aldia zen balio ez nuela esaten zidatena. Baina denborarekin ikasi dut erabaki hura zorionekoa izan zela niretzat. Zortzi urteren ostean banketxeen produktu askotan sinistu gabe jarraitzen dut. Ez zait bidezkoa iruditzen zenbait zerbitzurengatik kobratzea. Eta lana diru-iturri izateaz gain gozamen-iturri izatea ere nahi dut.

Gainera, ez nuen gustuko banketxeak salmenta helburu hutsez soilik esatea langile bat ona edo txarra zen. Inportanteena saltzea zen, bezeroa ahalik eta produktu/zerbitzu gehiagorekin kateatzea, ez zuen ardura bezeroaren interesekoak ziren edota bezeroak eskatu ote zituen. Saldu, hori zen arrakasta faktore bakarra. Saldu baita bezeroari esan gabe ere. Gure bulegoko apal oso bat bezeroentzat eskatutako urrezko kreditu-txartelez betea zegoen. Doakoa zenez, bezeroek jakin gabe saldu zituzten lankide-ohiek. Eta salmenta horri esker saria jaso zuten lankide-ohiek. Urrezko saria, urrezko potrodun lankide-ohientzat.

Nago Inside Job filmean aipatu zituztela neurririk gabeko salmenta helburu hauek, baina Wall Streeteko finantza-komertzialei aplikatuz. Saldu ahalik eta hipoteka gehiago. Ez du ardura hipoteka horiek onak edo txarrak diren. Tori milaka dolarretako sari extra hau salmenta horiek lortzearren. Aizu, eta hipoteka horiek kakaztuak badaude? Ah, lasai, hori beste departamentu baten arazoa da.

Berriz etorri zait gaia gaurkoan. Goldman Sachs inbertsio-banketxean ia hamabi urtez lanean jardun duen Greg Smith-ek artikulua kaleratu du NYTimesen bertatik ospa egiteko arrazoiak emanaz. Azken urteetan enpresa eta bertako langileen jarrera aldatu egin dela irizten dio, helburu komertzial soilak jarraitzen ei dituzte. Ez du axola bezeroari saltzen diotena hobeto dagokiona ez izatea. Garrantzitsuena salmenta hori Goldmanen interesen arabera egiten da. Ahaztu bezeroaren interesak. Gora salmentak.

Eta egia da horrela egiten direla dirutzak. Horrela sortzen dira inperioak. Baina horrek eraman gaitu egungo egoerara. Saltzeari soilik begiratuta sortu da krisia, saltzen genuena guztiontzat ona edota errentagarria ote zen inporta gabe. Salmenta bat ona izan behar da enpresa eta bezeroarentzat, gizartea ahaztu gabe.

Udako kontuekin bueltaka

Mikel Lizarralde 2012/02/07 00:21

Azkenaldian udako bizikleta-bidai hura berriz ere gogoratzeko aukera hainbat aukera izan ditut.

Batetik, Kisaleren blog komunitatean bidaiaren kontakizuna egiten ari naiz, lehen hemen zuzenean egin nuen moduan, baina oraingoan gazteleraz. Eta bestetik, aurreko astelehenean Zarauzko Arraio irratiko Bitakora kaiera saioan (audioa hemen entzun daiteke) egon nintzen ia bi orduz isildu ere egin gabe.

Oroitzapenak freskatzeak akaso balioko didate uda honetarako ideiak lortzeko, nork daki.

Diru iturri berriak egunkarientzat

Mikel Lizarralde 2012/01/02 18:35

Krisian daude egunkariak. Salmenta zein publizitate bidez lortzen dituzten sarrerak beherantz doaz. Gauza berriak asmatzen dituzte, Ziztadak direla edota Deskonturen klonak direla, besteak beste.

Gaur, Publikoko artikulu honetan liburu baten aipamena egiten zuten. Estekarik ez eta Google-en bilatu behar ea liburua non zegoen salgai, eta zein preziotan.

Eta horra hor egunkarientzat diru iturri berriak lortzeko aukera: jarri estekak sareko liburu-dendetara. Aspalditik dauzkate martxan afiliatu programa deitzen dietenak (Amazon edota Casa del Librok badute berea). Izena-eman programa horretan, jarri esteka liburu zehatz batetara eta salmentaren bat badago prezioaren zati bat egunkariarentzat. Ez dute egunkaria salbatuko, baina hobe ezer ez jasotzea baino.

Sinplea. Harritzen nau oraindik inork ez egitea. Zailtasunak egongo dira akaso, edota egiten dute jada eta ez naiz ohartu.

Promozioa egiteko era ezberdinak

Mikel Lizarralde 2011/12/06 13:00

Astea pasa zait Kisalek antolatutako Blogs&Bikes-ari buruz ezer esateke. Gustura erakusten ditut gertuko inguruak; norberarentzat ohikoak izan daitezkeen txokoak gustagarriak egiten zaizkio ezezagunari.

Hauxe izan dugu Debabarreneko BTT zentroa ezagutzera emateko Kisalen egindako bigarren saioa. Hemen egin nuen kronika larunbat honetakoaz, eta hemen irailean kazetari espezializatuekin eskualdea erakutsiz jardun genuenekoa.

Batak zein besteak helburu ezberdinak zituzten. Bietan kontzeptu bera jorratu dugu: edukia da iragarki berria.

Blogs&Bikes-ean 27 blogari eta lagunei Mintxetako BTT zentroa eta ibilbide bat erakutsi genien, aldarte onean Elgoibartik Mutrikurako bidea egiten genuelarik. Etorritakoek zenbaitzuk tuiteatzen jardun zuten, euren blogetan idazten edota argazkiak ateratzen. Hona hemen nik ateratakoak:

 

Irailekoan mendi-bizikletan espezializatutako aldizkarietan agertzea zen helburua eta emaitza polita izan du. Planeta MTB aldizkarian 18 orriko erreportajea, eta El mundo de la Mountabike-en 9koa. Azkar-azkar argazki ziztrin hauek atera dizkiet bata zein besteari:

 

Zenbat balio dute erreportaje hauek? Eta zenbat balio du lagun-taldean eskualde bat ezagutzera emateak?

Vuelta, Eibar eta bizikleta

Mikel Lizarralde 2011/11/23 09:04

Vueltako etapa bukaera bat Arraten izango ei dugu 2012an. Balorazio politikoez gain, burura etorri zaizkit gure herri-agintariek egingo dituzten deklarazioak, batez ere Eibar eta bizikletaren arteko erlazio historikoa nabarmenduz.

Baina erlazio hori historikoa baino prehistorikoa da gaur egun. Aspaldi joan ziren bizikleta fabrikak. Eta Eibarren bizikletan ibiltzea ez da paradisua, ez egunerokoan ezta txirrindulari moduan ere.

Zuloz josita daude kale gehienak. Batzuetan denboraren poderioz edota gaizki zaindu izanagatik, bestetan kalean lanak egitean gaziki asfaltatzeagatik. Pasa zaitez, adibidez, Legarre eta Arrate-bide kaleetatik eta ikusiko duzu nolako saltoak emango dituen zure bizikletak.

Bidegorriez hobe ez hitz egitea. Lankide batek dioen moduan oso zaila da bidegorri bat egitea Eibarren, baina saihesbidearen 3. fasea egiteko mendi-magala deuseztea bai.

Trafiko izugarria dago eta auto gidariek ez dute inolako errespeturik. Bizia egunero arriskuan jartzen dugu herrian bizikletan gabiltzanok. Mugikortasun arazo larriak daude Eibarren eta udal-agintariek ez dute neurri bat bera ere hartzen berau konpontzeko. Bizikletak lagundu dezake autoa alboan lagatzen. Ohiko kontua botako dit baten batek "Eibarren aldapa asko dagoela" esaten, baina guztiok ez gara Urki edota Amañan bizi.

Ez didazula sinisten? Ba ibili, ibili bizikletan astebetean eta hitz egingo dugu orduan.

Nahiago nuke Vueltan Eibarrera ekartzen xahutuko duten diru hori eibartarrongan inbertituko balute, eta ez egun bakarreko kirol orgia mediatikoan. Dirurik ez ei dagoenean are eta gehiago.

Bidaiaren azken egunak

Mikel Lizarralde 2011/09/19 08:52

Etxean nago jada. Bizikleta utzi nuenetik bi aste inguru pasa dira eta apur bat bere falta somatzen dut. Eta ez da lanera itzultzearen sindrome horiengatik, ez, gogotsu itzuli naiz. Bizikletan bidaiatzea nekagarria egin zitzaidan tarteka, helmuga besterik ez nuen begitartean, baina Siem Reap-era iritsi eta berehala gehiagoren beharra sentitzen hasi nintzen, nire barnean baten batek "beste bat, beste bat!" eskatuko balu moduan.

Irailak 1, 2 eta 3 Siem Reap

Aurreko egunean Sim Reap-era iristean hotel on pare bat nituen begiz jota. Garestienera joan nintzen aurrena (60 dolar gaua) baina beteta zegoenez Royal Crown Hotelean bukatu nuen (35 dolar gaua). Ezin jakin lehenengoan nolako esperientzia izango nuen, baina bigarrena primerakoa izan zela esan behar: logela ederra, garbi eta handia, bainera eta guzti; gosari ugaria prezio barnean; igerileku txiki baina atsegina; wifia doan. Mila eta berrehun kilometroren ostean behar nuen oasi txikia. Gainera hoteleko langile ia guztien laguna egin nintzen, beraien zein nire berriketarako gogoa zela medio.

Lehen egunean ez nuen ezer egin, bainua hartu eta hirian paseatzea besterik ez. Arratsalde osoa kafetegi batean pasa nuen idazten (hemen idazteaz gain paperezko egunkari bat idatzi dut, irakurle berezi bakarrarentzat), monzoia lagun. Hurrengo eguna dezente interesgarriagoa izan zen. Helburu bakarrarekin hasi nuen, bizikleta saltzea. Ez nekien non eta nola saldu eta beldur nintzen Bangkok-era bueltan eraman beharko ote nuen. Hotelean auzoan zegoen denda baten informazioa eman zidaten eta bertara joan nintzen bizikleta garbitu ostean. Esan beharra dago eta azken eguneko euriteak kaka-eginda utzi zuela.

Dendan bizikleta goitik behera aztertu zuten. Gurpila desmuntatu, katea eta kanbioak gertutik ikusi, aurreko amortiguadorea probatu eta abar. Argi esan nien 260 dolarrean erosi nuela hilabete aurrerago eta berriz prezio horretan saltzea lortuko zutela. Ezer gutxi negoziatuta 120 dolarrean itxi genuen tratua, hainbat konponente aldatu beharko zituztela esan zidaten eta. Saltzailearen trikimailuak, seguru, baina nire gutxieneko prezioa 100 dolarrean nuenez eta bizikleta ezin saltzeko beldur nintzenez, gustura geratu nintzen. Badakit 260an erosi eta 120an saltzea hilabeteren buruan ez dela negozio ona, baina nire burua justifikatzen dut pentsatzen hegazkinean nire bizikletarekin joan-etorria 300 euro kostatzen zela, eta alokatzea 400 euro inguru; beraz, gustura nago 100 euro ingurugatik bizikleta alboan izateaz hilabetean.

Goiz itxi nuenez tratua igerilekura itzuli nintzen, hoteleko txoko kutunera. Han nengoela hoteleko zerbitzari batek galdetu zidan arratsaldean ea zer egin behar nuen eta nire plan falta ikusirik Angkor tenpluen miniatura ikustera gonbidatu ninduen. Ez nion larregi ulertu zer arraio zen miniatura hori eta arraroa egin zitzaidan proposamena, baina onartu nuen gonbita eta lanetik atera zenean hoteletik kilometro ingurura zegoen leku batetara joan ginen. Normalean dolar eta erdi balio omen zuen sarrerak baina ni doan gonbidatzen ninduela. Bertaratzean ulertu nuen guztia. Bere aitonak ekin zion Angkor Wat tenpluaren miniatura harriz lantzeari eta orain bera zebilen kokapen hartan zer edo zer bultzatu nahian. Angkor Wat-ez gain beste bi tenplu ere bazeuden, haietako bat Bayon misteriotsua, diru faltagatik bukatzeke zuena.

Chanpoth mutil atsegina zen. Hotelean goizez lan egiteaz gain unibertsitatean ikaslea zen arratsaldez. Miniaturak zeuden patio moduko hartan jatetxe bat jartzea nahi zuen. Izugarri atsegina izan zen nirekin eta asko poztu nintzen gonbita onartu izanaz. Bidaiek oparitzen dizkizuten altxor txiki eta gustagarrietako bat. Bukaeran gainera sorpresa eman zidan alboan zegoen krokodilo-haztegia erakustean; berrogei bat ale putzu ziztrin baten inguruan pilatuta.

Hurrengo egunean Angkor ikustera jo nuen, benetakoa, turista mordo-mordoarekin. Lehenago ere egona nintzenez lasai egin nuen bixita, gustuko tenpluetara soilik joaten, inguru atseginean bizikletarekin pasiatuz. Angkor leku flipantea da, ahozabalik lagatzeko modukoa. Ederra da, baina gehien erakartzen nauena leku hau XII. mendean, eraiki zutenean nolakoa izango zen imajinatzea da (Europa izurriteek jota zegoen bitartean Angkor urrez estalitako tenplu eta eraikin sorta zen).

Irailak 4, Siem Reap - Bangkok

Kanbodia atzean laga eta Thailandiara bueltan. Autobusean mugaraino joan nintzen, alboan flandriar jator bat nuela. Kanbodiatik ateratzeko zigilua lortu eta Thailandiakoa lortzera joan ginen. Inoizko mugazainik mantxoena (edo langileena?) tokatu zitzaigun eta ordu eta erdi behar izan genuen (alboko ilaretan lau aldiz azkarrago zihoazen).

Leku kuriosoa da muga hau. Gure alboan inmigrante ugari, kanbodiarrak eta vietnamdarrak, Asia hego-ekialdeko ekonomia potenteenera lan bila. Bizitza hobearen bila dabiltzan inmigranteak, turistak eta bidaiariak, denak batera. Bai, aldea dago turisten eta bidaiarien artean.

Muga igaro ostean furgonetetan antolatu gintuzten Bangkok-era iristeko. Zein ezberdinak diren Thailandia eta Laos eta Kanbodia. Lehen mundua imitatu nahi du lehenak, besteek nahikoa dute egunerokoarekin.

Irailak 5 eta 6, Bangkok - Eibar

Azken orduak Bangkok-eko auzo modernoak eta turistikoenetan pasioan pasa nituen. Masajea hartu, ondo bazkaldu eta goiz joan aireportura. Bertara iristean oso deigarria egin zitzaidan indiar (edo pakistandarrak, ezin bereizi) mordoa ikustea telebista-kaxak fakturatu nahian. Batzuk Andorrara joaten diren moduan, igual indiarrak Bangkok-era joango dira telebistak erostera?

Bueltako hegazkinean tipo interesgarria neukan. Zioena egia bazen Iraken egon zen gerra sasoian, lanean. Ez nion galdetu nahi izan zertan. Kristorenak esaten zituen amerikarren kontura, bera ingelesa. Tira, hitz egiteko atsegina zen eta ikuspuntu zentzudunak zituen. Hori eta lokuluxkei esker azkar pasa zitzaizkidan Frankfurterako 11 orduak.

Franfkurt, bueltan Europan. Prezio finkoak, akabo negoziazioa eta antzerkia. Edozerk zirudien garestia. Arropan ere aldaketak, trajeak edonon. Akabo opor-tankera, negozio-giroa nagusi.

Luze egin zitzaidan Loiurako hegaldia, alboko guraso alu eta haurrari esker. Bi ordu luzeagoak hamaika baino. Aita eta Maria zain. Horrela itzul daiteke bidaiaria gustura etxera.

Izugarri gustatzen zaizkit bidaiak. Hogei eta lau orduan Bangkok-eko merkatu zaratatsu batean prezioa negoziatzen egotetik Eibarko obraz beteriko kaleetara pasa zaitezke, Frankfurt-en ia bost euroko kafe bat hartzen egon ostean.

Errua beti bestearena

Mikel Lizarralde 2011/09/14 15:03

Harriduraz irakurri dut tabernei ordutegia luzatzea krisiaren aurkako neurria dela. Hala ere, logikoa dirudi, ordubete gehiagoz irekia badago negozio bat gehiago fakturatuko du. Baina nago ostalariek arazoaren iturria eta konponbidea nahastu egiten dituztela, edo konponbidea ez dutela etxean denik onartu nahi.

Ohitura aldaketak daude, duda barik. Gazteenek lokalak dituzte lagun artean egoteko. Egia da tabernetara beranduago joaten direla eta tabernetan mugimendu gutxiago nabaritzen dela ordu txikiak iritsi arte. Baina, zergatik gertatzen da hau? Zergatik ohitura aldaketa horiek? Prezioetan dago koska.

Supermerkatuan zerbezak, kalimotxoa edota alkohol fuerteagoa erostea askoz ere merkeagoa da. "Litroak" ("botelloia") egiten badira hori diruagatik da. Duda barik.

Ostalariek ohitura aldaketari botatzen diote errua, baina konponbidea euren esku dago, gehienek kontrako neurriak hartzen badituzte ere. Azken urteetan krisian egonagatik kafearen edota kañaren prezioak gora egin du, KPIak egin duena baino gehiago esango nuke. Soldatak ia-ia neurri berean dauden arren, ostalari asko prezioak igotzen dabiltza.

Baina badira kontrako neurriak hartzen dituztenak. Hor dago pintxo-potea, edota Urkizuko Orbela tabernak egindako prezioen jaitsiera nabaria (kafea euro bakarrera jaitsi dute, alboko tabernetan 1,30 - 1,40an dagoen bitartean). Eta Orbela jendez tope egoten da. Eta pintxo-potea egiten duten tabernak baita ere, ezta?

Eta zer esanik ez zerbitzu berritzailea ematen dutenak, bai jaki zein edari berezi eta berriekin edota eskaintza kulturala gehitzen dutenak. Entzun merkatua eta eman nahi duena, (ber)asmatu zure enpresa besteen zain egon gabe.

Ordutegi luzeagoak akaso lagunduko die zerbait, baina funtsean euren esku dago lehiakorragoak izan eta bezeroak erakartzea. Euren frakasoaren arrazoia ez diezagutela guri egotzi; eurak dira euren negozioak biziberritzeko aukera gehien dutenak.

Mendebalderantz bidean

Mikel Lizarralde 2011/09/01 06:17

Bukatu dira nire txirrindulari-bidaiari egunak, oraingoz. Atzo Siem Reap hirira heldu nintzen, Angkor Wat-en aldamenean. 

Abuztuak 30, Kampong Cham - Kampong Thon (110km)

Etapa honetarako hiru ibilbide posible nituen. Aukera seguruena errepide-sare nagusitik joan eta ibilbide luzeena egitea zen. Gosaritan ordea zerbitzari kanbodiarrak lasterbideetako bat hartzea gomendatu zidan, errepide ona zela esanez.

Nola edo ahala bidegurutzera zeuden kilometroak suposatu nituen mapari begira eta bidegurutze moduko batean jendeari galdetuaz bide egokia hartzea lortu nuen. Bidegurutze askotan ez dago seinalerik eta gainera ez kanbodiarrek euren herriak gure grafiaz idatzi eta ahozkatzeko modua ez da berdina; hamaika ahalegin egin behar herri baten izena ahozkatzean bokalak banaka aldatuaz, dibertigarria izan behar da beraientzat atzerritar bat aluarena egiten ikustea, nik ondo pasatzen dut halakoetan behintzet.

Tira, lasterbidea atsegina egin zitzaidan, trafiko gutxi eta errepide ona. Sarri geratzen joan nintzen, hurrengo eguna nuen eta buruan betiere, azken egun luzerako indarrak gorde beharra zegoen. 

Helmugara iristean gauza bitxia gertatu zitzaidan. Herriko hotel bakarrenetakora joan eta bertan ez geratzea gomendatu zidaten harreran. Topera zegoela eta geratzen ziren azken logelak karaokearen aldamenean zeudela, eta ez nuela lorik egingo. Tapoiak nituela esan arren alboko guesthouse-era bidali ninduten.

Abuztuak 31, Kampong Thon - Siem Reap (150km)

Karaokearen aldamenean egon ez arren apenas egin nuen lorik, urduritasunak akaso. Goizeko 6etan hotel kanpona nengoen jada, denbora sobera izan nahi nuelako bidean lasai ibiltzeko.

Eguneko lehen pedalkadak beti egin zaizkit gogorrak opor hauetan, eta azken egun honetan zer esanik ez. Aurreneko eserialdia egiteko 50 kilometro egitea nahi nituen, bidearen lehen erena atzean lagatzeko. Stoung herriko jatetxe batean gosaldu nuen, nire frantsez eskaxean arroza oilaskoarekin eskatzea lortuz.

Hortik aurrera geldialdiak sarriago egin nituen. Gainera trafikoa bizitzen joan zen orduak aurrera egin ahala. Ez dakit zer esango duten kanpotarrek euskaldunon gidatzeko erari buruz, baina kanbodiarrak izugarri gidari eskaxak dira. Bozina etengabe darabilte eta aurreraketa suizidak egin zaleak dira. Errepideak ondo egon arren sekulako hondar eta hauts mordoa dago eta beharreazkoa da betaurrekoekin ibiltzea.

Hori bai, bi moto-gidari parean jarri zitzaizkidan eta ingelesez hasi berbetan. Galdera ugari egin zizkidaten nire bidaiari buruz. Asko harritzen dira bakarrik eta bizikletan bidaiatzeaz. Bigarrenak nirekin egin zituen hiru bat kilometro eta atzerritar batekin hitz egiten zuen lehen aldia zela esan; aspertzean buelta eman eta kontrako norabidean joan zen.

Suposatzen dut azalpen fisiko eta metereologiko erraza izango duela, baina izugarri harritu nau bidai osoan haizea kontra izateak. Ez du axola zein norabidetan joan, ekialdera, hegoaldera, ipar-mendebaldera. Ez du axola, haizea beti kontra. Bakarrik joan ezean errelebotan egiteko, edota nirea baino aerodinamika hobea izanda, errezagoa izan liteke. Baina nekeak jota eta bakarrik, nahikoa da haize pittin bat seko frenatuta geratzeko.

Helmugatik 20 kilometro ingurura atseden hartu nuen berriz. Taberna atzean laga eta minutura euri zaparrada galanta bota zuen. Apenas eduki nuen tarterik zuhaitz baten azpian babesteko, segituan mela-mela eginda geratuz. Hortik aurrerakoa bereziki gogorra egin zitzaidan, Siem Reap-en sartu arte, orduan poztu zitzaidan barrena. Eta derrigor poztu eta espabilatu behar, hiri honetako trafikoa erotzekoa da eta. Sekula ezin asmatu nondik datozkizun auto eta motorrak, kontrako norabidekoak norbere eskumatik igarotzen dira sarri eta norabide berekoek edozein aldetik aurreratzen zaituzte. Erotzekoa, benetan.

Harro nago egindakoaz. Mila eta berrehun kilometrotik gora egin ditut Laos eta Kanbodian zehar. Gogorra izan denik ezin uka, baina garaipen txikia izan da niretzat, bizi-pozgarria. Etorriko dira balorazioak, baina lehenengo hoteleko igerilekuan erlaxatzeko beharra daukat. Bitartean biba zuek eta biba gu!

Hegoalderantz, bostgarren eta azken zatia

Mikel Lizarralde 2011/08/29 16:34

Esan nahiko nuke zulatuen istorioa eta motorraren esperientzia atzean geratu dela, historia dela, baina oraindik bertan daukat eta gaur behin baino gehiagotan beldurtu naiz berriz gertatuko delakoan. Baina ez, normaltasuna frentean, no news good news.

Abuztuak 27, Stung Treng - Kratie (140km autobusez)

Goiz jaiki eta 7etarako autobusean nengoen jada. Esan beharra dago autobus geltokira motorrean eraman nindutela eta bai, motorrean kanbodiarra, bizikleta eta ni neu (aurreko eguneko postura berean). Kratie Kanbodia iparraldeko hiri handiena denez bertan gurpila konpontzeko esperantzan nintzen. 

Eta halaxe egin nuen. Batean eta bestean galdetu ostean, denetarik saltzen zuten denda batean kubierta bat atera zidaten. Kamarari neuk konpondu nion zulatua eta eguerdirako bizikleta probatzen nenbilen.

Abuztuak 28, Kratie (atseden eguna)

Irakurtzen pasa nuen eguna. Goizean goiz Aldous Huxley-ren Un mundo felíz bukatu eta eguerdirako Robinson Crusoe hasia nuen jada. Hirian zehar buelta batzuk emanez gurpila probatu nuen.

Abuztuak 29, Kratie - Kampong Cham (120km)

Aspaldiko egunik ederrena izan dut gaurkoa. Oso gustura nabil, bizikletak ondo eutsi dio, baita nire hankek ere.

Goizeko 7etarako gosaltzen nengoen Kratieko plaza alboan. Bukatu eta Mekong-en albotik hegoalderantz hartu dut. Gaurko bidea bigarren mailako errepideetan barrena izan da. Ez dut beste turistarik ikusi eta herrixka txikietan barrena pasatzean jende mordoak agurtu nau.

Gaurkoan GPSak ez zeukan lanerako gogorik, ez zen pizten, eta erreferentzia argirik gabe ibili naiz. Mekong-ek soilik ziurtatzen zidan norabide onean nindoala. Eguerdiko hamabiak inguruan asfaltoa bukatu eta lur eta harrizko bidean ibili naiz. 

Bide gogorra izanagatik oso atsegina egin zait, jende ugarik agurtu nauelako eta Kanbodia ezberdina ikusi dudalako. Bide osoa etxe eta txabolaz inguratua zegoen. Ekialdean laku edo aintzira bat tartekatuz eta mendebaldean Mekong nuela egin dut aurrera lehen orduetan.

Deigarria egin zaidan beste kontu bat Kanbodian musulmanak topatzea da. Ingurune honetan orain 500 urte inguru Vietnamdik etorritako etnia bat bizi da, fede islamiarrekoa. Kuriosoa izan da mezkitak aurkitzea bertako pagoden ondoan, baita muezinaren errezurako deia entzutea ere. Salam aleykun bat bahino gehiago entzun ditut, tartean itsasargia izan daitekeen honen ondoan aittitta batek esana.

Azken 35 kilometroak Mekong-en bestaldean egin behar nituen, bidea hobea zelako. Ferrian non hartu kostata aurkitu dut. Etxe baten izkinan ateratzen zen lokaztutako bide baten bukaeran, non bestela! Ferriarena ere xelebrea. Hamabost bat motor, furgoneta bi, 4x4 pick up bat, kamioi txiki bat eta ni neu geunden zain. Nola edo ahala sartu gara itsasontzian eta bestaldean geunden minutu gutxian.

Mendebaldeko hegiko bidea lurrezkoa izan da hasieran, gero asfaltua. Kuriosoa egin zait belar-metak aurkitzea Kanbodian (gehienak lehorrean zeuden baina argazkiko hau eta bakarren batzuk uretan), Euskal Herrikoen horren tankerakoak. Azken kilometroak gustura egin ditut. Bide erraza nahiz eta haizea beti bezala kontra egon, jende ategina eta paisaia ederra, hankak ere primeran. Arratsaldeko bostetarako arropa eskegita eta guzti neukan hoteleko gelan, biharko prest.

Bihar agur esango diot hasieratik norabidea markatu didan Mekong-i. Akabo hegoaldera joatearena. Bihar mendebalderantz biratuko dut. Helmuga, Siem Reap hiria, 280 kilometro ingurura dago. Ondo bidean han izango naiz asteazkenean (130 + 150). 

Bitartean, biba zuek eta biba gu!

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.