Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Mendebalderantz bidean

Mendebalderantz bidean

Mikel Lizarralde 2011/09/01 06:17

Bukatu dira nire txirrindulari-bidaiari egunak, oraingoz. Atzo Siem Reap hirira heldu nintzen, Angkor Wat-en aldamenean. 

Abuztuak 30, Kampong Cham - Kampong Thon (110km)

Etapa honetarako hiru ibilbide posible nituen. Aukera seguruena errepide-sare nagusitik joan eta ibilbide luzeena egitea zen. Gosaritan ordea zerbitzari kanbodiarrak lasterbideetako bat hartzea gomendatu zidan, errepide ona zela esanez.

Nola edo ahala bidegurutzera zeuden kilometroak suposatu nituen mapari begira eta bidegurutze moduko batean jendeari galdetuaz bide egokia hartzea lortu nuen. Bidegurutze askotan ez dago seinalerik eta gainera ez kanbodiarrek euren herriak gure grafiaz idatzi eta ahozkatzeko modua ez da berdina; hamaika ahalegin egin behar herri baten izena ahozkatzean bokalak banaka aldatuaz, dibertigarria izan behar da beraientzat atzerritar bat aluarena egiten ikustea, nik ondo pasatzen dut halakoetan behintzet.

Tira, lasterbidea atsegina egin zitzaidan, trafiko gutxi eta errepide ona. Sarri geratzen joan nintzen, hurrengo eguna nuen eta buruan betiere, azken egun luzerako indarrak gorde beharra zegoen. 

Helmugara iristean gauza bitxia gertatu zitzaidan. Herriko hotel bakarrenetakora joan eta bertan ez geratzea gomendatu zidaten harreran. Topera zegoela eta geratzen ziren azken logelak karaokearen aldamenean zeudela, eta ez nuela lorik egingo. Tapoiak nituela esan arren alboko guesthouse-era bidali ninduten.

Abuztuak 31, Kampong Thon - Siem Reap (150km)

Karaokearen aldamenean egon ez arren apenas egin nuen lorik, urduritasunak akaso. Goizeko 6etan hotel kanpona nengoen jada, denbora sobera izan nahi nuelako bidean lasai ibiltzeko.

Eguneko lehen pedalkadak beti egin zaizkit gogorrak opor hauetan, eta azken egun honetan zer esanik ez. Aurreneko eserialdia egiteko 50 kilometro egitea nahi nituen, bidearen lehen erena atzean lagatzeko. Stoung herriko jatetxe batean gosaldu nuen, nire frantsez eskaxean arroza oilaskoarekin eskatzea lortuz.

Hortik aurrera geldialdiak sarriago egin nituen. Gainera trafikoa bizitzen joan zen orduak aurrera egin ahala. Ez dakit zer esango duten kanpotarrek euskaldunon gidatzeko erari buruz, baina kanbodiarrak izugarri gidari eskaxak dira. Bozina etengabe darabilte eta aurreraketa suizidak egin zaleak dira. Errepideak ondo egon arren sekulako hondar eta hauts mordoa dago eta beharreazkoa da betaurrekoekin ibiltzea.

Hori bai, bi moto-gidari parean jarri zitzaizkidan eta ingelesez hasi berbetan. Galdera ugari egin zizkidaten nire bidaiari buruz. Asko harritzen dira bakarrik eta bizikletan bidaiatzeaz. Bigarrenak nirekin egin zituen hiru bat kilometro eta atzerritar batekin hitz egiten zuen lehen aldia zela esan; aspertzean buelta eman eta kontrako norabidean joan zen.

Suposatzen dut azalpen fisiko eta metereologiko erraza izango duela, baina izugarri harritu nau bidai osoan haizea kontra izateak. Ez du axola zein norabidetan joan, ekialdera, hegoaldera, ipar-mendebaldera. Ez du axola, haizea beti kontra. Bakarrik joan ezean errelebotan egiteko, edota nirea baino aerodinamika hobea izanda, errezagoa izan liteke. Baina nekeak jota eta bakarrik, nahikoa da haize pittin bat seko frenatuta geratzeko.

Helmugatik 20 kilometro ingurura atseden hartu nuen berriz. Taberna atzean laga eta minutura euri zaparrada galanta bota zuen. Apenas eduki nuen tarterik zuhaitz baten azpian babesteko, segituan mela-mela eginda geratuz. Hortik aurrerakoa bereziki gogorra egin zitzaidan, Siem Reap-en sartu arte, orduan poztu zitzaidan barrena. Eta derrigor poztu eta espabilatu behar, hiri honetako trafikoa erotzekoa da eta. Sekula ezin asmatu nondik datozkizun auto eta motorrak, kontrako norabidekoak norbere eskumatik igarotzen dira sarri eta norabide berekoek edozein aldetik aurreratzen zaituzte. Erotzekoa, benetan.

Harro nago egindakoaz. Mila eta berrehun kilometrotik gora egin ditut Laos eta Kanbodian zehar. Gogorra izan denik ezin uka, baina garaipen txikia izan da niretzat, bizi-pozgarria. Etorriko dira balorazioak, baina lehenengo hoteleko igerilekuan erlaxatzeko beharra daukat. Bitartean biba zuek eta biba gu!

etiketak: bibagu
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2011/09/01 09:49

Oso ondo Liza!! Zorionak!!!

Jende piloa gaude zure ibilerekin txundituta. Ederra biajea! Disfrutatu azken egunak eta laster arte!

Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2011/09/02 21:25

Asier, ez dok pentsatu ba goserik ez dodanik pasa? galanta gainera!

Domekan Bangkok-era najoiak autobusez eta astelehen gabian hegazkina etxera bueltatzeko.

Eguastenian biharrera. Gosarixa nere kontu. Baina ez espero asiar janaririk!

asier
asier dio:
2011/09/02 18:18

aupa hi! Hik bai meritua; eta zelako enbidixia! Honezkero bueltan? Zorionak! (argalduta ikusten haut ;-) )

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.