Errua beti bestearena
Harriduraz irakurri dut tabernei ordutegia luzatzea krisiaren aurkako neurria dela. Hala ere, logikoa dirudi, ordubete gehiagoz irekia badago negozio bat gehiago fakturatuko du. Baina nago ostalariek arazoaren iturria eta konponbidea nahastu egiten dituztela, edo konponbidea ez dutela etxean denik onartu nahi.
Ohitura aldaketak daude, duda barik. Gazteenek lokalak dituzte lagun artean egoteko. Egia da tabernetara beranduago joaten direla eta tabernetan mugimendu gutxiago nabaritzen dela ordu txikiak iritsi arte. Baina, zergatik gertatzen da hau? Zergatik ohitura aldaketa horiek? Prezioetan dago koska.
Supermerkatuan zerbezak, kalimotxoa edota alkohol fuerteagoa erostea askoz ere merkeagoa da. "Litroak" ("botelloia") egiten badira hori diruagatik da. Duda barik.
Ostalariek ohitura aldaketari botatzen diote errua, baina konponbidea euren esku dago, gehienek kontrako neurriak hartzen badituzte ere. Azken urteetan krisian egonagatik kafearen edota kañaren prezioak gora egin du, KPIak egin duena baino gehiago esango nuke. Soldatak ia-ia neurri berean dauden arren, ostalari asko prezioak igotzen dabiltza.
Baina badira kontrako neurriak hartzen dituztenak. Hor dago pintxo-potea, edota Urkizuko Orbela tabernak egindako prezioen jaitsiera nabaria (kafea euro bakarrera jaitsi dute, alboko tabernetan 1,30 - 1,40an dagoen bitartean). Eta Orbela jendez tope egoten da. Eta pintxo-potea egiten duten tabernak baita ere, ezta?
Eta zer esanik ez zerbitzu berritzailea ematen dutenak, bai jaki zein edari berezi eta berriekin edota eskaintza kulturala gehitzen dutenak. Entzun merkatua eta eman nahi duena, (ber)asmatu zure enpresa besteen zain egon gabe.
Ordutegi luzeagoak akaso lagunduko die zerbait, baina funtsean euren esku dago lehiakorragoak izan eta bezeroak erakartzea. Euren frakasoaren arrazoia ez diezagutela guri egotzi; eurak dira euren negozioak biziberritzeko aukera gehien dutenak.