Inoiz ez da jakiten non
Hego haizeak buruko mina eta zoro usainak ez ezik, ezustekoak ere ekar litzake, ustekabeko lekuetan, supermerkatuan, adibidez, iluntzean, lanetik irten berri, etxera joateko gogoz.
Hala harrapatzen zaitu sorpresak, toki arruntenean, nekatuta. Hola agertu da espero ez zenuen pertsona, ezustean. Sasoi labur batean zuretako aproposena zela pentsatu zenuena, aspaldi. Gutiziatuak egin dizu kasu, izena gogoratu ez badizu ere –gauza horiek jakin egiten dira–.
Poztu egin zaitu umoretsu aurkitu zaituelako; nekatuta egon arren, ez zaudelako zeharo akituta; eta gaur, janztean, zeure burua kolore bizi alaiez apaindu duzulako.
Nolakoa izango zen bizitza berarekin? Gertagaitza; izan ere, zuretako baino ez zen ideala. Bide laburrekoa, usteak uste, desberdinegiak zinetelako. Adeitasun hutsa ez delako kontu iraunkorretarako oinarri sendoa.
Nola aurkitu ote zaitu? Zaharregi? Aldatuegi? Zuri bera nekatuta eta eskastuta dagoela iruditu zaizulako, bere irribarre eternalak abandonatu ez badu ere, otu zaizu zuri galdera hori.
Irriz laga zaitu, barrua epelduta, zure azken berri batzuk bazituelako. Gogobeteta. Eta hala jarraitu duzu karrajuen barna otzara tatarrez zeneroala, ondo jakin barik esnea ala gailetak hartu behar dituzun, edo garbigailuko xaboi nahikorik baduzun… zu beste sasoi eta denbora batera teletransportatu zaituelako, iraganeko fantasia oparora.
Gure ahalmenen gainetik
Ostiral goizean Jon Sarasuak eta Angel Lertxundik Euskadi irratian izan zuten solasaldiaren zati batek sumindu egin ninduen. Harritu ere bai, izan ere, biak estimatzen ditut, eta sarri eurekin egiten dut bat.
53. minututik aurrera
Hasieratik aitortu behar dut gorroto dudala gure ahalmen ekonomikoetatik gainetik bizi izan garela dioen esaldi hori, gezurra delako, hori saldu nahi digutelako, errua huts-hutsean gurea baino ez balitz bezala. Hori egiten du botereak, erruak besteei leporatu. Hori berori egin zuten solaskide biek, nire iritzian.
Egia da kapitalismoaren doinura eragin diegula hankei: nola soinu hala dantza. Sinestarazi ziguten beste liga batean genbiltzala kapitalaren sirena ahotsek limurtu euren sareetan jausteko. Tranpa gozoan erori, "zuek ahal duzue" esan zigutelako eta arbola-adarrean likaz itsatsitako txoriak gara, kontsumoak liluratuta.
Baina irratiko solaskideak "Gu, aberatsok" berbekin hasi dira, gure kezkek ez dutela zer ikusirik benetako pobreziarekin esan dute. Ados egon ninteke, baina zenbat jende dabil gure inguruan jateko nahiko izan bai, baina besteetarako ez? Makina bat horrelako inguruan.
Gizon zuri ezkertiar bihozberaren diskurtsoa egin zutela iruditu zitzaidan, gauche divine elizkoikokoak balira legez. Urrunetik ikusten dute pobrezia, hemen ez balego bezala. Arkadian bizi direla ematen du (Deba Goiena Arkadia bada…). Errealitatetik urruti bizi dira. Ez dute ezagutzen prekarietatea, ebentualitatea, babes eza, lanerako behar den autoaren asegurua ordaintzeko nahiko dirurik ez izan eta patatak jaten pasatu kobratu arte. Edozein fakturari beldurra izan, hortzak ezin konpondu, berogailua ez piztu, ur hotzarekin dutxatu… Eta krisi honetan ez ezik, besteetan ere bai!
Inori ez diola ardura ere esan dute! aho bete hagin laga naute! Saihestu egiten dugula? Bai. Deserosoa zaigula? Baita. Baina inori ardura ez? Inork ez duela ezer egiten? Eta pertsonen arteko elkartasuna? Zenbat jendek laguntzen dion elkarri, era pertsonalean: soldata zatiak emanez familia/lagunei, jana emanda, umeak zaintzen, fakturak pagatzen, otorduren bat eurekin batera etxean egiten, arropa ematen,…Horrelakorik egon ezean makinatxo bat lagun kale gorrian legoke, orain daudenak baino askoz gehiago.
Baina iritzi emaile hauen arabera, guri aberatsoi ez zaigu axola hurkoaren miseria, elizak baino ez du laguntzen, gure diru arazoak tontakeria hutsa dira....errealitatea anitza da, eta antza denez, ez dute ezagutzen! Pobrezia nonahi dago, baita gure iritzietan ere!
Jose Enrique goguan
Izango dira hamabost bat urte, gitxienez, ezagutu nebala Jose Enrique Deportibuan. Mendi taldeko mahaixan atzian, serixo, jentia apuntatzen, informaziñua emoten, federau txartelak egitten,...
Hasieran erreparo puntu bat be emoten zeban, hain korrekto, dena zuzen eta ordenau edukitta. Gu, bittartian, gazte berdiak giñan, zoro-haixiak jota, eta bera nagusixa, lagun baten aitta arduratsua.
Baiña hau hasierako inpresiñua baiño ez zan. Niri puntua segiduan harrapau zestan eta beti ibiltzen jatan zirikatzen, adar-joten, sekulakuak esaten. Ni be ez nintzan atzian geratzen eta hala jokatzen neban berakin, joko partikular eta dibertigarrixan.
Ziri háretan guztietan, baiña, estimua zeguan, kariñua. Beti zan nerekin adeitsua broma háren artian. Errespetua kontu guztian oiñarrixan.
Beti burrukan ibiltzen giñan, baiña alkarri gura gentsan, eta oso ondo pasatzen genduan gure zirikalari demetan.
Esan dodan moduan, errespetua eta kariñua zeguan gure artian. Asko estimatzen neban, espeziala bazan be, edo biharbada horretxegaittik, espeziala zalako oso. Babestu ninduan (mendi komisiño osuak egin zeban letxe), eta une latzen bat be bizi izan genduan alkarrekin, Moncayon, adibidez.
Aspaldi ikusi barik nenguan, eta bere galderia eginda, Sosolatik ez zebala urtetzen esan zesten, eta bisittan juateko. Baiña bizitza zoro honek askotan ez gaittu nahi dittugun bidietatik eruaten, eta "juango naiz" pentsau, esan baiña sekula juan ez!
Oin penia ezin izan netsalako agur esan, ezin izan zestalako, atzera be, antiojuen gaineko bere begirada ha bota, ez nebalako bere irribarria adar-jotian ikusi...Penia eta tristuria dakat, bizitzako etapa bateko lagunetako bat juan dalako, konturatu barik.
Besterik ezin dot esan: eskerrik asko, Jose Enrique!
Bera goguan, famelixia be buruan. Batez be Esther eta Enrike. Besarkada bana!
Stand-by
Batzuetan stand-by egitea nahiko nuke, liburu txotxolo baten atzean babestu, joko mengel batekin ezkutatu, ohean, sofan edo aulkian kukutu, mantapean, munduari itzuri egiteko, ez pentsatzeko, ez sentitzeko. Zeharo desentxufatuta egon barik ere, bizirik baina egonean. Ez da depresioa, nekea eta akidura baizik.
Gurako nuke stand-by-n egon, arazoetatik at, familia eta lagunak saihestu, gaixotasunak ahaztu, lana baztertu, betebeharrak desagertzeko. Neure buruaz ospa egiteko, gizartea, politika, ekonomia, justizia alde batera lagatzeko. Oporrak hartu zentzu guztietan, behar fisiologikoei baino ez egin jaramon.
Horretarako ere eskubidea beharko genuke, gordelekuan barneratu eta egoteko, ilunpean, asozial. Batez ere indarrak hartzeko, pilak kargatzeko eta ilusioa biziberritzeko. Ezinbestekoa izan beharko luke!
Mundiala?
"Mundial" hitza Hegoaldean zerbait itzela, izugarria, sekulakoa dela adierazteko erabiltzen dugu lagunarteko hizkeran. "Mundiala" ere bada Eusko Jaurlaritzako HPSk aukeratu duen leloa Euskararen egunerako. Leloa gustuko dut, kanpaina ez hainbeste.
Kontua da ekimenarekin munduko mapan kokatu nahi dutela zenbat euskaldun dauden bertatik barreiatuta. Ederki, polita izan daiteke. Baina zer ardura digu zenbat euskaldun dauden Namibian, Uzbekistanen edo Letonian? Polita, baina ezdeusa! Itxurakeria eta eskaparatismo hutsa.
Egia esatera, benetan ardura diguna da jakitea nor den euskalduna Eibarko osasun etxean, Legutioko Correosen, Lezamako Kutxabanken, Zizurreko guraso elkartean, Ziburuko ile-apaindegian, Atharratzeko tabernan. Jakin gura genuke zenbat euskaldun garen Euskal Herrian, norekin egin dezakegun euskaraz mutur okerrik ikusi barik, erdarara jo gabe, naturaltasunez. Eta gainera, ziurtatu leku guztietan euskaraz egin ahalko dugula.
Euskara munduratzea ondo dago, baina euskararen trinkotzea hemen dugu beharrezko, ez kanpoan. Euskal komunitateak lurraldea behar duelako, euskararen herria, munduan ere badena, baina gurean gorpuztu behar dena, ez Ameriketan, Londresen edo Malasañan.
Kanpolarrosa hutsa da ekimena, eta badakigu kanpolarrosa izateak ia beti etxe-kardo izatea dakarrena. Hori sarriegi gertatzen euskararen kontuekin. Bestela, adibidez, nola uler liteke Argentinan euskara ikastea doan izatea eta hemen ordaindua?
Horregatik, bitxia eta txioagarria izan liteke Vladivostoken edo Antananarivon euskaldun taldetxoa izatea, edo maori bat eta bavariar baten artean euskaraz mintzatzea. OK! Baina nahiago nuke Osakidetzara joan eta euskaraz artatuko nauten ziurtasuna izatea!
Euskal Herria bete beharko genuke puntuz! Tinkotu hizkuntza komunitatea, lehenbizi, euskaldunok gure artean ezagutu eta nahastu. Elkar identifikatu. Mikro euskal komunitateak sortu nonahi. Gero etorriko da kanpoan zabaltzearena! Lehenengo etxean, hegemoniko bihurtu arte!
Nola zen hura? "Pentsatu mundu osoan, baina ekin tokian tokikoan"?
Lehenengoa
Kuku! Egun on! Abuztuaren bata da, eta oporretan egon arren, lan berri baten hasteko unea, inoiz imajinatuko ez nuen beharrean. Bai, hemen izango nauzue, BERRIAko irakurleok, abuztu osoan, egunero, burutik pasatzen zaizkidan zorakeriak eta burutazioak papereratzen; ahalik eta txukunen eta ondoen adierazten.
Egia esatera, aho bete hagin laga ninduen proposamenak, ez bainuen inondik inora espero. Buelta asko eman nizkion buruan gaiari; izan ere, egunero izate horrek ikaragarri kezkatzen ninduen —eta nau—. Dena dela, arriskatzen ez denak ez du irabazten. Gainera, zer edo zer ikasi badut bizitzan izan da damutzekotan, ez egitea damutu behar zaigula. Premisa bi horiekin, inguruko jendearen animoek baietza esatera bultzatu ninduten.
Harrezkero, zenbat denbora eman ote dudan ohean lo egin ezinda, etengabe buruan artikuluak idazten, ideiak garatzen! Inoiz, argia isiotu eta zirriborroren bat ere egin dut eskuz, koaderno zahar batean. Ez dakit apunte horiek erabiliko ditudan, baina argi daukat lo egiten lagundu didatela! Hala ere, uste dut lasaitu, hilaren 31n lasaituko naizela! Tira, hilaren 30ean, azkena bidaltzen dudanean.
Zertaz bete ordura arteko artikuluak? Ez dakit, egunean egunekoaz. Batek esan zidan bezala, memento honetan hamaikatxo gai dabiltza airean. Agian, gaurkotasuneko hautu politikoetan ez naiz lar ondo mugitzen, ur handia da niretzat, edo nire idazteko moduarentzat. Baina beste lagun batek ere esan zidan uda bazela oso sasoi ederra mintzagai (idazgai hobeto, ezta?) asko eta desberdinak bururatzeko. Gainera, seguru nago orain esango banu, adibidez, «ez dut Joko Olinpikoez hitz egingo», hori eskribitu eta egun bitara, hortaz idatziko nukeela! Murphyren legea!
Egunero izateak kezkatzen banau ere, irakurleen iritziak ere ardura dit. Batzuen esanak, batez ere. Batzuek horiek izen eta abizena daukate, eta zorrotzak dira, oso zorrotzak. Badakit non bizi diren, nire Twitterreko DLan (TL denbora lerro itzuli da?). Gaiztoak dira oso, eta idazle eta kolaboratzaileak larrutzen dituzte gupidarik gabe. Horiei eskatzen diet —dizuet— nire aurka murielkeriarik ez jaurtitzeko, maitasunez har nazatela; bestela zartailua atera, eta dantzan jarriko dut: jakinaren gainean zaudete! Beharbada, oporretan egongo dira —zarete— Euskal Herritik kanpora (Kaxiano legez) eta ez dute —duzue— Interneteko konexiorik izango!
Ikusten duzuenez, edozein artikulutan aldartea aldatzen zait, samur hasi eta suminduta amai nezake. Hori bai, saiatuko naiz tristurarik ez transmititzen, alaitasun pixak bat, baizik. Eta ahal dudan neurrian, umorea. Horrek ez du kentzen, egun batzuetan ernegua eta amorrua hartuta idaztea, hori baita sarri askotan nire egoera naturala!
Beraz, hau da lehengoa. Bihar gehiago!
Lapurreta
Polemika bizi-bizi dabil abuztuko egun sargoritsu hauetan. Sanchez Gordillo Marinaledako alkateak eta SATekoek (Sindicato Andaluz de Trabajadores) ostu egin dute Andaluziako supermerkatu batzuetan. Eztabaida gori-gori dago, eta denetik entzun eta irakur liteke.
Ikaragarri harritu nau batzuek zelako eskandalua egin duten horrekin. Delitua dela, biolentzia, lapurreta, gaitzetsi behar dela,… Baina ez ditut ikusi horrela jartzen, adibidez, jakiterakoan hainbat goi kargudunek, Madrilen etxea izanda, hilean 1.800 euro kobratzen dituztela dietatan. Lasai hartu dute, normaltzat.
Andaluziar horiek delitu bat egingo zuten seguruenik, eta goi-kargudun horiek legearen trikimailuak erabili, era legalean kobratzeko. Konforme. Baina talde bietatik zein dabil berarendako probetxua atera nahian? Zeinek patrikaratuko ditu lortutako ondasunak?
Berdin dio, goi kargudun horiena ke lainoz estaliko dute «ogia eta zirkua» eskainiz. Gainera, alienazioa hain da handia, non jende asko poztu egin baita espainiar bat munduko aberatsenetan hirugarrena bihurtu delako, eta haren dendak munduan zehar ikusiz gero, aberriaren zatitzat hartuko ditu, enpresa horrek sortutako ondasunak biztanle guztien artean banatuko balitu legez, edo bertan saltzen diren arropa guztiak era garbian eta euren herrialdean ekoitzita egongo balira moduan… Argentinak Repsol nazionalizatu zuenean ere horrelako zerbait gertatu zen, harrokeria nazionalista hori jende xeheak ere erakutsi zuen, ondorioak jasango balitu bezala. Zein kaltegarria izan litekeen gutxiagotasun-konplexua kultura ezarekin nahastua!
Ez dezagun ahaztu, historiara joz gero, Espainia (bai, Espainia, eta bere meneko garen guztiok) aspaldi dabilela arpilatzea jasaten. Amerika inbaditu zutenetik. Han harrapatutako guztia lau jauntxoren eskuetan geratu zen, euren probetxurako. Urrezko Mendean, urrez betetako ontziak Ameriketatik ateratzen zituzten bitartean, herri xehea goseak hiltzen zegoen. Aristokraziak xahutu zituen diruok, inon inbertitu eta ezer modernizatu barik. Mundoko inperiorik handienak pobrezia baino ez zuen bere mugen barruan. Hortik dator gaur eguneko joera, ahalik eta bizkorren aberastea axola barik zeren kontura den, pelotazoaren kultura deritzona, tradizionalki espainiar pikarokeria deitua eta hain zabalduta dagoena.
Horregatik, ez zaie eskandalagarria iruditzen alferrikako obra faraonikoetan dirua botatzea, ogasunari egindako iruzurra ikaragarria izatea, aberatsenek dirua zerga paradisuetan ezkutatzea. Ez, horrek ez ditu asaldatzen. Kritikatuko dute agian, baina ez dira beren onetik aterako, oraingoan bezala.
Gustatu ala ez protesta era hori, ez diezaiogun atzamarrari begiratu ilargia seinalatzen digutenean!
Nostalgia ezezagunak
Behin esan zizuten nostalgian bizi zinela. Ez zenuen oso ondo ulertu, baina gero azaldu zizuten iraganaren mina zenuela. Ados ez egon arren hainbat nostalgia konprenitzen dituzu, eta ez dituzu ahazten.
Normala izan liteke hotz hauetan udan itsasoan bainatu ostean, eguzkitan etzatearen nostalgia. Baserriko izebak Gabonetan egiten zuen intxaur-saltsaren mina. Lankide ohi batekin zenuen konplizitate hura. Aitak nola deitzen zizun okerkeria bat egin ostean. Udazkeneko hego-haize epela. Seme jaio berriaren usaina. Maitale haren ferekatzeko modua. Hondatu zitzaizun neguko txamarra gozoa. Aspaldiko lagunaren barre egiteko era... Pertsona, gauza eta egoera askoren falta izan zenitzake, bizi izan dituzu, gustatzen zaizkizu, mira izatea normala da.
Baina ez da hain arrunta bizi bako egoeren nostalgia izatea. Sekula musukatu gabeko aho horretako laztanen mina duzu. Ezpain horiek ikusten dituzun bakoitzean eurek emandako musuen falta igartzen duzu. Inoiz probatu barik, badakizu gogoko izango dituzula, belarrietako gingiletatik oratu eta lapa bat legez itsatsiko zenioke ahoa, gustura, leun, indarrez, luzaroan... Ez dituzu dastatu eta droga bat bezala behar dituzu. Arraroa.
Arraroa ere bada alabaren nostalgia izatea, sekula izango ez duzun alabaren mina, inoiz ama deituko ez dizuna. Faltan izatea goizetan kopetak egitea, txori banarekin; eztabaidatzea bere arrosarekiko obsesioaz; edota printzesa mozorro betierekoaz. Nostalgia diozu emango zenizkion aholkuei, emakumeena ere badela mundua, dena dugula egiteko eta horregatik dela hain zirraragarria. Hauen guztien mina duzu, jakin barik zergatik.
Jakin nahiko zenuke zer dela eta mira hauek, inoiz ez badituzu bizi. Ziurtasun hau zergatik. Nola eduki daitekeen ezagutzen ez denaren falta.
Okerreko lekuan
Ume denboran ikusten zen telebista kate bakarrean bakero filmak ziren jaun eta jabe. Jakina, bakeroak onak ziren eta indioak gaiztoak. Kalean jolasean genbiltzanean denok nahi genuen bakero izan. Baina, hara non amak esan zidan onak, benetako onak indioak zirela, indigenak, bertakoak zirelako eta bakeroek lurra ostu egin zietela. Hor nire lehenengo krak-a!
Kalean olgetan ibiltzen ginenean "lapur eta polizietan" ere ibiltzen ginen, Noski, denok nahi genuen polizia izan, poliziak onak zirelako eta lapurrak gaiztoak. Baina kaleak ikusten nituen poliziak gaiztoak ziren, aitak esan zidan, bere atzetik ibiltzen zirelako. Horra hor, nire bigarren krak-a!
Horrela beti; krak-ik krak. Denek onartutako egiak ez omen ziren hain benetakoak. Sarritan kontziente izan barik, baina izaera ukatua nuela jakinda, subkontzientean bazen ere.
Zenbat alditan sentitu izan naiz okerreko lekuan, egon behar ez nuen taldean, nirea ez zen barrikadan? Beti parekoari inbidiaz begiratzen, eta nengoen tokitik mugitu ezinda ohituraz/tradizioz/ohikeriaz/halabeharrez?
Nire lekua topatu ezinda, deseroso ia beti. Nire gogoa "ni ez naiz hemengoa" etengabe errepikatzen. Borroka isilean eta geldoan gune amestu horretara ailegatzeko, "hemengo naiz" txilioka aldarrikatzeko, eroso eta etxean.
Ez dakit etxe eroso horretara ailegatu naizen, ezta existitzen den ere. Baina berdin zait. Deseroso eta kale gorrian sentitzen naizenean, nik aukeratutakoak direla badakit, nahi dudalako edota behar dudalako gura dudan hori erdiesteko.
Ez daukat adinik ez gogorik nahi ez dudan gerran egoteko, eta barrikada nik aukeratzen dut, balego, behintzat! Gogo barik ibiltzeko egunak amaitu ziren, politesia absurdoa ere bai. Ez dut gura eta kitto!
Orain ez naiz okerreko lekuan sentitzen, agian batzuetan ez nago eroso aukeratzean kale egin dudalako. Baina toki egokia topatzeko hainbat desegoki probatu behar, ezta?
Hori bai, neure burua dabil gusturen eta lasaien. Ni neu izateko aukera eman diodalako, behingoagatik, ni naizen horri,
Errua
Erruduntasun sentimenduak bizitzan zehar izaten dugu bidelagun. Agian, gure heziketa katolikoak erakutsi zigulako jaiotzetik errudunak garela, sortzezko bekatua daukagula, zerbait txarto egin dugula –jakin barik ondo zer den kalte hori–. Edo, beharbada, giza kondizioari itsatsita doan kontua baino ez da.
Lagun desatsegina da errua, eta ez gaitu abandonatzen, gainera. Agindutako lana ganora gutxirekin egin, familiako hura behar den moduan artatu ez, adiskide horri arduraz hartzen ez dugulakoan,... hortxe da kontzientzia txarra pizten, barreneko harrak haginka egiten. Hobendun egiten gaitu, guk gura barik, eta sarri, errurik izan gabe.
Baina, gure gizartean, erruduna topatzea da garrantzitsuena. Jakina, beti dira besteak errudun. Gertatutako gaitz guztiak norbaiti egotzi behar zaizkio, gu ez garen beste nor edo nori. “Zuk egin duzu, zuk daukazu errua” esanez geure burua zuritu eta libre geratzeko asmoz. Horrela, “zein onak garen, perfektuak” esan genezake.
Horregatik, errudunak behar ditugu, batez ere gure kontzientzia lasaitzeko, gaiztoak besteak direla ziurtatzeko. Errudun sentimenduari izkin egiteko, besteen kulpa dela esan. Honekin, erruduntasun sentimendua areagotu, eta morroi bihurtzen ditugu besteak, hobenaren zamaren esklabo, gizartearen pagaburu.
Sorgin gurpil hutsa da. Kateatu egiten gaitu, ondoren, parra geratzeko damutzeko eskatuko digu eta, ondorioz, barkamena eskatzeko. Elur-bola elikatuta etengabe, erruaren zulo-beltza!