Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Nostalgia ezezagunak

Nostalgia ezezagunak

Leire Narbaiza 2013/11/27 22:25

Behin esan zizuten nostalgian bizi zinela. Ez zenuen oso ondo ulertu, baina gero azaldu zizuten iraganaren mina zenuela. Ados ez egon arren hainbat nostalgia konprenitzen dituzu, eta ez dituzu ahazten.

Normala izan liteke hotz hauetan udan itsasoan bainatu ostean, eguzkitan etzatearen nostalgia. Baserriko izebak Gabonetan egiten zuen intxaur-saltsaren mina. Lankide ohi batekin zenuen konplizitate hura. Aitak nola deitzen zizun okerkeria bat egin ostean. Udazkeneko hego-haize epela. Seme jaio berriaren usaina. Maitale haren ferekatzeko modua. Hondatu zitzaizun neguko txamarra gozoa. Aspaldiko lagunaren barre egiteko era... Pertsona, gauza eta egoera askoren falta izan zenitzake, bizi izan dituzu, gustatzen zaizkizu, mira izatea normala da.

Baina ez da hain arrunta bizi bako egoeren nostalgia izatea. Sekula musukatu gabeko aho horretako laztanen mina duzu. Ezpain horiek ikusten dituzun bakoitzean eurek emandako musuen falta igartzen duzu. Inoiz probatu barik, badakizu gogoko izango dituzula, belarrietako gingiletatik oratu eta lapa bat legez itsatsiko zenioke ahoa, gustura, leun, indarrez, luzaroan... Ez dituzu dastatu eta droga bat bezala behar dituzu. Arraroa.

Arraroa ere bada alabaren nostalgia izatea, sekula izango ez duzun alabaren mina, inoiz ama deituko ez dizuna. Faltan izatea goizetan kopetak egitea, txori banarekin; eztabaidatzea bere arrosarekiko obsesioaz; edota printzesa mozorro betierekoaz. Nostalgia diozu emango zenizkion aholkuei, emakumeena ere badela mundua, dena dugula egiteko eta horregatik dela hain zirraragarria. Hauen guztien mina duzu, jakin barik zergatik.

Jakin nahiko zenuke zer dela eta mira hauek, inoiz ez badituzu bizi. Ziurtasun hau zergatik. Nola eduki daitekeen ezagutzen ez denaren falta.

etiketak: Txargainen
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua