Lapurreta
Polemika bizi-bizi dabil abuztuko egun sargoritsu hauetan. Sanchez Gordillo Marinaledako alkateak eta SATekoek (Sindicato Andaluz de Trabajadores) ostu egin dute Andaluziako supermerkatu batzuetan. Eztabaida gori-gori dago, eta denetik entzun eta irakur liteke.
Ikaragarri harritu nau batzuek zelako eskandalua egin duten horrekin. Delitua dela, biolentzia, lapurreta, gaitzetsi behar dela,… Baina ez ditut ikusi horrela jartzen, adibidez, jakiterakoan hainbat goi kargudunek, Madrilen etxea izanda, hilean 1.800 euro kobratzen dituztela dietatan. Lasai hartu dute, normaltzat.
Andaluziar horiek delitu bat egingo zuten seguruenik, eta goi-kargudun horiek legearen trikimailuak erabili, era legalean kobratzeko. Konforme. Baina talde bietatik zein dabil berarendako probetxua atera nahian? Zeinek patrikaratuko ditu lortutako ondasunak?
Berdin dio, goi kargudun horiena ke lainoz estaliko dute «ogia eta zirkua» eskainiz. Gainera, alienazioa hain da handia, non jende asko poztu egin baita espainiar bat munduko aberatsenetan hirugarrena bihurtu delako, eta haren dendak munduan zehar ikusiz gero, aberriaren zatitzat hartuko ditu, enpresa horrek sortutako ondasunak biztanle guztien artean banatuko balitu legez, edo bertan saltzen diren arropa guztiak era garbian eta euren herrialdean ekoitzita egongo balira moduan… Argentinak Repsol nazionalizatu zuenean ere horrelako zerbait gertatu zen, harrokeria nazionalista hori jende xeheak ere erakutsi zuen, ondorioak jasango balitu bezala. Zein kaltegarria izan litekeen gutxiagotasun-konplexua kultura ezarekin nahastua!
Ez dezagun ahaztu, historiara joz gero, Espainia (bai, Espainia, eta bere meneko garen guztiok) aspaldi dabilela arpilatzea jasaten. Amerika inbaditu zutenetik. Han harrapatutako guztia lau jauntxoren eskuetan geratu zen, euren probetxurako. Urrezko Mendean, urrez betetako ontziak Ameriketatik ateratzen zituzten bitartean, herri xehea goseak hiltzen zegoen. Aristokraziak xahutu zituen diruok, inon inbertitu eta ezer modernizatu barik. Mundoko inperiorik handienak pobrezia baino ez zuen bere mugen barruan. Hortik dator gaur eguneko joera, ahalik eta bizkorren aberastea axola barik zeren kontura den, pelotazoaren kultura deritzona, tradizionalki espainiar pikarokeria deitua eta hain zabalduta dagoena.
Horregatik, ez zaie eskandalagarria iruditzen alferrikako obra faraonikoetan dirua botatzea, ogasunari egindako iruzurra ikaragarria izatea, aberatsenek dirua zerga paradisuetan ezkutatzea. Ez, horrek ez ditu asaldatzen. Kritikatuko dute agian, baina ez dira beren onetik aterako, oraingoan bezala.
Gustatu ala ez protesta era hori, ez diezaiogun atzamarrari begiratu ilargia seinalatzen digutenean!