Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Mundiala?

Mundiala?

Leire Narbaiza 2013/12/02 00:10

"Mundial" hitza Hegoaldean zerbait itzela, izugarria, sekulakoa dela adierazteko erabiltzen dugu lagunarteko hizkeran. "Mundiala" ere bada Eusko Jaurlaritzako HPSk aukeratu duen leloa Euskararen egunerako. Leloa gustuko dut, kanpaina ez hainbeste.

Kontua da ekimenarekin munduko mapan kokatu nahi dutela zenbat euskaldun dauden bertatik barreiatuta. Ederki, polita izan daiteke. Baina zer ardura digu zenbat euskaldun dauden Namibian, Uzbekistanen edo Letonian?  Polita, baina ezdeusa! Itxurakeria eta eskaparatismo hutsa.

Egia esatera, benetan ardura diguna da jakitea nor den euskalduna Eibarko osasun etxean, Legutioko Correosen, Lezamako Kutxabanken, Zizurreko guraso elkartean, Ziburuko ile-apaindegian, Atharratzeko tabernan. Jakin gura genuke zenbat euskaldun garen Euskal Herrian, norekin egin dezakegun euskaraz mutur okerrik ikusi barik, erdarara jo gabe, naturaltasunez. Eta gainera, ziurtatu leku guztietan euskaraz egin ahalko dugula.

Euskara munduratzea ondo dago, baina euskararen trinkotzea hemen dugu beharrezko, ez kanpoan. Euskal komunitateak lurraldea behar duelako, euskararen herria, munduan ere badena, baina gurean gorpuztu behar dena, ez Ameriketan, Londresen edo Malasañan.

Kanpolarrosa hutsa da ekimena, eta badakigu kanpolarrosa izateak ia beti etxe-kardo izatea dakarrena. Hori sarriegi gertatzen euskararen kontuekin. Bestela, adibidez, nola uler liteke Argentinan euskara ikastea doan izatea eta hemen ordaindua?

Horregatik, bitxia eta txioagarria izan liteke Vladivostoken edo Antananarivon euskaldun taldetxoa izatea, edo maori bat eta bavariar baten artean euskaraz mintzatzea. OK! Baina nahiago nuke Osakidetzara joan eta euskaraz artatuko nauten ziurtasuna izatea!

Euskal Herria bete beharko genuke puntuz! Tinkotu hizkuntza komunitatea, lehenbizi, euskaldunok gure artean ezagutu eta nahastu. Elkar identifikatu. Mikro euskal komunitateak sortu nonahi. Gero etorriko da kanpoan zabaltzearena! Lehenengo etxean, hegemoniko bihurtu arte!

Nola zen hura? "Pentsatu mundu osoan, baina ekin tokian tokikoan"?

etiketak: ,
Karlos
Karlos dio:
2013/12/03 00:53
Niri, ordea, ezin egokiagoa iruditzen zait kanpaina: ea hainbat atzerritarrek euskarari ematen dioten garrantziari eta euskararenganako duten atxikimenduari erreparaturik euskaldun erdarazaleak (milaka dira!) konturatzen diren beren jarrera linguistiko okerrarekin galtzen duten altxorraz.
Joxefe
Joxefe dio:
2013/12/03 08:46
Ba,ni zurekin ados nago Leire, guztiz ados. Zertarako balio digu munduan zenbat euskaldun dagoen barreiatuta jakiteak? Bestalde, egun hauetan martxan jarri diren beste kanpaina batzuk ere antzu samarrak iruditzen zaizkit. "Euskaraz bizi nahi dut", "Euskarak 365 egun", "Korrika, euskaraz"... Oso politak dira lelo horiek. Euskararen agerraldiak egitea ere hunkigarria izaten da. Inportantea, ordea, egitea da. Euskaraz egitea. Aldarrikapenak aldarrikapen, Jaurlaritzak, erakunde publikoek, euskara elkarteek, eta norbanakook, bakoitzak bere "etxeko lanak" egitea da inportantea, beste guztia itxurak egitea.
Jesus
Jesus dio:
2013/12/03 17:31
Euskara trinkotzea hemen badugu beharrezko, ez genuke GURE Euskal Telebistaren aldetik laguntza apur bat gehiago behar? Euskara trinkotzeko, benetan erabilgarri egiteko, eremu guztietan erabili beharko da. Non geratu ziren euskarazko dokumental haiek? Non daude euskarazko telesailak? Non dugu euskarazko filmen eskaintza dezente samarra? Euskaraz bikoiztutakoak esan nahi dut, euskaraz ez baita egiten telebistak eskaini behar lituzkeen beste dokumental, telesail edo pelikula. Zergatik suntsitu nahi du euskarazko bikoizketa EITBk, edo Eusko Jaurlaritzak? Hori al da ba euskara tinkotzeko modua, edo apustua? Nik ez dut ezer ulertzen.
Miren
Miren dio:
2013/12/04 08:53
Kanpainak beti kanpaina, denak testimonial eta aipatzen dituzun euskararen arazo guztietarako ezdeus. Izan ere, kanpainak kanpaina ez dugu inoiz jakingo kalean parekoa euskalduna den edo ez geure zulo partikularretik atera orduko. Hori gure jarreraren baitan joango da beti, ez aurrekoak txapa bat eramatearen baitan.
Kanpaina hau zehazki, bere ezdeutasunean, egokia iruditzen zait,ez dezagun ahaztu,Euskararen Nazioarteko eguna ospatzeko. Ze efemerideaz aparte, nazioartekotasuna aldarrikatu eta erakusteak prestijio soziala dakar eta prestijio sozialak erabilera.
Orain Nazioarteko Eguna pasata ea erakunde publikoek Euskararen Herriaren eguna ere aldarrikatzen duten eta horretarako politikak eta kanpainak behingoz hartzen dituzten.
Ongi izan!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua