Sinboloetan hanka-motz?
Gure esku dago-ren ekitalditik etorri berri nago. Bai, argitaratu, ostiralean argitaratu da artikulua, baina igande gauean desorduetan nabil idazten. Halaxe da bizitza! Eta burua bete-bete eginda daukat bizi izandakoaz. Hausnarketa asko, berba gai larregi artikulu bakar batean batzeko. Mataza honek oratzeko hari askotxo sortu dizkigu, eta beharbada, orain ez da momentua horretaz hitz egiteko, hausnarketa gehiagotxo egin barik. Agian artikulu bat ere ez da bide egokiena hainbat konturen gainean mintzatzeko, jendearen arteko solasaldia eta eztabaida behar delako. Dena dela, ikusitako gauza batzuei heldu nahiko nieke, sinbologiari dagozkionei, batez ere.
Igandean Anoetako ekitaldian izan nintzen, eta bertan sortu zitzaigun makinatxo bat galdera eta kezka. Bertan ikusitakoak ardura ere sortu zigun. Lehenengo eta behin, ekitaldia “Txuri urdin” kantuarekin hastea! Hara, futbola agertu zaigu! Zer dela eta halako aldarrikapen baten Ralaren himnoa? Futbola ote da gure identitatearen ikurra? Zausk! Lehenengoa, bekokian!
Segitu zuen Jon Maiak bertsotan, hainbat herri aipatuz. Zarauztik mendebaldera, bi esan zituen: Zumaia –berea–, eta bien erdian dagoen Getaria! Badakizue zer esaten den, Zarauzko ordainlekuan hasten dela Gipuzkoa. Besteok, zer ote gara, bada? Terra ignota!
Gero danborradaren txanda iritsi zen! Donostiako martxa, eta denok kantatzeko?! Zer ikusia ote du erabakitzeko eskubidearekin? Ostean, danborradak Debako martxa jo zuen. Konpentsatzeko, edo? Zer da identifikazio hori Donostiako kontuekin? Aniztasuna aitatu zen diskurtsoetan, eta Gipuzkoa zerbait baldin bada, anitza da, ez bakarrik kanpotik etorri diren herritarren jatorri pluralengatik, baizik hain lurralde txikian dauden herri eta euskarak ere askotarikoak direlako, idiosinkrasia desberdinak. Baina hau, ordainlekutik ekialdera ez dakit ondo konprenitzen den…
Goiko guztiak Gipuzkoa batzeko sinboloak baino, sektore jakin batzuek, interes handiz, zabaldutako klixe jakinak direla esango nuke. Futbola identitate ikur bihurtuta askoz ere “ogiago” bihurtzen da gizartearen zirku honetan. Hiriburuaren nagusitasuna ere elite batzuei komeni zaien identifikazioa besterik ez dela begitantzen zait.
Futbola, Donostia eta Gipuzkoako zentralitatea dira, itxura baten, gipuzkoarron iruditegiaren gune sinboliko bihurtuta. Era berean, ekitaldia bost hiritan zatituta egoteak, jostetik baino banatzetik zeukan gehiago. Gutako askok espero genuen egungo teknologia izanda, beste hiriekin uneren baten konektatzea, ekitaldiak jostea. Eta ez, atzera ere, geratu gara gure probintziakerian, herri egiten lagundu baino, oztopo den horretan.
Era berean, horrelako mobilizazioetan oso baztertuta ikusten nabilen beste sinbolo bat, ikurrina da. Ez naiz oso zalea, baina geure burua beti katalanekin konparatzen gabiltza, eta eurak beti darabilte senyera: barraduna, estelada urdina edo horia. Ikurrina, ordea, ia ikusi ere ez da egiten! Horretarako eskalatu zuen Eustakiok Artzain Onaren orratza? Himnorik ere ez dugu, bandera ere baztertu behar ote?
Agian bada sasoia benetako sinbolo gutxi batzuk aukeratu eta erdigunean kokatzeko, erreferente izan ditzagun, errazago batu gaitzaten, errazago bil gaitezen euren baitan!
Agur, Oskorri
Asteon konfirmatu da berria: udazken honetan agur esango dio Oskorri taldeak bere ibilbide oparoari. Disgustua eta pena. Izan ere, Oskorri gu guztion bizitzaren soinu bandaren partea da, asko ala gutxi baina ziur ia denok izan dugula une polit edota garrantzitsuren bat Oskorriren kanturen bat entzuten.
Oskorri, zeru gorria. Talde mitikoa, historikoa. Hasieran mesfidantza sortzen zuena ezkertiar, bilbotar eta euskalduna izanda, fededun eta klasiko ez zelako, edo nahiko euskaldun ez zelako. Gorria. Adela bezalakoa. Himno egilea, beraz onarpena lortutakoan, mainstrean bihurtu arte, eta folka eta folklorea mespretxatzen zutenengandik iraindua. Kosmopolita izan nahian, kosmopaleto direnek ere erdeinatua, euskaldunegia zelako. Bide erraza ez baitzuten aukeratu. Baina maite dugunondako, gozagarri eta atsegingarria izan da.
Ezin dut gogoratu noiz entzun nuen lehen aldiz, ezta zein den gehien gustatzen zaidan kanta ere. Hamar ere ezin izango nituzke zerrendatu, horretan jartzen naizen bakoitzean bat gehiago gogoratu eta zerrenda luzeegia bihurtzen zaidalako. Gainera, baliteke bururatutako kantuetako bat ez egotea gogokoenen top horretan, baina esanguratsua izatea bizitako une gozoren bat akordura ekartzen didalako: udalekuetako esnatzeak, jairen bateko erromeria, lagun arteko barreak, maitemin zororen bat...
Aitortu behar dut nire talde gogokoenetako bat izan dela, zuzenean inoiz ikusi ez arren (Tira, agian Euskaldunon Egunkariaren aldeko jairen batean kontzertu erraldoi horietako batean). Hori bai, lehenengo soldatetako batekin “Datorrena datorrela” kasetea erosi nuen, eta buelta-bueltaka erabili, ia kantu guztiak buruz ikasi arte. Gainera, euren kantu bat "Udabarriko lora ederra" Ura diskokoa, izan genuen sintonia Eibarko Matrallako irrati librean izan genuen Albarakia paparrian saioan, nire hastapenak irratian.
Musika tradizionala gogoko dut, oso. Folk zalea naiz, aitortzen dut, eta Oskorrik ondo uztartzen ditu kantu herrikoiak, umorea eta gaur eguneko poeten letrekin. Sekulako lana egin dute taldekideek abesti zaharrak jasotzen eta erakusten. Bestalde, folka uztartu du letra garaikideekin. Eta zelako letrak! Gainera, umorez ere zipriztinduta daude taldearen diskoak. Umeendako musika ere egin du, oraindik Pirritx eta Porrotx minoritarioak zirenean! Album batzuetako portadako argazkiak ere gogoangarriak izan dira.
Baina amaitu da. Denak dauka bukaera. Beharbada, ez merezi zuena, baina denboraren higadura, krisia, mundu aldaketa, musika munduaren noraeza, bere ibilbidea aldatu eta larregi zentratzea Pub Ibiltarian… arrazoiak bat eta mila. Emaitza, ordea, bera. Badoa oholtzetatik baina gure bihotzetako fonotekan izango dugu betiko. Mila esker!
Futbolaren betekada
Sasoi batean askoren pizgarria igande arratsaldean etortzen zen, bere bihotzeko futbol ekipoak jokatu egiten zuelako. Noiz edo noiz, halere, larunbat iluntzeetan izan zitekeen asteburuko gozagarria. Izan ere, aste-goienean kontzentratzen ziren partida guztiak eta futbolzaleen gozamena orduan etortzen zen.
Ondotxo dakit zertaz ari naizen, sasoi batean neu ere futbolzale sutsua izan nintzelako. Badaitorkizuet lotsa apur bat ere badudala halako aitorpen lotsagarria publikoki egitean, baina zer egingo diogu? Denok daukagu iragana, gustatu ala ez, eta nirea horixe da.
Eta erretzaile amorratuei gertatzen zaien bezala gertatu zitzaidan niri: erretzeari uzten diotenean tabakoa ezin dute jasan. Horregatik ezin dut eraman futbolaren betekada hau. Oka egiteraino sartzen digutelako edonon eta noiznahi, guztiaren sendagarri. Minak ahazteko edabe miragarria.
Tira, futbola "kontsumitzeari" laga nion, autu batzuekin higuinduta nengoelako. Uste dut, gainera, eraldatze prozesu pertsonal batean nengoela eta fase hartan bizitzako kontu eta sinesmen asko birplanteatzen eta zalantzan jartzen hasita nengoela.
Ez nuen gustuko harmailetan sortzen zen giroa, airean arnasten zen agresibitateak eta jai-moduak kirrinka egiten zidaten barruan. Txalo edo irain egiten zitzaien aberaskume batzuei, kamisetan zuten armarriari muin egiten ziotenean, baina diru gehiagoren truke, hurrengoan beste armarri eta kolore batzuei egingo zieten omen. Orduan zerk mugiarazten gintuen, kolore huts batzuek soilik? Mertzenarioen armada zelako kolore horien ekipazioan azpian zegoena.
Denborarekin, hausnarketa sakondu eta zabaldu dut, eta oraindik ere latzagoak begitantzen zaizkit futbol zelaietan ia gaztelania hutsean gertatzen direnak: abesti homofoboak, matxistak... betiere iraingarriak. Horrekin ez dut esan nahi futbolera joaten diren guztiak halakoak direnik, baina asko bai, eta klubek eta federazioak apenas egiten duten ezer hori gerta ez dadin.
Hori tifosi-ei dagokienez. Baina zer esan bertan mugitzen diren diruez, ordaintzen ez diren zergez eta handi-mandien zapokeriez? FIFAren eroskeria eta ustelkeria agerian utzi dute egunotan, aspaldian bolo-bolo bazebilen ere bazterretan. Kiratsa!
Aberaskeriaz gain, aitatu behar dut futbolak gizartean duen lo-belar eragina, hipnosi kolektiboa sortzen duena. Arazo eta gatazka guztiak estaltzeko balio du. Bestela, nola azaldu astegun guztietan partidaren bat egotea? Nola esplikatu ETB1en larunbat edo igande arratsaldetan match-en bat izatea, nahiz eta 2. B mailakoa izan? Edo jubenilena… Hori bai, beti gizonezkoen futbola. Emakumeek jokatu eta irabazi arren, ez dute ohore hori merezi ezta gabarrarik ere. Soldata ere, nekez.
Baina besterik ezin espero genezake gizarte batetik non gizabanako askoren identitate ikur bakarra den euren futbol taldea. Ala normala da edozein adierazpide ez-futbolistikotan (Frantziako tourra, manifestazioak, giza katea...) batzuek euren taldeko bandera ateratzea ikur gisa? Askorentzat hori da euren buruaren definizio bakarra.
Espazio faltagatik barruan geratu zaizkit eragiten dituen hainbat kalte, baina hurrengo baten botako ditut. Izan ere, ez dut inor zapuztu nahi, batzuen batzuek pozen bat hartu dutelako. Disfruta ezazue, baina buelta batzuk eman hemen jaurtitakoari!
Ahozko azterketak egiteko aholkuak
Azterketa sasoi bete-betean gaude. Ikasle guztiak aztoratuta dabiltza etorkizuna baldintzatuko dieten probengatik. Etsamina guztiak dira latzak, baina esango nuke latzenetan latzena ahozko proba izaten dela, hizkuntza bat ikasten ari direnentzat, behintzat. Izan ere, ahozkoan astirik ere ez dago pentsatzeko eta urduritasunak eta esanezinak sarri askotan gure ahoaren jabe egiten dira eta ez digute lagatzen dakiguna behar bezala adierazten. Horregatik aholku batzuk eman nahi diet trantze horretan daudenei.
Aurreko egunetan ahalik eta jende gehienarekin hizkuntza ikasi berri horretan egiteko esango nieke. Euskararen kasuan errazagoa da baina atzerriko hizkuntza denean, ahalik eta gehien entzun eta irakurtzeko gomendatzen dut. Lehenagotik egin beharreko kontua beharko luke, baina azken txanpa honetan murgiltzea osoa izan behar da.
Artegatasuna, urduritasuna arintzeko egun batzuk lehenago belar bedeinkatua (Valeriana officinalis) hartzea komeni da. Batzuek piluletara, kimikara jotzen dute, baina ez dut gomendatzen, inoiz ez delako jakiten egun horretan nola erantzungo duen gure gorputzak. Ez da komeni erlaxatuegi egotea, gainera. Belar bedeinkatuak, agian, ez dizue ezer egingo, baina kalterik ere ez.
Bezperan, apunterik-eta ez begiratzea gomendatzen dut. Norbaitek zerbait “egin” nahi badu, lehentxeago esan dudan moduan, irratia entzun, telebista edo film bat ikus ditzala; baina aditzak birpasatu, deklinabidea begiratu edo hitzen zerrenda buruz ikasteak ez du ezertarako balio. Bestalde, ondo lo egitea eta deskantsatuta joatea komeni da. Beraz, bezperan ez egin parrandarik, eta formal eta lasai ibili.
Azterketa egunean, aurretik, zeuen buruarekin ere berba egin hizkuntza horretan. Burmuinak isiotu behar du hizkuntza horren espazioa, aktibatuta eraman. Ondo gosaldu edo bazkaldu. Ez larregi, baina ez gutxiegi. Tripa-zorriek azterketa sasoian ez dute laguntzen.
Janzteko orduan guapo jantzi. Ez ezkontza baterako legez, baina zeuen buruarekin ondo sentitzeko moduan. Konfiantza eta indarra ematen du ispiluan begiratu eta ondo ikusteak. Era berean, arropa erosoa izan behar da: laga alde batera estutzen duten janzkiak, zapata deserosoak, edo ez-seguru sentiarazten zaituztenak (zabaltzen diren botoiak, jausten diren bularretakoaren tiranteak, estutzen duten lepoaldeak,...). Azkenean arropa horren deserosotasunak ez zaituzte bakean lagako eta ezin kontzentratuta ibiliko zarete. Halakorik ez zaigu komeni!
Era berean, ez eraman traste askorik. Utzi iduneko handiak etxean, eskuturreko zaratatsuak, karpetak, erosketak eta abarrak. Eramatea beste aukerarik ez baduzue, utzi itzazue lurrean. Altzoan jarriz gero, jausi eta labainduko zaizkizue eta lotsa besterik ez duzue sentituko.
Beste alde batetik, gogoratu aztertzaileak irakasleak direla eta ziurrenera ikasleak izango dituztela zuek pasatzen ari zareten trantze berean. Normalean, azterketan gure ikasleen azalean jarri eta haiek tratatuko genituzkeen moduan tratatuko zaituztegu. Etsaiak baino, lagunak dira.
Zuen kidea ere laguna da (orain binaka egiten dira ia ahozko guztiak). Ez da lehiaketa. Biok gainditu zein suspenditu dezakezue. Elkarlanak puntuatu egiten du, gainera. Sartu baino lehenago egin bion arten berba, izan konplize. Baliatu horretaz.
Eraman ura. Urduritasunak ahoa lehortzen du eta mihia ahosabaian itsasten da. Horrek urduritasuna areagotu besterik ez du egiten. Urak lagunduko dizue. Telebistan ere “ur pixka bat” eskatzen dute une larri bat eteteko. Lasaigarria da.
Galdetu, esan, izan naturala. Zerbait korapilatzen bazaizue, errepikatu ganoraz. Ez da ezer gertatzen. Izan adeitsu. Agurtu barrukoak, egin irribarre, aurpegi serioak baino puntu gehiago lortzen dituzte sinpatia erakusten dutenek!
Animo!!!! Eta bego zuekin indarra!
Sarrionandia lanbrotute ikusteot
Gaur, Bilboko Arriaga antzokian Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak (1979-1990) liburuaren irakurketa jarraitua egiten ari dira Bilbo Zaharra forumak antolatuta. 9.ez egingo dute ekimen eder hau.
Une honetan hasi da Joseba SARRIONANDIAren "Narrazio guztiak" liburuaren irakurketa jarraitua Bilboko Arriagan pic.twitter.com/DmvwnRF35h
— karmelo landa (@karmelolanda) June 5, 2015
Orain hilabete inguru altuan irakuzteari buruz egin nuen berba saio honetan bertan. Beraz, ezaguna da zein gozagarria suertatzen zaidan boz goran irakurtzea. Inbidia galanta ematen didate bertan parte hartuko dutenek.
Irakurtzearen plazeraz gain, beste kontu bat ere badu gaurko irakurraldiak: autorea eta liburua. Egia esatera Narrazio guztiak (1979-1990) ez dut irakurri. Bai, ordea, honen hazia izan den liburua: Narrazioak. Liburu honekin ezagutu nuen Sarrionandia irakurtzearen plazera. Orduan euskara gutxi nekien, alfabetatzea amaitu berri, halere berde-berde nengoen. Izan ere, euskaldun zahar trakestu-berritua naiz. Euskara galtzear ere egon nintzen, baina buelta eman nion eta maila polita lortu dudala uste dut.
Kontua da beti izan naizela oso irakurzalea, eta irakurrita ikasi ditudala hitz eta esamolde pila bat. Horietako asko Sarrionandiaren liburuekin. Fan sutsua bihurtu nintzen, ez dakit zergatik, irakurri nuen lehen liburua (Ni ez naiz hemengoa) ez baitzitzaidan hainbeste gustatu; gazteegia nintzelako, ziurrenera. Ostean irakurri dut eta joiatxo bat iruditzen zait. Heldutasunaren kontuak
Harira. Sarrionandiaren testuei bazerien zerbait berezia. Beharbada, hitz mordo ezezagun hura, gure beti-betiko berbekin, normalean liburuetan agertzen ez zirenak, bizkaieraduna izanda ez baitzen oso erraza literaturan hitz horiek topatzea. Nahaste, fusio horrek liluratu ninduen, bere testu txikiek zer pentsatua eman, poemek izpiritua gozotu,...
Ezin da ukatu, nire moduan irakurle euskaldunen artean zale asko dauzkala Sarrionandiak, eta bere liburuan Durangoko azokan salduenetakoak izaten direla. Baten batek esan lezake idazleak inguruan duen misterioagatik dela, pertsona izatetik pertsonaia izatera pasatu dela, (kontu egizue, argazki bakarra dugula berea: bizarduna eta iletsu, auskalo orain nolakoa den!) Baliteke horregatik xarma berezia izatea. Halere, ezin da ukatu bere kalitate literarioa, berbak erabiltzeko maisutasuna eta hainbat generotan ondo idatzi izana.
Barka bezate bere lagun eta familiakoek. Jo dezagun pertsonaia hutsa dela, bere ipuin edo nobela batekoa. Imajina dezagun uztailaren 7 hartan Sarrionandiak ihes egin ez balu. Lehenengo eta behin Kortatuk ez zukeen “Sarri-sarri” kantua egingo. “Ainhoari gutunak” ez zatekeen existituko, ezta “Lagun izoztua” ere. Seguruenera, bere lana beste bat zatekeen. Hobea? Oparoagoa? Erreferentea izango litzateke gure literaturan? Kartzelak zapuztuko zizkion patxadaz idazteko grinak? Kalera irtendakoan idazle-izar harroputza bihurtuko zen? Auskalo!
Ez dago jakiterik, imajinazio eta asmamena besterik ez da bota genezakeen guztia, ukronia egingo genuke. Ziur nago, gainera, berari eta gertuko jendeari, ez diola grazia handirik egingo gu horrela ibiltzea hezur-haragizko pertsona batekin, bizitzaren gorabeherengatik misteriotsu bihurtu dena gure begietan. Mitifikatu eta mito bihurtu dugulako, nahi barik ala nahita. Drama baten (kartzela, ihesaldia, erbestealdia, sasian bizitzea,...) ondorioz, guk libertimenduak egiten gabiltza, bazka gure buru aspertuendako.
(Hain zuzen ere, larunbatean bertan “Herri bihurtu zaidan deserria” izango da Hendaian, poemak, musika eta marrazkiak nahastuko dituen ikuskizuna, iheslari baten ahotik, Jon Garmendia Txuriyaren hitzekin: ozen irakurrita eta iheslari baten bizipenak)
Baliteke Sarrionandiak berak ulertzea; izan ere, idazle izan edo ez, askok dugu ipuin eta fantasiarako joera. Berari bezala –baina ez bere maisutasunarekin– irudimena dantzan jartzea gustuko dugu, beste errealitate batzuk irudikatu.
Baina seguru nago berari ere gustatuko zaiola jakitea, mitifikatuta badugu ere, bere testuekin disfrutatzen dugula, eta kantuan edo irakurrita (isilean edo ozen), Sarrionandia idazlea datorrela gure ondora berak izkiriatutako hitzak belarrira xuxurlatzera. Disfruta ezazue irakurraldia! Eta ezin zaretenok joan, hartu bere testuren bat eta berrirakurri, ez zaizue damutuko-eta!
Gure baitan daude biak
Aurreko batean auzoko supermerkatuan erosketak egiten niharduela, gizon bat hurreratu zitzaidan, eta "hamabost zentimo emango dizkidazu barra bat erosteko?", esan zidan. Eskua jaso eta ogia zuela erakutsi zidan. Oso erreakzio arraroa izan nuen. Begiratu egin nion, eta kamera geldoan ezer erantzun barik, begiak eskuan neukan brokolira jaitsi nituen.
Ez nintzen gai izan ez esateko, ez egiteko. Ez nuen espero halakorik eta zurtuta laga ninduen ortuarien aurrean. Baina, ostean, hamaikatxo buelta eman nion buruari. Eta denboratxo bat pasatu arte ez nuen erreakzionatu. Erreakzionatutakoan, eszena kanpotik irudikatu nuen, eta ikusi nuena ez zitzaidan batere gustatu.
Alde batetik, bota nion begirada zeharo sudurgora izan zen, goitik begiratuko banio bezala, klase ertainak pobreei begiratzen dion legez, harroa, burgoia. Burgeskume baten antzera. Izan ere, denda konkretu hori ez da, hain zuzen ere, merkeena. Hori dela eta, bertara ez da gure herriko jenderik xumeena joaten. Giroa, beraz, horretarako aproposa zen.
Beste aldetik, burutik pasatu zitzaidan lehenengo flash horretan, pentsatu nuen ea eskalea nola zebilen denda barruan eskean, bezeroak molestatzen. Jakina, bere lekua ate ondoan dago, otzan, sinpatiko, "egun on" esaten. Baina atearen barreratik honantz, ezin da egon. Ate automatiko horrek eurengandik babestu egiten gaitu, egoera sozial eta maila bereizteko jarri zuten hor, itxura batean.
Ikaratzekoa da pasadizoa, ezta? Hala sentitu nintzen hau guztia gertatu eta bost minutura. Momentu batean dendan zehar gizonaren bila joatekotan ere egon nintzen, ogia ez ezik ea beste ezer ere behar zuen galdetzeko. Horrek ere lotsa eman zidan, eta tripa (eta kontzientzia) nahastuta amaitu nuen apalen arteko ibilbidea.
Neure burua zuritze aldera, esan behar dut inoiz ez dakidala zelan jokatu eskean dauden pertsonekin. Ia inoiz ez dut limosnarik eman, uste dudalako diru horrek ez diola ezer konponduko. Edo beharbada bai. Beti dut zalantza bera. Eta estualdi horretan jarrita, burua makurtu, eskekoaren aurretik bizkor pasatu eta ez ikusiarena egiten ahalegintzen naiz. Zerbaiti nola aurre egin ez dakigunean hartzen dugun jarrera koldarra, badaitort.
Gaur bertan, gure herriko bazter batean beste gizon bat eskean ikusi dut, kartel eta guzti. Bertan hiru ume zituela eta karabana batean bizi zirela zioen. Haurren erretratuak ere bazeuzkan! Itzela! Ondotik pasatzean, berarekin berba egiteko tentazioa ere izan dut, galdetzeko ea gizarte zerbitzuetara jo duen, bertan laguntza eman edo bideratuko diotelakoan. Baina orduan ere, kale. Lotsak ez dit laga aurrera egiten.
Badakit aitatutakoak aitzakia merkeak direla, edota neure gizatasun falta estaltzeko aringarriak besterik ez. Gustura jasoko nituzke, dena den, halako egoeretako instrukzioak, zer egin genezakeen, zer den onena pertsona horri benetako laguntza emateko. Baina hori ere kasu bakoitzaren araberakoa izango delakoan nago.
Halere, pasadizo horiek guztiek erakutsi didate oraindik ere buruan gauza asko ditudala aldatzeko, pentsamendu eta jarrera batzuk desautomatizatu beharrean nagoela, alegia. Baina Negu Gorriak-ek Ideiak zabaldu kantan zioen bezala: Gure baitan daude biak, zapaltzailea eta zapaldua, arrazista eta lagunkidea, iraultzailea eta burgesa. Aska ditzagun geure buruak!
Bada, hori! Aska eta garbi ditzagun!
Dantzaren plazera
Igandean dantza egingo dut plazan, aspaldiko partez. Sei urtetik hogei urtera dantzaria izan nintzen, euskal dantzak egiten nituen. Aurten 50. Euskal Jaia denez, dantzari ohiei gonbitea egin digute, atzera ere plazan, publikoaren aurrean, dantza egin dezagun. Hala, beteranoak elkartu, eta 200 bat inguruk hartuko dugu parte Eibarko Kezka dantza taldea eta dantza eskolako umeekin. Guztira hirurehundik gora pertsona Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza egiten. Ikaragarria izango da!
Hamalau urte izan ziren taldean, baina ez nolanahiko urteak, haurtzarotik gaztarora doazenak, nagusiagotan baino askoz gehiago markatzen dutenak. Eta dantzaria izan nintzen, baina oraindik dantzaria naiz nire buruan. Izan ere, ezagutzen ditudan dantza-doinuak entzutean, nire barrua dantzan jartzen da, oinak pausuetan ikusten ditut mugitzen, nahiz eta hankak geldi izan. Era berean, dantzariak dantzan ikusten ditudanean, sekulako inbidia sentitzen dut, ni ez nagoelako oholtzan dantza hura egiten, ikusle hutsa naizelako. Ikuslea naizenean ere, dantzari ikuspuntutik ikusten ditut dantzak, sentitzen dut nola askatu zaion zapia bati, edo bestea zelan zebilen iritsi ezinda kurba zabalegi hartu duelako. Ezin dut saihestu, begirada barrutik kanporakoa da. Ni ere eszenatokian nago eurekin.
Kuriosoa da, dantzarako prest nagoela, musika hasi orduko gorputzaren jarrera ere aldatzen zait. Beharbada, kanpotik ez da nabarituko, baina nik igartzen dut: bizkarrezurra zuzendu, gorputza tentetu eta ekin! Barruan daramadan dantzaria irteten da. Txandalean badoa ere, gai da begiztatzeko soineko nola mugituko zaion, mokorrari eraginda izurrez betetako gona-barrenak egingo duen kulunka irudikatu, ze ederra izango den Untzagan sartzea eskutik oratuta, elkarren kontra eta poliki-poliki plaza hartu.
Horregatik, dantzak ematen duen gustua eta plazera imajinatzean hasten da, eta imajinazioaz harantzago doa. Musikaren araberako mugimendua izateaz gain, taldean egiten da, horrek sor lezakeen konplizitate eta laguntasunarekin. Era berean, koordinazioa eta sintonia eskatzen du, gorputzen sinkronizazioaz gain, harmonia ere lortzeko. Izan ere, zein garrantzitsua den dantzakide ona izatea, ondo ezagutzen dena, konplizea. Domeka honetan nire lehenengo eta ia betiko bikotekidea izango dut partenaire, luxua. 6 urterekin, lehenengo dantza egun hartan jarri zidatena: zortzi neskato, binan-binan. Bigarren lerroan ezker-eskuma. Ni eskuman, eta ezkerrean neska ezezaguna. Orain nire lagun onenetakoa. Dantzak hori ere eman dit.
Dantza, gainera, askatzailea da. Gorputzak, behin koreografia ikasita, bere bideari jarraitzen diolako. Horregatik dantzari bakoitzak, pausuak ondo eta berdintsu egin arren, bere ukitua ematen dio, sentimendu bat edo beste bat transmititzen du. Dantzariaren indarra eta pertsonalitatea, sarritan urratsen exekuzioaren perfekzioarekin zerikusirik ez daukana. Maitemindu ere egin lezakeena!
Kontua da, espektakulua ez ezik, dantza disfrutea, gozamena ere badela, eta hori transmititzen zaiola ikusleari. Gure gorputzaren kontzientzia hartzeko modua ere bada, gizarte honetan hain abandonatua daukaguna. Buru-gorputza konexioa lortzeko era, indarrez kargatzen gaituena. Sentsualitatea deskubriarazten diguna, musikaren konpasean.
Baina konturatu zarete dantzari izatetik ikusle huts bihurtu gaituztela? Aktibo izatetik pasibo? Protagonista izatetik, voyeur? Berreskura dezagun plaza, plazerez eta gustuz, aska gaitezen, aska dezagun barruan kartzelatuta daukagun dantzari eder hori! Dantzara!!!!
Nahasketaren alde
Hauteskunde kanpaina izanda, bazterrak promesaz bete zaizkigu. Denetarako asmoak eta proiektuak dabiltza airean. Batzuk egingarriak, beste batzuk utopikoak, besteak kimerikoak. Baita ezinezko eta gezurrezkoak ere.
Baina denetan ez da faltako gizartearen zein sektorerentzat dauden plan hauek pentsatuta: ume, erretiratu, gazte, ama, familia, etorkin, langile,... denak sailkatuta, denak etiketa baten pean.
Egia esatera, dena dago bere sarrekan, bere tiraderan sartuta. Ia ordena perfektuan, konpultsioa balitz legez, obsesio bihurtuta. Izan ere, denok enkajatu behar dugu perfilen baten. Eta enkajatu berba nahita jarri dut, erdarakada den arren, kaxan egoki sartzea esan nahi baitu.
Kontua da sektore eta adinen arteko nahasketarik ez dagoela. Txikitatik eskolan, praktikotasunari begira, adinez sailkatzen gaituzte. Gure eskolako eta gure adineko jendea ezagutzen dugu, baina neba-arreba zaharrago edo gazteagoak izan gabe zaila da hartu-emana izatea beste edade batekoekin, eskolan bertan ere bai.
Eskola txikietakoek (lehen unitarioak deitutakoek) ez dute hau bizi. Bertan irakasle dabilen batek esan zidan zelako elkarlana sortzen zen hainbat urtetako umeen artean, elkarri laguntzen ziotela. Eta gainera, herri txikiak direnez, eta herri txiki hauetan umeak eta eskola hain garrantzitsuak direnez, herritar ia guztien inplikazioa zegoela eta elkarren ezagutza. Belaunaldien arteko harremana!
Baina gure herri handietan zer? Bakoitza bere txokoan: parke, gaztetxe, jubiletxean… Nahastu barik, badaezpada ere! Izan liteke elkarrengandik zerbait ikastea, edo elkar ezagututa, elkarrenganako errespetua eta sinpatia izatea, elkartzea, eta askoz indartsuagoak bihurtzea.
Esango nuke, gaur egunean ez dela halako askorik interesatzen. Badirudi, ez dela komeni banatzen gaituzten barrerak deuseztatzea. Lehen, modu naturalean familia zabaletan egiten zena, orain ez da egiten inon. Orduko familia erraldoi haietan 3-4 belaunaldi bizi ziren teilatupe berean, intimitate gutxirekin. Ordukoek ikasten zuten haurrak tratatzen eta, era beran, zaharrak ezagutu eta onartzen.
Guk, ordea, ez dugu halakorik ezagutu. Baina nik badut adin nahastearen esperientzia. Hogeitaka urte nituela aukera paregabea izan nuen nire belaunaldikoekin ez ezik, nagusiagoekin eta gazteagoekin ibiltzeko, orduan sartuta nengoen elkarteek hori egiteko parada eskaini zidatelako. Esperientzia parebakoak, ikaragarri ikasi nuen batzuk eta besteengandik. Ekarpen aberatsak, bizipen itzelak. Gerora, ikaragarri balio izan didatenak.
Elkarteetan, hain zuzen ere, izaten da aukera adin desberdinetako jendea ezagutzeko. Horretaz ziharduen Zihara Enbeitak pasa den astean Berrian. Berak zioen militantzia kontuetan zein zaila zen familia eta bilerak uztartzea. Esaten zuen askotan pentsatu ere ez dela egiten gauzak aldatzean (bileren ordutegia,..). batzarretara ume eta guzti joaten direnak arrarotzat hartzen direla, egin ezin den zerbait bezala. Hor datoz edozein motatako taldetan belaunaldi hausturak, emakume asko desagertzea, esparru sozialetik urruntzea eta etxean gordetzea. Guraso horiek galtzaile, elkarteak hustuta eta aniztasuna murriztuta.
Izan ere, edadea nahastea ez ezik, ezberdinen nahastea ere saihesten da, oro har; izan guraso, ez guraso, ezkondu, ezkongabe, langabetu, landun. Bakoitzari rol bat dagokio eta ematen du etapa desberdin horiek estankoak izan behar dutela, komunika ezinak. Baina bizitza ez da hain sinplea, dena nahaste-borrastean dago, eta desberdinen arteko elkartzeak eta nahasteak askoz aberatsago eta dibertigarriago bihurtzen du bizi dugun txolopote hau!
Hiru txio
Diotenez batzuek informazioari adikzioa diote, ezin dituzte pasatu egun batzuk berririk jakin barik, maila guztietan, gainera. “Badago nobedaderik herrian?” galdetzen digu hamabost egunetarako oporretan abiatu denak. Berdin dio Santanderrera edo Sydneyra joan den, galdera beti da hori.
Ni ere halakoxea naiz: esnatu bezain laster irratia pizten dut eguneko notiziak entzuteko. Beharbada, albisteak kontsumitzeko modua aldatu da internetengatik, baina berri egarriak hor segitzen du. Hala, askotan pentsatu dut reality-show baten parte hartuko banu, nire gertukoen faltaz gain, munduaren berri ezin jakitea eramango nukeela okerren; benetako bizitzan zer gertatzen den ez ezagutzea, alegia.
Horregatik ahoa bete hortz lagatzen nau pertsona batzuen jakin-min ezak. Urtero egoten dira ikastaldean halako batzuk. Gainera, desinformatuen kopurua gora doala esango nuke. Halere, ez naiz ohitzen, gaitza baitzait bizimodu hori.
Baina egun batzuetan ederki ulertzen diet. Edo, hobeto esanda, inbidia galanta ematen didate, disgusturik hartzen ez dutelako. Egun batzuetan, zenbait berrik barrua nahastu eta gogo txartu egiten nautelako. Aurreko astean gertatu zitzaidan hori, gauean trenean lanetik etxera nindoala. Beste askotan legez, twitter zabaldu, eta hiru txio ia segidan irakurtzean negargura, haserrea eta mina sentitu nituen.
Lehenengoak zioen Europako parlamentuko korridoreetan itsasoan ito diren 17300 etorkinen izen abizenak jarri zituztela, Estrasburgoko parlamentariak gainetik ibil zitezen. Argazki eta guzti zetorren txioa (besteak bezala). Bertan excel orri itxura zuen alfonbra luzea ikusten zen. Oso luzea. Eta ertzetan, trajedunak. Ia inor ez zegoen zerrenda zapaltzen, tapiz moduko horren gainean egoteak atzera ere itotako pertsona horiek oinperatu eta itsasoan galtzea balekar legez. Paper batek lotsarazten ditu errealitateak ez. Hipokrisia!
Itsasoan ito diren 17300 etorkinen izen abizenak jarri dituzte, Estrasburgoko parlamentariak gainetik ibil daitezen!! pic.twitter.com/QZpgA2TlpR
— Aguxtin Alkhat (@Laharraga) May 7, 2015
Hurrengoan, maleta baten barruan ume bat atzeman zutela zioen, muga pasatu nahian. Argazkian denok ikusi dugu eskaner irudia. Zirraragarria, ileak laztu zizkidan, malkoak begietara atera. Hau idazten ere hala nago, hunkituta, fotografiari begiratu ezinda. Izan ere, hura ikusi, eta begiek itzultzen didaten irudiko umeak, agian, ez dauzka zortzi urte, ez da beltza, ez da mutikoa, ez da Abu. Aurpegia ipin niezaioke eta izena. Pertsona horien azalean jar nintek: umearenean, aitarenean, laguntzailearenean,... eta desesperazioa, frustrazioa, inpotentzia sentitzen ditut. Inork jasan beharko ez lukeena familiarekin elkartzeko, izan haur, izan aita.
Un niño intenta cruzar la frontera en una maleta... La desesperación nos deja imágenes pavorosas vía @ElMundoEspana pic.twitter.com/ijEiqEBwEk
— Pepo Jiménez (@kurioso) May 7, 2015
Barrenak nahastuta segitu nuen, eta aurreraxeago leitu Israelaen Netanyahu-k Ayelet Saked izendatu zuela justizia ministro. Udan, parlamentari horrek ama palestinarrak hiltzea eskatu zuen suge txiki gehiagoz erditu ez zitezen. Justizia ministro? Bagenekien Israelen justizia gutxi zegoela baina orain maskara kendu dute, eta justizia eza, ofiziala da.
Netanyahu nombra ministra de justicia a la diputada que llamó a matar a las madres palestinas para q no parieran más pic.twitter.com/raW78ZHEE8
— Manu Abu Carlos (@Manu_Abu_Carlos) May 7, 2015
Erresuminduta, itxi nuen twitter, ez nuen ezer gehiago jakin nahi izan. Higuinduta laga ninduten, barruko tristura handiarekin. Eta Sarrionandiaren “Kiromantzidxa” poemaren amaiera etorri zitzaidan akordura. Berak baino hobeto nork akabua eman?:
Eta kontus ibili ortisier
se ixen be ondo sorue da
mundu au bixi gariena
Boz goran irakurtzea
Azken hiru ostiraletako esperientziek eman didate gai honetarako pista. Orain hamabost egun Durangon Plateruena kafe antzokian “Itsasoa, hitzez eta ahotsez” ekitaldia egin zen, bertan 200dik gora pertsonak parte hartu genuen itsasoari buruzko testuak irakurtzen. Aurten bigarren edizioa izan da. Benetan ekimen polita! Testu ederrak eta irakurle saiatuak!
Bestalde, gaur Bilbon Xerezade jaia egingo dute 8etan Hikateneoan. Xerezaderen artxiboa literatur podcasta da Bilbo hiria irratian emititzen dena, Saioa Gabikagogeaskoak, Jasone Larrinagak eta Ana Moralesek egina. Pasarte literarioak irakurtzen dituzte, ederki eta jaisteko moduan ere badaude sarean, nahi izanez gero edozein momentutan entzuteko.
Jaialdi biak ederrak, gozatzeko irakurtzen eta entzuten. Baina tartean Maiatzaren Lehena ere izan zen. Manifestazio amaieretan diskurtso amaigabeak, monokordeak, aspergarriak,... Uf! Zelako aldea aitatutako ekimen bi horiekin!
Hiru ostiral, hiru boz gorako esperientzia, irratian komentatuta, gainera! Irratiak ere badaukalako altuan irakurtzeaz asko
Gaitza da altuan irakurtzea, mikro baten atzean jartzea, jakinda, aurrean (fisikoki zein metaforikoki) jendea entzuten dugula. Gainera, ondo irakurtzea ez da erraza. Testua gureganatu behar dugu, askotan irakurri, ulertu. mamurtu. Estropuz non egiten dugun detektatu eta saihestu berba madarikatu hori. Pausak eta efektu dramatikoak non egin,... Alegia, antzerkitik edo interpretaziotik ere baduela irakurtze mota honek.
Ahotsa ere ezin dugu ahaztu. Sarritan, ahopeka jarduten du jendeak ozen irakurtzen diharduela. Ez! Indarra behar da, ozen adjektiboa darama irakurketa mota honek, ez baxu. Erritmoa, ondo ahoskatzea, modulazioa,... Ez da erraza, ez.
Niri asko gustatzen zait altuan irakurtzea. Irakurtzeak sortzen didan plazeraz gain, gehitu behar zaio testu horrek sortzen didan zirrara. Normalean, altuan irakurtzeko aukeratzen dena berezia delako zerbaitengatik. Gure ahotsez entzutea ondo irakurrita, gozatua da. Gozatu merkea, gainera. Baina zelako lotsa eragiten digun! Agian eskolan ikasi ez digutelako, eta horrelako kontuetan oso mozoloak garelako: lotsatu behar ez genukeen kontuekin lotsatzen baikara. Eta praktikatu ezik, ezin inoiz ona izan.
Gure letren gizartean ahotsak lekua izatea ere ederra da. Gure aurreko belaunaldiek letra gutxi zituzten eta euren mundua ahozkoa zen. Kontalari trebeak, errekurtsodunak, gatz eta piperrez kontakizunak zipriztindu, pausa dramatikoak egin, ahotsa ere aldatu ... , ahotsak.eus-en entzun eta disfruta daiteke.
Gaur egun, ostera, letrazkoa da gure mundua eta guk gure umeei ipuinak kontatu baino, irakurri egiten dizkiegu. Ez dago txarto, guri falta zaigun gatz eta piper hori idazleek jartzen badute. Baina liburu horiek, irakurketa horiek, bizi egin behar dira, bestela zeharo aspergarriak eta loarazleak dira. Ez ditzagun umeak uxa! Eurek ere ikaragarri disfrutatzen dute eta hala irakurzaletu ere egiten ditugu, irakurtzen jakin aurretik.
Bestalde, orain ipuin sasoian gaude, hau da, kanpainan. Eskertzekoa litzateke politikoek irakurtzen dutenean testu laburragoak leitzeaz gain, ondo irakurriko balituzte, esanahia emanda, enfasia (eta ez da oihuka irakurtzea,e?), aspertu eta lokartu ez gaitezen. Direna baino interesgarriagoak bihur daitezen. Non daude aholkulariak? Diskurtso politak, laburrak eta ondo irakurriak egingo balituzte, uste dut denok estimatuko genukeela, ezta?
Boz goran, altuan eta ozen irakurtzeak ikasleei ere onurak dakarzkie. Esan dudan moduan, testua ondo ulertu behar da ondo irakurtzeko. Ahoskera ere zaindu behar da. Besteek belarri hutsez, ulertu. Beraz, onura instrumentalak ere baditu hizkuntza ikasten ari garenean. Baina hain abandonatuta daukagu…
Kontu praktikoez gain, hain ederra ez balitz boz goran irakurtzea eta entzutea! Eta ezetz dioenak ez du probatu. Izan ere, zergatik daude hainbeste poesia errezitaldi? Disko liburuak ere badaude, eta erosi egiten dira. Itsuendako liburuak ere bai, audio-liburuak... Ahotsa hain da erakargarri; ezen batzuetan esaten dena baino, nola esaten den daukan garrantzia.
Alai, mezatua, deklamatua, antzeztua…. Hartu testu bat eta egin proba. Gero etorri kontatzera!
- Olerkiak mezatzen ni - kantari bat - biolina,gitarra - ilustratzaile bat.. Ekainak 6, Hendaian 19:00ean pic.twitter.com/fX7Lgc0sml
— jon garmendia (@txuriya) May 5, 2015