Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Sarrionandia lanbrotute ikusteot

Sarrionandia lanbrotute ikusteot

Leire Narbaiza 2015/06/05 10:54
Euskadi Irratiko Faktoria saiorako egindako kolaborazioa 2015eko ekainaren 6an

 

Gaur, Bilboko Arriaga antzokian Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak (1979-1990) liburuaren irakurketa jarraitua egiten ari dira Bilbo Zaharra forumak antolatuta. 9.ez egingo dute ekimen eder hau.

 

Une honetan hasi da Joseba SARRIONANDIAren "Narrazio guztiak" liburuaren irakurketa jarraitua Bilboko Arriagan pic.twitter.com/DmvwnRF35h

— karmelo landa (@karmelolanda) June 5, 2015

Orain hilabete inguru altuan irakuzteari buruz egin nuen berba saio honetan bertan. Beraz, ezaguna da zein gozagarria suertatzen zaidan boz goran irakurtzea. Inbidia galanta ematen didate bertan parte hartuko dutenek.


Irakurtzearen plazeraz gain, beste kontu bat ere badu gaurko irakurraldiak: autorea eta liburua. Egia esatera Narrazio guztiak (1979-1990) ez dut irakurri. Bai, ordea, honen hazia izan den liburua: Narrazioak. Liburu honekin ezagutu nuen Sarrionandia irakurtzearen plazera. Orduan euskara gutxi nekien, alfabetatzea amaitu berri, halere berde-berde nengoen. Izan ere, euskaldun zahar trakestu-berritua naiz. Euskara galtzear ere egon nintzen,  baina buelta eman nion eta maila polita lortu dudala uste dut.


 

Kontua da beti izan naizela oso irakurzalea, eta irakurrita ikasi ditudala  hitz eta esamolde pila bat. Horietako asko Sarrionandiaren liburuekin. Fan sutsua bihurtu nintzen, ez dakit zergatik, irakurri nuen lehen liburua (Ni ez naiz hemengoa) ez baitzitzaidan hainbeste gustatu; gazteegia nintzelako, ziurrenera. Ostean irakurri dut eta joiatxo bat iruditzen zait. Heldutasunaren kontuak


Harira. Sarrionandiaren testuei bazerien zerbait berezia. Beharbada, hitz mordo ezezagun hura, gure beti-betiko berbekin, normalean liburuetan agertzen ez zirenak, bizkaieraduna izanda ez baitzen oso erraza literaturan hitz horiek topatzea. Nahaste, fusio horrek liluratu ninduen, bere testu txikiek zer pentsatua eman, poemek izpiritua gozotu,...


Ezin da ukatu, nire moduan irakurle euskaldunen artean zale asko dauzkala Sarrionandiak, eta bere liburuan Durangoko azokan salduenetakoak izaten direla. Baten batek esan lezake idazleak inguruan duen misterioagatik dela, pertsona izatetik pertsonaia izatera pasatu dela, (kontu egizue, argazki bakarra dugula berea: bizarduna eta iletsu, auskalo orain nolakoa den!) Baliteke horregatik xarma berezia izatea. Halere, ezin da ukatu bere kalitate literarioa, berbak erabiltzeko maisutasuna eta hainbat generotan ondo idatzi izana.


Barka bezate bere lagun eta familiakoek. Jo dezagun pertsonaia hutsa dela, bere ipuin edo nobela batekoa. Imajina dezagun uztailaren 7 hartan Sarrionandiak ihes egin ez balu. Lehenengo eta behin Kortatuk ez zukeen “Sarri-sarri” kantua egingo. “Ainhoari gutunak” ez zatekeen existituko, ezta “Lagun izoztua” ere. Seguruenera, bere lana beste bat zatekeen. Hobea? Oparoagoa? Erreferentea izango litzateke gure literaturan? Kartzelak zapuztuko zizkion patxadaz idazteko grinak? Kalera irtendakoan idazle-izar harroputza bihurtuko zen? Auskalo!


Ez dago jakiterik, imajinazio eta asmamena besterik ez da bota genezakeen guztia, ukronia egingo genuke. Ziur nago, gainera, berari eta gertuko jendeari, ez diola grazia handirik egingo gu horrela ibiltzea hezur-haragizko pertsona batekin, bizitzaren gorabeherengatik misteriotsu bihurtu dena gure begietan. Mitifikatu eta mito bihurtu dugulako, nahi barik ala nahita. Drama baten (kartzela, ihesaldia, erbestealdia, sasian bizitzea,...) ondorioz, guk libertimenduak egiten gabiltza, bazka gure buru aspertuendako.

 

(Hain zuzen ere, larunbatean bertan “Herri bihurtu zaidan deserria” izango da Hendaian, poemak, musika eta marrazkiak nahastuko dituen ikuskizuna, iheslari baten ahotik, Jon Garmendia Txuriyaren hitzekin: ozen irakurrita eta iheslari baten bizipenak)


Baliteke Sarrionandiak berak ulertzea; izan ere, idazle izan edo ez, askok dugu ipuin eta fantasiarako joera. Berari bezala –baina ez bere maisutasunarekin– irudimena dantzan jartzea gustuko dugu, beste errealitate batzuk irudikatu.

 

Baina seguru nago berari ere gustatuko zaiola jakitea, mitifikatuta badugu ere, bere testuekin disfrutatzen dugula, eta kantuan edo irakurrita (isilean edo ozen), Sarrionandia idazlea datorrela gure ondora berak izkiriatutako hitzak belarrira xuxurlatzera. Disfruta ezazue irakurraldia! Eta ezin zaretenok joan, hartu bere testuren bat eta berrirakurri, ez zaizue damutuko-eta!

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua