Itsasoa, hitzez eta ahotsez
Pasa den barikuan "Itsasoa, hitzez eta ahotsez"etenik gabeko irakurketa egin zen. 230 lagun inguruk hartu genuen parte. Sei orduan, jo eta sua, euskaraz irakurtzen euskal idazle zein kanpoko idazleen lanak, beti ere euskarara ekarriak.
Gaia beti ere itsasoa. Ipuin, idazlan, poema, kantuak izan ziren gure ahotsetan, bertaratutako publikoari emanak.
Pasa den urtean izan zen lehenbiziko irakurraldia. Orduan, Joseba Sarrionandiaren lanak irakurri ziren, eta ekitaldiak, nola ez, "Sarri, hitzez eta ahotsez" izan zuen izena.
Iaz, txiripaz hartu nuen parte, eta aurtengoa aitatu zidatenean zalantza ez nuen egin: izena eman nuen berehala, iazko esperientzia oso ederra egin zitzaidan-eta.
Aurten, irakurri beharreko testua nik idazteko esan zidaten (euskaltegiko) ikasle batzuk ere horrela egingo zutela, eta beste irakurle batzuei ere proposatu zietela esan zidaten.
Burubako hutsa naizenez, nirea eroan nuen, ikasleen anparoan. Hori bai, zerrenda ikusten hasi nintzenean jakin nuen, nitaz gain, sorkuntza propioa ikasleek, idazleek eta bertsolariek zutela! Enfin! Eskerrak hasieran tokatu ginen, bestela...
Hasierako txandan izan ginenez, oraindik giroa berotu barik zegoen. Gainera, iaz ez bezala, argi gehiago zegoen, eta intimotasun puntu bat kentzen zion, baina irakurleei argitasuna eman hobeto irakurtzeko.
Orduak aurrera joan ahala, berotu zen kontua eta lortu zen aurreko urteko giroa, argiak argi. Barruan jesarrita egoteak irakurraldia entzuten bakea ematen zuen. Egoera bitxia, tabernan jendea urduri zegoelako sartzeko zain, edo urduritasuna uxatuta, irakurri berri. Leku berean egoera hain berezi bi batera.
Ez nintzen amaierara arte geratu. Baina luzaroan egon nintzen inguruan. Ederra da benetan irakurketak eta literaturak hainbeste jende hurreraraztea, eta gainera hain desberdinak, kolore guztietakoak, euskaraz. Ekimen itzela iruditzen zait, mantendu beharrekoa. Pozarren nago ekitaldi bietan parte hartzeaz. Hurrengorako ere prest nauzue!
Eskerrak eman nahi diet, bihotzez, hau guztia egin duen lan-taldeari, lan handia egin duelako, ez egunean bertan bakarrik (koordinazioarenak ikaragarria behar du izan!), hainbat batzar eta solasaldi dialogikoak egin zituelako aurretik. Montaje ikaragarria, ondo pentsatuta. Benetan bikaina izan da barikukoa! Biba zuek!