Nahasketaren alde
Hauteskunde kanpaina izanda, bazterrak promesaz bete zaizkigu. Denetarako asmoak eta proiektuak dabiltza airean. Batzuk egingarriak, beste batzuk utopikoak, besteak kimerikoak. Baita ezinezko eta gezurrezkoak ere.
Baina denetan ez da faltako gizartearen zein sektorerentzat dauden plan hauek pentsatuta: ume, erretiratu, gazte, ama, familia, etorkin, langile,... denak sailkatuta, denak etiketa baten pean.
Egia esatera, dena dago bere sarrekan, bere tiraderan sartuta. Ia ordena perfektuan, konpultsioa balitz legez, obsesio bihurtuta. Izan ere, denok enkajatu behar dugu perfilen baten. Eta enkajatu berba nahita jarri dut, erdarakada den arren, kaxan egoki sartzea esan nahi baitu.
Kontua da sektore eta adinen arteko nahasketarik ez dagoela. Txikitatik eskolan, praktikotasunari begira, adinez sailkatzen gaituzte. Gure eskolako eta gure adineko jendea ezagutzen dugu, baina neba-arreba zaharrago edo gazteagoak izan gabe zaila da hartu-emana izatea beste edade batekoekin, eskolan bertan ere bai.
Eskola txikietakoek (lehen unitarioak deitutakoek) ez dute hau bizi. Bertan irakasle dabilen batek esan zidan zelako elkarlana sortzen zen hainbat urtetako umeen artean, elkarri laguntzen ziotela. Eta gainera, herri txikiak direnez, eta herri txiki hauetan umeak eta eskola hain garrantzitsuak direnez, herritar ia guztien inplikazioa zegoela eta elkarren ezagutza. Belaunaldien arteko harremana!
Baina gure herri handietan zer? Bakoitza bere txokoan: parke, gaztetxe, jubiletxean… Nahastu barik, badaezpada ere! Izan liteke elkarrengandik zerbait ikastea, edo elkar ezagututa, elkarrenganako errespetua eta sinpatia izatea, elkartzea, eta askoz indartsuagoak bihurtzea.
Esango nuke, gaur egunean ez dela halako askorik interesatzen. Badirudi, ez dela komeni banatzen gaituzten barrerak deuseztatzea. Lehen, modu naturalean familia zabaletan egiten zena, orain ez da egiten inon. Orduko familia erraldoi haietan 3-4 belaunaldi bizi ziren teilatupe berean, intimitate gutxirekin. Ordukoek ikasten zuten haurrak tratatzen eta, era beran, zaharrak ezagutu eta onartzen.
Guk, ordea, ez dugu halakorik ezagutu. Baina nik badut adin nahastearen esperientzia. Hogeitaka urte nituela aukera paregabea izan nuen nire belaunaldikoekin ez ezik, nagusiagoekin eta gazteagoekin ibiltzeko, orduan sartuta nengoen elkarteek hori egiteko parada eskaini zidatelako. Esperientzia parebakoak, ikaragarri ikasi nuen batzuk eta besteengandik. Ekarpen aberatsak, bizipen itzelak. Gerora, ikaragarri balio izan didatenak.
Elkarteetan, hain zuzen ere, izaten da aukera adin desberdinetako jendea ezagutzeko. Horretaz ziharduen Zihara Enbeitak pasa den astean Berrian. Berak zioen militantzia kontuetan zein zaila zen familia eta bilerak uztartzea. Esaten zuen askotan pentsatu ere ez dela egiten gauzak aldatzean (bileren ordutegia,..). batzarretara ume eta guzti joaten direnak arrarotzat hartzen direla, egin ezin den zerbait bezala. Hor datoz edozein motatako taldetan belaunaldi hausturak, emakume asko desagertzea, esparru sozialetik urruntzea eta etxean gordetzea. Guraso horiek galtzaile, elkarteak hustuta eta aniztasuna murriztuta.
Izan ere, edadea nahastea ez ezik, ezberdinen nahastea ere saihesten da, oro har; izan guraso, ez guraso, ezkondu, ezkongabe, langabetu, landun. Bakoitzari rol bat dagokio eta ematen du etapa desberdin horiek estankoak izan behar dutela, komunika ezinak. Baina bizitza ez da hain sinplea, dena nahaste-borrastean dago, eta desberdinen arteko elkartzeak eta nahasteak askoz aberatsago eta dibertigarriago bihurtzen du bizi dugun txolopote hau!