Sinboloetan hanka-motz?
Gure esku dago-ren ekitalditik etorri berri nago. Bai, argitaratu, ostiralean argitaratu da artikulua, baina igande gauean desorduetan nabil idazten. Halaxe da bizitza! Eta burua bete-bete eginda daukat bizi izandakoaz. Hausnarketa asko, berba gai larregi artikulu bakar batean batzeko. Mataza honek oratzeko hari askotxo sortu dizkigu, eta beharbada, orain ez da momentua horretaz hitz egiteko, hausnarketa gehiagotxo egin barik. Agian artikulu bat ere ez da bide egokiena hainbat konturen gainean mintzatzeko, jendearen arteko solasaldia eta eztabaida behar delako. Dena dela, ikusitako gauza batzuei heldu nahiko nieke, sinbologiari dagozkionei, batez ere.
Igandean Anoetako ekitaldian izan nintzen, eta bertan sortu zitzaigun makinatxo bat galdera eta kezka. Bertan ikusitakoak ardura ere sortu zigun. Lehenengo eta behin, ekitaldia “Txuri urdin” kantuarekin hastea! Hara, futbola agertu zaigu! Zer dela eta halako aldarrikapen baten Ralaren himnoa? Futbola ote da gure identitatearen ikurra? Zausk! Lehenengoa, bekokian!
Segitu zuen Jon Maiak bertsotan, hainbat herri aipatuz. Zarauztik mendebaldera, bi esan zituen: Zumaia –berea–, eta bien erdian dagoen Getaria! Badakizue zer esaten den, Zarauzko ordainlekuan hasten dela Gipuzkoa. Besteok, zer ote gara, bada? Terra ignota!
Gero danborradaren txanda iritsi zen! Donostiako martxa, eta denok kantatzeko?! Zer ikusia ote du erabakitzeko eskubidearekin? Ostean, danborradak Debako martxa jo zuen. Konpentsatzeko, edo? Zer da identifikazio hori Donostiako kontuekin? Aniztasuna aitatu zen diskurtsoetan, eta Gipuzkoa zerbait baldin bada, anitza da, ez bakarrik kanpotik etorri diren herritarren jatorri pluralengatik, baizik hain lurralde txikian dauden herri eta euskarak ere askotarikoak direlako, idiosinkrasia desberdinak. Baina hau, ordainlekutik ekialdera ez dakit ondo konprenitzen den…
Goiko guztiak Gipuzkoa batzeko sinboloak baino, sektore jakin batzuek, interes handiz, zabaldutako klixe jakinak direla esango nuke. Futbola identitate ikur bihurtuta askoz ere “ogiago” bihurtzen da gizartearen zirku honetan. Hiriburuaren nagusitasuna ere elite batzuei komeni zaien identifikazioa besterik ez dela begitantzen zait.
Futbola, Donostia eta Gipuzkoako zentralitatea dira, itxura baten, gipuzkoarron iruditegiaren gune sinboliko bihurtuta. Era berean, ekitaldia bost hiritan zatituta egoteak, jostetik baino banatzetik zeukan gehiago. Gutako askok espero genuen egungo teknologia izanda, beste hiriekin uneren baten konektatzea, ekitaldiak jostea. Eta ez, atzera ere, geratu gara gure probintziakerian, herri egiten lagundu baino, oztopo den horretan.
Era berean, horrelako mobilizazioetan oso baztertuta ikusten nabilen beste sinbolo bat, ikurrina da. Ez naiz oso zalea, baina geure burua beti katalanekin konparatzen gabiltza, eta eurak beti darabilte senyera: barraduna, estelada urdina edo horia. Ikurrina, ordea, ia ikusi ere ez da egiten! Horretarako eskalatu zuen Eustakiok Artzain Onaren orratza? Himnorik ere ez dugu, bandera ere baztertu behar ote?
Agian bada sasoia benetako sinbolo gutxi batzuk aukeratu eta erdigunean kokatzeko, erreferente izan ditzagun, errazago batu gaitzaten, errazago bil gaitezen euren baitan!