Euskara bihotzean?
Eusko Jaurlaritzak abian jarri du euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berri bat. Iragarkietarako-eta aukeratu duen leloa hauxe da: Euskara bihotzetik ezpainetara. Eslogan honen antzeko batzuk erabili izan dira azken hamarkadotan, ezpaina beharrean mihia eta ahoa aitatuta, baina bihotza beti lehenengo zatian.
Nire zalantza da, baina, bihotzean daramagun euskara. Edo hobeto esanda, batzuek benetan maite duten euskara.
Pasa den astean Eusko Jaurlaritzako sailburu bik hori erakutsi ziguten. Aspiazuk eta Beltran de Herediak. Aspiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua da, eta ezagutzen ez zuenak ere ezagutu du “desazelerazioa” berbari esker.
Ez diot barre egingo Aspiazuri hitz baten kateatu delako, ezinesana eragin diolako, ederra naiz, bada, ni aho-korapilatze kontuetan. Arazoa da, krisi betean zegoela “aceleración” bota zuela inongo arazorik barik, ahotrabatu barik. Horrela, bere hizkuntza nagusia zein den erakutsi zuen, gaztelaniaz zatia hobeto moldatzen dela, alegia. Euskara bihotzean edukitzea ote da hori?
Bestalde, Estefania Beltran de Herediak ere ederra bota du egunotan: ertzainak ezin izan direla euskaltegira joan ETArengatik, eta euren lekuan jartzeko! Makaleko pieza!
SATIRITA BAT, MINA ZORROZTEKO: "Estefaniatxu, eta euskararako idazlana?". "Nik egin dut e, ira, baina eske... eske... ETAk jan dit!" pic.twitter.com/CEAiuExmMD
— h28 (@H28aldizkaria) 2017(e)ko ekainak 16
Sutu egin nau adierazpen honek. Batetik, inoiz ez delako inor euskaldunon lekuan jartzen gure hizkuntza eskubideak zapaltzen direnean. Orduan, hor konpon!
Bestetik, gezur galanta esan duelako. Aspaldi dabiltza ertzainak euskaltegietan, nik neuk izan ditut hainbatetan gelan.
Gezur hori, baina, ez da bakarrik egia ez esatea, euskaltegiak kriminalizatzea ere bada. Horrela esanda, badirudi gure zentroetan pistolekin ibili garela, edota ideologia konkretu bateko ikasleak baino ez direla matrikulatu. Honek erakusten du oso gutxi ezagutzen duela Beltran de Herediak gure jarduna, ezagun du euskaltegirik ez duela zapaldu. Berari ere, agian, ETAk eragotzi zion euskara ikastea.
Indarkeria giroa aitzakia perfektua da ezkutatzeko Ertzaintzaren lehenengo erabilera plana 2014koa dela. 1982an sortu zuten, beraz 30 urte baino gehiago hizkuntza politika penagarriarekin. Izan ere, plangintza ez izatea hizkuntza politika egitea da, txarra eta kontrako. Hala ere, eskatuko digute euren lekuan jartzea, isunik ez badigute jartzen, behintzat, autoritateari men ez egitegatik; izan ere, horrelakoak gertatu izan dira.
Horregatik, Estefania Beltran de Herediak eta bere sailekoek euskara bihotzean daramatela esango dute, asko maite dutela gure hizkuntza. Baina zalantzan jartzen dut nik, zerbait maitatzeak beste modu baten jokatzea dakarrelako. Horrela ulertzen dut nik, behintzat, maitasuna.
Loteria, soldatak eta duintasuna
“Lan egin barik bizitzeko, zenbat diru tokatu beharko litzaiguke loterian?”. Halako itaunak egiten dizkiegu ikasleei euskaltegian, berba egin dezaten, mintzamena lantzeko; beti ere testuinguru baten, jakina. Gogoan dut halako galdera bota nien azkenekoan, milioi bat euro irten zitzaigula zifra adostua. Milioi garbia, zergak ordainduta. Gure kalkuluak halakoak izan ziren: 200.000 euro inguru etxebizitza bat erosteko, 1.200 euro hilean jaso, eta berrogei-berrogeita hamar urte bizi. Tartean, “kapritxoren” bat: auto bat erosi, amaren etxean leiho berriak ipini, edo ahoa ganoraz konpondu. Egin kontuak, ez da asko geratzen hasierako milioi horretatik.
1.200 euro jarri genizkion geure buruari. Soldata minimoa zelakoan, oinarrizko gastuak bete zezakeena, baina gastu larregi barik. Beharbada, ez du ematen askorako, baina handikeria gabe jokatu nahi genuen kontuak egiterakoan. Ez dezagun ahaztu loteria irabazleen rolean jarri ginela. Irabazle xumeak esango du norbaitek, besteren batek irabazle triste handinahi bakoak. Hipotesiak lantzeko zoragarria. Bizitza errealean, ostera, irreala.
Izan ere, hori eskatzen dute, besteak beste, Bizkaiko zaharren egoitzetako beharginek: 1.200 euro garbi hilaren amaieran. Luxua, alajaina! Luze doa gatazka, ordea. Iaz ere grebak egin zituzten, eta aurten apiriletik daude huelgan. Gaitza da euren borroka, sektore marjinatu biren kontuak daudelako mahaigainean. Alde batetik, zaharren zerbitzuan daude, gure gizartean baztertutako talderik badago nagusiak (ez aitita-amamak, mesedez) dira, karga hutsa bihurtu direlako, gastu handia dakarkigutelako eta ez dutelako balio produkzio mundu honetan. Eta bestetik, langileak eurak. Guztiz feminizatutako sektorea, tradizionalki emakumeon betebeharra izan dena. Zaintza da rolen banaketan “tokatu” zaigun lana, askotan kobratu barik egiten dena, sozialki inongo prestigiorik ez duena, imajinario kolektiboaren arabera prestakuntzarik ere behar ez duena, andrazkoon genetikan txertatuta baitator, horretarako jaio baikara. Zaila dute!
Zaila, ukitzen dituen kolektiboengatik ez ezik, azpikontratatutako beharginak ere badirelako. Gizarteari ematen diote zerbitzua egoitza hauek, zergak ordaintzen ditugunok pagatzen ditugu zentruok, eta tarteko enpresek ere etekinak atera behar. Tartean, dirua galdu, zerbitzu merkeagoa ordain, publikoa izan beharko litzatekeen zerbitzuan, diru-itogina infinitua; beraz, langileendako sos gutxiago.
1.200 euroko soldata eskaera hori zorakeria irudituko zaio Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari. Emakume honen arabera 650 euro nahikoa da bizitzeko. Baina ez digu azaldu zergatik, orduan, berak 7.000 eurotik gora irabazten duen. Nahikotasuna bider hamar jasotzen du-eta! Adierazpen horiek bere kontra itzul genitzake, eta iradoki genezake larregi kobratzen duela, diru publikoa alferrik xahutzen dela bere soldatetan.
Horregatik, sailburu honen kastakoek pentsatuko dute egoitzetako zaintzaileek eskatzen dituzten lansariak lortuz gero, pribilegiatuak direla langile hauek. Baina jarriko nituzke egoitzetakoen beharra egiten, Artolazabal 650 eurorekin bizitzera behartuko nukeen bezala. Horrela jakingo lukete zein den errealitatea. Ikasiko lukete hala bizitzea ez dela loteria, askori hori tokatu bazaie ere!
Guardia Zibilla
Eibarren, herrixan, berdegune klase bi dakaguz: berdez pinttautakuak, eta Guardia Zibillaren kuartela, Egigurentarren kalian. Arbola gitxi dittugu, uniforme berde larregi
Toki edarra okupatzen dabe todo por la patriakuok, zezen-plaziakin batera.
Eibarren aspaldittik dagozen arren, oin zegaittik segitzen dabe hamen? Lehen, bildurra eragitzen ez zebizenian, probaderuan armak zaintzen zittuezen. Star itxi zanetik, eta armak entregau, zertarako dakaguz? “Euskal” berbia daken kartelak kentzeko? Kuartel inguruan aparkau gura dabenak molestatzeko? Gasolinia gastatzeko bueltak emoten patrolekin? Ze funtziño betetzen dabe Eibarren? Zer “zaindu”?
Izan be, euren ate pareko negozixuetan lapurreta nahikotxo izan dira azken boladan, baiña eurak ez ei dira konturatu, mutur aurrian izan badira be. Lapurrak uxatzeko be ez badabe balio, zer egitten dabe gure herrixan? Ez da nahikua Ertzaintza eta polizia munizipalarekin?
Polizia nazionala be juan zan aspaldi baten. Hárek be urtiak emonda herrixan, baiña iñungo penarik barik esan gentsen agur. Txapelokerreri be gustora esango detsegu adixo. Nahi izan ezkero, jaixa be antolatuko detsegu. Baiña egin daixiela ospa, lehenbailehen. Zona berde hori benetako berdegune bihurtu deigun, arbola eta landariekin, uniforme eta pinttura barik!
Kaleko kontu bitxiak
Eskaparate bati begira nengoen, eta ondoan emakume heldu bat eta mutil gazte bat. Nahiko ozen berbetan, edukazio maila gutxikoak ziruditen. Biak zuri eta bertakoak, baina itxuraz diru gutxikoak. Beste aldean, neska batzuk, bata hiyaba buruan zuela. Neskak mugitu egin dira, eta emakume helduak zerbait esan du. Hiyabdunak erantzun eta andreak "Esa mora qué me va a decir". Nerbioak dantzan, "orain hemen montatu behar da!" pentsatu dut.
Hurbildu egin naiz, badaezpada ere. Gertu, adi eta jagoten geratu naiz. Igarri dut nire moduan beste emakume bat ere bazegoela egoera behatzen, hiyabdunaren defentsan irteteko prest. Bete emakume zelataria ere zuria zen, eta markako boltso garestia zeraman, pija estiloa ere bazuela esango nuke. Ikaragarri poztu nau beste bat ere ikusteak alerta egoeran, ezer gertatuta ere ez nintzela bakarra izango.
Kontua da, andre helduak arrio egin duela eta semearekin berbetan zebilela esan diola musulmanari. Hor geratu da kontua, eta bakoitza bere aldetik joan gara, arnasa luze hartuta.
Aurrera egin eta hadik 20 metrora non gelditzen nauen mutil gazte zuri potxolo batek, aingeru aurpegia duen horietakoak, ortodontziak lortutako hortzeria perfektua irribarrean ageri zuela. "Perdona, me llamo X, y soy nuevo en esto. ¿Me prestas dos minutos?". Begiratu dut eskuan zer zeukan eta Save the Children erakundearen karpeta!. "Uf ‑esan diot euskaraz- ez, ez zait interesatzen". Berak euskaraz "Baina utzi kontatzen". Nik, atsegin baina mozten "ez dizut denbora galarazi nahi, ez naiz egingo bazkide". Eta ospa egin dut. Bere lankide bat ere bazebilen beste neska bat konbetzitzen. Aurrera egin dut.
Kale bat aurrerago mutil beltz eta eder talde bat sinadurak biltzen. "Contra la ablación, guapa" esan dit batek. Segundo baten ehunka gauza pasatu zaizkit burutik, eta ez dut sinatu. "Ahora no, tengo prisa" (ez zen gezurra). "Otro día" erantzun dit. Baina ze kanpaina da hori? Nori emango dizkiote sinadurak? Zer lortu nahi dute nire datuekin?
Bitartean, kale bazterrean ijito itxurako gizon bat lurrean jesarrita eskean, kartel handi batekin: Vivo en una chabola y tengo tres hijos. No tenemos ni luz, ni agua. Acepto comida". Bihotza apurtu dit, eta lanera joan behar izan ez banu, berarengana joango nintzen zer janari behar zuen galdetzera.
Itzuli naiz geroago, baina eskalea ez zegoen. Firma biltzaileak ere ez. Jakin-minez geratu naiz, eta lagundu nahian. Baina ezin. Hustasuna sentitu dut. Ondoeza eta tristura
Hauxe da gure herria, lagunok: aniztasuna eta elkartasuna; pobrezia eta dirua; mundua konpondu nahia, baina albokoen gabeziak ahaztuta.
Gure ume hilak
Orain laurogei urte beste lau mila umerekin batera, gure aita ebakuatu zuten Frantziara Goizeko Izaŕa itsasontzian. Hiru urte zituenez, eta anaia txikiago bat, amarekin joateko suertea izan zuen. Horregatik, bera eta osaba ez dituzte inon gerrako umetzat aitortzen, lagunduta joan zirelako.
Beste bost izeko-osaba ere eroan zituzten Belgika, Ingalaterra eta Frantziara. Amamak zortzigarren bat ere bazeukan, baina hemen laga behar izan zuen, Gorlizko ospitalean, gaixorik zegoelako poliomielitisak jota. Ezin dut imajinatu zer izan behar den ama batendako halakorik bizitzea: umeak Europan barreiatuta, gerra baten erdian, jakin barik berriro ere ikusiko zituen; eta hala fortunatuz gero, noiz eta zelan. Latza, oso latza.
Hala ere, sufrimenduak sufrimendu, denak itzuli zituzten Euskal Herrira. Argi dut, abaro eman zieten herrialdeetan borondate hori izan ez balitz, gutako asko ez ginela jaio ere egingo. Hala da! Horregatik ezin dut ulertu zelan ez dioten behingoz konponbidea ematen errefuxiatu eta migratzaileen tragediari. Aylan Kurdi Turkiako hondartza baten itota agertu zenetik ez dira urte bi pasatu, eta kalkulatzen dute mila eta bostehun hil direla Mediterraneoan, berrehun aurten. Gure familiakoak bezala gerratik ihesi, bizimodu lasaiago baten bila, hazteko, jolasteko, eskolara joateko.
Gure gobernuek eta Europar Batasunak beste alde batera begiratzen duten bitartean, komunikabide askok fokua jarri dute beste ume hil batzuengan, Manchesterkoengan, alegia. Hogeita bi hildako Ariana Granderen kontzertuan bonba bat lehertu zutelako. Biktima hauetako hamaika hogei urtetik beherakoak ziren. Euren izen-abizenak, aurpegiak, zaletasunak ezagutu ditugu. Zenbait komunikabidek “gure haurrak” deitu die britainiar txiki hauei. Aylan baino gureago, antza.
Egia da, zirrara eragiten duela gaztetxo horien zerrenda ikusteak, baina “gureak” direla esatea larregi iruditzen zait. Aurreko baten idatzi nuen moduan, Siriako umeen begirada ikusten dudanean, Goizeko izarra eta Habana itsasontzietan partitutako senideen begi beltzak ikusten ditut, neure-neureak, gureak, berba baten.
Gureak, diogu, kanpoko ume hil horiez jardutean. Biolentzia jasandakoak, gerra eta mundu injustu honek eraildako haurrak. Baina Mediterraneoan itotakoak edo Manchesterren zartatukoak benetan dira urrunekoak. Gure herrian, Euskal Herrian ere hil dira eta. Ez dira ihesean itsasoan ito, ez die inork bonbarik jarri. Pobreziak eta marjinazioak hil ditu Bilboko Zorrotza auzoan ume bi eta gurasoak. Suak kiskali die etxe zaharra.
Neure buruari galdetzen diot ea inork bilbotar txiki horiengatik “gure umeak” esango duen. Ziur nago ezetz. Etxea zonalde degradatua zegoen, orain ia bi urte Bilboko udalak konpromisoa zuen hartuta bertako desegituratze soziala aztertzeko eta beharrezko neurriak hartzeko. Baina berba bete barik etorri da desgrazia eta familia oso baten heriotza.
Bilboko ume hauen izenik eta erretraturik ez dugu ikusiko komunikabideetan. Horregatik, ziur nago ez dela dolu ekitaldi masiborik izango, etxe degradatuetan bizi diren umeek gutxi inporta dutelako, oro har. “Gure umeak” dioten titularrik ez dugu ikusiko, bertakoak izan arren.
Batzuetan, gure hirietako auzo pobreak Manchester baino urrunago daude, zoritxarrez!
Save
Laga diezaiogun barkamena eskatzeari euskaraz jarduteagatik
“La película Richard la cigüeña (Richard zikoina) solo la proyectamos en euskera. Disculpen las molestias”. Hala zioen twitterren ikusitako argazkiak. Txiolariak zehaztu zuen: 20 pelikulatatik bakarra euskaraz ta hau irakurri beharra... nun ta Usurbilen.
20 pelikulatatik bakarra euskaraz ta hau irakurri beharra... nun ta usurbilen @E_H_E @uema_eus @kontseilua pic.twitter.com/rRtO2uTWrR
— Unai Larreategi (@unailarreategi) 2017(e)ko maiatzak 14
Hara! Barkamena eskatu behar umeendako film bat euskaraz baino ez delako eskainiko, beste 19ak gaztelania hutsean emango direnean.
Uste dut Euskalduna jauregiko webean ere antzeko zerbait gertatu izan zitzaidala. Uste diot ezin izan dudalako berretsi, hemendik eta uztailera arte ez dagoelako ezer euskaraz! Ikaragarria! Bada, kontua da, sarrera erosterakoan euskarazko orrian ibili arren, euskarazko ikuskizunaren gainean ohar bat zegoela: Adi, euskaraz!. Ez nuen ikusi “adi, gaztelaniaz” inongo lanetan.
Etb2n ere inoiz nahastu eta Teleberrian euskarazko audioak ihes egin die; eta konturatu bezain laster, eten dute modu txarrean eta barkamena eskatu digute.
Norbanakook ere hala gabiltza. Norbaitengana jo euskaraz, ez dakiela erantzun hark eta sarriegitan esaten dugu “perdona”.
Hala gabiltza euskaldunok barkamena eskatzen euskaraz dihardugunean. Mina emango bagenu moduan. Beti hanka-puntetan ibiltzen gara, tentuz, inor mindu barik, badaezpada ere.
Konplexuz betetako hiztun komunitatea gara, gainetik kendu ez dugunok mende luzeetako errepresio linguistikoa, hizkuntza ezdeusa berba egitearen errua, zama. Beti gutxitu, txiki, morroi, otzan, jator. Inkontzientean sartuegi ditugu historikoki eman dizkiguten astinduak.
Argi daukat ez diogula bueltarik emango egoera linguistikoari bularra harrotzen ez badugu, oilartzen ez bagara. Inkontzientean instalatuta dauzkagun aurreiritzi horiei jarki egiten ez badiegu. Esango nuke lotsabakoago jokatu beharko genukeela, kale erditik ibili, espazioa okupatu. Nor bagarela adierazi. Armairutik irten, aldarrikatu lau haizeetara, barkamen eske barik. Morroi izateari laga, eta ugazaba jokatu. Jaubie Lez!
La mamma eta Super Ama
Orain egun batzuk informatibo guztiek kontu berarekin zabaldu zituzten emanaldiak. Inpaktuko albistea omen zen. Marta Ferrusola Jordi Pujolen emaztea zuen protagonista, eta kontatu ziguten ostu ei dituzten diruak berak kudeatzen zituela kongregazio bateko ama nagusia balitz legez.
Antza denez, Ferrusolak Andorran zeuzkaten kontuen arteko diru-aldatze aginduak ematen zituenean “ama nagusia” gaitzizena erabiltzen zuen. Bere erabiltzaile izena horixe zela, alegia.
Baina zer dela eta hainbesteko eskandalua? Notizia da hori? Eta hala bada, albistegi guztiak zabaltzeko adina errebelaziorik badu? Zer dago horren atzean? Zer adierazi nahi digute komunikabide handi horiek tontakeria hori lehen lerrora ekarrita?
Nik argi ikusten dut zein familia soslai eman nahi diguten: aita, Jordi Pujol lehendakaria, lapurra da, konforme. Baina benetan ankerra eta zitala dena Marta da, familiako ama. Berak mugitzen dituelako klaneko hariak. Batetik, Pujol aita prakanasai huts moduan irudikatzen dute; eta bestetik, etxeko (eta familiako) boterea amarena da. Matriarkatu zitala dela Pujol-Ferrusolatarrena!
Sorgin gaiztotzat perfilatu digute Marta. Hau da, sehaskari eragiten zion eskua dela. Emakume doilorra. Mafiari buruzko filmetan "la mamma" izango litzatekeena. Alegia, familiako gizonak azpiratzen zuen ama maltzurra. Emakume eredurik kaltegarriena: manipulatzailea. Sekulako hats misoginoa hartu diot berria horrela haizatu eta hauspotzeari. Amak ez direlako horrelakoak izan behar.
Amak maratzak izan behar direlako. Goxoak eta amultsuak, ulerkorrak eta maitagarriak. Seme-alaben zerbitzura daudenak 24 orduz 365 egunetan. Beti adi eta ernai, badaezpada ere. Umeen nahi eta gurariak, euren gogo eta desioen gainetik jartzen dituztenak maitasun hutsez, trukean ezer jaso barik. Hori da eredua.
Horrela ibili ginen adar jotzen aurreko larunbatean lagun bati. Semeak eskatu zion futbol partidura joateko, baina berak beste plan batzuk zeuzkalako, ez zen joan. Zirikatzaile ederrak elkartu ginen mahai haren bueltan eta etengabe esaten genion “ama txarra zara” barre artean.
Ama txarrarena txantxetan bota bagenion ere, ziur naiz pertsona askok hori pentsatuko dutela pasadizo hori entzundakoan. Oso-oso barneratuta dugulako sakrifizioaren ideia, amaren sakrifizioarena. Bere kontuak laga eta kumeen kontuei lehentasuna eman. Heziketaren ondorio.
Ikastetxe katolikoetan ibili garenok, edota frankismoaz eskolan gozatutakoek maiatzero kantatzen genuen “Con flores a Maria, que madre nuestra es”. Izan ere maiatza da Ama Birjinaren hilabetea, ama onen eredu gorena. Lorailean ez da alferrik Amaren egun kontsumista. Gauza guztiek dute zergatik bat, eta heziketan islatzen dira. Loreak amarendako.
Maistraki esan zuen Miren Amurizak maiatzaren 7ko zutabean, Amaren egunarenekoan “Hil dezagun Ama”. Amurizak zioskun maiuskuaz idazten den Ama hil behar dela: “Unibertsala, bat eta bakarra; funtzio erreproduktiboa, zaintzaile sena, berezko duen emea; oh, haren zilborrestea; eme beti femenino eta etxekoia; aitaren konplementua eta seme-alaben menpekoa; jainkotiarra eta ahalguztiduna; Santa Ama; Super Ama.”
Ados nago ni ere. Santutu dugu amaren papera, baina ez dezagun ahantz Super Ama La mamma ere izan litekeela, ona, txarra eta erdipurdikoa. Finean, emakume arrunta. Santutasunik gabe.
Usteltzaileak
Naturan ustelkeria prozesu positiboa da. Usteltzeari esker frutek azala eta mamia galdu eta haziak askatzen dituzte, gero lurrean ernatu eta landareak sortzeko. Era berean, hildako animalia eta landareen gorpuak usteltzen laguntzen duten bakterioen lana ezinbestekoa da hilotzak desagerrarazteko, usteltzaileena, alegia.
Gobernatzen gaituzten estatu bietan ere ustela dago nonahi. Handiagoa batean bestean baino. Denon ahotan dabil aspaldian, baita komunikabideen portada, goiburu eta titularretan ere. Ustelduen irudiak azaldu dituzte. Naturan ez bezala, gizaki hauek usteltze horrekin kaltea baino ez dute eragin, eta onura bakarra bere kide ustelduendako besterik ez da izan. Eta usteltzaileendako.
Dena den, albiste hauen artean deigarriena zait esaten ez dena, isilean gordetakoa. Izan ere, ustelduen izenak zabaltzen dira lau haizetara, baina usteltzaileenak inork ez ditu ematen. Eta naturan bezala, usteltzaileak ezinbestekoak dira ustelduak egon daitezen. Izadian ere sarraskijale eta bakterio horiek premiazkoak dira ustela sortzeko. Pertsonen artean ere hala da.
Usteltzaileak sortzaile eta eragile dira ustelkeria prozesuan. Jaun eta jabe gizartean, boterea eta dirua dutelako. Bestela, nork azaldu isiltasun hori?
Hiru desio
Petrako sarreraren mendi-zintzurrean zegoen zutik, sustraiak irten balitzaizkio bezala, ezin sinetsirik bere bizitzako ametsa betetzear zegoela. Harriarte koloretsu hark zurtuta laga zuen, bidaia-lagunak eragindako atximurkdak igarri ezinda.
Telebistan ikusi zuen basamortuan hiri misteriotsu bat agertu zela, haitzarte batean. Nerabea zen dokumental hura eman zutenean, eta harrezkero nora joan nahi zuen galdetzen zioten bakoitzean Petra! oihukatzen zuen.
Antzerako zerbait gertatu zitzaion 7. mailan Gizarte liburuan Istanbuleko Santa Sofia eliza-meskita-museoa agertu zitzaionean. Hura bisitatzeko harra hazi zitzaion bihotzean. Marabila hura historia hutsa zelako, bertan egotea atzera egitea bezalakoa izango zelako.
Bere burua aurkitu zuenean Meskita Urdina eta Santa Sofia artean, zurtuta zegoen, hodei batean bezala.
Gaztetxotan ere izan zuen kobazulo baten berri, paleolitokoa, zaldi-irudiz betetakoa: Ekain. Etxetik kilometro gutxira. Hirugarren ametsa piztu zitzaion. Imajinatzen zuen zer izango ote zen haitzuloan sartzea ilunpetan eta argi motel horrekin labarretako pintura magiko horiek ikustea.
Nerabezarotik urrun dago orain, eta egia esatera, ez zuen lan handirik egin leku miretsi horietara bidaiatzeko. Aukerak sortu zitzaizkion, gura barik, patuak nahi izan balu lez. Sortu eta aprobetxatu.
Hala ere, hegazkinak hartu, milaka kilometro egin, hizkuntza ezezagunetan moldatu behar izatea erraza izan zen. Etorri zitzaion moduan arakatu zituen bazterrok, natural.
Baina autoz joan ahal izan, hamarnaka kilometro egin, bere ama hizkuntza erabili ahal izatea, ostera, ezinezkoa egin zitzaion. Sarritan, gertutasuna eta etxekoa izatea ez direlako arrakastaren sinonimo. Larregitan, hurren dagoena ezinezkoa delako, bilatzen dena ameskeria hutsa delako.
Bidaiaren kilometro kopurua ez delako oztopo nagusia. Desiotakoa delako baldintzatzen duena, lortu ezina bihurtu, etxe atarian egon arren.
Bidaia zapuztua.
Folklorea, folklorikoa eta folklorismoa
“Gu ez gara folklore eta erromeria horretan egongo” adierazi zuen Idoia Mendiak Bakearen Artisauek Baionako ekitaldia iragarri zutenean. Adierazpenok entzun nituenean amorruak hartu ninduen; izan ere, folklorea era gaitzesgarrian erabili zuen, folklorea gauza hutsal eta gaitzesgarria balitz bezala.
Nire haserre hura ez zen lehenengoan izan folkloreari dagokionez, oso arrunta delako berba hau erabiltzea zerbait barregarri lagatzeko, edota gutxiesteko. Folkloriko da era despektiboan horretarako erabiltzen den adjektiboa.
Baina zer da folklorea? Zelan definitzen du hiztegiak? Euskaltzaindiarenak hala dio:
folklore iz. Herri kulturaren jakintza; herri baten kultura adierazpenen multzoa.
Eta Wikipediak hala zehazten du:
Folklore, (ingelesezko folk, "herri" eta lore, "jakintza" hitzen lotunea) herri edo eskualde bateko ohitura, herri-literatura, sinesmen, kondaira, musika, eta abarrek osatutako multzoa da.
Herri edo nazio baten kontuak, musika, dantza, ahozko historia, atsotitzak, txisteak, usadioak eta ohiturak biltzen ditu.
Oinarrizko kultura da, orduan, herri baten adierazpen kulturalen multzoa. Horregatik, modu mespretxagarrian erabiltzea herri-kultura iraintzea da.
Gure herriko politikari batek kultura popularra erdeinatzea, ostera, ez zaigu berria egiten, Iaz ere Washingtonen Smithsonian Folklife jaialdian Euskal Herria izan zen gonbidatua. Folklore festibal bat izan arren, hemendik bidalitako taldeak dantza garaikidea egiten du. Folklore tradizionala AEBtako taldeen eskuan geratu zen. Oso adierazgarria!
Baina argi erakutsi zigun Eduardo Galeano handiak zer kontzeptu zuten gizarteko modernoek folkloreaz “Los nadies” poeman:
“Arkakusoen ametsa txakur bat erostea da, eta ezdeusen ametsa txirotasunetik irtetea, zorioneko egun batean zori ona eurika jaustea, suerte onaren euria uholdeka jaustea; baina suerte onaren euririk ez da ez atzo, ez gaur, ez bihar, ez inoiz, ezta zirimirian ere, ezdeusek erreguka eskatzen duten arren, eta ezkerreko eskuan azkura sentitu arren, edo eskumako hankarekin altxatu arren, edo urtea erratzez aldatuz hasi arren.
Ezdeusak: deusen semeak, deusen jabeak.
Ezdeusak: ezerezak, ezereztuak, suertearen atzetik beti, bizitza hilez, izorratuak, mila aldiz izorratuak:
Ez dira, izan arren.
Ez dute hizkuntzarik, dialektoak baizik.
Ez dute erlijiorik, superstizioak baizik.
Ez dute arterik, artisautza baizik.
Ez dute kulturarik, folklorea baizik.
Ez dira gizakiak, giza baliabideak baizik.
Ez dute aurpegirik, besoak baizik.
Ez dute izenik, zenbakia baizik.
Ez dira historia unibertsalean agertzen, baizik eta herriko prentsako kronika gorrian.
Ezdeusak, akabatzen dituen balak baino gutxiago balio dutenak.”
(Julen Gabiriarena da itzulpen bikaina).
Folklorea ezdeusa da, pobreen kultura. Letra xehez idatzi beharreko jakintza, Jakinduriak (larriz) ukitu bako ezagutza. Mespretxatzeko modukoa, ez delako garrantzitsua, ez duelako kultura estandarrak eta ikasiak duen estatusa. Destain honek klasismo kultural moduko bat du beraren barruan. Kultura letragabea ere badelako, barbaroek egina, hizkuntza baldarrean, normalean, hizkuntza ezdeusean; euskaraz, gure kasuan. Ikuspegi kosmopolita delakoan, kosmopaleto bihurtzen dena. Nonahikoak direnen munduko hiritartasun chic eta glamourdun faltsua. Ai, ama!