Urteko bilan bilaua
Ikasle eta irakasle jendearendako, urte amaiera ekain-uztailean izaten da, orduan amaitzen zaizkigulako ikastaroak eta jardunak, eta atzera ere, irailean hasi. Sasoi horretan egiten dugu ikasturtearen birpasa eta balorazioa. Horretara, abendukoa urte bukaera baino, eten bat da gure jardunean, ez akabua. Baina ezin gara beti txakur berde abozinatuak izan, eta hausnarketarako ere aprobetxatuko dugu urte hondar hau, sekula ez duelako kalterik egiten. Hausnar horren ondorioz-edo, urte berrirako asmoen zerrenda ere agertzen da, baina horiek fartsa hutsa direnez hobe aipatzen ez baditugu.
Egia esatera, ez naiz oso ona halako gogoetak egiten, batzuen ustez nostalgiarako joera badut ere. Inpresioekin geratzen naiz, eta gehien inpresionatu nauena aurten, malkoetaraino, arabiar errefuxiatuen ihesa izan da. Beharbada, lehenengo momentutik geure familia ikusi dudalako bertan, hamaikatxotan esan dudan legez. Geureek “zortea” izan zuten, ihesaldi antolatu, legal eta babestua izan zutelako. Gure amama Virginiak bi seme txikienekin Frantziarako itsasontzia hartzeko aukera izan zuelako, beste bost seme-alaba Ingalaterra, Frantzia eta Belgikara ebakuatzen zituzten bitartean, eta beste alaba hemen geratu behar derrigorrean. 2015eko ume siriar horien begi ilunetan ikusi ditut gure familiaren begi ilunak, nire begi ilun berberak. Orduan, Europa izan zuten (genuen) aterpe, komiteak sortu ziren nonahi. Orain, ordea, herritarron bihotza samurtu zen arren, agintariek hesiak jarri dituzte, polizia bidali, horrekin geldituko dituztelakoan.
Hil honetan bertan entzun ahal izan diogu Eibarko Borja Olabegojeaskoetxeari Lesbos ingurutik berbetan. Bera soroslea da, eta bertara joanda dago boluntario iheslariak erreskatatzera. Egunero irteten dira Mediterraneoko uretara jostailuzko ontzi singleetan eta salbamendu-txaleko faltsuak jantzita dakartzatenak ateratzera. Izugarrikeria osoa!
Borjak eskatu zuen bakarra dirua izan zen, oso bitarteko gutxi dituztelako. Esate baterako, kontatu zuen uharte guztian anbulantzia bat zutela bertako biztanleak eta errefuxiatuak artatzeko, eta Euskadi Irratiko elkarrizketa izan aurreko egunean egun bakar batean 1.700 pertsona atera zituztela ere komentatu zuen. 1.700, egun bakar batean, Lesbos inguruan soilik! Elgoibarko Iñaki Iraola eta Koro Gabiola ere joatekoak dira sorosle Greziara Gabonetako oporretan. Eurek ere diru-biltzea dute martxan, nahi badiezue lagundu.
Neguko solstizioan gaude, eta egoera gero eta latzagoa izango da pertsona horiendako. Baina zer egin dirua emateaz gain? Nola presionatu gobernuak? Giza-uholde hura izan zenean telebista eta egunkarietako lehen orriak betetzen zituzten, eta sarriegi gertatzen diren moduan, desagertu egin dira, arazoa konpondu balitz bezala, arazoa areagotu baino ez denean egin.
Toki guztietatik ez dira desagertu, aitzitik. Eguberrietako iragarkietan ageri dira, pena eman diezaguten eta urteko sasoi zoriontsu eta zuri honetan patrika hustu dezagun. Horretaz gain, ezer gutxi. Lausotu eta ostendu dituzte beste berri batzuen atzean, estatuan pobreziaren atarian dauden umeena bezala. Krisia amets txar bat besterik izan ez balitz gisan, aspaldiko kontu konpondua. Lasai, jakina baita Eguberrietako argiek eta arrandiak munduko edozein tristura eta miseria margul ditzaketela. Dena konponduko da magiaz eta erosten, jasotzen dugun mezua.
Eta konpontzen ez bada, jar dezagun Gabon osteko asmoetan. Horrela egongo gara seguru denak izango duela irtenbidea, gu ukitzen ez gaituen irtenbidea. Merkealdian atzera ere zoriontsu.