Euskara bihotzean?
Eusko Jaurlaritzak abian jarri du euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berri bat. Iragarkietarako-eta aukeratu duen leloa hauxe da: Euskara bihotzetik ezpainetara. Eslogan honen antzeko batzuk erabili izan dira azken hamarkadotan, ezpaina beharrean mihia eta ahoa aitatuta, baina bihotza beti lehenengo zatian.
Nire zalantza da, baina, bihotzean daramagun euskara. Edo hobeto esanda, batzuek benetan maite duten euskara.
Pasa den astean Eusko Jaurlaritzako sailburu bik hori erakutsi ziguten. Aspiazuk eta Beltran de Herediak. Aspiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua da, eta ezagutzen ez zuenak ere ezagutu du “desazelerazioa” berbari esker.
Ez diot barre egingo Aspiazuri hitz baten kateatu delako, ezinesana eragin diolako, ederra naiz, bada, ni aho-korapilatze kontuetan. Arazoa da, krisi betean zegoela “aceleración” bota zuela inongo arazorik barik, ahotrabatu barik. Horrela, bere hizkuntza nagusia zein den erakutsi zuen, gaztelaniaz zatia hobeto moldatzen dela, alegia. Euskara bihotzean edukitzea ote da hori?
Bestalde, Estefania Beltran de Herediak ere ederra bota du egunotan: ertzainak ezin izan direla euskaltegira joan ETArengatik, eta euren lekuan jartzeko! Makaleko pieza!
SATIRITA BAT, MINA ZORROZTEKO: "Estefaniatxu, eta euskararako idazlana?". "Nik egin dut e, ira, baina eske... eske... ETAk jan dit!" pic.twitter.com/CEAiuExmMD
— h28 (@H28aldizkaria) 2017(e)ko ekainak 16
Sutu egin nau adierazpen honek. Batetik, inoiz ez delako inor euskaldunon lekuan jartzen gure hizkuntza eskubideak zapaltzen direnean. Orduan, hor konpon!
Bestetik, gezur galanta esan duelako. Aspaldi dabiltza ertzainak euskaltegietan, nik neuk izan ditut hainbatetan gelan.
Gezur hori, baina, ez da bakarrik egia ez esatea, euskaltegiak kriminalizatzea ere bada. Horrela esanda, badirudi gure zentroetan pistolekin ibili garela, edota ideologia konkretu bateko ikasleak baino ez direla matrikulatu. Honek erakusten du oso gutxi ezagutzen duela Beltran de Herediak gure jarduna, ezagun du euskaltegirik ez duela zapaldu. Berari ere, agian, ETAk eragotzi zion euskara ikastea.
Indarkeria giroa aitzakia perfektua da ezkutatzeko Ertzaintzaren lehenengo erabilera plana 2014koa dela. 1982an sortu zuten, beraz 30 urte baino gehiago hizkuntza politika penagarriarekin. Izan ere, plangintza ez izatea hizkuntza politika egitea da, txarra eta kontrako. Hala ere, eskatuko digute euren lekuan jartzea, isunik ez badigute jartzen, behintzat, autoritateari men ez egitegatik; izan ere, horrelakoak gertatu izan dira.
Horregatik, Estefania Beltran de Herediak eta bere sailekoek euskara bihotzean daramatela esango dute, asko maite dutela gure hizkuntza. Baina zalantzan jartzen dut nik, zerbait maitatzeak beste modu baten jokatzea dakarrelako. Horrela ulertzen dut nik, behintzat, maitasuna.