Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Gure ume hilak

Gure ume hilak

Leire Narbaiza 2017/06/04 19:08
Gipuzkoako Hitzan 2017ko ekainaren 2an argitaratua

Orain laurogei urte beste lau mila umerekin batera, gure aita ebakuatu zuten Frantziara Goizeko Izaŕa itsasontzian. Hiru urte zituenez, eta anaia txikiago bat, amarekin joateko suertea izan zuen. Horregatik, bera eta osaba ez dituzte inon gerrako umetzat aitortzen, lagunduta joan zirelako.

Beste bost izeko-osaba ere eroan zituzten Belgika, Ingalaterra eta Frantziara. Amamak zortzigarren bat ere bazeukan, baina hemen laga behar izan zuen, Gorlizko ospitalean, gaixorik zegoelako poliomielitisak jota. Ezin dut imajinatu zer izan behar den ama batendako halakorik bizitzea: umeak Europan barreiatuta, gerra baten erdian, jakin barik berriro ere ikusiko zituen; eta hala fortunatuz gero, noiz eta zelan. Latza, oso latza.


Hala ere, sufrimenduak sufrimendu, denak itzuli zituzten Euskal Herrira. Argi dut, abaro eman zieten herrialdeetan borondate hori izan ez balitz, gutako asko ez ginela jaio ere egingo. Hala da! Horregatik ezin dut ulertu zelan ez dioten behingoz konponbidea ematen errefuxiatu eta migratzaileen tragediari. Aylan Kurdi Turkiako hondartza baten itota agertu zenetik ez dira urte bi pasatu, eta kalkulatzen dute mila eta bostehun hil direla Mediterraneoan, berrehun aurten. Gure familiakoak bezala gerratik ihesi, bizimodu lasaiago baten bila, hazteko, jolasteko, eskolara joateko.

Aylan

Gure gobernuek eta Europar Batasunak beste alde batera begiratzen duten bitartean, komunikabide askok fokua jarri dute beste ume hil batzuengan, Manchesterkoengan, alegia. Hogeita bi hildako Ariana Granderen kontzertuan bonba bat lehertu zutelako. Biktima hauetako hamaika hogei urtetik beherakoak ziren. Euren izen-abizenak, aurpegiak, zaletasunak ezagutu ditugu. Zenbait komunikabidek “gure haurrak” deitu die britainiar txiki hauei. Aylan baino gureago, antza.


Egia da, zirrara eragiten duela gaztetxo horien zerrenda ikusteak, baina “gureak” direla esatea larregi iruditzen zait. Aurreko baten idatzi nuen moduan, Siriako umeen begirada ikusten dudanean, Goizeko izarra eta Habana itsasontzietan partitutako senideen begi beltzak ikusten ditut, neure-neureak, gureak, berba baten.


Gureak, diogu, kanpoko ume hil horiez jardutean. Biolentzia jasandakoak, gerra eta mundu injustu honek eraildako haurrak. Baina Mediterraneoan itotakoak edo Manchesterren zartatukoak benetan dira urrunekoak. Gure herrian, Euskal Herrian ere hil dira eta. Ez dira ihesean itsasoan ito, ez die inork bonbarik jarri. Pobreziak eta marjinazioak hil ditu Bilboko Zorrotza auzoan ume bi eta gurasoak. Suak kiskali die etxe zaharra.


Neure buruari galdetzen diot ea inork bilbotar txiki horiengatik “gure umeak” esango duen. Ziur nago ezetz. Etxea zonalde degradatua zegoen, orain ia bi urte Bilboko udalak konpromisoa zuen hartuta bertako desegituratze soziala aztertzeko eta beharrezko neurriak hartzeko. Baina berba bete barik etorri da desgrazia eta familia oso baten heriotza.


Bilboko ume hauen izenik eta erretraturik ez dugu ikusiko komunikabideetan. Horregatik, ziur nago ez dela dolu ekitaldi masiborik izango, etxe degradatuetan bizi diren umeek gutxi inporta dutelako, oro har. “Gure umeak” dioten titularrik ez dugu ikusiko, bertakoak izan arren.


Batzuetan, gure hirietako auzo pobreak Manchester baino urrunago daude, zoritxarrez!

Gipuzkoako Hitzan

Save

Serafin
Serafin dio:
2017/06/04 20:25
Artikulu bikaina Leire.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua