Hiru desio
Petrako sarreraren mendi-zintzurrean zegoen zutik, sustraiak irten balitzaizkio bezala, ezin sinetsirik bere bizitzako ametsa betetzear zegoela. Harriarte koloretsu hark zurtuta laga zuen, bidaia-lagunak eragindako atximurkdak igarri ezinda.
Telebistan ikusi zuen basamortuan hiri misteriotsu bat agertu zela, haitzarte batean. Nerabea zen dokumental hura eman zutenean, eta harrezkero nora joan nahi zuen galdetzen zioten bakoitzean Petra! oihukatzen zuen.
Antzerako zerbait gertatu zitzaion 7. mailan Gizarte liburuan Istanbuleko Santa Sofia eliza-meskita-museoa agertu zitzaionean. Hura bisitatzeko harra hazi zitzaion bihotzean. Marabila hura historia hutsa zelako, bertan egotea atzera egitea bezalakoa izango zelako.
Bere burua aurkitu zuenean Meskita Urdina eta Santa Sofia artean, zurtuta zegoen, hodei batean bezala.
Gaztetxotan ere izan zuen kobazulo baten berri, paleolitokoa, zaldi-irudiz betetakoa: Ekain. Etxetik kilometro gutxira. Hirugarren ametsa piztu zitzaion. Imajinatzen zuen zer izango ote zen haitzuloan sartzea ilunpetan eta argi motel horrekin labarretako pintura magiko horiek ikustea.
Nerabezarotik urrun dago orain, eta egia esatera, ez zuen lan handirik egin leku miretsi horietara bidaiatzeko. Aukerak sortu zitzaizkion, gura barik, patuak nahi izan balu lez. Sortu eta aprobetxatu.
Hala ere, hegazkinak hartu, milaka kilometro egin, hizkuntza ezezagunetan moldatu behar izatea erraza izan zen. Etorri zitzaion moduan arakatu zituen bazterrok, natural.
Baina autoz joan ahal izan, hamarnaka kilometro egin, bere ama hizkuntza erabili ahal izatea, ostera, ezinezkoa egin zitzaion. Sarritan, gertutasuna eta etxekoa izatea ez direlako arrakastaren sinonimo. Larregitan, hurren dagoena ezinezkoa delako, bilatzen dena ameskeria hutsa delako.
Bidaiaren kilometro kopurua ez delako oztopo nagusia. Desiotakoa delako baldintzatzen duena, lortu ezina bihurtu, etxe atarian egon arren.
Bidaia zapuztua.