Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Loteria, soldatak eta duintasuna

Loteria, soldatak eta duintasuna

Leire Narbaiza 2017/06/18 12:12
Gipuzkoako Hitzan 2017ko ekainaren 16an argitaratua

“Lan egin barik bizitzeko, zenbat diru tokatu beharko litzaiguke loterian?”. Halako itaunak egiten dizkiegu ikasleei euskaltegian, berba egin dezaten, mintzamena lantzeko; beti ere testuinguru baten, jakina. Gogoan dut halako galdera bota nien azkenekoan, milioi bat euro irten zitzaigula zifra adostua. Milioi garbia, zergak ordainduta. Gure kalkuluak halakoak izan ziren: 200.000 euro inguru etxebizitza bat erosteko, 1.200 euro hilean jaso, eta berrogei-berrogeita hamar urte bizi. Tartean, “kapritxoren” bat: auto bat erosi, amaren etxean leiho berriak ipini, edo ahoa ganoraz konpondu. Egin kontuak, ez da asko geratzen hasierako milioi horretatik.

 

1.200 euro jarri genizkion geure buruari. Soldata minimoa zelakoan, oinarrizko gastuak bete zezakeena, baina gastu larregi barik. Beharbada, ez du ematen askorako, baina handikeria gabe jokatu nahi genuen kontuak egiterakoan. Ez  dezagun ahaztu loteria irabazleen rolean jarri ginela. Irabazle xumeak esango du norbaitek, besteren batek irabazle triste handinahi bakoak. Hipotesiak lantzeko zoragarria. Bizitza errealean, ostera, irreala.

 

Izan ere, hori eskatzen dute, besteak beste, Bizkaiko zaharren egoitzetako beharginek: 1.200 euro garbi hilaren amaieran. Luxua, alajaina! Luze doa gatazka, ordea. Iaz ere grebak egin zituzten, eta aurten apiriletik daude huelgan. Gaitza da euren borroka, sektore marjinatu biren kontuak daudelako mahaigainean. Alde batetik, zaharren zerbitzuan daude, gure gizartean baztertutako talderik badago nagusiak (ez aitita-amamak, mesedez) dira, karga hutsa bihurtu direlako, gastu handia dakarkigutelako eta ez dutelako balio produkzio mundu honetan. Eta bestetik, langileak eurak. Guztiz feminizatutako sektorea, tradizionalki emakumeon betebeharra izan dena. Zaintza da rolen banaketan “tokatu” zaigun lana, askotan kobratu barik egiten dena, sozialki inongo prestigiorik ez duena, imajinario kolektiboaren arabera prestakuntzarik ere behar ez duena, andrazkoon genetikan txertatuta baitator, horretarako jaio baikara. Zaila dute!

 

Zaila, ukitzen dituen kolektiboengatik ez ezik, azpikontratatutako beharginak ere badirelako. Gizarteari ematen diote zerbitzua egoitza hauek, zergak ordaintzen ditugunok pagatzen ditugu zentruok, eta tarteko enpresek ere etekinak atera behar. Tartean, dirua galdu, zerbitzu merkeagoa ordain, publikoa izan beharko litzatekeen zerbitzuan, diru-itogina infinitua; beraz, langileendako sos gutxiago.

 

1.200 euroko soldata eskaera hori zorakeria irudituko zaio Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari. Emakume honen arabera 650 euro nahikoa da bizitzeko. Baina ez digu azaldu zergatik, orduan, berak 7.000 eurotik gora irabazten duen. Nahikotasuna bider hamar jasotzen du-eta! Adierazpen horiek bere kontra itzul genitzake, eta iradoki genezake larregi kobratzen duela, diru publikoa alferrik xahutzen dela bere soldatetan.

 

Horregatik, sailburu honen kastakoek pentsatuko dute egoitzetako zaintzaileek eskatzen dituzten lansariak lortuz gero, pribilegiatuak direla langile hauek. Baina jarriko nituzke egoitzetakoen beharra egiten, Artolazabal 650 eurorekin bizitzera behartuko nukeen bezala. Horrela jakingo lukete zein den errealitatea. Ikasiko lukete hala bizitzea ez dela loteria, askori hori tokatu bazaie ere!

Gipuzkoako Hitzan

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2017/06/19 12:51
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua