Supermerkauan ligatzen
Gitxi ligatzen dogunondako edozer gauza da ligatzia. Gaztetxua nintzanian ligau berbiak zentzu zabalagua zekan. Esan geinkian "Zapatu gabian pilla bat ligau genduan". Horrek ez zeban esan nahi askokin enrollau giñanik, esan nahi zeban mutil askokin egon giñala berbetan, eta jente barrixa ezagutu genduala. Besterik ez.
Pelikuletan esaten dabe supermerkauetan-eta ligatzen dala. Jakiña, guri aillegatzen jakuzen pelikulak danak estatubatuarrak dira, eta hori han normala izango da, baiña niri neuri Euskal Herrixan ez jata iñoiz pasau, ezta gitxiagorik be. Beti pentsau izan dot amerikanuen gauzia zala.
Aurreko post-ian esan neban moduan, Royanen, Frantzian egon nintzanian ez neban euki zeiñekin zerbeza bat hartu. Hortaz, esan neike ez dakidala zelakuak diran bertako tabernak. Pena puntu bat be emoten zestan, baiña bakarrik egotia be taberna ezezagun baten...
Tira, harira. Egun baten, eskolatik urten eta erosketa baztuk egittera juan nintzan. Goizian fresko eta zirimirixa egiten zeban; horregaittik sudaderia eta zapatillak jantzitta nenguan, Baiña arratsalderako altzau zeban. Hori dala eta, bero egitten zeban; eguzkixak, jo; sudaderia eskuan; erosketetako poltsak dindilizka; jentia terrazetan garagardo freskua edaten...Nik ahua siku nekan, eta kriston enbidixia emoten zesten terrazetan zeguazen hárek guztiarek.
Pentsau neban supermekauan zerbeza bat erosi eta etxeko jardintxuan hartu.
Argazkiak.org | Royan-eko jardiña © cc-by-sa: txargain
Halan ba, egin neban. Supermerkaura juan eta zerbeza bat aukeratu. Baiña zein? Nik ezagutzen nittuan markak hamabiko paketan zeguazen. Ez neban hainbeste bihar, laster nintzan juatekua-eta. Gaiñera, nik garagardo hori bat nahi neban, blonde bat, eta bakarka saltzen ziranak danak ziran gorrixak. Hantxe neguan ni, txorimalo baten moduan, pòltsa, jertse, karpeta....dana besotik txintxilik, tonta arpegixakin zerbezen aurrian, aukeratu ezinda.
Nere atzian, berbetan hasi ziran. Halako baten, konturatu nintzan nerekin ziharduela gizonezko ha. Hasiertan galduteiro bat zala pentsau neban, baiña buelta erdi egin nebanian mutil guapote bat zala ikusi neban. Ni flipauta, gaiñera frantsesez, neka-neka eginda, iñoiz baiño anti-erakargarrixago. Eta bestia tar-tar-tar, jardun eta jardun. Munduko esplikaziño guztiak emon zestan apal háretan zeguazen garagardo guztien gaiñian. Tesis doktoral bat!
Ni iñoiz baiño euskaldunago, oui, non, lotsatuta. Berak bat hartu eta konbersaziño haundirik emoten ez netsanez, kajara juan zan, "Bonne soirée" opatuta. Hain neguan harrittuta...Neu be kajara juan bihar nintzan, baiña erreparua nekanez, prezio batzuk begiratzen geratu nintzan, ez nekixalako zelan saludau bihar neban, eta, bueno oso gauza bitxixa izan zan.
Gero esango dabe fratsesak bordiak dirala. Neri supermerkauan iñoiz ez jata ezezagunik berbetan hasi. Buerno, bai, andre zaharren bat preziuari begiratzeko eskatzen, antiojuak etxian ahaztu dittualako. "Oye, guapa, ¿ya me dirás cuánto vale el jabón?". Besterik ez.
Garagardua edan bittartian pentsau neban oso motz jokatu nebala, eta penia emon zestan. Etxeko andriari kontau netsan eta barre mordo bat egin genduan, supermerkauko nere ligiakin!
Portzierto, kasurik ez netsan egin zerbezia aukeratzeko momentuan, eta edan nebana ez zan oso ona. Ai, aholku emoliari jaramonik egin ez, eta damutu! Gauza raruak benetan.
Euskaldunon izakeria eta bakardadia
Frantses ikastaruak gauza asko erakutsi destaz, ez bakarrik frantsesa. Neure burua be hobeto ezagutu dot. Eta harrittuta geratu naiz. Harrittuta, ordu mordo bat pasau ditudalako bakarrik, nik gura barik. Ez dot lagunik egin. Biharbada, holakuetan ez dira lagunak egitten, ezagunak baiño; halan da be, horren faltia igarri dot.
Ezagutzen naben jentiak badaki ez dakadala problemarik ezezagunekin berba egitteko, hartu-emonetan jartzeko. Ohittuta nago. Ehunka alkartetan hartu dot parte, sarri askotan aldatu lantokiz, millaka ikastaro egin, bederatzi urte udalekuetan, nere biharra jente artian/aurrian da....Beti egin bihar izan detsat aurre jende ezezagunakin egotiari. Baiña oinguan porrota ikaragarrixa izan da.
Ez dakitt zergaittik; batetik klasez aldatu nintzalako, bestetik oso jende gitxi sartu zalako gure txandan, eta ordurako taldetxuak eginda zeguazelako. Zaharrena nintzalako....Ez dakitt, oso gaizki pasau nebala esan neike. Hamar egunetatik, zortzittan bakarrik bazkaldu neban! Triste, triste, triste.
Bigarren taldera aldatu nintzanian esperantza pittin bat izan neban. Nere taldian euskaldun bi zeguazen (izen-abizenengaittik deskubridu neban). Poztu egin nintzan. Baiña hortan geratu zan, ixa kasurik be ez zestelako egin. Gero jakin neban batek hamazazpi urte zittuala, eta normala ikusten dot, bere ama izan neikelako. Baiña ez zesten bape lagundu. Lehenengo egunean ia nungua nintzan, eta kitto! C'est fini!
Oso euskaldun portau ziran. Hasieran tap-tap bizkarrian (imajinarixuak) eta gero, karrajuetan, Epa! burakin eta kitto! Hor konturatu nintzan zelakuak garan, jarreria zihero euskalduna zalako. Harrittuta laga ninduen, baiña etxian hausnartzen pentsau neban euren jarreria oso euskalduna zala, batez be gizonezko euskaldun tipiko topikuana. Estereotipuak zeozegaittik existitzen dira, eta etxetik larehun kilometrora bizi izan nittuan.
Hurreratze saiuak be egin nittuan. Baiña alperrik. Atsedenaldi baten klaseko biñ onduan jarri nintzan makiñako kafiak urtetzen zeban bittartian. Normalena, ezta? Ez ziran gaztenak, prezisamente. Bata etiopia, bestia euskalduna. Ni onduan. Euskalduna komunera juan zanian, etiopiakin berbetan hasi nintzan. Eta gure herrikidia itzuli zanian ez zan jarri, ba, inglesez berba egiten bestiakin, ni alde batera lagata! Aitzen netsen, baiña eurek ez zekixen hori! Gaiñera, taillarraz, makiñaz eta biharraz ziharduen. Jakiña, buelta erdi hartu eta beste toki batera juan nintzan. Nahixago neban bakarrik egon!
Nik ez neban nahi iñork eskutik eruatia, planak proposatzia. Bazkal orduan, atsedenetan baten batekin egotia baiño ez zenban nahi. Eta klasiak eta gero zerbeza bat hartzen bagenduan, ederto. Ba, edan neban zerbeza bakarra etxian edan neban eta bakarrik (hori bai, supermerkauan "ligau" egin neban!). Ezin dozue imajinau zelan sentitzen nintzan! Negarrez hasi, eta ez amaitzeko moduan. Pentsau, zapatu gabian 9,30etarako ohian neguan....
Esan biharra dago, nere bigarren klasia oso maskulinua zan. Ixa danak gizonezkuak ziran. Eta musulmanak. Klaseko girua institutero xamarra zan: atzera hogei urte egin izan nebala pentsatzen neban. Ez dakit zelan esan. Neskak gitxi, zintzuak eta fiñak. Mutillak builla egitten eta barrezka. Holan. Baiña batxiller garaixan, ni buillosuen artian egoten nintzan...ez neguan ohittuta formalen aldian egoten. Horrek be jentiangandik hurrindu ninduan, empollioak beti itxixaguak diralako, eta hurreratzia gatxago.
Bigarren asterako, askok alde egin zeben. Klasian jente gitxiago geratu zan, eta girua hobetu. Ramadamama be hasi zan, eta beste giro bat sortu zan klasian. Ni hobeto, zoragarri klasian. Hori bai, handik kanpora, bakarrik. Eskerrak gallega bateri. Harek galdetu zelan nebillen, eta nik dana kontau. Behintzat, Bordelera juan giñanian eskursiñuan berakin eta Donostiako neska batekin egon nintzan. Bueno, pegau egin nintzan. Ze egin bihar neban, ba?
Azkenerako, hobeto neguan eta ez urtetzianak ez zestan hainbeste ardura, kafia hartzeko momentuetan, gitxiago giñanez, gehixago alkartzen giñalako. Eta betikua, onduen nenguanian itzuli egin bihar!
Horregaittik uste dot ni ez naizela uste neban bezin soziablia, bezin zabala. Deskubridu dot nere barruan hartu-emonak egitteko ezinttasuna, hurreratzerako orduan enbarazua, gaizki pasau dot. Eta ez nago ohittuta, krisisak pasau dittut, lagunekin-eta. Txarrak, baiña errezoi bat zeguan. Oin, baiña hain da rarua! Distantzia honetatik begiratuta be, ez detsat esplikaziñorik topatzen.
Askotan esan deste nere izakeria ez dala oso euskalduna. Baiña euskal era horrek, sentitzen dabena adieraztia, hartu-emonak egittia kostatzen jakonak urten zestan. Eta hori bada euskaldun izatia, edo euskal izakeria eukitzia, ez dot nahi! Ez dot izakera hori euki gura, gogorra dalako holan bizitzia. Et, et et!
Formala, enpolloia eta bakartixa, hori da izan naizena Royanen. Ni? bai! Leire ezkutu hori, neuk be ezagutzen ez nebana!
Eskaparate harrigarrixa
Abuztuan dendetan merkealdixa izaten da, gure inguruan behintzat. Hona hemen kartel bat:
Argazkiak.org | Kartel eleanitza © cc-by-sa: txargain
Ez da oso arruta hain kartel haundixa topatzia, euskeria be dakana bertan. Horregaittik, poztekua da. Edo ez? Bai, beti bai. Kontrakua pentsau eragitten badau be, erretratu hau ez dago Bilbon etarata, edo Eibarren, edo Tolosan. Ez. Normandian topau genduan, Caen-en. Frantzian. Katalana eta euskera badira frantziako hizkuntzak, baiña oso rarua begittandu jakun. Eta bretoia, eta okzitanua eta.... normandua? Bai, normandua existitzen da, eta iñun ez dabe aittatzen. Patoisa danez, ez daka kategorixarik.
Erretratu txar honetan dendian izena eta eskaparatia esaldi bat frantsesez dabela: "La rentrée des hommes"
Argazkiak.org | Kartela dendan © cc-by-sa: txargain
Normandiako museora juan giñanian be, berba erdirik be ez oil hizkuntza honetaz. Baiña punta horretaraiño juan, eta euskeraz topau, hamen be gatxa dana. Mundu arrebesa, ezta?
Izango dau azalpenen bat, baiña bitxixa da. Hau kontau nebanian anaiak esan zestan eurek uda honetan Albaceteko gasolinera baten beste kartel elebidun bat topaun zebela: Kastellano-Euskera. Seguru dagoz Repsol edo Campsa edo dana dalako konpaiñixia konfudidu egin zala bialtzerakuan, eta gasolinerakuak pentsauko dabela alemanez edo daguala. Bestela, aspaldi eukiko zeben kenduta, fijo.
Holantxik ba, Normandia euskalduntzen!
Hizkuntza erromanikuak eta gu
Oporretako bigarren zatixa frantsesa ikasten emon dot. Eibarko hizkuntza eskolan nabil, eta ekaiñian ez neban ahozko examiña aprobau. Horregaittik hartu neban Carelera juateko erabagixa. Bertan klase bittan izan nintzan. Lehelenguan, ni nintzan gertuen bizi nintzana. Royanen geguazen, eta Eibartik 400 bat kilometro dagoz. Gaiñera, hizkuntza erromaniko bat berba egitten zeban bakarra nintzan! Imajinaizue! Nik nekan maillarik bajuena eta onduen aitzen nittuan gauzak. Bazeguan zeozer funtzionatzen ez zebana.
Egun bi baiño ez nittuan klase horretan egin (EGA gorako mailla bat zan, nik ze egitten neban bertan, EHOn 3. maillia gaindittu barik? Sarrera proba txarra, esango neuke nik euskaltegixan pasau ezkeriok). Bertan aleman bi, suizo bat, ruso bat hiru txina, kurdo bi (alde turkokua eta alde iranikua), marroki bat, eslovaka bat, eta vietnamita bi. Eta ni. Danak txor-txor, watxi-watxi berbetan frantsesez. Leire robokopen moduan, eta akatsez jositta jarduna. Hori bai, irakaslian txiste guztieri egitten netsen barre, nahiz eta ixa iñok ez zittuan aitzen. Frantsez botatako hainbat esamolde nik danak aittu. Bai, egixa da imajinaziño haundixa dakadala, baiña gauza asko neretako oso-oso errezak ziran.
Gaiñera, kultura, politika eta bizmodu arrunteko gertaera asko neretako normal-normalak ziran. Zelan esplikau vietnamita bateri zer dan "avalanche" bat edurrik iñoiz ez badau ikusi? edo Sarkozyn gaiñeko txistiak? edo esaldixan egituria? Berba bat jakin ez, kastellanotik hartu, frantsezteko letra batzuk kendu, eta voilà! ixa beti asmatzen neban!
Eta gu hamen, jo ta sua hiru eledun bihurt nahixan: euskeria, kastellanua eta......inglesa! Ez ez dakat inglesan kontra ezer. egixa esan, madalenian fenomenua gertatzen jata inglesakin: madalenia kafitesnetan laga ezkero luzaruan, likido gitxi egon arren, mela-mela eginda geratzenda. Sartu-urten bizkorra egin ezkero madaleniakin kafitesnetan, bustiko da, baiña ez aurrekuan moduan. Ba hori. Ingles gitxi dakitt, frantsesa baiño gitxiago. Baiña ingles gitxi hori barru-barruraiño dakat sartuta. Frantsesez berba bat topatzen ez dodanian, inglesez urtetzen desta.....
Inglesa inportantia da, jakiña. Halan da be, ez detsagu garrantzi larregi emoten? Ez litzake errezagua izango hizkuntza erromaniko batetik hastia, danok kastellanodunak izanda? Ez dot esaten frantsesa, italianua, katalana, portugesa, gallegua, okzitanua.....izan leike. Askoz errezaguak, energia gitxiago gastauko geunke eta dibersifikaziñua haundixagua izango litzake.
Eta hau guztiau Euskal Herrixan ikuspegi osua kontuan hartu barik. Ez litzake lojikuagua izango onduan dakagun hizkuntzia, eta gure herrikide askon hizkuntzia ikastia? Ze, ez dakitt konturatu zarien, baiña Iparaldian Etb2n edo Radio Euskadikuak alkatxofia etara, eta kastellanoz jarduten dabe problema barik. Zelan lortuko dogu holan kohexiñua, hurreratzia?
Honekin guztionekin banintzan konsziente, baiña Royanen emondako egunetan oknturatu naiz denporia alperrik galtzen gabizela. Aprobetxau deigun!
Sandalixak eta kaltzetiñak
Aspaldiko post baten egin neban berba sandalixak janztian plazerraz. Baiña ia plazer guztiak perbersiño bat be ezkutatzen dabenez, nere bat kontau neban, sekula, etxetik edo intimidadetik kanpora burutu bakua: sandalixak kaltzetiñekin janztia.
Aurrekuan kontau nebanez, udan Normandian izan gara. Oso iparrian daguan arren, klimia hamenguan antzerakua ei da, baiña azkenko uda bixetan hotza eta eurixa baiño ez ei dau egin. Bertako ostalarixak desesperauta zeguazen. Igaz, hamen moduan eurixa goixan beheian egin zebalako, eta aurten fresko (euskalduna ez banitza, hotz esango neuke). Baiña gure maletak txarto eginda zeguazen, eta Normandiarako baiño, Benidormerako zeguazen eginda. Hori dala ta, hotzak ibilli giñan.
Gaba baten, afaltzen geguazela, ni pirata mehe batzuekin eta sandalixak, izoztuta geratu nintzan, ixa dardaka. banittuan trekiñeko zapatillak (kontatzeko) baiña larregi zan egunez ibiltzeko. Horregaittik, urtebide ideala topau neban, hauxe:
Hainbesteko grazia egin zestan, erretratu bat etaratzia bururatu jatan, blogian jartzeko.Aizue, ideal de la muerte! eroso, epel eta ondo. Klabia kaltzetiñetan dago, eta kaltzetin hónek politt askuak dira, erretratuan ondo ikusten ez badira be. marra batzak eta bihotzak dakez. Hurrenguan egizue pruebia, eta esango destazue.
Beste egun baten erretratu hau etara neban, bihatz lotsatixak erakusteko publikamente, libre eta zabal:Bixetan ondo, baiña lehelengua urtenbide ona da. Pasarela Cibelesen astion holan agertuko balitzaz modeluak, hurrengo udabarrixan, danak holan, seguru!
Apurtu deiguzen aurre-eritxixen katiak, eta zentzuna erabilli deigun! Laster errebeldia erakusteko holako gauzak baiño ez jakuz-eta geratuko. Probaizue, eguerdixan epeldu egitten dabela? Kaltzetiñak erantzi, eta kittol! Moda barri bat zabaldu bihar dogu!
Bakaziñuetako biajia
Abuztuan 15ian egin neban alde Eibartik. Hillan 30ian oporrak hartuta, etxian trankil eta goxo egoteko aukeria izan neban. Gero, ospa Normandiara, hillan 25era arte. Orduan Royanen, frantsez ikastaro bat egin neban iraillan 6ra arte! Esperientzia asko bidian, egoera ezberdin pilla bat, bizipen ugari.
Kokoteraiño nago entzutziaz "Leire, zuek beti juaten zarie Frantziara! Igaz be bertan izan ziñazien". "Eta zu Espaiñiara" erantzutzeko gogua etortzen jata! Emoten dau Kongogora goiazela, eta egixa esateko, Frantzia Eibartik gertuago dago Espaiñaia baiño (edo antzera: Castro-Tarnos). Orduan, ze dala-ta galderia? Ez dot ulertzen. Gaiñera, 2007xan Galiziara juan nintzan, eta 2006xan Madeirara...
Frantzia ondo-onduan dakagu, eta ez dakitt frantsesen kontrako manixiagaittik dan, baiña jente askon aukeria ez da izaten. Eta manixa hori nundik dator? Oporretan behin baiño gehixago izan naiz bertan, eta jentia oso amablia da, irribarre egitten detsue, berba edozein egoeratan. Pentsa, supermerkauan ligau eta dana egin neban....(kontatzeko).
Zuek be eritzin bat izango dozue, baiña iñok ezin desta ukatu Frantzia edarra danik! Eta ze ondo saltzen daben edozein toki, edozein monumento. Sarri esaten dogu: geuk be antzekua dakagu, baiña han dago, alperrik galduta. Zeozergaittik da munduan bisitta gehixen dakan estatua.
Hori bai, tokirik animauena, girorik polittena arratsaldeko zazpiretan, bat-batian, desagertu egiten da. Badirudi neutroi bonba bat jaurti dabela; hau da, jente guztia akabatzen dabena, baiña gauzak bere lekuan lagatzen dabena. Penia da, ze bonba nuklear horren ondorian ez dago iñor, eta hiririk mobiduena be fantasma bihurtzen da.
Normandia be edarra eta politta da. Plaiak luuuuziak, maria beheian zeguanian, itsasua ixa ikusi be ez zan egitten. hori bai, ez dogu harerik zapaldu, hotz egin deskulako, fresko. aurten plaiara juan barik. Hori bai, Gillermo Konkistatzaillia eta Normandiako desenbarkuaz goraiño amaittu dogu. Hemen kanposantu alemana:
Baitta kaposantu estatubatuar super-famosua be:
Baiña dana ez da hain tristia izan, eta gauza asko ikusi dittugu, nahiz ta asko ikusteka laga. Hurrengo baten be itzuli biharko gara, Jersey islara jaun barik geratu giña-eta, itsaso txarrangaittik. GPSrako abotsa grabatzen ibilli giñanian, ustedot Iturri esan zebala ia zeiñek erabilliko zeban "sartu ferryxan". ez dakizue zenbat bidar akordau naizen horrekin, Normandian makiñatxo bat fery dagoz eta: Jerseyra, Inglaterrara, Irlandara...Guk ez dakagu GPSrik, baiña kopiloto nindoiala, GPS abotsa jarri, eta "jo ezkerretara" esaten netsan lagunari....
Normandia atzian laga, eta Royanera juan nintzan, frantses barnetegi batera, famelixa frantsez batekin bizi izatera. Asko ikasi dot, ez frantsesa bakarrik (igual hori da gixtien ikasi dodana). Neure buruaz, asko; euskaldunon arteko hartu-emonaz, nahikotxo (kontazeko); bakardadeaz, larregi (kontatzeko); ze erreztasun dakaguzen frantsesa ikasteko, pilla bat (kontatzeko); nere ofiziuaz eta hizkuntza arrotz bat ikaste-irakastiaz, mordo bat (kontatzeko-kontatzeko).
Esango dozue, baiña lehenago zelan ez dozu idatzi? alde batetik, odenadore barik neguan (ez dakat portatillik). estetik Eskolan ordenadore gitxi zeguazen, pagau egin bihar zan, teklaua diferente zeguan antolatuta (korreotxo bat idaztia, tortura bat zan) eta danon bistan, hau da, kargatzerakuan nere erretratua agertzen zan, eta ez neban nahi jentiak ikustia. Etxian bazeguan, baiña ez neretako, ez zesten eskindu, behintzat. Portatilla izan baneu....
Biaje honetan egin dittut sekula egin bako gauzak: Sandalixak kaltzetiñekin jantzi (kontatzeko); galdetzen zestenia "Est-ce que vous êtes espagnole?" baietz esan (kontatzeko); energia nuklearran alde berba egin; eta abiadura haundiko trenian ibilli. Ez pentsa ur frantsesak edo ipar haiziak zoratu egin nabenik, edo ideak aldatu destazenik, ez. Esplikauko dittut banan-banan.
Sandalixena eta espaiñolidadiana, post baten. Enegia nuklearrana, errez. Klasian debatiak egitten genduazen, biñaka geguazen. Nere ikaskidiak energia nuklearran kontra egin zeban. Nik, beste erremedixorik barik, alde egin bihar izan neban! Argumento asko nekazen, hain zuzen be, nuklearzaliak erabiltzen dittuen guztiak! Ikaskidiak azaldatu egin nittuan! Grabaziño bat dago, baiña lotsian lotsaz, ez detsuet jarriko, izorrai!
AHTana errezago azaldu neike. Royanetik itzultzeko bide bakarra zan, trena. Royan-Saintes, Saintes-Bordele, Bordele-Hendaia. Lehenengo bixak, tren arruntak (euskotren baiño erosuaguak, esan bihar dot) eta Bordeletik Hendaiara, ez dago besterik! TGV hartzia beste urtenbiderik ez dago! Baiña Akizeraiño (Dax) bizkortxo doia, tira, ez da Abiadura Handia, ez horraittiok. Baiña Baionatik Hendaiara ixa 40 miñutu egin zittuan, Euskotrenen pare! Zati batzuetan Induraiñek bizikletan, ariñago egingo zeban! Holakua egingo deskue geuri? Horretarako holako txikiziñua, desatre ekologikua eta diru gastua? Ibili naiz eta egin neike berba. Izan leike Bodeletik gora abixadia hartzia, ze badakit Parisera di-da baten aillegatzen dala, baiña Bordeletik behera.....
Ikusten danez, hogeta piku egun etxetik kanpora askorako emoten dau. Eta emongo dau, gauza asko dittut eta kontatzeko. Horregaittik, Patxitrapero diñua moduan...
Jarraituko du....
2008ko Arrate eguna
Uff! denporia hamen idatzi barik, eta kontatzeko gauza mordua. Trankil, dana etorriko da-eta.
Atzo Arrate eguna izan genduan. eibartar gehixenondako egunik onena egutegixan. Ez dakit ze dakan, zek erakartzen gaittuan, ze indar gauan bertan, baiña hara goiaz ahal izan ezkero, zoratuta. Bertan, nahasketia itzela da: ume eta jubilau, gazte eta heldu, pijo eta makarra....danak zelaixan bueltaka eta....dantzan!!!!! Bai, bai, ondo entzundozue; eibartar gatzbakuok, dantzan egitten dogu Arrate egunian! Ez dakittalturiangaittik dan edo zer (altura gaitza ete?) hor jarduten dogu berbenan jo eta sua.
Atzoko egualdixa, gaiñera, zoragarrixa izan zan. bero baiña arbolapian zoragarri, haizetxua zebillen eta. arraten beste enkanto bat. Horretaz aparte, esan baihar dogua, iraillan zortzixa izeten dala alkar ikusteko eguna: uda ostian lagun/ezagunekin juntatzekomomentua. Danak moreno (edo) eta guapo (edo). Pozik eta gustora. Eibartarrak be ez dirudigu, barren!
Hain edarra izan arren, arrisku batzuk be ikusten detsadaz. alde
batetik, udalan utzikerixa azpimarraku nahuiko neuke. Jai honek
funtzionatzen dau jentiagaittik, bestela, udalak egitten daben
esfuertzuagaittik balitza aspaldi hilda egongo litzake. Bizperako
egitaraua txosneruak egitten dabe. eureri eskerrak dagoz hainbat gauza.
Udalak egitaraua ez dau ikutu juandaneko hamar urtian gitxienez. Eta
egindako ixa aldaketa bakarra orduan sasoian izan zan erromerixia orduz
aldatzia. Bostetatik zazpiretara pasau! Tarte luuuuze bat ezer barik
lagata. A! dantza solte txapelketia, baiña hori ezin da beste momentu
baten jarri?
Kontuan izan bihar dogu hurrengo eguna; hau da, gaur iraillak 9, ixa danendako bihar eguna dala, eta ixa beti eskola umien lehelengo eguna. Hori dala eta, erromerixako momenturik onenian egin bihar dogu ospa. Baiña hori erromerixiori bostetan egingo balitza gehixago difrutauko geunke danok. Eta geratzia nahi dabenak geratzia daka.
bestetik autobusena aittatu gura neuke. Pasa dan urteko akats larrixan ostian, badirudi aurten ikasi dabela udalak, baiña ez guztiz. Lau haizetara zabaldu azken autobusa 9retan zala, eta igotzeko autobusetan pegauta karteltxo bat erdera batuan azkena 8,30etan zala. Zeiñek aittu? ahaztu barik aurten igotzeko oso autobus gitxi egon dirala, eta hillaran 50 miñutu emon gendula.
Garraiuara dagokixonez, eziñ ahaztu gure lagun txapelgorri rekaudatzailliak! Alkoholemia kontrola jarritta Iturburu baiño beherago!!! zetako, dirua eta puntuak kentzeko? Alkoholemixan alde nago, baiña uste dot Goixan jarri biharko littukela, Hostalan onduan, Olabetik urtetzerakuan, edo gitxienez Krabeliñen. Bixetan dago lekua. Peligro barik. Eta ez ikastolia pasauta, ordurako zatirik txarrena eta estuena pasauta daguanian. Benetan amorragarrixa!
Aje pixka bat geratzen jata. Halandabe, atzokua gitxitxo begittandu jatan. Noizko hurrengua?
GPSrako proposamen barrixak
Honezkero bateri baiño gehixagori entzun izan detsat esaten nerekin juan dirala batera eta bestera. Batzuk hasarratu egin dira, bestiak barre, beste batzuk harrittu...Danetatik kontau deste. Nik, baiña, holako tramankulurik ez dot iñoiz probau. Gaur lehelengoz.
Famelixako bat oso eskertuta dakat. Lehen bera eta senarra juaten ziran bakarrik. Oiñ hirurok. Lehen errietak berandako ziran. Oin neretako. Horretara, ni konfunditzen naizenez, ederto baten dabil. Beste alde batetik, nagusi bat zur eta lur dago zenbat bide ezagutzen dittudan dakixanetik, "hamendik be ibilitta dago Leire?" galdetzen ei dau. Jesuuus!
Narbaizatarrok Beranon izan gara bazkaltzen, oso toki ederrian, bai horixe! GPSianak urten dau; eta, jakiña, barriak be holakotxiak izan dira. Gogorrena, baiña, anaia gaur bertan enterau dala abotsa grabatzen ibili nintzala. Ez zekixan ezer! Hónek kazetarixok ez dake erremedixorik!
Eibarrera etortzeko GPSdun automobil baten juateko eskintza egin deste. Bertan, lehengusiña bi, lehengusu bat, lengusiñian gizona eta tia juan gara. Bost lagun adi-adi. Egixa esateko bidegurutze gitxi izan dittugu, eta ni nahiko mutu juan naiz. Ez da oso astuna izan. Halan da be, nahitta hartu dogu stop baten nere abotsa entzutzeko "ahal dozunian, egin ezkerretara". Barre mordua egin dogu! Normala Iban-eta barre algaraka ibiltzia nere gerooo... hórrek entzutze. lahengusiñiak esan destan moduan, punto suspensibuak entzun egitten dira!
Lehengusua kreatibo ibili da. Berari enzun netsan aurreko bazkari baten, gaztelaniazko GPSia hasarratu egitten zala: "Cuando pueda, gire a la derecha. Le he dicho que gire a la derecha". Holakuak esaten ei dittu. Grabaziñuan proposau neban, baiña ez zesten onartu. Imajinatzen dozue: "Eskumatara esan detsut. Eskumatara, demontre!". Gustora egingo neuke grabaziño hori!
Lehengusuak sujeridu desta GCn kontrolak nun dagozen be esan neikiala, baitta karabana, semaforo gorri eta abarrak. Paisaje polittak eta gabeko bizitza be azaltzeko moduko gauzak zirala. Urriñago juanda, monumento historiko-artistikuak zein tabernarik onenak. Gustau jata!
Honen harira, Madrilleko lagun batzuek Eibarrera etorri ziranian sanjuanetankomentau zeben ederra izango litzakela GPSiak esatia: "No pare en este restop, el café es muy malo. A dos kilómetros, el cortado con crema". Hau be idea ona da, aztertzeko modukua.
GPSia ez dakitt erabilgarrixa izango dan, erosua edo zer. Guri, behintzat, Berano-Eibar eskursiñua atsegiña eta barregarrixa egin desku, ez ahaztutzeko modukua!
Juan hari Pekiñera!
"Juari Pekiñera!" Eibarko esamoldia da. Pikutara, kakatara bialtzeko beste modu bat. Eziñ egokixagua egunotan, kontuan hartuta ze giro daguan bertan (fisikua zein figuraua)
Joko olinpikuekin beteko deskuez egunkari, informatibo eta abarrak. Gura deskue siñestu eragin jokuak kirolakin baiño ez daguazela lotuta, Txinak eureri esker aldatuko dala. Aldatu, kanbixau, batzuen kontu korrientia baiño ez da aldatuko.
Txina gigantia da, alde guztietatik begiratuta. Eta Mendebaldeko gobernu "demokratiko" eta kapitalistak ezin detse ezer ukatu. Horregaittik egitten detse amen-amen. 1200 millioi konsumitzailleri zelan muziñ egin?
Pekiñen ez gala eguzkirik ikusten kutsaduragaittik? Bardin detsa! Bihargiñak esplotauta dagozela? Eta?! Giza-eskubidiak existidu be ez dirala egitten? Guri bost! Gitxiengo etniko/nazional/erlijiosuak zapalduta dagozela? Ze ardura desku! La pela es la pela.
Duintasun itxuria emon nahi detse olinpiadiari, baiña usain txarra baiño ez dau zabaltzen. Gure esaera zaharrak ez dabiz haiñ oker. Zahar hitza, zuhur hitza!
Olariaga geniala
Gaurko tira:
Geniala! Tira berean Zaldieroaren Azken Antxoa eta Zakilixut.
Egia esan, Zaklixut guztiak ez ditut ulertzen, askotan errazak ere ez zaizkit egiten. Baina ulertze ditudanean barrez lehertzen naiz. Olariaga geniala iruditzen zait, gure errealitateari oso lotua. Txisteak oso geureak.
Eta Zaldieroa? Bua, itzela! Bere pertsoianak, mundialak: Gizon Jakintsua, Taliban Jatorra, Mieltxo plastilina irakaslea, Azken Antxoa, Euskal Pilota, The Organization....Bere fan sutsua naiz!
Gaur batera ikusita Berriako joia biak, ikaragarri gustatu zait, ederra benetan!