Europarekin lotuko gintuela ere esan ziguten, baina Frantziako gobernu bik, kolore politiko desberdinetakoek gainera, berretsi dute beste hamabost urtean, gutxienez, ez dutela beste linearik egingo, eta "gurearekin" lotzearena are atzerago izango da, inoiz baldin bada. Beraz, Europa bakarra Madril litzateke, eta lotura hori zalantzakoa da, gainera. Hori gutxi balitz, egunotan esan digute aurreikusitako bidaia-denborak ez direla hain laburrak izango, automobilean egitea bezalakoak izango direla, alegia.
Hori dena jakinda, Eusko Jaurlaritzak aurrera segitzen du, guztiz tematuta lan itzel honekin. Kosta ahala kosta. Burugabeki. Daukaguna eta ez daukaguna gastatuta. Ingurumenean kalte itzulezinak eginda, langileak lan istripuetan hilda, erabili behar ez diren zubiak eraiki eta bertan behera lagata. Eta, hala ere, ekin. Egoera ekonomiko latz honetan, larrialdiko laguntzak amaitu direnean, kontziliaziogatikoak agortu zaizkigunean. Osakidetzan murrizketengatik langile gutxiago, probak eta tratamenduak laburtuta, dirurik ez dagoelako.
Gero gestio onaz egingo dute berba. Hemen gauzak buruaz egiten direla, ez daukagula erabili bako aireporturik, baina bai Euskotrenek erosi zazpi lokomotora, 22 milioi euro gastatu eta erabili ez. Edo neurriz kanpoko proiektuak, Balentziaga museoa bezalakoak: ederra baina gordetzen duenarentzat eraikin handiegia. Edo BEC erraldoia, diru-zulo hutsa… Handia, erraldoia, garaua, tantaia, jigantea… dena neurriz kanpokoa. Zenbat eta handiagoa, hobe.
Ingurura begiratuta, oso jokabide espainiarra da hori. Porlanean eta enparauetan dirua xahutu, beharbada inoiz ez erabiltzeko La Engañako tunelarekin (Kantabria eta Burgos artean) gertatu zen bezala: Santander eta Mediterraneoa lotuko zuen trenbidearen obra ikaragarri zaila eta gogorra, goitik behera amaituta zegoena, heriotzak eragin zituena baina sekula ez zutena martxan jarri. Ezagunegia kontua ezta?
Baina orain, trena ei da etorkizuna. Horrela zuritzen dute euren burua. Zaila da ulertzea, hala ere, kontu hau, jakinda joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan Hego Euskal Herria zela Europan kilometro koadroko trenbide kilometro gehien zuen lurraldea. Orain trena etorkizuna, baina orduan linea hauetako asko (Plazaola, Urola, Vasco-navarro…) eraitsi zituzten eta lurraldea errepidez bete, automobila, bere industria, erregai eta eraikuntza-enpresen mesedetan: porlana eta petrolioa elkar hartuta. Gaur egun ere halaxe: denon kontura batzuek negozioa egin, herritarrendako eskasia eta estutasuna badakar ere. Diruak baitu boterea, eta gobernua.