Emozioak emozionatzen eta hunkitzen
Asteazkenean santa eskeko kantua entzutea suertatu zitzaidan, iloben ikastolan izeko lanak egiten niharduela. Seko emozionatu nintzen, eta ez ilobak kantuan zebiltzalako, ez, txikitatik Santa Agedaren omenezko kantuak zeharo hunkitu nauelako, ez tristatu, era esplikaezinean, malkoak ere ateratzen dizkidalako; beraz, seko emozionatu beharrean, bustita emozionatzen nau…
Gertakari askok iraultzen didate barrena. Batzuetan era azalezinean begiak bustitzen dizkidate. Zergatik zarrada hori, adibidez gosaltzen, entzuten dudanean Korrika Erriberatik pasatu dela gauean? Zer dela eta emozionatu umeak eskolatik irtenda harri koskor bat eskuan “hartu, zuretako” esaten didanean? Aitaz ezagutzen ez nituen aspaldiko kontuak kontatzen dizkidatenean…
Halakoetan txepel samar sentitzen naiz, normalean leku era une desegokienean hunkitzen nautelako. Baina negarra, batzuetan kontrola ezina izaten da, eta barregarri sentitzen naiz. Baina zergatik sentiarazten gaitu hain erridikulo hunkidurak sortutako negarrak? Han naturala eta polita izan litekeenean? Ez dira minak edo tristurak eragindako malkoak, maitasunak eta kariñoak baizik. Barrua birloratzen digunak gure sentimendu sakonenarekin konektatzen duenean.
Pertsonok bagara izatekoak, gero: errazago lotsarazten gaituzte sentimendu onek edo kontu positiboek, joera makurrek edo gogortasun eta zakarkeria jokaerak baino. Nork esplika liezadake hau? Zergatik goresten da estoizismoa eta intsentsibilitatea, sentimendua eta bihozberatasuna beharrean? Ez dulert!
Ba, nik jai daukat! Beti izan naizelako halakoa, eta uste nuen adinean aurrera joan ahala gogortuko nintzela. Baina, ez, bada, areagotu egin zait, eta gero eta sentikorragoa naiz. Egun batzuetan, telebistako edozein tontakeriak ere samurtzen nau. Hormonak ote dira? ni bigunagoa? Ez dakit, auskalo.
Emozioen munduan, baina, ez dago soilik hunkitu eta negarra sortzen digutenak. Emozionatzeak anitzak dira. Xuxenek markatu egiten dit “emozionatu” hitza eta hiztegietara jotzean “hunkitu” ematen didate emozionatu-ren ordainetan. Baina orain aipatu nahi ditudan emozioak ez dira hunkipenak, zirrarak baizik, inarrosi egiten gaituzte barrutik. Zerbait ona gertatuko den sentsazioa, ilusioa eragiten digun zerbaitengatik. Urduritasun gozo hori, 6 urteko umea goizeko 4retan esnatzen duena, bere urtebetetze eguna delako; aspaldi ikusi bako lagun kuttunekin asteburu-pasa goazelako aurretiaz sentitzen duguna; mutil desiratu horrekin plana egin eta hitzorduaren aurreko momentuetan burutik pasatu eta sabelean tximeletak sortzen dizuna; elkarri emango diozuen musuaren promesa ezpainetan sentiarazten dizun txindurritze hori,…
Zirrara, zauskada, birlore, zarrada, mugidalda, inarrospen horiek, horiek dira esperantza ematen digutenak, ahoan irribarrea eta esna amets egitera bultzatzen gaituztenak. Bizitza ederra eta betea dela adierazten digutenak, benetan hemen egotea merezi duela berresten digutenak. Horiek. Zer ginateke, bada, emozio gabe? Zerba mugikorra, zerba hankadunak!
Malkoetaraino hunkitu ninduen eta hunkitzen nau honek!