Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Porlanezko gezurrak

Porlanezko gezurrak

Leire Narbaiza 2015/03/06 11:10
2015eko martxoaren 6an Gipuzkoa Hitza-n argitaratuta

Orain hogei bat urte erosi nion udalekuetako begiralekide bati abiadura handiko trenaren kontrako kamiseta. Proiektu horren berri urte batzuk lehenago izan genuen, baina orduan, nikia erositakoan, jaso nituen azalpenak, eta hortik aurrera, eskuetara heltzen zitzaidan guztia irakurri.

Hogeita bost urtean gabiltza bueltaka trenaren kontu honekin: abiadura handikoa izango zela. Gero ezinezkoa zela gure orografia eta distantziengatik eta abiadura altukoa izango zela. Ostean, pertsonak garraiatzeko ez ezik, merkantziak ere eramango zituela. Beranduago, ezetz, tren-geltokietan biltegi erraldoiak egin behar zirelako eta bateraezina zela hori hiriburuen erdigunera ailegatzearekin.

Europarekin lotuko gintuela ere esan ziguten, baina Frantziako gobernu bik, kolore politiko desberdinetakoek gainera, berretsi dute beste hamabost urtean, gutxienez, ez dutela beste linearik egingo, eta "gurearekin" lotzearena are atzerago izango da, inoiz baldin bada. Beraz, Europa bakarra Madril litzateke, eta lotura hori zalantzakoa da, gainera. Hori gutxi balitz, egunotan esan digute aurreikusitako bidaia-denborak ez direla hain laburrak izango, automobilean egitea bezalakoak izango direla, alegia.

Hori dena jakinda, Eusko Jaurlaritzak aurrera segitzen du, guztiz tematuta lan itzel honekin. Kosta ahala kosta. Burugabeki. Daukaguna eta ez daukaguna gastatuta. Ingurumenean kalte itzulezinak eginda, langileak lan istripuetan hilda, erabili behar ez diren zubiak eraiki eta bertan behera lagata. Eta, hala ere, ekin. Egoera ekonomiko latz honetan, larrialdiko laguntzak amaitu direnean, kontziliaziogatikoak agortu zaizkigunean. Osakidetzan murrizketengatik langile gutxiago, probak eta tratamenduak laburtuta, dirurik ez dagoelako.

Gero gestio onaz egingo dute berba. Hemen gauzak buruaz egiten direla, ez daukagula erabili bako aireporturik, baina bai Euskotrenek erosi zazpi lokomotora, 22 milioi euro gastatu eta erabili ez. Edo neurriz kanpoko proiektuak, Balentziaga museoa bezalakoak: ederra baina gordetzen duenarentzat eraikin handiegia. Edo BEC erraldoia, diru-zulo hutsa… Handia, erraldoia, garaua, tantaia, jigantea… dena neurriz kanpokoa. Zenbat eta handiagoa, hobe.

Balenciaga museoa

Ingurura begiratuta, oso jokabide espainiarra da hori. Porlanean eta enparauetan dirua xahutu, beharbada inoiz ez erabiltzeko La Engañako tunelarekin (Kantabria eta Burgos artean) gertatu zen bezala: Santander eta Mediterraneoa lotuko zuen trenbidearen obra ikaragarri zaila eta gogorra, goitik behera amaituta zegoena, heriotzak eragin zituena baina sekula ez zutena martxan jarri. Ezagunegia kontua ezta?

Han fondoan argia ikusten da...

Baina orain, trena ei da etorkizuna. Horrela zuritzen dute euren burua. Zaila da ulertzea, hala ere, kontu hau, jakinda joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan Hego Euskal Herria zela Europan kilometro koadroko trenbide kilometro gehien zuen lurraldea. Orain trena etorkizuna, baina orduan linea hauetako asko (Plazaola, Urola, Vasco-navarro…) eraitsi zituzten eta lurraldea errepidez bete, automobila, bere industria, erregai eta eraikuntza-enpresen mesedetan: porlana eta petrolioa elkar hartuta. Gaur egun ere halaxe: denon kontura batzuek negozioa egin, herritarrendako eskasia eta estutasuna badakar ere. Diruak baitu boterea, eta gobernua.

 

Serafin
Serafin dio:
2015/03/07 22:03
Bikaiña Leire.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua