Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Nazioarteko egunek balio ote dute ezertarako? eta Martxoaren 8ak?

Nazioarteko egunek balio ote dute ezertarako? eta Martxoaren 8ak?

Leire Narbaiza 2015/03/16 19:44
Euskadi irratiko Faktoria saiorako egindako kolaborazioa 2015eko martxoaren 13an

Urteko egun guztiek badute horrelako omena. Batzuetan baita bi ere. Egun batzuk nazioarteko egunak dira, besteak ez. Gaixotasunak borrokatzekoak, hizkuntzak defendatzekoak, giza-taldeen aldekoak,... denetatik aurki liteke.


Baina nire galdera da ea ezertarako balio duten egun horiek, eraginik ba ote duten defendatzen duten hori ezagutarazteko edota zabaltzeko. Kontzientziatzen ba ote gaituzten. Nik, printzipioz, ezetz esango nuke. Izan ere, argazkian agertzeko baino ez dute balio, plantak egiteko, guai garela azalarazteko, orain hain modan dagoen “postureorako”. Denok agertu nahi dugu munduaren aurrean cool garela, konprometituak eta kontzientzia solidarioa daukagula. Argazkiak eta mezuak zabaltzen ditugu sare sozialetan gure kontzientziazioa azaltzeko, baina hurrengo egunean ahaztu zaigu bezperan


Eta emakumeen egunaren gainean jardun genezake, pasa den igandean egin zelako. Lehengo esan, aspaldi galdu duela “langile “ adjektiboa, eta gainera, pluralean erabili beharko genukeela, emakumeak askotarikoak garelako eta andrea izateko modu anitz dagoelako.


Esandako moduan aurreko domekan ospatu eta aldarrikatu genuen gure eguna. Eta martxoaren 8 honetan nazioarteko egun hauen balioaz jabetu naiz. Beraz, oraingoan aldeko jarrera dut. Beharbada, beste baten pentsatuko dut sarreran moduan, ondo geratzeko eta itxurakeria hutsa direla, baina aldakorra naiz, beletosia Eibarren esango genukeen legez.


Kontua da, Villabonan egun horretan bertan eraso sexual baten ahalegina izan zuela neska batek, eta aste honetan bertan espainiar estatuan 3 emakume erail dituztela beraien bikotekideek edo bikotekide ohiek. Horregatik besterik ez bada ere, kasu larri hauek ikusarazteko, beharrezko zaizkigu halako egunak.


Tira, larrienean jarri naiz, baina nahiko nuke “Bechdel testa” http://eu.wikipedia.org/wiki/Bechdel_testa berriro ere pasatu behar ez izatea (film, antzerki, liburu eta abarretan egiten dena) , ez atzera ere ez kontatzea zenbat emakume dauden hitzaldi bateko argazkian, etb-ko debateetan, Faktoriako kolaboratzaileen artean. Halaber, kirol berrietan, emakume izenak irakurri eta entzutea gura nuke.


Mereziko luke nazioarteko egun honek titietan begirada iltzatuta izaten dutenek begietara begiratu baligute, kalean leku ilun eta bakartietatik pasatzean beldurra desagertuko balitzaigu, “neska baten moduan egiten duzu korrika” mespretxuzko esamoldea izateari utziko balio.


Ederra litzate ostera ere “feminazi” berba ez entzutea, neska gazteek ez pentsatzea feminista izatea henbrista izatea dela, berdintasuna ahoan erabiltzen duten horiek baina feministak gorrotatzen dituztela/gaituztela esaten duten horiei kareta kentzea...


Mutikoak arrosaz janztea eta arrosa gustatzen zaiela libre aitortzea. Maitagarriak gustuko dituztela. Gizonezkoek publikoan negar egin ahal izatea, sentimenduak agerian erakustearen libertateagatik ere egingo nuke gustura egun hori.


Eta neskak futbolariak milioiak irabaztea, inork ez galdetzea “Nobioa, noizko?”, “eta ezkontza?”, “ez duzu umerik ekarri behar?”, “ume bakarrarekin geratuko zara/zarete?”. “Señorita” portatu beharra, fin. Takoiak, depilazioa eta abarrak tirania izan ez beste aukera bat baizik. Itxura ez izatea kontuan hartzen zaigun gaitasun bakarra. Fregona eta erratzarekin ez ginela jaio jakinaraztea…


Horrelako kontu txiki eta handiengatik merezi du aldarrikatzeko egun bat izatea, 365 izan daitezen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua