Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Musu emateaz

Musu emateaz

Leire Narbaiza 2015/01/30 11:14
Euskadi irratiko Faktoria saioan 2015eko urtarrilaren 30ean egindako kolaborazioa

Nora Barrosoren artikulu honetatik abiatu nuen hausnarketa. Bertan, laburbilduz, -eta spoiler-ez beteta-, esaten du umeak derrigortzen ditugula musu ematera beraiek nahi ala ez, eta ea nola egin genezakeen hori, bizitzako beste etapa batean halakorik onartuko ez genukeenean ez egitea, ez jasatea.

Egia esatera, musu ematerena ohitura kontua da. Etxe batzuetan elkar musukatzea gauzarik arruntena da: jaikitzean, oheratzean, kalera joan edo kaletik etortzean,... familiartean elkarri musu bi ematea da ohikoena. Gurean hala izan da, eta nire inguruko batzuetan ere halaxe. Badakit beste familia batzuetan inoiz ez diotela elkarri musurik ematen, eta haluzinatu egiten dutela musu-emate ohitura honekin.

Musuzalea naiz, aitortzen dut, inongo lotsa barik. Eta ingurua ere halakoxea dut, zorionez. Hori bai, beti estimatzen eta maite dudan jendearekin dut gustuko musuarena. Eta adinarekin gero eta musuzaleagoa bihurtu naizela esango nuke. Baina ez ditut jasaten konpromisoz emandakoak, adibidez. Are gutxiago azken aldian modan jarri diren horiek: emakumeok aurkezpenetan/lanean gizonei eta beste emakumeei derrigor eman beharrekoak. Zergatik, baina, musukatu behar dut arlo profesionalean ezagututako hura? Gizonek euren artean musukatzen ote dute elkar? Ana Pastorrek eta Ana Oregik elkar musukatu ote zuten? Eta Zergatik ez Rajoyk eta Urkulluk?

Lehen esan bezala usadio kontua da. Frantzian normala da gizon bik elkarri musua ematea, Charlie Hebdorenaren ondoren ikusi dugun bezala. Hego Euskal Herrian eta Espainian, zergatik ez?

Sobiet Batasunean ere hala zen: telebistan ikusten genituen ume ginela bertako agintariek (denak gizonak) elkarri musua ematen ziotela, eta gainera ahoan. Leonid Brezhnev (SESBko lehendakaria) eta Erich Honeckeren (Alemaniako Errepublika Demokratiko lehendakaria) artekoa da famatuena


Musuak, gustuko izan ala ez, soinudunak baina adur bakoak izan behar dira (sonoros y sin babas). Utikan airera emandakoak, pija askok makillajea ez kentzeko egiten duten moduan! Kanpora! Eman egiten dira ala ez, baina eman behar baditugu eman ditzagun ganoraz, demontre!

Badakizue nola ematen dioten musu elkarri inuitek? eta Zelanda Berriko aborigenek? Badakizue zer den behi-musua? eta tximeleta-musua? eta metraileta-musua? Zer nahiago duzue lagunak ahoan musukatzea ala matrailetan? Eta nola esan euskaraz: “musu frantsesa, torloju-musua, musu bustia edo musu-bihurritua”? E?

Euskaraz izen asko dauzkagu musuak izendatzeko. Siku fama izanda, hiztegi oparoa izatea ez da kontraesana? Tira, famak fama, asko musumerke samarrak gara. Adibidez, gure aldean laztan erabiltzen dugu musua izendatzeko, gero ume berbetan badugu pa, ma eta apa. (Mesedez, hainbeste izanda, patxito desterratu zuen ahoetatik!!!!! Patxo!!!!!))) Beste leku batzuetan pot esaten diote. Eta badugu izen bat aurpegian ematen ez diren laztanendako: muin,... Eta musukatu eta laztantzeaz gain, potkatu eta musuzkatu eta ezpainka... Eta deskubritu dudan hau: potikeiatu, musukatu esateko, ederra, ezta?

Ba, hori laztan eta musuka dezagun elkar, nahi izanez gero, jakina!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua