Gaztetasuna, itxura eta edertasuna
(Ez dut aldatu ezer, baina irakurle zaren horrek nahi duzun izena jar diezaiokezu, Uma Thurman, Renée Zellweger, edo burutik pasatzen zaizun edozen aktore edo famatu)
Uma Thurmanen argazki batek asaldatu ditu sare sozialak, asaldatu gaitu gu. Aurpegi eraldatuaz agertu da gala batean. Zeharo operatua, antza. Hautsak harrotu ditu irudiak eta denetik irakurri ahal izan dugu: batzuek trufa egin diote, beste batzuk estonatu egin dira, beste askok pena sentitu eta gehienok atsekabetu.
Thurmanek 44 urte ei dauzka. Aktore ona, hainbat sari jasotakoa. Famatua egindako lanagatik, errespetatua. Era berean, emakume ederra, ikonoa. Polita izan barik askorendako edertasun handikoa, erakargarri, liluragarri eta xarmagarria.
Zer ote da gizarte, zine-industriaren eta edertasun kanonaren presioa! Halako emakumeak, itxura baten guztiaren jabe denak, bisturi ankerraren pean men egiteko! Zer ote da gure moduko andre korriente eta ezdeusendako!
Krudelak gara. Barre egin diogu aurpegiera berriari. Baina, ez genioke barrerik egingo zimurrez beteta agertuko balitz? Sare sozialetan ez lukete txisterik egingo? Cuore moduko aldizkariek ez lituzkete aggg eta ufff-ez beteko argazkiak?
Baina komunikabideak ez ezik, gu ere kezkatuta gaude zahartzaroarekin. Ez da denbora luzea horretaz jardun genuela irratsaio honetan. Jende arrunta kezkatuta badago, nola ez da egongo, bada, halako aktore bat; jakinda, gainera, adin batetik aurrera ikus-entzunezko munduan emakume heldurik ez dela? Paper bat lortzea ezinezkoa dela Meryl Streep izan ezean? Beti gazte izan behar badira, nora egin izkin kirurgia estetikoaren sirena-kanta eztiei?
Zimurrak aipatu ditugu, baina ezin dugu ahaztu inposatzen diguten kanon estetikoa: argal, eder, ile zuri gabe, azal leun eta abarrak. Ikusi duzue inoiz edozein arratsaldetan zein iragarki ematen dituzten telebistan? Ikaragarria da, dena da arazo, eta ia denok andrazkook sufritzen ditugu: aipatutako zimurrak, begi-zuloak, ilea ere zahartzen omen zaigu, tripa, ildaskak, idorreria, kilo gehiegi, laranja-azala, atzazal ahulak, zelulitisa, barizeak, odoluzkiak, orpo zartatuak, juanikoteak,... Edozeini konplexua sortzeko moduan, krema, ukendu eta tratamendu mirakulutsuei esker kanon lortezinean sartzeko, era zoro eta absurdoan.
Atzo irakurri nuen EAEn neskek diren baino lodiago daudela uste dutela, bere gorputzaren pertzepzio okerra dutelako. Mutilei, ostera, gutxiagotan gertatzen omen zaie hau. Oso adierazgarria! Baina nola ez da hala izango bonbardatzen bagaituzte horrelako eslogenekin: “Egunean zehar, emakume batek 10 aldiz begiratzen dio bere buruari ispiluan, ikusteko zer aldatu den eta zer ez”. Olay-ren krema bat iragartzeko. Benetan? Hori sinestarazi nahi digute? Ze kaka sartzen digute buruan kontsumo zoroan eror gaitezen?
Presio hori guztiori jasan arren, gure senean gaudela esango nuke, oraindik. Eta miragarria iruditzen zait. Uma Thurman izan ala gu geu eragina antzekoa da: edertasun eta gaztetasun kanon absurdo eta eroan uztartu eta lotu nahi gaituzte, denok.
Post scriptum:
1-Orduan zein da Uma Thurmanen benetako aurpegia? Makillajearekin ni ere izan ninteke Thurman? Nolakoa du benetako aurpegia?
2-Irudiaren morrontzaz eta askatasunaz artikulu interesgarria irakurtzea gomendatzen dizuet (gaztelaniaz): ¡Eres libre, tonta!