Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Jai egunak, egutegiak eta arrazionalizazioa

Jai egunak, egutegiak eta arrazionalizazioa

Leire Narbaiza 2015/03/20 10:44
Euskadi irratiko Faktoria saiorako 2015eko martxoaren 20rako egindako kolaborazioa

Martxoaren hogeia dugu gaur, ostirala, denok jakingo duzuenez. Gutako asko ez gara lanera joan, atzotik jai hartuta baikaude. Izan ere, atzo Euskal Herri penintsularrean jai izan zen, san Joseren omenez. Kendu eta jartzeko jaia. Santu hori banintz, haserre nengoke, batzuetan aintzakotzat hartzen nautelako eta beste batzuetan ez, nahieran. Baina nola liteke hori? Ospatzeko modukoa da ala ez?


Egia esatera, jai bada hartu egingo dut. Egokia izan ala ez, prest nago lanera ez joateagatik, benetan. Bestela beti egongo da aitzakiaren bat lanean etengabe jarduteko. Eta dolce far niente gustukoegia dut…


Tira, jai egun kontu honekin hainbat gauzari begiratu behar zaio. Alde batetik jai egun propioena; izan ere, jai asko Frantzia edo Espainiako jaiak dira, eta guk euskaldunok, ez dugu gure-gureri, zazpi herrialdeak batuko dituenik. Agian Euskararen eguna esango didazue. Bo, Xabierko Frantziskoren egunean jarri zuten, hil-hurren zegoenean hizkuntza ezezagun baten egin zuelako berba. Hizkuntza ote zen ala lardaskatu zituen fonema batzuk? Nork jakin! Hori bada Xabierrekoak euskararen alde egindako guztia, ez dakin nola iraun dugun euskaraz gaur egun arte. Beste eguna, Aberri eguna da. Ez dakit zergatik aukeratu behar izan zuten Berpizkunde igandea horretarako. Ez dakit zein arrazoi dagoen Euskal Herria eta Jesukristoren ustezko erresurrezioarekin lotzeko. Sekula ez dut ulertu. Gainera, beti opor denez, horretarako ere irtenbidea bilatu beharko genuke.


Bestetik, laikotasun eza dugu. Maiatzaren bata daukagu, ederki, baina horretaz gain ezer gutxi: Konstituzioa eta Mundu gerren bukaerak, armistizioak. Zer nahi duzue esatea? Ni neu ez naute gehiegi motibatzen. Zein ospatu genezake? Zein egun margotu beharko genuke gorriz egutegian, santu edo amabirjina barik? Egia esatera, ez zait bururatzen!


Gainera, urtea ere, egutegia jai erlijiosoen gainean dago eraikita; Gabonak eta Aste Santua. Eta azken hau mugikorra da! Ilargiaren araberakoa, lunatikoa! Batzuetan oso goiz, besteetan oso berandu, hiruhilekoak antolatzeko desastrea!


Horregatik zerbait arrazionalagoa proposatu nahi nuke, udazkenean dauden jai guztiak pilatzea saihesteko (urriak 12, azaroak 1, abenduak 6-8!), eta gero urtarriletik martxora ezer ez! Hori dela eta nire proposamena: solstizioak eta ekinozioak ospatzea. Lau hilean behin jaitxo batzuk izatea, ondo banatuta urtean zehar, kartesiarki, matematikoki. Egoki. Eta jai egun solteak (maiatzak 1, salbatu dudan bakarra, gehiago beharko genituzke) sakabanatuago beharko lukete.


Tradizio batzuk amaitzea litzateke, baina Corpus egunak ere ukiezina zirudien (“Tres jueves hay en el año que relucen más que el sol: Jueves Santo, Corpus Christi y el día de la Ascensión”) eta azken hogeita bost urtean ez da jai izan, eta inork ez du negarrik egin. Dena alda liteke, ohitura eta tradizio berriak sortuko dira, eta orain daudenak, eraldatuko. Imajinatzen dituzue Inauteriak eguraldi hobearekin, udan, adibidez? Ederra litzateke!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua