Euskaldunoi euskaldunek barkatzen ez dizkiguten "akatsak"
Euskaldunok, bilbotarrak bezala, edonon sor gintezke. Euskaldun izateko ez da Lekeition jaio behar, edo 8 abizen euskaldun izan, edo Gabikagojeaskoetxea Zendagortagalartza deiturak eduki, edo 0 Rh negatiboa izan odol-taldea, edo gene konkretua eraman ADNan. Izatearen borondatea baino ez da behar: euskaldun izan nahi dut, eta izan. Euskaldun izan gintezke sekula Euskal Herria zapaldu barik, edo guraso andaluziarrak izanda, edo Kevin Alfonso izenak eramanda; edo beltzak, edo jainko eskandinaviarren itxura izanda. Izan gaitezke euskaldun forro polar gabe eta perladun belarritakoak jantzita. Gure gogo, nahi eta erabakia da-eta.
Horregatik esan genezake euskaldunok anitzak garela, denetarik dagoela eta estereotipoek ez dizkigutela balio, orain inoiz baino gutxiago, gainera. “Hori ez da GURE estiloa”, “GU ez gara horrelakoak” eta antzeko esaldiak gorrotagarriak izateaz gain, ikuskera partziala eta irreala dira, eta baztertu beharko genituzke.
Hala ere, gurean estereotipoek bizirik diraute eta badira gure komunitatean onartzen ez diren akatsak edo ez-bertuteak. Hiru direla esango nuke: alferkeria, zekenkeria eta berritsukeria. Euskaldun praktikante izan arren hiruretako bat (edo gehiago) daukagunok sufritu egiten dugu, akats dena bertute ere izan litekeelako.
Euskal Herrian ez dugu onartzen bakoitzak berea ordaintzea, katalanen modukoa izatea dela deritzogu. Horren ordez, borrokan ibiltzen gara nork ordainduko. Batzuetan barregarri ere geratzen gara tabernetako barretan, gure pagatu nahi horretan tematuta. Eskuzabaltasun honek gutxirako balio dugu, haatik; beti egongo delako norbait gure txandan, denok garagardoa edan eta berak gin-tonika eskatzen duena. Gainera, inoiz ez diogulako ezer esango, amorrua eman arren.
Langile izatea ere euskaldun zintzoaren imajinarioan txertatuta daukagun beste bat da. Beharginak gara, saiatuak, ekinak, berakatzak baino finagoak. Orain, ordea, badakigu sarritan lantokietan ondo eginaren pagua, ate atzean palua izaten dela. Halere, alferkeriak “keria” izaten segitzen du. Produzitu beharra dugu. Beti, ordu libreetan ere zerbait egin behar dugu, sekula ez geratu. Aprobetxatu berbarekin oso lotua dago hau guztiau. Dolce far niente-rako “egonean egon” tristea asmatu dugu, geldi, alegia. Ezin geldi egon, halere. Inoiz ez dituzue ikusi tren geltokietan trenaren zain dabiltzan ibiltari zoroak? Andena alderik alde pasu kementsuz -ia militarrez- etengabe korritzen duten horiek? Zertan dabiltza? Gimnasioarena aurrezte aldera? Jesartzeak kalte egiten ote die?
Eta inoiz konturatu zarete zenbat azalpen eman behar dira bigarren pisura igogailuan igotzeagatik? Eta ze aurpegi txar jartzen duen jendeak? Nik bai! Zergatik? Hori alferkeriaren seinale delako gure kulturan!
Asteburuan etxean sartuta egon zarela musika entzuten eta irakurtzen edo hartz-hibernazioan esanez gero? Gaizki ikusita dago, izan ere, ez dugu ezer egin, ez gara irten, autoa hartu, mendikada egin,... alferrak gara, gizartearendako kalte handia!
Eta hirugarren bekatu kapital larria: berritsua izatea! Bai, jaun-andreok, euskaldun izatea eta berbontzia izatea ez ei da bateragarria, edo batera badoaz (ni neu nauzue adibide) gaitzesgarria da. Hitzontzion gurutzea! Baina euskaldunek isil fama badute ere, gezurra da. Denok dauzkagu (edo izan ditugu) familian eta inguruan hizlari apartak, kontatzaile trebeak, berba asko egiten zutenak, ipuinak, jolasak, aho-korapiloak-eta transmititu dizkigutenak, euren umetako pasarteak kontatu dizkigutenak, gerrako kontuak, gaztetako ohiturak. Kalakari horiei esker ahozko ondarea dugu, altxor eder hori. Isil ea mutuak izanez gero, hizkuntzarik ere ez geneukake! Gainera, euskaldun berbaldunak existituko ez bagina, zer entzungo zenukete irratian? Musika hutsa? Eskerrak berriketarioi!
A, eta ohartxo bat: berritsu ez da kontakatiluren sinonimoa, e, hiztegigileok?
Estereotipo hauekin batzuetan sufritu ere egiten da. Batez ere, nire kasuan moduan, “akats” hauetako bi izanez gero! Zabaldu burua, demontre, bada ordua eta!
Hala ere, "kontakatilu" eta "berritsu" ondo ezberdindu dituzun moduan ezberdinduko nituzke "hizlari apartak edo kontatzaile trebeak", batetik; bestetik, "berba asko egiten dutenak". Ez dakit ba kontalari ona izateko neurrian ez ote den berba egin behar...
Badakizu, neure buruari zer ikasi esaten... :-)