Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Jo encara no parlo català dio Peri Rossik

Mikel Iturria 2007/10/01 06:00

Baga

Cristina Peri-Rossi idazlea kanporatu dute Catalunyà Radiotik.

Biga

Kataluniako telebista eta irrati publikoaren Administrazio Kontseiluak (CCRTV) onetsitako printzipioen arabera, (3.2 puntua):

"Els locutors, conductors, entrevistadors i col•laboradors fixos, així com persones contractades per les empreses de la CCRTV (amb contracte laboral, mercantil o per obra determinada) utilitzaran sempre la llengua catalana quan estiguin en antena. L’ús d’altres llengües serà excepcional i motivat, recomanant sempre que sigui possible la traducció simultània".

Higa

Ez dakit zehatz-mehatz noiztik dagoen testua indarrean (webguneak dio 2006ko martxoan aldatu zituela printzipioak Administrazio Kontseiluak). Dirudienez, orain arte beste aldera begiratu dute, baina aurtengo uztailaren 17an katalanez mintzatzera derrigortzea berretsi zuen aipatu kontseiluak.

Laga

Peri Rossi solaskidea, beraz, kalera. Manifestu bat atera dute eta nahi duenak sina dezake helbide honetan. Kontutan hartzeko datua da Cristina 1974tik bizi dela Katalunian.

Espainiako erreinu pluralean gazteleraz jakitea derrigorrezkoa da, baina hizkuntza ko-ofizialak ez daude maila berean. Beraz, epaitegietara joz gero, Peri Rossik irabaziko du.

Boga

Jose Mari Pastorek erreportaje luzea sinatu zuen Berrian Kataluniako egungo egoerari buruz irailaren 22an. Berpiztu den burujabetzaren gaia zela-eta, Anna Gabriel Sabatek, CUP-aren bozeramaileak zera zioen: "Hauteskundeei begira sortutako maniobrak direla iruditzen zait, oihartzun mediatikoa lortu dutenak".

Sei

Begoña Erraztik bota zuen aurreko batean desobedientzia zibilaren bidea ez zuela baztertzen. Barrez hasi nintzen. Jaitsi zaitez lehendabizi auto ofizialetik, neska! Hauteskunde giroa hemen ere. Are gehiago Ibarretxek pasa den ostiralean esandakoarekin.

Zai

Gaur egungo Euskal Herrian halakorik ezinezkoa litzateke, euskararen egoerak ez duelako horrelakorik ahalbidetzen. Euskara eta gaztelera dira nire hizkuntzak, biak. Berdin maite ditut, gainera. Halere, ulertzen dut katalanek hartutako neurria.

Zoi

Jo encara no parlo català, parla-m’hi! Cristina, ez zaitut ulertzen.

En castellano

Wikifarraren amaieran egon nintzen

Mikel Iturria 2007/09/29 18:00

Izenburu honekin ordu txikitan bukatu zela pentsatuko du norbaitek, baina, keba goiz etxeratu ginen.

Zer da wikifarra?

"Wikifarra %100 irekia dagoen topaketa bat da. Internet eta teknologiaren inguruan dabiltzan pertsonak bildu eta ondo pasatzeko egun baten moduan dago pentsatua". Bigarrena zen hau, lehenengoa, Arrasaten egin baitzen 2006ko otsailaren 23an.

Berandu eta ezer esan gabe agertu nintzen. Imanol Aizpuru artistaren Pan, circo y boogie boogie erakusketaren inaugurazioaren ondoren, afaldu eta Doka Kafe Antzokira hurbildu ginen.

Astean zehar gainetik begiratu nion wikifarrari eta ez nekien zehatz-mehatz plana zein zen. Han bertan egongo zirela pentsatzen nuen, baina afaltzera joanak ziren gu agertu ginenerako. Eskerrak afaldu ondoren handik pasa zirela Teketen, Etxenike (aspaldiko partez agurtu nuen), Arkaitz eta Gaztesareako kide bat (barkatu, baina ez nintzen izenarekin geratu). Badakit ere Haritz egon zela, baina lehenago aldegin zuen. Ez galdetu jende gehiago gerturatu ote zen.

Tragoren bat edo beste hartzeko aukera izan genuen, behintzat. Barre batzuk egin genituen ere. Dena oso lasai.

Portzierto, ni bezala, ezer esan gabe, Chris Coleman ere gerturatu zen. Berarekin batera talde teknikoko pare bat lagun. Gaur goizean, aspaldiko partez, kiniela egin dut. Realak Xerezen irabaziko duela jarri dut.

En castellano

Assumpta Montellàren proiektu berriak

Mikel Iturria 2007/09/26 06:00

Bitan idatzi dut blog honetan Assumpta Montellàri buruz (bat eta bi) eta hirugarrenez nator gaur.

Mataróko idazlea Katalunian ezaguna egin zen La maternitat d´Elnarengatik. Ale asko saldu ditu Elisabeth Eindenbenz maistra suitzarraren istorioa kontatzen duen liburuarekin eta memoria historikoaren (katalanek memoria demokratikoa deitzen dutenaren) zati garrantzitsu bat errekuperatzeko balio izan duen emozioen kutxa bilakatu da lana.

Manuel Huerga zinema zuzendaria buru belarri dabil filma egin nahian. Udazken honetan zen errodajea egitekoa, baina negura atzeratu dute. Produktorea, Roures da, Público periodikua atera duena.

Elnako amaetxearen argazkia udan atera genuen.

Proiektu horrekin jarraitzen du oraindik ere Assumptak (eta espero dezagun Donostiara etortzea berriro kontu honengatik datorren udaberrian), baina jada iragarri du urriaren 26an El Setè Camió, el tresor perdut de la República liburuaren aurkezpena egingo duela Granollers-en.

Sapiens aldizkariaren urriko zenbakian erreportaje bat aurreratu dute. Ezin da sarean ikusi, baina horrela aurkezten dute: "Febrer del 1939. Un comboi de camions surt de la Vajol en direcció a la frontera francesa. Són carrabiners a les ordres de Negrín que tenen la missió de salvar el patrimoni artístic de l’agònica República".

Beldur da Assumpta ez ote den urrearen sukarra piztuko, baina istorioak merezi duenez aurrera jarraitu du.

"No m'agradaria que la Vajol es convertís en un segon Dorado. Les persones que vulguin conèixer aquell territori s'ha d'apropar perquè allà es va decidir el darrer tram d'una guerra ja perduda.

En Companys, l'Azaña, l'Aguirre, en Negrín...tots caminaven per aquells carrers estrets mentre esperaven passar a França. I els vajolencs coetanis d'aquells dies se'n recorden d'ells i expliquen la seva visió dels fets històrics.

Això si val la pena, i caminar pel coll de Lli fins a França, el mateix corriol per on va passar el President Companys, i sentir a la pell la tristesa de l'exili de tanta gent... els quals molts ja no han tornat mai més.

L'or el deixem pels buscadors de tresors, que també n'hi han".

Eta nola enteratu naizen guzti honetaz? Txoritxo batek aipatu berri didalako sarean txoko bat ireki duela Assumptak. Sentiments a flor de pell du izena.

En castellano

Imanol Aizpururen erakusketa Donostian

Mikel Iturria 2007/09/24 16:00

Imanol Aizpuruk irailaren 28an, inauguratuko du Ernest Lluch Kultur Etxean "Pan, circo y boogie boogie". Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da erakusketa aretoan (sarrera Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean). Luntxa berezi samarra izango da, Zinemaldiko fastoetatik urrunduta, hori bai.

Urriaren 20rarte egunero bisitatu daiteke, jai-egunetan izan ezik, ondorengo ordu hauetan: 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera; 17:00etatik 21:00etara larunbatetan.


Joan den astean erakusketa honi buruzko kontuak zabaldu behar nituela konturatu nintzenean, urte hasieran Susana Mujikak Imanoli eginiko elkarrizketa etorri zitzaidan akordura. Badakit susto bat izan duela Susanak eta mikrofonotik urrunduta dabilela. Hemendik, musu handi bat eta animo asko bidali nahi dizkiot.

Imanol Aizpuru Larrañaga (Beasain, 1983)

Xabier Aizpuruk idatzitakoa da testu hau.

Imanolen marrazki bat lehen aldiz ikustean komiki edo umeentzako marrazki baten aurrean gaudela iruditu ahal zaigu. Bere marrazki ugari ikusi ondoren ordea, guztiz aurkakoa esan genezake. Imanolen marrazkiak ez direla umeek ikusteko modukoak alegia, baina umeek gogoko dituzte hauek. Nolatan baina?

Helduei zuzenduriko mezuak igortzeko umeei zuzenduriko estetika erabiliz lortzen du hau Imanolek. Baina badira bere artelan ugari ikusi ondoren umeentzako imaginak direla irizten dionik. Imanolek mezu oso pertsonala igortzen du eta heldu asko ere ez dira (gara) berau ulertzeko gai. Imanolen ikonografia munstro, jostailu, droga eta heriotzaren ideiaren nahasketa berezi batek osatzen dute. Halere, ez da agerikotasunean erortzen eta zenbaiti oso margo tristea iruditzen zaiena beste zenbaitzuri kolore eta zoriontasunez zipriztinduriko artelanak iruditu ahal zaie. Honetan ere bakoitzaren gustuen araberako ideia egingo du ikusleak.

Marrazkietako tematika guztiz pertsonala erabiliz eta teknika ezberdinen laguntzarekin. Imanolen marrazki eta margo gehienak errotulagailuz eta margo plastikoz eginikoak dira. Bere trazuaren sinpletasunak lerro gutxirekin marrazki konplexuak egiteko abilezia ezkutatzen du. Erabilitako kolore argiek bere tematikaren iluntasuna mozorrotzen dute. Bere marra bihurrituen dinamikotasunak alaitasuna ematen diete tristura eta ezinegona islatzen duten bere margoei.

Azken finean ikuslearen esku dago Imanolen obra amaitzea, umeentzako marrazki edo bizitzari buruzko erreflexio sakon den erabakitzea.

Eguneratzea: irailak 29. Goizeko 2:00etan. Inaugurazioaren ondoren, hona hemen nondik datorren erakusketaren titulua.

En castellano

José Rolando Ovando, ia hogei urte ondoren

Mikel Iturria 2007/09/23 12:00

Argazkiaren jatorria

Sorpresa ederra hartu nuen atzo Gaur 8 zabaldu nuenean kiroldegiko bizikleta gainean: José Rolando Ovando txirrindulari ohi guatemalarrari Xole Aramendik eginiko elkarrizketa azaltzen baitzen.

Pista galduta nion Ovandori, baina poztu naiz Zizurkilen bizi eta hiru alabaren aita dela jakiterakoan. Elektrikari lanetan omen dabil Euskal Herrira 80. hamarkadaren lehen urteetan Guatemalako selekzioarekin etorritako mutil atsegina. Hango federazioak hiru txirrindulari ekarri zituen Gipuzkoara eta hemen pasa zuten zenbait hilabete.

Gainerako lagunak juxtu samar ibili ziren eta agudo samar Guatemalara bueltatu zirelakoan nago. Rolando, berriz, bertan geratu eta Gurelesa talde amateurean aritu zen. Handik salto egin zuen profesionaletara: Reynolds, Teka, Once, Tulip Computers eta Wigarma. Elkarrizketan dio, osasun arazoak tarteko, ez zuela mailarik eman, baina zazpi denboraldi egin zituen kategoria horretan.

Gogoan dut Irungo San Pedro karreran podioa zapaldu zuela. Speakerak igoarazi zuen taula gainera eta elkarrizketa egin zion. Bere herriko ohiturari jarraituz, galderari erantzun aurretik, jendearen harrera eskertu zuen: "Antes que nada quiero agradecer a la afición vasca todo el apoyo que me brinda y…".

Garai hartan ez zegoen Euskaltel-Euskadi talderik, baina, gaur egungo irizpideak jarraituz, Ovandok ez luke aukerarik izango bertan korritzeko. Imanol Muruak dioenez, hori gertatzen omen zaio Oiartzunen bizi den Allan Davis karrerista australiarrari.

En castellano

Público eta Clarín

Mikel Iturria 2007/09/20 06:00

Itxura guztien arabera kioskoetan irailaren 26an egongo den Público egunkariaren sorrerari buruzko albisteak jarraitzen ari naiz sarean. Horretarako ondo datorkit blog ez-ofizial honen jarioan harpidetuta egoteak.

Nor den ezagutzera eman ez duen Ignacio Bachiller ezizena erabiltzen duen pertsona batek kudeatzen du. Hasiera batean ez nuen garbi, baina dagoeneko ikusten da pertsona hori ez dela Nacho Escolar zuzendaria eta Jaume Roures enpresariaren sokakoa.

Gaur zera irakurri dut:

"Son públicas y notorias las conversaciones que han mantenido Mediapro y el argentino Clarín, una referencia del buen hacer periodístico en Hispanoamérica. Todo hace pensar que el diario argentino tendrá voz y voto en la gestión de Público".

Hori horrela balitz, errazagoa litzateke Euskadi Irratiko Mezularia saioaren agerkari digitalen errepasoan toki bat izatea.

Post Scriptum: ondo dago kioskoetan periodiko espainiarren aukera anitzagoa edukitzea, baina ez dut gehiegi espero. Hori bai, poztu nintzen Javier Ortiz bertan ariko zela jakiterakoan. Hasier Etxeberriak eta Mariano Ferrerek jarraituko al dute El Mundo egunkariaren Euskadiko edizioan?

Eguneratzea: 23:00etan. Hasier eta Mariano izan daitezke El Mundon geratzen diren azken mohikanoak (baten bat gehiago egongo da). Hasierren idatziak bere blogean agertzen dira. Marianorenak, berriz, paperean soilik, sarean ezer ere ez. Mariano, bloga behar duzu, gizona!

Loretopetik (XVII) Errausketa ez da bidea

Mikel Iturria 2007/09/19 06:00

Irutxuloko Hitzan irailaren 19an argitaratutakoa. Beraiei ahaztu zaie jartzea, baina hau copyleft da eta Creative Commons lizentzia honekin banatzen da.

Maiatzaren 27ko hauteskundeen ondorioz, aldaketa gertatu da San Markos Mankomunitatean eta EAE-ANV zein EB-Aralar taldeetako kideek hartu dute erakundearen kontrola. Horrek esan nahi du hiri hondakinen errausketaren kontra dauden indar politikoek gehiengoa dutela Donostialdean.

Dirudienez, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Partzuergoari dagokio Zabor Plana onestea. Bertan, Aldundiak botoen % 33a du, San Markosek % 32a eta gainerako mankomunitateek % 35a. Gauzak horrela, lasai omen daude Gipuzkoa Plazan.

Erraustegia egin bitartean Donostiako zaborrak hartzen dituzten gainerako mankomunitateetako agintari gehienak, laster atera dira planta hori eraikitzeko konpromisoa albo batera utziz gero, beraiek ere ez dituztela gure zaborrak jasoko. Donostiako sozialistek, Denis Itxaso bozeramaile dutela, beharrezkotzat jotzen dute erraustegia. Are gehiago, EAE-ANV eta EB-Aralarrek fikzioa egiten dutela bota du blaust zinegotziak (zer daukazu fikzioaren kontra, gizona?).

Duela zenbait aste konpostaje kontuetan aditua eta aritua den Maria Zaloñak 1992an idatzitako testu bat bidali zidan. Errausketaren aurkako arrazoi nagusiak berdin-berdin mantentzen direla zioen berak: instalakuntza hauek eragiten duten kutsadura, aurrerapen teknikoak direnak direla; lehengaien eta energiaren aparteko xahuketa egunero hainbeste tona erretzeko; eta okerrena, ez dela zaborren arazoari aurre egiteko irtenbidea.

Zaloñak dio ez dela ardurarik gabeko utopikoen eta kudeatzaile arduratsuen arteko talka, bi ereduen arteko aukeraketa egin beharra baizik: alde batetik, arazoaren funtsari heltzen ez dion kudeaketa, epe motzeko eta berehalako neurri teknikoetan oinarritutakoa; bestetik, epe luzerako kudeaketa orokorra bilatzen duena, planteamendu eraldatzailea baliatuz eta ingurumenarekiko errespetua ahalbidetzen duena.

Egun hauetan Ekologistak Martxan taldeak GAIA sarearen biurteko kongresua antolatu du Hondarribian. Sare honek errausketaren aurka dauden laurogei herrialdetako bostehun bat elkarte biltzen ei ditu. Lerro hauek idazterakoan oihartzun gutxi izan dute jardunaldiek komunikabideetan.

Hori bai, astelehenean ikusi nuen Argia aldizkariaren webgunean bideo erreportaje txukuna. Hamar minututan Zubietako bizilagun batzuk, Ricardo Ortega, San Markos Mankomunitatearen burua, eta Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, ageri dira.

Garbi dudan gauza bakarra da gaur egungo ereduarekin ez garela oso urruti ailegatuko eta erraustegiak konponduko dituen arazoak baino gehiago sortuko dituela.

Post Scriptum: atzo, asteartea, Berriak elkarrizketa bat publikatu zuen jardunaldietan parte hartzen ari den aditu batekin, Anasagastik Garan irakurritako zerbait aprobetxatzen zuen kongresuaren kontra egiteko. Eta gero hau.

En castellano

Harrittua eta perplejua

Mikel Iturria 2007/09/16 22:00

Eibar.org elkartearen udazkeneko afaria izan genuen ostiralean. Ondo, ohi bezala. Hamar urte bete behar ditu elkarteak ikasturte honetan eta batzuk ospatzeko asmoa dute. Ikusiko dugu zertan gauzatzen den.

Ondarrun egon nintzen sapatuan eta hitz berri bat ikasi nuen: laife. Bete-betea ez den pertsonarengatik esaten omen da. Noventaynueve ("Fulano noventaynueve da") ere erabiltzen dute horretarako, ehunera iristen ez dena, baina horren berri baneukan.

Beste kontu xelebre batekin ere egin genituen barre batzuk: edadeko bi andre omen zebiltzan paseoan aurreko batean McLaren-Ferrari auzia ahotan zutela. Espioitza gora eta behera. Telebistak, eta ustez inolako ideologiarik ez duten komunikabideek (hau da, politikan sartzen ez diren horietakoak) burmuinak jateko duten abileziaren beste froga bat.

Alonso joan egingo da eta akabo motorzaletasuna. Gaur telebistan txirrindularitza ikusten egon naiz eta, kasualitatez, Samuel Sánchezek irabazi du. Oso jende gutxik jarraitzen omen du Espainiako Itzulia, baina saskibaloi zale borrokatuak agertzen dira edonon… Espainiak jokatzen duenean. Atzo bertan ikusi nituen piperpototarren aurkaria erabakitzeko beste finalaurrekoaren irudiak telebistan eta apenas zegoen ikuslerik pabiloian.

Donostia perla hiria denez, hementxe bukatuko dut errepasoa. Victoria Eugenia antzokia gai bakartzat hartuta, Roberto Herrerok alkateari eginiko elkarrizketa plazaratu zuen Gipuzkoako Orakuluak atzo. Bukaera aldera, kazetariak kexak eta laudorioak planteatu zizkion. Laudorioen artean, ondorengoa, hitzez hitz:

- Que los chicos y chicas que acomodan al público son jóvenes, guapos y muy amables.

- Estoy de acuerdo. Siempre es eso mejor que una acomodadora metida en años. La estética también es importante.

Bere eremura eramanez gero, laster Denis Itxasori utziko diola tokia? Non kristo zuen gizon honek burua horrelako gauza bat botatzeko.

En castellano

Hoaxak edo gezurrak

Mikel Iturria 2007/09/12 23:00

Lagun batek bidali zidan astelehen goizean mezu tremendista bat. Nortasun agiri espainola galdu zuen pertsona baten komeriak kontatzen ditu. Nire lehen erreakzioa izan zen galdetzea ea nori gertatu zitzaion hor kontatzen dena (izenik ez nuen ikusi niri bidalitako e-postan, goian jarri dudan loturan bai, ordea).

Erantzun zidan esanez horrelakorik normalean bidaltzen ez dituen lagun batek bidali ziola. Datu gehiagorik ez.

Hortxe geratu zen kontua, astelehen arratsaldean beste saltsa batzuetan ibili nintzen eta gero pasa egin zitzaidan.

Gaur arte. Hasi naiz googlen bilatzen eta, orain ez naiz gogoratzen zer jarriz, menéamen egin dut topo albistearekin. Gaur bertan igotakoa da eta jada garbi dago hoax bat dela. Aspaldikoa gainera.

Nire lagunari bidali diot e-posta deskubritu dudan informazioarekin eta aurreko mezua bidalitako guztiei gezurraren berri eman behar ziela penitentzia moduan. Egingo al du?

Eskubideak

Garai batean hoaxak eta antzeko kontuen berri izateko rompecadenas orrialde argentinarra erabiltzen nuen, baina nahasi samarra da. Norbaitek ezagutzen al du hobeagorik?

Hori bai, Imazena benetazkoa da, baita nire enpresan gertatzen ari diren zenbait kontu ere. Enpin...

En castellano

Esklabu berriak

Mikel Iturria 2007/09/10 01:00

Picapiedra jaunaren aholkua jarraituz, Cuatro telebistak botatako saio berezi bateko bost bideo zati ikusi nituen larunbat gauean. Gaia: paperik gabeko etorkinen lan baldintzak, esklabutza berria.

Madrilgo inguruetan lan merkatu horrek etxegintza alorrean nola funtzionatzen duen ageri da bertan. Jauntxo edo kazikeen garaietan bezala, etorkinak toki jakin batzuetan biltzen dira eta pistoleroak (kontratatzaileak) agertzen dira behargin bila. Batzutan kobratzen dute, beste batzutan ez; zoaz gero norbaiti kontuak eskatzera.

Dena den, atentzioa gehien deitu didana Ekuadorreko ama baten kasua da, Zulema Silva.

Bideoaren 3:45 minututik aurrera agertzen da (osorik ez da 10 minutura ailegatzen). 2003ko ekainean paperik gabeko 20 urteko semea, Juan Carlos Vallejo Silva izenekoa, Baños de Río Tobía herriko urdaiazpiko lehortegi batean hasi zen beharrean. 2003ko abuztuan, lan istripuz hil zen mutila.

Amutio aita-semeen famili negozioa izaki, Juan Carlosen zerraldoa topatu zutenean, lan-arropak kentzen saiatu eta mutila ez zuela ezagutzen, lapurretan ariko zela iradoki omen zion nagusietako batek poliziari. Epaitegiek hiru urteko kartzela zigorra betetzera kondenatu dituzte eta hildakoaren familiari 135.000 euroko kalte ordaina ematera.

Gauzak ez dira bere horretan geratu, baina. Herritarrek indultu eske ibili baitira. Bideoan diote gehienek sinatu dutela, alkate sozialistak, apaizak eta Errioxako presidente popularrak barne. Baina gobernuak ez du indulturik eman.

Bideoan Zulema herriz herri ageri da, ama kuraia baten modura, indultuaren aurkako sinadurak biltzen. Irudiak Nafarroako Mendavian hartuak dira.

Zer ari dira esaten Baños de Río Tobiako biztanleek indultua eskatuz? Famili honi tokatu zaio, baina gu izan gintezkeen, gutarrak dira kondenatuak; bestea, berriz, pobre bat da, janaria eta lantegia eman diogun gizajo kanpotarra.

Ez du honekin zerikusi askorik, baina atzo arratsaldean Reala menderatu zuen Poli Ejidok (jada Ejido ere gu baino hobeto aritzen da futbolean). Futbola ikusten nuen bitartean, Ejidon duela zenbait urte etorkinekin izandako liskarrak gogoratu ditut. Eta zera pentsatu dut: Gu Ejidoko haiek baino askoz hobeagoak al gara? Ezezkoan nago.

En castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter