Elnako amaetxea liburuaren aurkezpena Donostian (II)
Javier Vizcaínok abisua pasa zidanez, hunkitzeko prest joan nintzen ostiralean egin genuen liburu aurkezpenera. Hogeita bost lagun bildu ginen Assumpta Montellàk ordu t´erdi luzez kontatu behar ziguna entzutera. Erbestea eta Frantziaren paper lotsagarria
"Gerra denok galdu genuen" esanaz abiatu zuen solasaldia eta Historia Ofiziala (boteretsuena) ez zaiola interesatzen gehitu, jende anonimoarena baizik. Horregatik, pertsona adinduekin egoten denean erabiltzen duen esaldirik gogokoena "konta iezadazu nolakoa izan den zure bizitza" izaten dela.
Atzerrira jo zuen jendearen kontuetan jarri zuen arreta berezia ("erbestea sentimendu bat da") eta liburuaren 119. orrialdean Felipe Sáez Mexikon errefuxiatutako haurrak zioena gogoratu zuen: "Erbestekoa naiz, hori herrialde bat izango balitz bezala".
Mexiko ez bezala, Frantzia ez zela batere abegikorra izan erbesteratuekin. "Allez, allez" hitzak ziren errefuxiatuek gehien entzun zituztenak. Oso kalkulu okerra egin zuen Frantziako Gobernuak: gehienez ere 50.000 errefuxiatu espero zituen eta kopuru hori ia hamar aldiz handiagoa izan zen (476.000 pertsonek zeharkatu zuten muga).
Oso gogorra izan zela irakurtzea Parlamentuko egunkarian parlamentari batek Frantziako Guyanara bidali nahi zituela guztiak edo ultraeskuindar batek itsasoan gustura hondoratuko zituela. "Gu baino 200 urte aurreratuago dagoen herrialdean" gertatu zela gaineratuz. Eta inork ez duela inoiz barkamenik eskatu gogoratu zuen.
Haurrak eta señorita Isabel
Hori guztia jakin ostean, "Zer gertatzen zen haurrekin?" galdera egin ziola bere buruari. Errefuxiatu guztiak Frantziako hondartzetan zeuden frantses eta senegaldar soldaduen zaintzapean eta haurren heriotza-tasa % 95,7koa zela.
Garai haiek bizi zituen jende nagusiaren kontakizunetan Señorita Isabel izeneko andrea azaltzen zen noizean behin. Lan honetan 2001 urtean hasi bazen ere, 2003ra arte ez zuela osatu puzzlea: señorita hori Elisabeth Eidenbenz zela. Garai hartan haurdun zegoen emakume batek kontatu zion nola beste andre bat erotu egin zen haur jaioberria hiltzen ikusi zuenean. Eta haurdun zegoen andre horrek eman zion ere Elna herriaren berri.
Elisabeth Eidenbenz
Autoa hartu eta Elnara jo zuen. Berehala topatu zuen amaetxea. Bertan ikusi zuen bazegoela oroigarri bat Elisabeth-en omenez, 597 haur salbatu zituela zioena.
Lortu zuen Eidenbenz anderea Vienan lokalizatzea eta gutun bat bidali zion frantsesez. Handik hamabost egunetara jaso zuen erantzuna gazteleraz. Amona laguntzeko prest zegoen.
Zortzi hilabeteko eskutitz trukaketaren ondoren, 2004ko uztailean Elisabethek Assumpta gonbidatu zuen Vienara. Kanpotik begiratuta behintzat hunkitzen ez zen emakume suitzarrarekin egin zuen topo Montellàk. Ez orain, ez lehen. "Bizi genituen garai haietan ezin nintzen hunkitu ume bat jaio zelako; nire laguntza behar zuten ume gehiago zetozen atzetik" adierazi omen zion.
Eidenbenz andereak burua argi du oraindik eta osasunez ondo dago, entzumen arazo batzuk kenduta. Gestapoko agintariei aurre egiten zien 25 urteko gazte kuraios hura irudikatzea ez omen da hain zaila, 90 urteak beteta dituen gaur egungo amona ezagututa.
Gainera, historiagile baten ikuspuntutik tesoro ikaragarriaren jabe da Elisabeth: amaetxearen historia laburbiltzen duten 800 argazki sailkatuak gordetzen omen ditu album ezberdinetan. Eta erretratu horiek guztiak eskaneatzeko aukera eskaini omen zion Assumptari.
Kontakizun hau eremu akademikotik kanpora ezagutzera eman behar zela erabaki zuten. Sapiens aldizkarian atera zuen artikulu bat eta 2005ean liburua ("sentimenduz beteriko kutxa") argitaratu ondoren, arrakasta itzela lortu zuen Katalunian. Alemanez, frantsesez eta gazteleraz publikatu berri dute. Dena ondo joanez gero, udazkenean Manuel Huerga hasiko da filmatzen datorren urtean estreinatuko duten filma. Produkzio garrantzitsua izango denaren zantzu guztiak ditu.
Kronika soziala
Ez zen ohiko solasaldi bat izan. Jende askok hartu zuen parte:
Txaro Barinagak Assumptàren aurkezpena eta liburuko pasarte bat gazteleraz irakurri zituen.
Amaia Linaresek liburuko beste bi pasarte euskaratu eta haiek irakurri zituen.
Joaquín Fernández biolontxelo-joleak bi pieza eskaini zizkigun: Bachen 1. suitearen preludioa (musika klasiko asko entzuten omen zen amaetxean eta bertan egondako ama batek pieza hori gogoratzen zuen bereziki) eta Pau Casals-ek munduari ezagutzera emandako Kataluniako kanta tradizionala, El cant dels ocells (Casals errefuxiatuta bizi zen Frantzian eta ahal zuen neurrian lagundu omen zuen maternitatea).
Hamaika minutuko bideo hau ere ikusi genuen. Bertan Elisabeth-i eginiko elkarrizketa ageri da.
Víctor Larraioz ere aurkezpenera etorri zen, bere alabarekin. 90 urte inguruko aitona Argelers hondartzan egondakoa da.
Bi esaldi
Bat, bezperan, Donostiako Via Fora jatetxean egindako afari-solasaldian Arantxa Urretabizkaiak esandakoa: "nire esperientziaren arabera, gu ere bagara gaiztoak, ez besteak bakarrik".
Bi, Serge Barba haurrak esandakoa: "Nire amak bizia eman zidan; Elisabeth Eidenbenz-ek gizateriarenganako konfiantza.