Kordoba, urrun eta bakar
Aurreko mezuan aipatu bezala Xabi Strubell egon zen Ernest Lluch Kultur Etxean pasa den ostegunean. Hondarribiarra proposamen berri batekin etorri zen, “Uneguneak”. Bera bakarrik eszenatokian, irudiarekin eta soinuarekin lagun batzuk aldamenean. Gitarrarekin bossa-nova doinuak entzun nituen nobedade gisa, baina gehiago ere egon zen. Poema edo testu gehienak euskaraz, baten bat portugesez, katalaneraz, ingeleraz. Erakusleihoa programaren xedea ez da gauza finduak eskaintzea; aldiz, bide berriak jorratzea baino. Xabiren proiektua horrelakoxea izanen dela uste dut. Baditu borobildu beharreko kontuak, baina emaitza azken produktutik gertu dauka.
Besteak beste, García Lorca poeta andaluziarraren Canción de jinete poeman oinarritutako “Kordoba” kanta abestu zuen euskaraz. Letra hori Zura taldearekin egindako diskoan argitaratu zuten. Lauaxetak euskaratutakoa, urrun eta bakar dagoen Kordobari abesten dio Lorcaren zaldizkoak.
Rafa Berrio musikari hondarribiarraren zalea da eta aretoan zegoen bera ere. Laster emanaldi bat du Kordoban eta Xabiri agindu zion Zuraren kantaren bertsio bat egingo zuela "etxetik hain urrun". Euskaraz. Asko gustatu zitzaidan Rafaren detailea.
Hau guztiau, Anoeta Estadioaren inguruan gertatu zen eta gehienok dakigun bezala bertan jokatzen du Realak, aste honetan agur esan duen entrenatzaileak aitortu duen bezala zirko izateko merituak egiten ari den kluba. Eta asteburuan Kordoba izango du aurkari talde txuri-urdinak. Ea irabazteko gai diren giputzak.
Kordoba/Urrun eta bakar.
Behor beltz, ilargi haundi/Olibak ditut zorroan/Bideak ezagutu arren/Ez naiz sartuko Kordoban.
Zelaietan zehar, haizean zehar/Behor beltz, ilargi gorri/Herio so daukat adi/Kordobako dorreetatik.
Hau da bidearen luzea!/Ai nere bihor zintzoa!/Hau da hau baina, hil beharra/Heldu baino lehen Kordobara!
Kordoba./Urrun eta bakar.
Xabi Strubell Erakusleihoan
Artistaren argazkia jarri eta komunikabidetara bidalitako prentsa-oharra jartzera mugatuko naiz soilik.
Ernest
Lluch Kultur Etxeak jakinarazi nahi dizue urtarrilaren 17an Xabi
Strubellek emanaldi berezia eskainiko duela gurean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan
hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean) eta sarrera
doakoa izango da.
Xabi Strubell gitarra jole hondarribiarra Dut, Anari eta Zura talde zein
bakarlariekin ibili da. Esperientzia horietatik urrunduz, formatu txikiko
ikuskizuna moldatu du. Gitarraren sonoridadeen inguruan giroak eraikiz,
ikuskizuna poesia emanaldia da, Xabik berak sortutako poemen inguruan.
Poesia garaikidea, gaietan berritzailea, oparoa. Izan ere, poesia libururik
argitaratu ez duen arren, zenbait poema bilduma sortuak ditu eta eskarmentua
pilatu du abestien hitzak egiten.
Ikuskizuna loop-etan, hau da, hitza, musika eta irudi puska txikiekin
sorturiko giroen eraikuntzan oinarrituta dago: errepikatzen diren patroiak, minimalismoa,
konstruktibismoa, guztia errealitate sentsazioa airean zintzilikatuta uzten
duen unegunea sortuz: unea, denborarena; gunea, espazioarena. Unegunea.
Ernest Lluch Kultur Etxeko Erakusleihoa programari begira bereziki
prestaturiko ikuskizuna da. Beraz, arte esperimentu txiki honen barrenetan
sartuz, aukera polita izango dugu euskal poesia garaikidearen oihartzunetan
murgiltzeko.
Hurrengo Erakusleihoa
Otsailaren 21ean, Mikelazuko elkartearen inguruan mugitzen den artista
multzo batek Ezeraiketak emanaldia eskainiko du.
Dena ez da malko
Igande goiza Hernanin pasa dugu, txotx denboraldia Gipuzkoan lagun bati zabaltzea tokatu zaiola aprobetxatuz. Gutxitan joaten naizen herrira joan naiz eta beste behin Udaletxeko plaza zein polita den ikusteko balio izan dit, besteak beste.
Ez dakit zergatik egiten zaidan arraroa, azken finean euskaldunen kirol nazionala baita, baina atentzioa deitzen du Astigarragan eta Hernanin bi txotx zabaltze egotea. Irakurri nuenez, aurten hernaniarrek aurrea hartu diete lehenengo aldiz bizilagunei. Astigarragako sagardogileek uste dut bihar dutela festa (eta bihar ez bada, datorren astean).
Hernanin aurten EAE (hau da, ANV) dago gobernuan. Eta alkatea Marian Betialarrangoitia irrati-esatari ohia da. Ez da harritzekoa heldu den astean deklaratzera joan behar izatea epaitegietara. Hori zabaltzen ari baitira, behintzat, hau bezalako komunikabideek. Zergatik? Larunbat arratsaldean Iruñeko Anaitasuna pabiloian esandakoengatik.
Gure herriaren eskizofrenia puntuaren beste adibide bat: gogoan izango duzue garai batean Espainiako hedabide pozoi zabaltzaile finenek nolako kanpaina abiatu zuten Pirritx eta Porrotx pailazoen aurka. Memorian gordeta dut artikulu hau, adibidez. Kanpaina horrek ekarri zuen taldeak arazoak izatea Euskal Herriko zenbait udalerritan (erakundeek kontratatzeko orduan).
Abenduaren erdialdean Gehitu taldeak hamargarren urteurrena bete zuela ospatzeko, erakusketa bat antolatu zen Tabacaleran. Inaugurazio ekitaldian Gipuzkoako erakunde ezberdinetako sozialista goi kargudunak zeuden. Une batean, aurkezleek bi pailazoen lana eskertu zuten. Artxibatu egin nuen datua. Handik egun batzuetara, erakusketaren plazan aritu ziren (hona hemen bideoa).
Gainera, nonbaiten entzun edo irakurri dut Gehitu taldearen kalderero konpartsako errege-erreginak Pirritx eta Porrotx izango direla. Saiatu naiz sarean horren berri ematen duen loturaren bat aurkitzen, baina ezinezkoa izan da.
Horrela bada, ondo da historiaren orrialde beltza pasatzea eta eskertu beharko zaio lan hori ere Gehitu elkarteari.
Bukatzeko, bi ohar labur:
Baga: Julia Cristina artistaren erakusketaren inaugurazioan izan ginen ostegunean.
Biga: Ostiralean, berriz, Iñaki Diéguez trio eta lagun gonbidatuek gainezka zegoen Kontserbatorioaren areto nagusian aurkeztu zuten azken diskoa Irunen.
Loretopetik (XX) Euskal kulturari buruzko inkesta bat
Irutxuloko Hitzan 2008ko urtarrilaren 12an argitaratutakoa.
Oporretan egon naiz eta bueltan lagun zibernetikoek eman didate Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen “Euskal Kultura. 2007ko abendua” lanaren (pdf lotura) berri. Lehendakaritza barruan dagoen Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin (edo ordaindu) du.
Helburuetan zera dio: “ikerketa honen helburua EAEko herritarrok euskal kulturaren zenbait adierazpeni buruz ditugun jarrerak eta iritziak ezagutzea da, hain zuzen ere, bertsolaritza, sukaldaritza eta gastronomia, musika, gabon ohiturak, euskararen aldeko jaiak eta herri eta hirietako jaien ingurukoak”. 2006an eta 2007an zehar eginiko hainbat ikerketatan aztertutako gaien bilduma dela dio txostenak.
Bertsozaletasuna ez dagoela oso zabaldua dio: soilik % 17a oso edo nahikoa zalea baita, baina % 66a noizbait egona da bertso saio batean. Gastronomiari dagokionez, gehiengo zabalak uste du gastronomiak garrantzi handia duela euskal kulturaren barruan. Euskal sukaldaririk ezagunenak Argiñano eta Arzak dira.
Harrigarria egin zait musikari buruzkoa. Biztanlegoaren erdiari asko gustatzen omen zaio musika eta % 28ari nahikoa, baina herritarren erdia ez da azken urtebetean kontzertu batera joan. %30a behin bakarrik joan da.
Euskararen aldeko jaiei buruz, entzunena Korrika da, Kilometroak, Korrika Txikia, Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats-en gainetik.
Dena den, emaitza txundigarrienak gabon jaietako ohiturei buruzkoak izan dira, irakurtzeko modukoak ondorioak. Lau multzotan banatu dute jendea:
Lehena, Olentzerotan opariak egiten dituztenak: besteak beste zera dio estudioak, euskal herritar sentitzen dira, EHAK edo Aralarren jarraitzaileak, intxaur saltsa jaten dute, Urtezahar edo Urte Berritan mendira igotzen dira.
Bigarrena, Olentzerotan oparirik egiten ez dutenak: etorkinak dira, ez dakite euskaraz, PP edo PSE-EEren jarraitzaileak dira, gabonetan mezatara joaten dira.
Hirugarrena, Olentzerotan, Erregetan edo bestetan opariak egiten dituztenak: errege kabalgatara edo Olentzeroren kalejirara joaten dira, errege erroskoa jaten dute.
Laugarrena, inolako oparirik egiten ez duen jendea: aza edo azalorea jaten dituzte. Bi azpitalde: bata, EHAKren jarraitzaileak; bigarrena, etorkinak eta euskaraz ez dakien jendea.
Emaitza hauek irakurri ondoren, berriro oporretara joateko gogoa sartzen zaizu, baina ezinezkoa da hori. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatu beharko zaio diru publikoa beste zenbait kontutan gastatzea. Arren.
Teresa Iraolaren esmalteak
Atzo arratsaldean inauguratu zen kultur etxean Teresa Iraola margolariaren erakusketa bat. Ekitaldi xumea, baina beroa. Ohikoa den bezala familiak eta lagunek lagunduta abiatu zen urtarrilaren 26ra arte ikusgai egongo den mostra.
Hauek dira ordutegiak: astelehenetik ostiralera ateak zabalik egongo dira 16:00etatik 20:30etara. Larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara. Kontutan izan urtarrilaren 21ean jai-eguna dela Donostian eta erakusketa-aretoa Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean dagoela.
Hirurogeita hamar urteak beteak ditu jada Teresak. Amara auzoan bizi da. Berarekin bildu nintzenean detaile batekin gelditu nintzen: betiko ikastaroetaz nekatu samarra zegoela eta Artelekun saiatu zela, baina berehala konturatu zen azken zentro horretan aritzeko zaharregia zela. Beraz, ia tokirik gabe gelditu den artista da.
Esan bezala, makina bat ikastaro hartu ditu puntako irakasleekin: Gaspar Montes Iturriozekin, Julian Ugarterekin, Gilles Bacheletekin edo Javier Sagarzazurekin, besteak beste. Euskal Herriko Akuarelisten Elkarteko kide da 1989tik. Akuarelak albo batera utzi gabe, esmalteekin lanean aritu da azken bolada honetan eta horiek dira, batez ere, erakusgai dauden lanak.
Demokrazia
Oporregun hauetan euskal aberia ahazten saiatu naiz, baina prentsa espainola erosiz gero, ezinezkoa da hori. Gainera, aspaldiko partez, El País jarraitu dut eta bolada baterako betekada daukat. Okerrena izan da Erregearen hirurogeita hamargarren urtebetetzeari buruz prestatu dutena. Hurrengo batean, ABC erosi beharko dut, exotismo puntua izango dute behintzat bertan irakurritako artikuluek, zutabeek, albisteek.
PRISAko periodikoaren igandeko zenbakian Simone de Beauvoir intelektualaren ehungarren urteurrenaren berri ematen zuen Pariseko korrespontsalak sinaturiko artikulu batek. Fadela Amarak, gobernu frantseseko goi karguak, gabonetako zorion mezuetan bidalitako esaldia gustatu zitzaidan: “Aske izatea besteen askatasuna nahi izatea da”. Beauvoir-en zita omen da.
Atzo eguerdian herenegun atxilotutako ustezko ETAkide bat Donostiako Ospitalean Zaintza Bereziko Gelan dagoenaren berri izan nuenean, lagun batekin duela egun batzuk izandako iritzi trukaketaz gogoratu naiz. 18/98ari buruz ari ginen biak hizketan eta zera esan zidan lagunak: “Zinikoa izango naiz: zer axola zaizu zuri? Atxilotua izateko beldurra duzu?”. Une hartan ez nion ezer erantzun, ez nekien zer erantzun. Gaur bai: kontua ez da atxilotua izateko beldurra izatea edo ez izatea; kontua da zer demokrazia kaskarra dugun mutur aurrean eta, hala ere, ezer gutxi egiteko kapaz garela.
Gaur Donostian egotekoa den Felipe Gonzálezek asko egin zuela Espainiaren alde zioen lagunak. Ez ditut biak maila berean jartzen, baina Francok ere gauza asko egin zituela erantzun nion. Zer kristo!
Mundu moteletik bueltan
Abenduaren 29an autobusa hartu genuen Bilbora joateko. San Mamesen Euskal Herria eta Kataluniako bi taldeen arteko futbol partida ikusten geratu beharrean, aireportura joan ginen eta handik Tenerifera. Playa de las Américas-en egon gara astebete hotel batean.
Arraroa izan da gabon giroa: hogeita
lau gradu, hondartza, eguzkia. Arraroa izan zen ere urteari agur esatea
zopa bat, letxuga hosto batzuk, jogurta eta kamamila hartuz, baina gorputzak ez
zuen ezer gehiago nahi. Bide batez, Kanariar irletako ordua dela-eta, ezin
jakin noiz demontre ospatu behar den urte aldaketa.
Gauza horiek alde batera utzita, denbora aprobetxatu dugu lagun eskoziar bat
eta haren emazte espainola zein semea ikusteko. Era berean, Tenerifen oporretan
zegoen beste lagun bat ezagutu dut.
Zazpi urte generamatzan internet bidezko harremanarekin, baina urtarrilaren 4an
Santa Cruz-eko Círculo de Bellas
Artes lokalera hurbildu ginen Samuelek bertan eman
beharreko hitzaldira.
Gustura egon naiz, beraz, osasun kontuak alde batera utzita. Batez ere internet
bidez jarraitu ditut hemengo notiziak, baina paperezko periodikoren bat edo
beste erosi ditut ere. Horrela eta SMSei esker jakin nuen Iñaki Badiola
dela Realaren presidente berria.
Urte hasiera honek aldaketak ekarriko ditu.
Urte berri on.
Mundu motela
Kontxik ama izan nahi zuen mojaren istorioa kontatu du eta malkoak ikusi ditut emakume baten begietan. Amaiak hartu dio lekukoa Kontxiri. Nachok, Voltairen testu bat oinarri hartuz, esan digu arazoak ez izateko planik ez egitea dela modurik onena, besteak beste. Haren ondoren Teok Tolstoiren testu bat erabili du gizon batek zenbat lur behar duen adierazteko. Virginiak, berriz, Pariseko Bois de Boulognen bere amonari gertatutakoa fikzionatu du. Raik eman dio amaiera beste zahar baten kontakizunarekin.
Virginia eta Rairen artean, berriz, Narratzaileen Txokora lehen aldiz hurbildutako andre batek hartu du hitza. Ez da bere tokitik mugitu, gainerakoek erdian zegoen aulkia erabili baitute. Makulu batekin etorri da izena ahaztu zaigun emakumea. Laurogei urte gertu ditu. 1990 urtean senarrarekin joan zela lehen aldiz Mallorkara, hurrengo urtean hil zela gizona eta, geroztik, jarraitu duela jira-biran. IMSERSOren iragarkia egin digu. Esan digu ere bere belaunaldiak alderantzizko bizimodua izan duela: gerra zibila tokatu zitzaiela txikitan, tragedia, eta orain gozatzeko unea dutela. Kontatu du ere ahal duenean seme-alaben bistatik desagertzen dela, ume bat izango balitz bezala. Hobeto esanda: seme-alabek uste dutela bera ume bat dela, baina hori ez dela horrela, laurogei urte gertu dituen emakume independentea dela, ez dela ume mokoa.
Horretaz guztiaz aparte, gure amonak kontatu du zein den gazteen eta zaharren arteko diferentzia: “motelago mugitzen gara”, beste guztia ia berdina izango balitz bezala.
Pasa den astean irakurri nuen Rock de Lux aldizkarian Jabier Muguruzari eginiko elkarrizketa. Soseguaren liburua titulua jarri zion kazetariak bien arteko solasaldiari. Jabierrek Mikel Essery bidaiariaren hitzak bere egin zituen. Gogoratuko duzue Essery Yemenen hil zutela 2007ko uztailean, atentatu batean. Bere ustez, mundu aberatsa eta mundu pobrea desberdintzen baditugu ere, benetako desberdintasuna mundu azkarra eta mundu motelaren artekoa da. Mikelek bidaiatzen omen zuen mundu motelaren bila.
Bukaeran zera dio Jabierrek: “Nire buruarekin haserretzen naiz azkar noala ikusterakoan. Nabaritzen dudanean diot: ‘Ez zait gustatzen’. Gizon motela izan nahi dut. Gainera, ume garaian gaizki pasa nuen honengatik eta aldarrikatu nahi dut orain”.
Ez dakit moteltasunaren aldarria egin behar den, baina zer pentsatua eman didate atzoko pasadizoak eta Jabierren hitzek. Abiadura handiko bizimodua moteldu beharko genukeela.
18/98, Mariano Ferreri eginiko elkarrizketa
Mariano Ferrer
kazetariari eginiko elkarrizketa interesgarria argitaratu du igandeko zenbakian
Noticias
de Gipuzkoa periodikoak. 18/98+
plataformako bozeramaile gisa eginikoa da.
Epaiketa
"Etsipengarria izan da ikustea ez duela ezertarako balio 17 hilabeteko lanak, defentsaren behar bikainak benetan
menderatu zuen akusazioa, bere argudioak hankaz gora jarri zituen, baina ez du
balio izan auzitegiak iritziz aldatzeko".
Etsaiaren Zuzenbide Penala
"Epaiketa hau bat al dator
Zuzenbide Estatuarekin? Noski ezetz. (...) Aldaketa ematen ari da Kode Penal
garantistatik Etsaiaren Zuzenbide Penalera".
Bake prozesua
"Zapaterok ibilbide-orria argi ez zuen bake-prozesuaren aldeko
apustua egin zuen. ETAren amaiera eta ezker abertzalea ilegalizaziotik
ateratzea nahi zuen, baina ez zuen argi zer jarri mahai gainean hori lortzeko".
Justiziaren politizazioa
"Uste dut epaile askok ez dutela kanpoko bultzada politikorik behar,
barneratua baitute, komentzituta daude ETAri eta ezker abertzaleari ez zaiela
ezer eman behar".
18/98+ plataforma
"Pozik gaude babes zabala eta plurala lortu dugulako. Egia da plataforma
abiatu zenean urrutirago iritsiko ginela uste genuela eta hurbilduko zirenek
hartu dutena baino konpromiso sendoagoa hartuko zutela".
Zumalabe Fundazioa
"Ez dirudi pisuzko argudioa esatea Zumalabe Fundazioak ETArekin lotura
duela biek desobedientzia zibila
defendatzen dutelako. ETAri desobedientzia zibilaren monopolioa ematen zaio, gizarte
honen gainean ez duen eta absurdoa den nagusitasuna aitortzen zaio".
Froga eskasak
"Teresa Toda eta Jabier Salutregi kondenatuta daude Egineko zuzendaritza hartu aurretik
ETArekin bildu zirelako. Dedukzioa da bertara instrukzioak jasotzera joan
zirela. Nola daki hori epaileak? Ni ETArekin bildu nintzen. Bizitza guztirako aginduak
jaso nituen?".
Zuzenbide Estatua zalantzan
"Estatu aparatuek garantien sistema orokorra hankaz gora jartzeak arazo jakin
bati aurre egiteagatik, izugarrizko problema sortzen du (...) Literatura asko
dago Europan eta AEBetan antzeko planteamenduarekin, ustezko mehatxu terrorista
globala tarteko mendebaldeko zibilizazioak hain modu neketsuan eraikitako balio
eta printzipioak bazterrean uzten ari gara".
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia
"Inuzenteak ginateke itxaropen franko izango bagenu. Ez dugu itxaropena galtzen,
(...) baina horrek ez du esan nahi ez ditugula aurrekariak kontutan hartzen. Ziur
naiz Estatuak indar handia jarriko duela Europan bere burua defendatzeko eta Alderdien Legea, adibidez, zalantzan
jartzeak suposa lezakeen muturrekoa ekiditeko".
Sexu erasoak futbolean
Atzo goizean entzun nuen irratian Real Unión futbol taldeko jokalari bat atxilotu zutela Bizkaian bost sexu eraso egiteaz akusatuta. Egunkarietan ibili naiz albiste gehiagoren bila eta hau aurkitu dut Noticias de Gipuzkoan. Periodikoak dio Ertzaintzak ez duela jokalariaren izen-abizenik eman, baina, Radio Irun aipatuz, jokalari honen izena ageri da artikuluan.
Ez nuen jokalaria ezagutzen, baina aste honetan bigarren aldiz entzun dut bere izena. Lehenengo aldiz bestelakoa zen arrazoia, talde irundarrak Valentziaren aurka jokaturiko Kopa partidan jokaldi ikusgarria egin eta taldekide batek gola lortu zuelako.
Eta orain hau. Azken urtean bost sexu eraso egiteaz akusatua izan da. Hala bada, ederra fitxajea! Antzeko saltsetan ibiliak dira futbolista ezagunak, baina goi mailako kirolariak direnez azkar desagertzen dira istorioak komunikabideetatik. Kasu honetan, berriz, ez da eliteko jokalaria eta gauza asko dago oraindik argitzeko. Hala ere, neskek pasa dutena larria izanik, tristea da 23 urteko mutila horrelako saltsetan nahasita ikustea.
Ezer gutxi dut gehitzeko.