Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Euskarazko kultur kontsumoa (II)

Euskarazko kultur kontsumoa (II)

Mikel Iturria 2008/01/25 00:55
Asteazken arratsaldean Martin Ugalde Parkean nik neuk esandakoa. Kronikarik ezin egin mahaian nagoela.

Berriak publikatu zuen kronika atzo. Garak ere publikatu du gaur. Euskadi Irratiak grabatu zuen osorik.  Blogaririk ez zen agertu eta inork ez du ezer esan. Nik nire txapa botako dut.

Martxelo Otamendik hartu zuen hitza asteazkenean egun hartan bertan trenean gertaturikoa kontatuz. Hamar lagun trenean eta horietatik hiru euskarazko libururen bat irakurtzen. Gero, mahaikideak aurkeztu zituen.

Eneko Olasagastik hartu zuen hitza ondoren eta Sarean-eko 2006ko datuak aztertu zituen (antzerkia). Zinemari buruzko datuak ere aipatu zituen.

Kike Amonarrizek dekalogoa irakurri zuen. Hura entzun ondoren, mahaitik altxatzeko gogoa izan nuen. Zer gehiago gehitu nezakeen nik?

Olatz Osak, berriz, liburugintzaren azterketa egin zuen eta Iñaki Gómezek kultur produkzioari buruzko gogoeta instituzionala. Bi hauen artean hitz egin nuen nik. Publikoak ere egin zituen galderak. Besteak beste, Xabier Huizik, Fito Rodriguezek, Josu Iztuetak…

Sarrera

Kultur etxe batean ari naiz lanean. Merkatua, kontsumoa, produkzioa eta gauza hauek arrotz samarrak egiten zaizkit. Dena dela, erabaki nuen internet zaletasuna eta ikuskizun ttikiekiko zaletasuna, batez ere musikarekiko, uztartzea. Honela, del.icio.us kontuan kultura etiketarekin nituen loturak begiratzen egon nintzen asteartean. Eta horietako batzuk bota nituen nire zenbait ideia berresteko (hemen daude bilduta lotura hauek eta beste batzuek).

Gipuzkoa auditorioz josi behar al da?

Oinarrizko kultur azpiegiturak Guggenheim edo Victoria Eugenia baino garrantzitsuagoak dira. Ez bakarrik egunerokoan. Jendea trebatzeko, irakurzaletasuna sustatzeko, publikoak sortzeko.

Artikulu hau irakurri ondoren, ea nora goazen pentsatu nuen. Kazetariak dio 1980. urtearen hamarkadan kirol azpiegiturak egin ziren bezala, orain auditorioen garaia dela. Hainbeste auditorio behar al ditu Gipuzkoak?

Andoainen bertan nengoela, galdetu nuen ea Andoaingo herriak 500 lagunentzako auditorioa behar ote zuen Donostiatik 10 kilometrora? Ez al da jendea kultur munduan murgiltzeko askoz ere eraginkorragoa 250 lagunentzako gune erabilera anitzekoa eta gainerako espazioan tailerrak, etab. egitea?

Kultur mankomunitateak

Oier Araolaza haurrarekin joan zen Elgoibarrera haur antzerkia ikustera. Penatuta bueltatu zen etxera jende gutxi zegoelako antzokian. Besteak beste zera idatzi zuen blogean:

"Orain 15 urte Elgoibarrera dantza ikastera hurbildu ginenean Jose Inazio Sarasuak garbi esan zigun, udalak mankomunitateetan elkartu badira zaborrak biltzeko, ez daukala zentzurik behar gorriagoa duen kultura alorrean bakoitza bere kasa ibiltzeak".

Elgetako Espaloia eta elkarlana

Kafe antzoki honetan ikusle gisa oso ondo tratatua sentitzen naiz. Eta artistak ere berdin ateratzen direla esango nuke, gustura.

Iban Arantzabalek badu ardura Espaloian. Duela gutxi bere blogean kultur guneei buruzko hausnarketa egin zuen.

"Herriz herri sortzen dituzte udalek kultur etxeak (…) Espazio hilak ez badira ere, espazio gaixoak sortzen dituzte jaiotzetik beretik, jendearen haruntz-honuntza larregirik ez dutenak. Konparatzen ditut herriz herri dauden belarrezko futbol zelaiekin. Futbol zelaiak hamabostean behin erabiltzen dira eta kultur etxeak ere… Gainontzeko egunetan eraikin hutsak dira, metro karratu hotzak".

Lau eredu oker aipatzen ditu artikuluan:

Bat: Okerra da Udala bakarrik eta inor baino gehiago bailitzan jardutea kultura egin guran.

Bi: Okerra da kultura talde eta elkarteak mundutik aparteko sateliteak letxe ibiltzea, bakarrik.

Hiru: Okerra da proiektuak etorkizuna izan dezan dabilen harriari ibili dadin laguntzarik ez ematea.

Lau: Okerra da Udala eta herria ados jartzen ez diren ekimenez betetzea herriko kultura agenda.

Guggenheim defektua edo bagoaz, jaun-andere hauek espekulatu beharko dute -eta

Sergio Cruzado managerrak prentsaurreko batean esan zuen: "Erotzen ari garela uste dut. Hainbeste megazifra, makrojaialdi edo ebento, hiriaren marketina, udako gertaera garrantzitsuena… Makroekin ebentoetarako publikoa sortzen da, ez musikazalea den publikoa. Epe laburrera jokatzen ari gara".

Bruce Springsteen, Ken Follet, etab. Kultur gastu baino turismo eta irudi gastu beharko lukete izan.

Guggenheim defektua. Kultura baino hori ez al turismoa, ekonomia, hirigintza sustatzeko zerbait? Kultura aitzakia da.

Gero, Madrilgo Lavapiés auzoan dagoen Ladinamo bezalako guneek ateak itxi behar dituzte: bagoaz, jaun-andere hauek espekulatu beharko dute-eta.

Funtzionario-funtzionarioak eta artista-funtzionarioak

Gogoan dut Pako Aristiren pasadizo bat. Nonbaitera joan emanaldi bat eskaintzera eta funtzionarioak zera galdetu ziola ikusi bezain pronto: noiz amaituko duzue? Eta hori askotan gertatzen da. Grina ez dut esango, baina bai zure lana ondo egitea.

Artistei ere interesatzen al zaie beste artistek egiten dutena? Joaten al dira lankideen emanaldietara, kontzertuetara, erakusketetara? Edo bere baitan daude bilduak, zilborrari begira?

Anekdota bat. Kontzertu bat antolatu genuen. Teloneroa, auzokoa zen. Kontzertua eman, trasteak batu… eta etxera… bigarren taldearen saiora geratu gabe.

Zubiak

Juancar Landa musikariak grabatu ditu euskaraz Serge Gainsbourgen kanta batzuk. Euskaraz zein gazteleraz abesten duten kantariak egongo dira diskoan. Kasu egingo al dio euskal publikoak normalean gazteleraz abesten duten Diego Vasallo, Mikel Aguirre, Rafa Berrio… etabarrei euskaraz aritzerakoan? Edo hauen betiko publikoa joango da kontzertura?

Internet iritsi dela

Gu ta gutarrak taldearen adibidea jarri nuen. Internet ondo baino hobeto aprobetxatzen ari den taldea.

Politika instituzionalak direla eta, elkarrizketa mamitsuak eman zituen Santi Erasok 2006aren bukaeran Arteleku utzi behar zuela aprobetxatuz:

"Politika instituzionalak atzetik doaz eta kultur ikuspegitik eredu analogikora atxikita daude. Erabateko aldaketa hartu beharko litzateke kontutan kultur politikak egungo gizartearen dibertsitatera eta teknologia berrietara egoki daitezen".

"Herritarrak jada ez dira pasiboak… Nola komunikatzen dira gaur egun herritarrak? SMSak, blogak, komunikazio transbersalaren bidez. Ez da soilik ahozko komunikazioa, edukien produkzioa ere badakar (testuak, bideoak, audioak). Guk gobernatu ditugun erakundeak oso bertikalak izan dira, paternalistak neurri batean. Kultur ekitaldiak proposatu eta jendea bertaratzen zen. Kultur politikak horizontalagoak izan beharko lirateke. Honela, jendea bakarrik erakundetara joan beharrean, hauek ere jendea bizi eta komunikatzen den etxetara, auzotara, benetako gunetara eta saretara joan beharko lukete. Egiteke dagoen kultura da".

En castellano

loveof74
loveof74 dio:
2008/01/26 13:42

blogaririk ez? dedio, ikusezintasun trikimailua azkenean atera zait!

iturri
iturri dio:
2008/01/26 23:12

Kaixo Lo: Barkatu, baina ez nintzen zutaz gogoratu. Eta uste dut ere Gorka Bereziartua handik zebilela.

Lo: zerbait idazteko asmorik bai?

loveof74
loveof74 dio:
2008/01/27 14:46

bai, noski, baina denborarik ez:-(

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter