25 urte ondoren, presidente hautagai bat Boisen
Atxagak atzo kontatu zuen bigarren aldiz egon zela Barack Obama ikusten. Igandean, nire lagun batek bidali zidan mezua esanaz bera ere egon zela hautagaiaren mitinean. Uste dut biak toki berean egon zirela, baina laguna ederki sufrituta sartu zen barrura. Bere ustez, Atxagak pase berezia dauka. Horra hemen kontakizuna:
Larunbatean Obama Boisera etorri zen. Kontatzen dutenez, baziren 25 urte hautagairik hemendik agertzen ez zela (4.000 ordezkari demokraten artean, Idahori 22 besterik ez dagozkio), baina Coloradon zuen hitzordua erori eta Idahora etortzea erabaki zuen. Jakina, hemengo jendea eroturik zegoen (Supertuesday-aren aurreko asteburuan hautagai bat etortzea!).
Mitina goizeko 8:30etan zen hastekoa (eguerdian Utah-ra zihoan eta gauean Louisianara). Saskibaloi Arenako ateak goizeko 7:00etan zabaldu zituzten. Badaezpada, goizeko 6:30etan han nengoen ni. Bi kilometroko lau ilara zeuden. Ordu eta erdi zain egon ondoren (-8 gradu kalean), mitina hasi baino bost minutu lehenago sartu ziren azkenetakoa izan nintzen.
Foroak 20.000 eserleku ditu (Donostiako Belodromoaren antzekoa, baina palko, mezzanine eta balcony lau aldeetan) gehi beheko parketa. Ni bezalako tuntunak azken pisuan geunden zutik, aurreko bi lagunen sorbaldaz aparte zerbait antzeman nahian. 10.000 lagun kanpoan gelditu ziren, barruan gertatzen zena pantaila bidez ikusten.
Obamarena baino, jendearen ikuskizuna zen jarraitu beharrekoa. Hemengoek ez dute erdibiderik: suediarrek bezala itxoiten dute ilaran (ezer esan gabe, txintxo-txintxo), baina Euskaltelen Pirinioetako jarraitzaile bihurtzen dira barruan.
Obamak esandako erdia-edo ulertu nuen. Aste honetako diskurtsoa azaldu zuen: Tax (igoera %38-raino), Health (sistema bat osatu) and War (alde egitea). Telebistan egunero debateak eskaintzen dituzte eta hautagai bakoitzak inkesten arabera aldatzen ditu argudioak eta besteekiko jarrerak. Bera eszenatokian oso ondo mugitzen da eta berdin kontrolatzen du ere jendea noiz altxarazi eserlekuetatik.
Nire aldamenekoak Washington Statetik (8 ordu kotxez), Alaskatik (2 ordu hegazkinez) eta Montanatik (4 ordu autoz) etorriak ziren. Zergatik? Estatu hauek demografikoki ezer gutxi direnez, seguru horietara ez doala inor.
Portzierto, ni harrituta nago Atxagak nola azaltzen duen bere blogean zer den Obama eta Clinton kandidatoen mitinetara joatea: joan, sartu eta entzun. Pase berezia izan beharko du horretarako.
Hitzorduak
Ostegunean Mikel Erentxun abeslariak bere bigarren bizitza musikalari (ustez) adio esateko abiatu duen hiruko seriearen lehenengoan egon nintzen Victoria Eugenia antzokian. Beteta zegoen aretoa eta Erentxun erdian, gitarren alarde amaiezinean (kanta bakoitzeko bat, María Dolores Praderak xalekin egin bezala), Fran Iturbe eta Rubén Caballero gitarristak ezker-eskuin; atzerago, bajista (izena ahaztu egin zait), Rufo Urbina bateria jolea eta Joserra Senperena pianista handia.
Alfonbra baten gainean aritu zen Mikel. Etxean bezala egon nahiko zuen, baina urduri zegoen. Publikoa, berriz, hotz. Noski bazeudela Erentxun zaleak, baina iruditu zitzaidan publikoa gehiago zela Victoria Eugenia zaleago. Jarreragatik diot.
Erreforma egiteko itxieraren aurretik, Antonio Bartrina tango-kantari madrildarra etorri zen Malevaje taldearekin duela hamar bat urte. Harrituta zegoen jendearen hoztasunagatik. Amaiera aldera esan zigun arrazoia topatu zuela: antzokiaren belusa. Horregatik jarriko zion agian "Aterciopelado" Juan Luis Etxeberriak ostiralean dvn agertu zen kronikari. Meritua dute Etxeberria bezalakoek, ordu erdi eskas izan baitzuen lerro horiek idazteko.
Osteguna propina izan zen, ostiraleko eta larunbateko sarrerak agortu zirela ikusirik. Filma grabatuko du Jose Mari Goenagak (are urduriago egongo da asteburuan, ea Goya sariren bat jasotzen duen Moriarti etxeak ekoitzi eta Aitor Arregirekin batera eginiko Lucio filmagatik). Ostiralean gonbidatuak egon dira, baita gaur ere. Bakarra egon zen ostegunean: Rafa Berrio. Detailea izan zuen Erentxunek eta ondo bete zuen papera Rafak.
Bi kanta berri eskaini zituen Mikelek. Horietako batean, blues doinuen artean, "tengo una cita en el Boulevard a las nueve y diez" abestu zuen. Silveira bertsolariaren hitzorduaz ("A las ocho en el Bule") eta Sabino Ormazabal bakezaleak hitz egiteko bultzatutakoaz gogoratu nintzen. Desberdinak denak, baina toki berean guztiak.
Broma gutxi... Katalunian ere
Atzo goizean irakurri nuen albistea La Tafaneran (Kataluniako Zabaldu). Egunean zehar ordenagailutik aparte egon nintzen eta gauean heldu nion gaiari berriro.
Vicent-ek azaltzen du dena urtarrilaren 17an hasi zela. M izeneko ikasleak aipatu zuen bere blogean, Jo també!, unibertsitateko kide batekin eginiko lan bat. Lendakaris Muertos taldeak konposatutako ETA, deja alguna discoteca kantuaren bideo-klipa egitea erabaki zuten Unibertsitatean (ikasgaia, bideo-edizioa eta -produkzioa). Protagonista Gironako zenbait diskoteketan bonbak jartzen agertzen omen da.
Arazoak hilaren 22an hasi ziren. Diari de Gironak gaia aipatu zuenean.
Segi irakurtzen Vicent-en blogean. Nahi izanez gero, hemen dago ere M-ren bloga (hemendik besarkada bat bidali nahi diot).
Yosigoren argazkiak ikusgai Ernest Lluch Kultur Etxean
Esan bezala, datorren ostiralean inauguratuko dugu kultur etxean Yosigo argazkilari donostiarraren lehen erakusketa. 0607 mostran, batez ere, Donostian (eta Donostiari buruzko) argazkiak bilduko ditu. Hori bai, ez etorri betikoaren bila. Yosigo argazkilari ezaguna da flickr.com-en paratutako lanengatik. Baditu zale porrokatuak, adibidez Processblack edo Love.
Inaugurazioa otsailaren 1ean izango da, arratsaldeko 19:30etan. Kontutan izan erakusketa-aretoa Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean dagoela. Otsailaren 23ra arte, obrak ikusteko moduan egongo dira ondorengo ordutegi hauetan: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara; larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara.
Gauza kurioso bezala, erakusketaren berri emateko bi argazki egongo dira hortik zehar. Bata, kultur etxeak egindakoa, ofiziala; bestea, artistak lagunen artean banatzeko erabiliko duena, ofiziosoa. Biak zein baino zein hobeak.
Hau da azal ofiziosoa:
Areatzako markak: lubakiak eta zubiak
Duela astebete-edo irakurri nuen aipamen labur hau udazkenetik jarraitzen dudan Escritores vascos blogean. Harrituta geratu nintzen azpian utzitako erantzunekin (nazi eta juduen garaiak gogoratzea, besteak beste). Erantzunen bat uztekotan egon nintzen, baina ez nintzen azkenean animatu.
Igande
goiz honetan, sarean egon naiz informazio gehiagoren bila. Eta Areatzako
webgunean pdf
dokumentu hau topatu dut Udalak emandako prentsa-ohar modukoa:
"Jakina denez, Areatzan euskara suspertzeko eta normalizatzeko Euskara Plana (EBPN) onartu zen. Plan horren helburu nagusia euskaldunoi euskaraz bizi ahal izateko baldintzak eskaintzea litzateke, eta hori lortzeko, euskararen ezagutza, erabilera eta presentzia sendotzearen aldeko apustua egin da".
" (…) Familiak euskara erabiltzeko hartu beharreko konpromisoa azpimarratzeko, Etxe honetan euskarari eutsi nahian gabiltza kanpaina martxan jarri da".
"Leloak, familiak euskaraz bizitzeko egin duen aukera argi eta garbi adierazteaz gain, familia-kide guztiei eta etxean sartzen den orori bertakoek euskaraz bizitzeko apustua egin dutela gogoratzen die (...) Konpromisoa hartzen duten udalerriko familia guztiei Etxe honetan euskarari eutsi nahian gabiltza lelodun lanpasa emango zaie etxeko sarreran jartzeko".
Ez dut ezagutzen Areatzako errealitatea. 1000 biztanle inguruko herria da, Arratia bailaran kokatutakoa. Donostian bizi naiz ni, Euskal Herriko euskaldun gehien biltzen duen hiria. Eguerdian ogia erostera joan naiz aste bukaeretan normalean erosten dudan okindegian. Ogi bakoitzak zuen marka edo leloa. Nireak barra larga jartzen zuen. Horrelako milaka adibide jar ditzakegu. Zer ondorioztatu behar da orduan? Euskaldunek ez dugula tokirik herri honetan? Zer ari gara gaizki egiten euskaldunak/euskaradunak?
Beste behin lubakiak zabaltzea zubiak eraikitzea baino errazagoa dela frogatuta geratu da.
Euskarazko kultur kontsumoa (II)
Berriak publikatu zuen kronika atzo. Garak ere publikatu du gaur. Euskadi Irratiak grabatu zuen osorik. Blogaririk ez zen agertu eta inork ez du ezer esan. Nik nire txapa botako dut.
Martxelo Otamendik hartu zuen hitza asteazkenean egun hartan bertan trenean gertaturikoa kontatuz. Hamar lagun trenean eta horietatik hiru euskarazko libururen bat irakurtzen. Gero, mahaikideak aurkeztu zituen.
Eneko Olasagastik hartu zuen hitza ondoren eta Sarean-eko 2006ko datuak aztertu zituen (antzerkia). Zinemari buruzko datuak ere aipatu zituen.
Kike Amonarrizek dekalogoa irakurri zuen. Hura entzun ondoren, mahaitik altxatzeko gogoa izan nuen. Zer gehiago gehitu nezakeen nik?
Olatz Osak, berriz, liburugintzaren azterketa egin zuen eta Iñaki Gómezek kultur produkzioari buruzko gogoeta instituzionala. Bi hauen artean hitz egin nuen nik. Publikoak ere egin zituen galderak. Besteak beste, Xabier Huizik, Fito Rodriguezek, Josu Iztuetak…
Sarrera
Kultur etxe batean ari naiz lanean. Merkatua, kontsumoa, produkzioa eta gauza hauek arrotz samarrak egiten zaizkit. Dena dela, erabaki nuen internet zaletasuna eta ikuskizun ttikiekiko zaletasuna, batez ere musikarekiko, uztartzea. Honela, del.icio.us kontuan kultura etiketarekin nituen loturak begiratzen egon nintzen asteartean. Eta horietako batzuk bota nituen nire zenbait ideia berresteko (hemen daude bilduta lotura hauek eta beste batzuek).
Gipuzkoa auditorioz josi behar al da?
Oinarrizko kultur azpiegiturak Guggenheim edo Victoria Eugenia baino garrantzitsuagoak dira. Ez bakarrik egunerokoan. Jendea trebatzeko, irakurzaletasuna sustatzeko, publikoak sortzeko.
Artikulu hau irakurri ondoren, ea nora goazen pentsatu nuen. Kazetariak dio 1980. urtearen hamarkadan kirol azpiegiturak egin ziren bezala, orain auditorioen garaia dela. Hainbeste auditorio behar al ditu Gipuzkoak?
Andoainen bertan nengoela, galdetu nuen ea Andoaingo herriak 500 lagunentzako auditorioa behar ote zuen Donostiatik 10 kilometrora? Ez al da jendea kultur munduan murgiltzeko askoz ere eraginkorragoa 250 lagunentzako gune erabilera anitzekoa eta gainerako espazioan tailerrak, etab. egitea?
Kultur mankomunitateak
Oier Araolaza haurrarekin joan zen Elgoibarrera haur antzerkia ikustera. Penatuta bueltatu zen etxera jende gutxi zegoelako antzokian. Besteak beste zera idatzi zuen blogean:
"Orain 15 urte Elgoibarrera dantza ikastera hurbildu ginenean Jose Inazio Sarasuak garbi esan zigun, udalak mankomunitateetan elkartu badira zaborrak biltzeko, ez daukala zentzurik behar gorriagoa duen kultura alorrean bakoitza bere kasa ibiltzeak".
Elgetako Espaloia eta elkarlana
Kafe antzoki honetan ikusle gisa oso ondo tratatua sentitzen naiz. Eta artistak ere berdin ateratzen direla esango nuke, gustura.
Iban Arantzabalek badu ardura Espaloian. Duela gutxi bere blogean kultur guneei buruzko hausnarketa egin zuen.
"Herriz herri sortzen dituzte udalek kultur etxeak (…) Espazio hilak ez badira ere, espazio gaixoak sortzen dituzte jaiotzetik beretik, jendearen haruntz-honuntza larregirik ez dutenak. Konparatzen ditut herriz herri dauden belarrezko futbol zelaiekin. Futbol zelaiak hamabostean behin erabiltzen dira eta kultur etxeak ere… Gainontzeko egunetan eraikin hutsak dira, metro karratu hotzak".
Lau eredu oker aipatzen ditu artikuluan:
Bat: Okerra da Udala bakarrik eta inor baino gehiago bailitzan jardutea kultura egin guran.
Bi: Okerra da kultura talde eta elkarteak mundutik aparteko sateliteak letxe ibiltzea, bakarrik.
Hiru: Okerra da proiektuak etorkizuna izan dezan dabilen harriari ibili dadin laguntzarik ez ematea.
Lau: Okerra da Udala eta herria ados jartzen ez diren ekimenez betetzea herriko kultura agenda.
Guggenheim defektua edo bagoaz, jaun-andere hauek espekulatu beharko dute -eta
Sergio Cruzado managerrak prentsaurreko batean esan zuen: "Erotzen ari garela uste dut. Hainbeste megazifra, makrojaialdi edo ebento, hiriaren marketina, udako gertaera garrantzitsuena… Makroekin ebentoetarako publikoa sortzen da, ez musikazalea den publikoa. Epe laburrera jokatzen ari gara".
Bruce Springsteen, Ken Follet, etab. Kultur gastu baino turismo eta irudi gastu beharko lukete izan.
Guggenheim defektua. Kultura baino hori ez al turismoa, ekonomia, hirigintza sustatzeko zerbait? Kultura aitzakia da.
Gero, Madrilgo Lavapiés auzoan dagoen Ladinamo bezalako guneek ateak itxi behar dituzte: bagoaz, jaun-andere hauek espekulatu beharko dute-eta.
Funtzionario-funtzionarioak eta artista-funtzionarioak
Gogoan dut Pako Aristiren pasadizo bat. Nonbaitera joan emanaldi bat eskaintzera eta funtzionarioak zera galdetu ziola ikusi bezain pronto: noiz amaituko duzue? Eta hori askotan gertatzen da. Grina ez dut esango, baina bai zure lana ondo egitea.
Artistei ere interesatzen al zaie beste artistek egiten dutena? Joaten al dira lankideen emanaldietara, kontzertuetara, erakusketetara? Edo bere baitan daude bilduak, zilborrari begira?
Anekdota bat. Kontzertu bat antolatu genuen. Teloneroa, auzokoa zen. Kontzertua eman, trasteak batu… eta etxera… bigarren taldearen saiora geratu gabe.
Zubiak
Juancar Landa musikariak grabatu ditu euskaraz Serge Gainsbourgen kanta batzuk. Euskaraz zein gazteleraz abesten duten kantariak egongo dira diskoan. Kasu egingo al dio euskal publikoak normalean gazteleraz abesten duten Diego Vasallo, Mikel Aguirre, Rafa Berrio… etabarrei euskaraz aritzerakoan? Edo hauen betiko publikoa joango da kontzertura?
Internet iritsi dela
Gu ta gutarrak taldearen adibidea jarri nuen. Internet ondo baino hobeto aprobetxatzen ari den taldea.
Politika instituzionalak direla eta, elkarrizketa mamitsuak eman zituen Santi Erasok 2006aren bukaeran Arteleku utzi behar zuela aprobetxatuz:
"Politika instituzionalak atzetik doaz eta kultur ikuspegitik eredu analogikora atxikita daude. Erabateko aldaketa hartu beharko litzateke kontutan kultur politikak egungo gizartearen dibertsitatera eta teknologia berrietara egoki daitezen".
"Herritarrak jada ez dira pasiboak… Nola komunikatzen dira gaur egun herritarrak? SMSak, blogak, komunikazio transbersalaren bidez. Ez da soilik ahozko komunikazioa, edukien produkzioa ere badakar (testuak, bideoak, audioak). Guk gobernatu ditugun erakundeak oso bertikalak izan dira, paternalistak neurri batean. Kultur ekitaldiak proposatu eta jendea bertaratzen zen. Kultur politikak horizontalagoak izan beharko lirateke. Honela, jendea bakarrik erakundetara joan beharrean, hauek ere jendea bizi eta komunikatzen den etxetara, auzotara, benetako gunetara eta saretara joan beharko lukete. Egiteke dagoen kultura da".
Badiola Suntsiketak
Azaroaren 5ean idatzitakoa berrirakurri egin dut. Oso denbora gutxi pasa bada ere, gauza asko aldatu dira. Adibidez, Diario Vascok orduan eskainitako tartea, laguntza, kendu egin dio. Gogorrena Badiolari eskainitako editoriala izan zen.
Hala eta guztiz ere, urtarrilaren 3ko juntara joandako akziodunen % 70etik gorako onespena jaso zuen donostiarrak. Ni ez nengoen Donostian egun hartan eta lagun bati pasa nizkion nire bost akzioak. Nahi zuena egiteko esan nion, zalantza asko nituela gehituz.
Hogei egun nahikoak izan dira bakar-bakarrik dagoen gizon hau zer egiteko gai den ikusteko. Pako Aiestaran fitxatu zuen kirol aholkulari gisa eta hori zen hautagaitza hau errespetuz begiratzeko arrazoietako bat. Baina Pakok kitto esan du gaur goizean. “Nik jartzen dut dirua” esan omen dio behin eta berriro azken egunetan Badiolak. Oliva entrenatzailea, Aiestaranek aukeratutakoa, izendatu nahi ez zuela-eta, agur esan du beasaindarrak. Ondo egin du, barregarri utziko baitzuen bestela presidenteak.
Egina omen zuen Zigic handiaren fitxajea. Aulkirako B plana prest omen zeukan Colemanek alde eginez gero: Jabo Irureta. Fran Merida gaztea eta Pep Martí beteranoa ekarri ditu eta hori ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Gezurti profesionala baita gure Iñaki.
Realari buruz eskainitako beste harrikada batean nioen Osasunari erreparatu behar geniola, Iruñean ondo egiten dituzten gauzen berri izateko. Orain, berriz, Gasteizera begiratu beharko dugu, Pitermanek Alavésen zer egin zuen ikusteko. Presta gaitezen.
Marka da gero Astiazaran, Fuentes, De la Peña... onak egingo dituen presidentea izatea.
Euskarazko kultur kontsumoa
Berriatik jaso nuen deia urte amaieran eta, azkenean, iritsi da eguna: asteazkenean, 19:00etatik aurrera, Andoaingo Martin Ugalde Foroan egongo naiz “Kontsumitzen al da euskarazko kultur produkzioa?” gaiari buruz egingo den mahainguruan. Moderatzaile lanetan Martxelo Otamendi arituko da eta beste mahaikideak ondorengo hauek izango dira:
Ea pulamentuzko zerbait esateko moduan nagoen.
Kordoba, urrun eta bakar
Aurreko mezuan aipatu bezala Xabi Strubell egon zen Ernest Lluch Kultur Etxean pasa den ostegunean. Hondarribiarra proposamen berri batekin etorri zen, “Uneguneak”. Bera bakarrik eszenatokian, irudiarekin eta soinuarekin lagun batzuk aldamenean. Gitarrarekin bossa-nova doinuak entzun nituen nobedade gisa, baina gehiago ere egon zen. Poema edo testu gehienak euskaraz, baten bat portugesez, katalaneraz, ingeleraz. Erakusleihoa programaren xedea ez da gauza finduak eskaintzea; aldiz, bide berriak jorratzea baino. Xabiren proiektua horrelakoxea izanen dela uste dut. Baditu borobildu beharreko kontuak, baina emaitza azken produktutik gertu dauka.
Besteak beste, García Lorca poeta andaluziarraren Canción de jinete poeman oinarritutako “Kordoba” kanta abestu zuen euskaraz. Letra hori Zura taldearekin egindako diskoan argitaratu zuten. Lauaxetak euskaratutakoa, urrun eta bakar dagoen Kordobari abesten dio Lorcaren zaldizkoak.
Rafa Berrio musikari hondarribiarraren zalea da eta aretoan zegoen bera ere. Laster emanaldi bat du Kordoban eta Xabiri agindu zion Zuraren kantaren bertsio bat egingo zuela "etxetik hain urrun". Euskaraz. Asko gustatu zitzaidan Rafaren detailea.
Hau guztiau, Anoeta Estadioaren inguruan gertatu zen eta gehienok dakigun bezala bertan jokatzen du Realak, aste honetan agur esan duen entrenatzaileak aitortu duen bezala zirko izateko merituak egiten ari den kluba. Eta asteburuan Kordoba izango du aurkari talde txuri-urdinak. Ea irabazteko gai diren giputzak.
Kordoba/Urrun eta bakar.
Behor beltz, ilargi haundi/Olibak ditut zorroan/Bideak ezagutu arren/Ez naiz sartuko Kordoban.
Zelaietan zehar, haizean zehar/Behor beltz, ilargi gorri/Herio so daukat adi/Kordobako dorreetatik.
Hau da bidearen luzea!/Ai nere bihor zintzoa!/Hau da hau baina, hil beharra/Heldu baino lehen Kordobara!
Kordoba./Urrun eta bakar.
Xabi Strubell Erakusleihoan
Artistaren argazkia jarri eta komunikabidetara bidalitako prentsa-oharra jartzera mugatuko naiz soilik.
Ernest
Lluch Kultur Etxeak jakinarazi nahi dizue urtarrilaren 17an Xabi
Strubellek emanaldi berezia eskainiko duela gurean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan
hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean) eta sarrera
doakoa izango da.
Xabi Strubell gitarra jole hondarribiarra Dut, Anari eta Zura talde zein
bakarlariekin ibili da. Esperientzia horietatik urrunduz, formatu txikiko
ikuskizuna moldatu du. Gitarraren sonoridadeen inguruan giroak eraikiz,
ikuskizuna poesia emanaldia da, Xabik berak sortutako poemen inguruan.
Poesia garaikidea, gaietan berritzailea, oparoa. Izan ere, poesia libururik
argitaratu ez duen arren, zenbait poema bilduma sortuak ditu eta eskarmentua
pilatu du abestien hitzak egiten.
Ikuskizuna loop-etan, hau da, hitza, musika eta irudi puska txikiekin
sorturiko giroen eraikuntzan oinarrituta dago: errepikatzen diren patroiak, minimalismoa,
konstruktibismoa, guztia errealitate sentsazioa airean zintzilikatuta uzten
duen unegunea sortuz: unea, denborarena; gunea, espazioarena. Unegunea.
Ernest Lluch Kultur Etxeko Erakusleihoa programari begira bereziki
prestaturiko ikuskizuna da. Beraz, arte esperimentu txiki honen barrenetan
sartuz, aukera polita izango dugu euskal poesia garaikidearen oihartzunetan
murgiltzeko.
Hurrengo Erakusleihoa
Otsailaren 21ean, Mikelazuko elkartearen inguruan mugitzen den artista
multzo batek Ezeraiketak emanaldia eskainiko du.