25 urte ondoren, presidente hautagai bat Boisen
Atxagak atzo kontatu zuen bigarren aldiz egon zela Barack Obama ikusten. Igandean, nire lagun batek bidali zidan mezua esanaz bera ere egon zela hautagaiaren mitinean. Uste dut biak toki berean egon zirela, baina laguna ederki sufrituta sartu zen barrura. Bere ustez, Atxagak pase berezia dauka. Horra hemen kontakizuna:
Larunbatean Obama Boisera etorri zen. Kontatzen dutenez, baziren 25 urte hautagairik hemendik agertzen ez zela (4.000 ordezkari demokraten artean, Idahori 22 besterik ez dagozkio), baina Coloradon zuen hitzordua erori eta Idahora etortzea erabaki zuen. Jakina, hemengo jendea eroturik zegoen (Supertuesday-aren aurreko asteburuan hautagai bat etortzea!).
Mitina goizeko 8:30etan zen hastekoa (eguerdian Utah-ra zihoan eta gauean Louisianara). Saskibaloi Arenako ateak goizeko 7:00etan zabaldu zituzten. Badaezpada, goizeko 6:30etan han nengoen ni. Bi kilometroko lau ilara zeuden. Ordu eta erdi zain egon ondoren (-8 gradu kalean), mitina hasi baino bost minutu lehenago sartu ziren azkenetakoa izan nintzen.
Foroak 20.000 eserleku ditu (Donostiako Belodromoaren antzekoa, baina palko, mezzanine eta balcony lau aldeetan) gehi beheko parketa. Ni bezalako tuntunak azken pisuan geunden zutik, aurreko bi lagunen sorbaldaz aparte zerbait antzeman nahian. 10.000 lagun kanpoan gelditu ziren, barruan gertatzen zena pantaila bidez ikusten.
Obamarena baino, jendearen ikuskizuna zen jarraitu beharrekoa. Hemengoek ez dute erdibiderik: suediarrek bezala itxoiten dute ilaran (ezer esan gabe, txintxo-txintxo), baina Euskaltelen Pirinioetako jarraitzaile bihurtzen dira barruan.
Obamak esandako erdia-edo ulertu nuen. Aste honetako diskurtsoa azaldu zuen: Tax (igoera %38-raino), Health (sistema bat osatu) and War (alde egitea). Telebistan egunero debateak eskaintzen dituzte eta hautagai bakoitzak inkesten arabera aldatzen ditu argudioak eta besteekiko jarrerak. Bera eszenatokian oso ondo mugitzen da eta berdin kontrolatzen du ere jendea noiz altxarazi eserlekuetatik.
Nire aldamenekoak Washington Statetik (8 ordu kotxez), Alaskatik (2 ordu hegazkinez) eta Montanatik (4 ordu autoz) etorriak ziren. Zergatik? Estatu hauek demografikoki ezer gutxi direnez, seguru horietara ez doala inor.
Portzierto, ni harrituta nago Atxagak nola azaltzen duen bere blogean zer den Obama eta Clinton kandidatoen mitinetara joatea: joan, sartu eta entzun. Pase berezia izan beharko du horretarako.
Ze konplikatuak diren haueskundeak AEBetan! Nik ezer gutxi ulertzen dut, baiña nire ustez Munduko beste biztanle guztiok ere bertan boto eskubidea eduki beharko genukeela. Azkenean irteten deak gu ere gobernatuko gaitu (gobernatu bere zentzurik txarrenean) Ondo segi