Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Anariren hitz argiak

Anariren hitz argiak

Mikel Iturria 2008/02/16 14:15
Anarik bukatutzat eman du Zebra diskoaren bira luzea, Bilboko Kafe Antzokian grabaturiko mini-diskoa aurkeztuz duela bi aste Donostiako Le Bukowski berrituan. Pablo Cabeza beteranoak Garan eginiko elkarrizketa batetik hartutako adierazpenak.

 

Aspaldian ez nuen Pablo Cabezaren berririk. Atzo arratsaldean, Sareko Argiaren Haria  buletinari esker irakurri nuen Pablok Anari abeslariari eginiko elkarrizketa mamitsu hau. Gazteleraz izaki, lerro batzuk itzultzen hasi, baina uste baino gehiago luzatu naiz, interesgarriak baitira Anariren adierazpenak, oso-osorik irakurtzeko modukoak.

Gaur goizean, berriz, Juan Luis Zabala idazleak bere blogean eskainitako poesia irakurri dut ere.

Azken kontzertua, bolada batez behintzat

Pasa den hilaren 3an, bolada batez azken kontzertua izango dena eman genuen Le Bukowski aretoan, Donostian. Barruan nuen arantzatxoa zen. Emanaldi asko ikusita nituen bertan eta izugarria izan zen. Oso hunkigarria. Gainera, beti sentitu izan dut nire benetako tokia sorkuntzaren munduan dagoela. Kantak dira gauzarik garrantzitsuena, nahiz eta topiko bat izan. Asko gustatzen zait idaztea, abestea, ulertzen ez dudan edo ulertu nahi ez dudan guztia interpretatzea… Aldatzea, berridaztea… Sentsazio guzti horiek inoiz baino biziago daude nire baitan. Hau izan da urterik onena nire abeslari ibilbidean. Ezin izango nuke gehiago eskatu.

Noren esku dago musika, artea

Batzutan inbidia diot literatur munduari. Idazleak, batzuk behintzat, beraiengatik eta beraientzat dagoen sistemarekin kritikoagoak baitira. Uste dut musika jarrera bat dela, nik horrela sentitzen dut. Eta musikaren mundua, orokorrean artearekin gertatzen den bezala, musikaz ideiarik ez duen jendearen esku dago eta inork ez du ezer egiten edo esaten. Eta hau oso txikia da, onerako zein txarrerako, eta kontrola, zoritxarrez, esku gutxitan dago. Dena estuki dago lotuta eta, honela, nahiz eta txistea dirudien, zure obraz hitz egiten hasten bazara, elkarrizketaren amaieran, Eroskiren izena agertzen da: zure obraren formatuak Eroskiko apalekin bateragarri izan behar du. Eta gauza guztiekin berdin. Nik ulertzen dut gauzak egiteko beste modu bat dagoela, agian txikiagoa. Eta txikiaren zorionerako, denborak demostratzen du ez dela gehiago saltzen gehiago pilatzeagatik. Musika gehien maite duen jendea da kontzertuetara hurbiltzen dena. Eta zer nahi duzu esatea? Guretzat hori da balio duen bakarra: jotzea, abestea, jendea negarrez jartzea, salto edo oihu egitea… Eta uste dut nola edo hala lortuko dugula grabatzea eta jendeari guk egiten duguna helaraztea.

Euskadin rock & rollak ez du inoiz dirurik emanen

Euskadin, produkzio gehiena –taldeak, kontzertuak, diskoak…- ez dago bertako diskoetxe handien esku eta ez da agertzen gure irrati-formuletan. Hain aipatua den krisi diskografikoak ez du hainbesteko eraginik izan, beti izan baita gogorra. Arazoa da produkzio eta produkzio-etxe handietaz hitz egiten dela soilik. Nazkatuta nago behin eta berriro errepikatzeaz krisialdia egitura mailakoa dela, 80. hamarkadako boom-etik datozen eta 90. hamarkadan emaitza hobeagoak eman zituen egitura handiei eragin diela. Garai horretan musikarekin dirutza egin zuen jendea dago, eta ondo iruditzen zait, baina hori amaitu egin da jada. Gaur egun inor gutxik du gure estudio handietan grabatzeko aukerarik, ezta gure ekipo handiak alokatzeko edo katxeta handiak kobratzeko aukerarik ere…

Artea letren mundukoa da

Etsigarriena da berdin-berdin egiten direla gauzak gaur egun. Izar mediatiko handiak sortzen dira, multinazionalen klabeak aplikatuz. Hau horrela da mundu mailan, baina guk gurea aztertu beharra daukagu. Kaka hutsa urrean pare jartzen da eta urrea, kakaren pare. Zenbakiek balio dute soilik eta artea letren mundukoa da… Gainera, hitz egitera eseri aurretik, garbi geratzen da kristoren mesedea egiten ari zatzaizula. Gauzak oso gaizki doazela ere, ezin da ahaztu diskoetxeak daudela artistak daudelako eta ez aldrebes. Gauzak ondo zirenean, diskoetxeek artistek baino diru gehiago irabazi dute diskoekin. Guk, Esan Ozenki  diskoetxearekin sinaturiko lehen kontratuetan, hogei urteko karrera zuten musikariek baino kontratu hobeagoak genituen. Niretzat Metak diskoetxearen itxieraren alderik txarrena da gauzak ondo egitearen eta artistarekiko begirunearen erreferentea galdu dugula. Badago oso gaizki pasatzen ari den jendea, baina ez da malko gehien isurtzen dituena. Eta badago jendea urteak daramatzana aretoetan, diskoetxe txikietan, aldizkarietan, irratietan… Chapeau beraiengatik!

Bidea nola egin

Badakit modu batez grabatuz gero, kontsakrazioa lortuko nuela. Teleberrian aterako nintzateke eta telebistako iragarkietan. Euskal musikaren zutabe bat nintzateke azkenean, nahiz eta soilik hamar kontzertu eskaini urtean zehar eta inor ez joan horietara. Ni beti egon naiz horren aurka. Musikari esker zerbait lortu badut, hori izan da pertsona apartak ezagutzea, gauzak nola egin behar diren erakutsi nautenak. Fermin Muguruza, adibidez, aurreko belaunaldikoa da, baina berau da gu guztion artean subertsiboena; bere musika gustuko izan edo ez izan, ezin uka arriskatzen duen pertsona dela. Garrantzitsuena da esaten duena, baina, batez ere, egiten duena. Hori da niretzat balio duen bakarra. Ferminek uko egin die benetako eskaintzei, bizimodua konpontzen dizuten eskaintzei, multinazionalek egindakoak, eta hori jakin beharko litzateke. Eta gainera diskoa Talka Records diskoetxean argitaratu du, autoprodukzioa; bitartean, ustez alternatiboagoa den nire belaunaldiko jendea sistemak irentsi egin du. Musikari gehiago daude, Ruper Ordorika adibidez, edo nire lekuko handiena, Mikel Abrego… Pozten naiz zuen gehigarrian Joseba Irazoki abeslariaren diskoa Sprinsgteen-en aldamenean ikusterakoan. Hori da gehien bat behar duguna, sistemak ez kontrolatzea guztia. Komunikabideak libreak diren bitartean, denek izango dugu tokitxoren bat.

En castellano

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter