Klase ertainaren hautua
Euskal aberiaz ari den gehienetan ez zait gustatzen Jose Luis Barberia kazetariaren ikuspuntua, baina pasa den igandeko El País-en argitaratutako krisiari buruzko erreportaje zabala Familias hundidas por la crisis egokia iruditu zitzaidan eta gustura irakurri nuen, nahiz eta bertan kontatzen dena ez izan irents erraza. Krisiak kolpatutako hainbat pertsona elkarrizketatu zituen Barberiak eta hemen jarritako lotura jarraituz irakur dezakezue lasai.
Nik, berriz, amaieran ageri den Pedro Cabrera irakaslearen esanari erreparatu nahi diot:
"Klase ertainak oinarrizko bi erreakzioen artean hautatu beharko du: beldurraren eta elkartasunaren artean. Lehenengoarekin batera datoz mugak ixtea, etorkin irregularren harrera penalizatzea, jende gehiago kartzelan sartzea eta eskuratutako pribilegioei eustea".
Comillasko Unibertsitateko soziologia irakasleak gaineratzen du: "Elkartasunaren alde eginez gero, ongintza eta karitate jantokietatik haratago joan beharko genuke eta galdegin geure buruari dirulaguntzen desastre burokratikoaz, baliabide eskasiaz eta Administrazioko departamentu ezberdinen arteko koordinazio ezaz. Honek ekarriko luke babes sozialeko sistemak eraginkortasunez birrantolatzea, aurrekontuetan lehentasun handiagoa ematea eta beharrezkoak diren zergak ordainaraztea pagatu behar dituzten guztiei".
Planteamendu egokia dirudi. Nora joko dugu?
Eguneratzea. 12:35ean. Lerro hauek ostegunean idatzi nituen. Ostiraleko DVko paperezkoan azalera eraman zuten bikote honen kasua. Bi gaixo hauen kasua azalera eraman behar zen, argazki erraldoi batekin?
Eguneratzea. Azaroak 1. 11:30ean. La elección de la clase media, este apunte en castellano.
Jamaika da bidea
Dear JOR:
Gogoratzen Oier potolitoa? Haren amak, Elenak, idatzi berri du blogean semeak gelakide berria duela eskolan. Amak galdetu zionean ea nongoa zen mutila, semeak ez zekien erantzuten. Berarentzat galdera garrantzitsuena beste bat baitzen: portero edo jokalari.
Lehenengo galdera helduen mundukoa baita. Jakin nahi dugu nongoa den bestea, nire garai bateko jefe baten moduan “nirekin edo nire aurka” maxima aplikatzeko ondoren. Berarekin ez nengoenez, haren ustez kontra ari bainintzen.
Hemen gauzak ez dira asko aldatu. Beti bezala jarraitzen dugu, gizona. Batekin bazaude, malo; bestearekin, okerrago.
Baina guri bost axola. Zaletasun gutxi ditugu, baina egungo Javier Vizcaínoren zale izaten jarraituko dugu (erreparatu elkarrizketa honetako komentarioen mailari), inorekin ezkontzen ez den horietakoa delako.
Ezkontzak aipatzen ditugula, aurrekoan irakurri genuen Iñigo Alonsori eginiko elkarrizketa hau. Euskalmet agentziako buru berria da Iñigo eta senarra, Ernesto Gasco, da departamentuko sailburuordetako bat. Baina zu lasai, ez baitio senarrak deitu, Arriolak baizik. Gauza jakina da Geografia lizentziatua izanik eta autobus gidari lanetan ibili ondoren, asko ikasten dela eguraldiaz (igogailuetan gehiago, izenda dezatela hurrengo zuzendari aszensoristaren bat).
Hauei tokia egin dietenak ere, ez pentsa. Aste honetan bertan El Mundok publikatu du EITBko zuzendaritzako sei kidek jasotako kalte-ordaina, nahiz eta lagun horiek etxean bertan jarraitu beharrean. Tonto aurpegia geratzen zait horrelakoak irakurrita.
Noticias taldean ere sumatzen da saltsa. Pentsa, Iñigo Camino izendatu dute Deiako zuzendari. No comment!
Amaitu baino lehen: Rubalcaba bezalakoentzat ez dago tokirik Jamaikan? Esango didazu.
Besarkada bat, JOR.
Jamaica es el camino, este apunte en castellano.
Afganistanen bonbak jaurti ondoren, familiarekin afaltzera
Ander Izagirre kazetariaren bidez izan dut bideo honen berri. Berak fogonazos izeneko blogetik jaso du: Bombardeo en Afganistán y después a cenar a casa.
Kontua da bonbak botatzen dituztenak Estatu Batuetan daudela, Las Vegasko iparraldean dagoen Creech basean. Eta hildakoak, berriz, Afganistanen. Urrutiko kontrol bidez maneiatzen dituzte abioiak eta bonbak.
Lau minutu pasatxoko bideo beldurgarria.
Afganistanen bonbak jaurti ondoren, familiarekin afaltzera. Aktan jasoa. Sustatu. 2009-10-26.
Ezin iritsi
Donostiatik mugitu gabe eta udal ekipamenduak soilik kontutan hartuz, gauza interesgarri hauek apuntatu ditut nik datozen asteetarako.
Urriak 30: Jabier Muguruza. Musika. Imanol Larzabal (Lugaritz).
Urriak 31-Azaroak 1: Babiloniako loreak, FTI Antzerkiola Imaginarioa. Antzerkia. Gazteszena (Egia). 20:00.
Urriak 31–Azaroak 6: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XX. Astea. Zinema.
Azaroak 5: Anari + Zeren Zai. Musika. Gaztemaniak! Gazteszena (Egia). 20:30.
Azaroak 7: Kings of Convenience. Musika. Victoria Eugenia. 20:30.
Azaroak 13: 50 años de Nova canço, Marc Parrot. Musika. Imanol Larzabal (Lugaritz). 21:00.
Azaroak 14: De Mahagonny a Youkali: un viaje con Kurt Weill, Vicky Peña. Gazteszena (Egia). 20:00.
Azaroak 16: Tres vidas de Santos, Eduardo Mendoza. DK Literatura. Egilea egongo da ekitaldian.
Azaroak 18: The Lemonheads + Thee Brandy Hips. Musika. Gazteszena. 20:30.
Azaroak 20: El Lebrijano: cuando Lebrijano canta se moja el agua. Musika. Victoria Eugenia. 20:30.
Azaroak 21: Si je t´m, Black Blanc Beur. Dantza. Gazteszena (Egia). 20:00.
Azaroak 21: Lady Dottie & The Diamonds + Lord Bishop. Musika. Altza Kultur Etxea. 21:30.
Azaroak 25: Ari + La Omega + Paulee… Indarkeria matxistaren kontrako hip-hop emanaldia. Musika. Gazteszena (Egia). 21:00.
Azaroak 26: Txakurrek haginka, Kandido Uranga. Antzerkia. Erakusleihoa. Ernest Lluch K. E. 19:30.
Goian aipatu bezala, ez ditut denak zerrendatu; nire gustukoak direnak, baizik. Ni ez naiz kexatuko, baina hain hiri txikian badago publikorik horrelako eskaintza bati erantzuteko?
Eta badakit ez dela une aproposa horrelakoak planteatzeko, zeren eta uste baitut krisiaren erauntsiak behar ez diren ekimen asko bidaliko dituela pikutara.
Dena den, dagoen bitartean, gozatu! Gaur ostirala da-eta.
Isaki Lacuesta: La pelota vasca huts egindako filma iruditzen zait
"La pelota vasca huts egindako filma iruditzen zait. Medemek erabiltzen dituen formak ez datoz bat berak zituen asmoekin. Adibidez, beti kontatzen zuen bere helburua zela pertsonaia guztien arteko elkarrizketa sortzea, kalean hitz egitera inoiz eseriko ez liratekeen pertsonak filmaren bidez elkarrekin solasteko aukera izatea. Baina pelikulak duen muntaia sinkonpatuak ez du lortzen pertsonaiek beraien artean hitz egitea; are gehiago, ikusleak ere ezin du ahots bakar bat oso-osorik entzun. Badira uneak non amaitu aurretik moztu egiten baitituen esaldiak. Asko miresten nuen zinemagilea zen, batez ere Vacas-Behiak eta La Ardilla Roja filmengatik, izugarri gustatu zitzaizkidanak. Hala ere, film honek desengainatu ninduen. Uste dut hobe zela ez saiatu izana halako mosaikoa egiten. Zentzu handiagoa du Interneten jarri zuena pelikula berak baino. Ezin zen laburbildu ordu eta erdian berrogeita hamar pertsonaiek ziotena".
Paragrafo hau Tarik Gómez-Kemp kazetariak Isaki Lacuestari eginiko elkarrizketatik atera dut. Isaki Los condenados filmeko zuzendaria da, Donostiako Zinemaldiaren atal ofizialean proiektatua.
Hau izan omen da filma garatzeko hasierako hausnarketa: "Harritzen nau ikusteak nola intelektualak pasa diren hiru hamarkadetan borroka armatuaren alde egotetik aukera zilegizko gisa baztertzera".
Dirudienez filma udazken honetan estreinatu daiteke. Hona hemen trailerra.
Askatasunaren alde. Eskubide guztiak guztiontzat

Informazio gehiago, adibidez, manifestazioa deitu duen sindikatuetako baten webgunean: ELA, Gehiengo sindikalak manifestazioa antolatu du urriaren 17rako.
Malalai Joyaren ustez bakeari irain egin diote Nobel Saria Obamari emanez
Hunkituta atera nintzen atzo arratsaldean Malalai Joyak Donostiako Udaletxean eskaini zuen hitzaldiaren ondoren. Lehen miresten banuen andre hau, orain gehiago. 31 urte dituen emakume afganiarra da. 2005ean aukeratu zuten parlamentari, baina 2007an bota egin zuten Parlamentutik (pisuzko arrazoirik gabe).Geroztik, lau aldiz saiatu dira bera hiltzen eta guztietan onik atera da. Birkarzainen laguntzaz, burkaren babespean (emakumeek pairatzen duten indarkeria-ikurra, paradoxikoki), gauero etxez aldatzen da bizirik jarraitu ahal izateko.
Malalai Joya asko mugitzen da nazioarte mailan eta egun hauetan gure artean daukagu (Donostian, atzo; Iruñean gaur). Goizean elkarrizketa mordoa eskaini ondoren (adibidez, Irutxuloko Hitzari eskainitakoa hemen), berrehun bat lagunen aurrean hitz egin zuen atzo iluntzean Donostiako Pleno Aretoan. Egoera penagarria dela ezagutzera emateko, datu mordoa eman zituen jario handiko andre adoretsu honek.
Publiko artetik, pertsona batek galdetu zion ea zer pentsatzen zuen Obamaren Bake Nobel Sariari buruz:
"Bakeari irain egitea da Obamari Bake Nobel Saria ematea. Gerraren presidenteari eman diote. Zer egin du bederatzi hilabete hauetan Obamak Bakearen alde Afganistanen, Pakistanen, Palestinan...?"
Bi etsai mota dituztela ere gaineratu zuen: barrukoak eta kanpokoak. Azken hauei dagokienez, okupazio indarrek Afganistandik alde egin behar zutela aldarrikatu zuen eta, horretarako, gure laguntza eskatu. Nahi izanez gero, Malai Joyaren aldeko taldearen webgunearen bidez badago berarekin harremanetan jartzeko aukera.
Martin Luther King-en esaldi batekin amaitu zuen ekitaldia, heriotzaren beldur ez dela dioen Malalaik. Izan ere, inoiz itxaropena galtzen ez duen horietakoa baita hezur-haragizko gure heroi berria.
Mikel Iturria. Malalai Joyaren ustez bakeari irain egin diote Nobel Saria Obamari emanez. Sustatu. 2009ko urriak 16.
Bezperan nik hemen bertan ikusgai jarritako bideoa ere ageri da Sustatun. Ander Izagirre ere ekitaldian egon zen eta kronika ederra eta zabala moldatu du. No tengo miedo a la muerte, pero sí al silencio.
Malalai Joya: es un insulto a la paz la concesión del Nobel a Obama, este apunte en castellano.
Malalai Joya, emakume adoretsua
Gaur ongi etorria eman nahi diot Malalai Joyari, emakume aktibista afganiarra, arratsaldeko 19:00etan Donostiako Pleno Aretoan egongo dena. Bihar, berriz, Iruñean izango da; 17an eta 18an, hurrenez hurren, Lisboan eta Porton, Portugaleko Bloco de Esquerdak gonbidatuta.
Felipek, emakume honetaz bere garaian hitz egin zidan lagunak, zuzendari daniar batek eginiko ordubeteko erreportaje batera daraman lotura pasa dit. Dokumentala saritua izan zen Sundance Festibalean eta TVE2 kateko Documentos TV saioak emititu zuen.
Malalaik 30 urte paseak ditu eta Zorionaren etsaiek saiatu dira lau aldiz, gutxienez, bera akabatzen.
Malalai ezagutu ondoren, Javier Ortiz maisuak apunte bat idatzi zuen duela bi urte pasatxo. Zutabearen izenburua, noski, Malalai Joya.
Hitzak soberan daude.
Malalai Joya, mujer coraje, este apunte en castellano
Rubalcabakeriak
Azken bolada honetan toki ezberdinetatik iristen ari zitzaidan mantra moduko bat: ezker abertzalean gauzak onerako mugitzen ari zirela. Gaur arratsaldean bertan horretaz ari nintzen berbetan lagun batekin. Berak esaten zidan niri bakarrik entzuten zidala horrelakorik.
Hemendik zabiltzatenok jakin badakizue ni ez naizela HBkoa eta the organizationen kontra nagoela erabat (noski, izan zaitezke HBkoa eta erakundearen kontra egon). Baina erakundearen kontra egoteak ez du esan nahi txalotu behar direnik ustezko demokrata batzuen azaña guztiak.
Ez dakit zer nolakoak ziren goian aipatutako mugimendu horiek, baina LAB sindikatuaren egoitza batean Otegi, Etxeberria eta Diez Usabiaga, besteak beste, atxilotu dituztela irakurri dudanean, argi geratu zait Estatu Espainiarreko norbait ari dela berriro ere trabak jartzen. Beste behin Euskal Harria mugitu barik geratuko da?
El Picapiedraren tuiteoarengatik, Paul Riosek bere blogean duela aste batzuk idatzitako apuntera iritsi naiz. Madrilgo bi kazetarik Rubalcabarekin izandako solasaldia. Eta, dirudienez, Paulek aipatutako susmo horiek bete egin dira gaurkoan.
Rubalcabari buruz berriki Rafael Reigek Hazme un poliedro apuntean zioena ekarri nahi dut hona:
"Yo aprendo de los maestros. Aprendo de Herr Rubalcaba, nuestro inquietante cardenal Richelieu en zapatillas de andar por casa. Cuando hay un problema, ¿qué hay que hacer? ¿Buscar una solución? ¡Ni hablar! Basta con buscar una palabra que deslumbre y ya está".
Beste batzuk, berriz, Rubalcabazaleak dira. Gustu txarra izan behar da, laostia!
Eguneratzea: goizeko 7:30, urriak 14. Eta beti izango dugu Garzon, noski (adi Yoldi eta Ormazabalen lehen esaldian agertzen den aditzari: "reventar". Euskal Herriko blogosferan agertu diren beste zenbait hausnarketa.
¿Quiere el Gobierno abortar el debate de la Izquierda Abertzale sobre la violencia?, Paul Ríos.
Cerrar las puertas a la Paz, Picapiedra.
Atxiloketen ingurukoak azalpena merezi du, Galder Gonzalez
El delito de reunión y la prohibición del otoño, Hugo Martínez Abarca.
Rubalcaba mete el palo entre las ruedas, este apunte en castellano.
Barbican Centre, eredugarri kultur esparruko eMarketinean
eMarketina kultur esparruan apuntearen jarraipena.
Goizeko ponentziarik ederrena Maryam Ashgarirena izan zen. Londresko Barbican Centre erabilera anitzeko guneko eMarketin arduraduna da Maryam. Besteak beste, London Philarmonic Orchestrak du bertan egoitza.
- Urtean 1000 ekitaldi baino gehiago.
- 13 milioi libera esterlinako diru sarrerak.
- 2 milioi online bisitari.
- 280.000 e-list suscribers.
- 600 bat langile.
- 30 lagun marketin atalean. Horietatik 2 lagun, eMarketinean.
Apunte asko hartu nituen, baina laburrak dira. 360 ºko eMarketing toolbox aurkeztu zuen.
Datuen kudeaketa
- Datuak dira garrantzitsuenak.
- Google analytics erramintaren onurak aipatu eta goraipatu zituen: it´s free and easy to use.
- Hilabete bateko grafikoa erakutsi zuen: 235.622 bisita.
SEM / SEO
SEM (Search Engine Marketing)
- Erabiltzaileen artean, hiru bilatzaile-kategoria desberdindu zituen: explorer + hunter + tracker.
- Google-ko iragarkien errentagarritasuna aipatu zuen
- Oso errentagarriak direla esan zuen: % 3317ko erretornoa aipatu zuen adibide zehatzen batean.
SEO (Search Engine Optimisation)
- Optimizazioa: ondo etiketatu behar dira edukiak.
- Lotura onak (kanpokoak zein barrukoak): identifikatu 10 webgune interesgarri eta negoziatu beraiekin.
- Konbertsio-efizientzia
- Tonua oso garrantzisua da eta pertsonala izan beharra dago.
- Kontuz ibili maiztasunarekin (ez izan spammer).
- Korreoaren aukerak aldatzeko erraztasunak eman behar dira.
- Google kodeak jartzen dituzte e-mailetan jakiteko erabiltzailea nondik nora ibili den: informazioa bera bidaltzeko bi e-mail tipo egiten dituzte eta harpidedunen kopuru zehatz bati bidaltzen dizkiete (beta tester-ak dira, jakin gabe). Hurrengo egunean google analytics erramintarekin begiratzen dute bietako zeinek eragin dituen klik gehien eta hura bidaltzen diete gainerakoei.
- Bi eredu on e-maila erabiltzeko orduan: Marks and Spencer eta BBCren Good Food saioa.
RSS
- Bi eredu on: BBC eta Tate.
- Penguin Books ere bai, Spine Breakers gisako esperientziekin. Gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzeko programa da eta gazteei blogak kudeatzeko aukera ematen zaie.
SARE SOZIALAK
- Facebook, egunean behin edo bitan erabiltzen dute, irudiekin. Hortik aurrera, erabiltzaileei uzten diete.
- Twitter, oso popularra bada ere, ez omen die diru-sarrerarik ematen; hori bai, dakigun bezala, zutaz esaten ari direna jakiteko tresna egokia da.
- Youtube, bideo guztiak bertan jartzen dituzte.
- MySpace, jende gazteagoari iristeko aproposa.
- Flickr, bertan ere badaude eta, kasu honetan, MOMA museoaren lana iruditzen zaio eredugarri.
- Last.fm irratiarekin, berriz, diru-sarrera asko lortzen omen dituzte.
- Sare sozialak ondo erabiltzen ei ditu Skittles litxarreria enpresak.
POD-CAST
- Bere ustez, gutxi omen dira iTunes-en podcast-ak jartzen dituzten erakundeak.
- Barbican bai, iTunes-en dago.
- Kasu honetan ere, Tate aipatu zuen eredu gisa.
BLOGAK
- Marketinean aritzeko erraminta oso aproposa.
- Erakundeko ahots esanguratsuak behar dira.
- Eta sukaldea, atzealdea erakutsi beharra dago, jendeak asko baloratzen baitu hori, argazkiak barne.
- Blogariekin ere harremanak izan behar dira: irekia izan beharra dago.
- Blog editorea omen
dute eta firma ezberdinak Barbican-en (ez ditut topatu blogak, blogpot-eko bi izan ezik, mugimendu gutxikoak).
- Blog korporatibo txukun gisa The Penguin Blog erakutsi zuen.
MUGIKORRAK
- Amazon-en webgunea aipatu zuen, oso erraza baita bertan aritzea segapotoarekin.
- Zertarako antolatzen dituzte askotan erakundeek telefono bidezko lehiaketak? Telefono zenbakiak lortzeko modu erraza delako. Kontuz, beraz.
- Orange etxearen Orange Wednesdays kanpaina aitatu zuen: asteazkenetan zinera zoaz lagun batekin, 2 x 1 cinema tickets. Ez nuen ezagutzen, baina oso popularra ei da Inglaterran.
MULTIMEDIA
- Time Out London eredu gisa.
- Esan bezala, Youtubeko kanala du Barbicanek.
- Aipatu zuen antzokian bertan 2010eko otsailean emanaldia eskainiko duen Sarah Chang biolinistari eginiko elkarrizketak eman die jokua. Gauza batek harritu nau: elkarrizketa 2009ko martxoan igo dute. A zer nolako aurreikuspena.
- Frogatuta omen dute webgunean bideoak jarriz gero, gehiago saltzen dutela. Logikoa da, musikarien lana ezagutzera ematen baitu.
LABURBILDUZ
- Diru sarrerak lortzeko estrategia osoa dute eta hori garbi ikusten da Maryam-en aurkezpenean.
- Beste toki askotan ez bezala, ez dut uste hauek kea saltzen dutenik.
- Irakurri ondoren pentsatuko duzue, gauza logikoak esan zituen, hainbesterako ez da. Sinets iezadazue: askoz ere biribilagoa izan zen bertatik bertara ikustea.
- Ez dute diru asko gastatzen: sarean eskuragarri dauden estandarrak erabiltzen dituzte.
- Maryamek esan zuen kosta egin zaiola gainerako lankideak konbentzitzea, baina lortutako emaitzak ikustia gehiago fidatzen direla.
- Barbican beste maila batean dago, baina hemengo puntako erakundeak ere urrun daudelakoan nago.
- Hau da, jaun-andreok, buzoa jantzi eta lanera.
Sarah Chang-en bideoarekin utziko zaituztet.
Barbican Centre, un ejemplo a seguir en el mundo del eMarketing cultural, este apunte en castellano.
