Errudun bila
Larunbatean komunikabide batzuk azkar ibili ziren Tenerifeko 25 urteko mutil bati leporatzen bere bikotekidearen alabaren hilketa. Azkarrena eta traketsena, ABC. Larunbateko azalean prozesatu eta di-da epaitu baitzuen mutila. Baina handik ordu batzuetara, epaileak askatu egin zuen, itxura guztien arabera mutil honek ez baitzuen ezer egin. Beste batzuk dira hanka sartu zutenak.
Igande goizean, berriz, Leitzan izandako "atentatuarekin" esnatu ginen. Orduak pasa ahala, berriz, gauzak nahasten joan ziren eta atentatua Bartolín style ekintza bihurtu zen. Gogoratuko duzue, nola duela hamaika bat urte Bartolín zinegotzia Irunen agertu zen.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek deituta, herrialdeko zenbait kirol taldek bat egin dute emakumeen aurkako biolentzia salatzeko kanpainarekin. Larunbatean, Real Unionek parkarta bat atera zuen Nasticen kontrako partidan. Eta Nagore Laffage gaixoaren ama (gaixoa) ikusi nuen palkoan agintariekin.
Larunbatean bertan, Gal Estadioan, Real Unión taldeko aulkian zegoen 2008an bost hilabete kartzelan pasa zituen jokalari bat, beste hainbeste emakumeren kontrako sexu erasoak egiteagatik akusatuta. Bere zorionerako, Ertzaintzak Gernikan beste pertsona bat atxilotu zuen eta pertsona horri egotzi zizkioten aipatu krimenak. Geroztik, nik dakidala behintzat, komunikabideek ez dute ezer esan.
Horrela egin beharko lukete beti. Epai irmoa izan arte inor ez baita erruduna.
Zergatik jokalari horren egoera salbuespena da gaur egun? Arau izan behar zuen.
Buscando culpables, este apunte en castellano.