Hauteskunde sindikalak
Uste dut 1993. urtearen bueltan sindikatu nintzela. Dena esan behar bada ere, ez oso konbentzitua. Gaur arte, afiliatu soila izan naiz.
Urriaren 25ean hauteskundeak ditugu enpresan eta, sindikatuan jende berria dagoenez, lista berritu baten parte izateko gonbitea jaso nuen. Zalantzak alde batera utzi ondoren, baiezkoa eman nuen.
Gaur, ostirala, izan dugu hautagaitza osatzen dugunon bilera. Ez dakigu zer nolako emaitzak lortuko ditugun, baina jendearen partehartzea nahitaezkoa dela uste dugu aurrera egitearren.
Urteak pasatu ditugu gure atea zaintzen zuen atezaina aldatu gabe eta, ez bere erruz bakarrik, gol piloa jaso du gure taldeak. Enpresak abantaila darama, baina gure esku dago egoera horri buelta ematea.
Esan bezala, hilaren 25ean dira hauteskundeak. Egoerari buelta ematea nahi baduzu, segi botoa ematera. Berdin du nori, baina segi botoa ematera.
Hona hemen The Redskins taldearen Unionize kanta. Negu Gorriak-ek egin zuen euskarazko bertsioa, baina ez dut sarean topatu (oharra: Spotifyn bai, Unionize). Hona hemen Sindikatu abestiaren letra euskaraz eta gaztelaniaz.
Elecciones sindicales, este apunte en castellano.
Morales futbolaria eta Chávez esataria
Morales futbolaria (Guerra Eternan ikusia).
Chávez esataria.
Ez nago errotarriak irensteko prest
Soberan daukat kaka jaki goxo gisa saltzen saiatzen den jendea.
Soberan daukat norberaren onura soilik ikusten duen jende berekoia.
Soberan daukat ezer egiteko gai ez den jendea (ez hitz onik, ezta ekintza kaskarrik ere), baina boligrafo gorria beti prest duena inoiz hobetuko ez duen gauza kakazteko.
Soberan ditut benetako zigiluak jartzen ibiltzen diren komisario politikoak (zentzu zabalean), gutarrak eta ez-gutarrak desberdindu asmoz.
Soberan dut besteen kontura bizi den jendea, boteretsuaren edozein memelokeriari irribarre egiten diona.
Soberan dut, finean, errespetua ez dizun jendea. Hau da, garai batean Mariano Ferrerek esaten zuen moduan, errotarriak irenstera eraman nahi zaituena.
Ez dakit berrogei urte betetakoan gizonezkook izaten dugun krisiaren ondorio den, baina gauza hauek jada jasaten ez ditudan bizitzaren garaira iritsi naizelakoan nago.
Nire gorputzak jada ezin ditu onartu aipatu errotarriak.
"Gipuzkoa 2.0 Elkarlanean" jardunaldietan egon da Vicent Partal
2006ko irailean EH 2.0 jardunaldiak antolatu zituen ekintzaile talde batek Artelekun. Jardunaldi haietan egon zen Vicent Partal. Nik kronika hau idatzi nuen: "Euskaldunek ez duzue zuen burua gehiegi estimatzen". Dirudienez, jardunaldi haien ondorioz sortu zen puntueus ekimena.
Atzo, 2010eko irailak 29, Partal jauna Gipuzkoa 2.0 elkarlanean programaren baitan ekarri zuen Donostiara Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aski gustura entzun ditut, berriro ere, Vicenten hitzak. Hona hemen Lander Arbelaitz kazetariak hartutako apunteak: Euskal komunitatea Interneten indartzeko zenbait irizpide.
Lau urte pasa dira parlamentu batetik bestera. Partal beti bezain animoso sumatu dut, baina hemen ez dirudi gauzak asko aldatu direnik.
Martxa honetan, lau urte barru, hurrengo hauteskundeen atarian, Partal berriro etorriko da gurera eta batzuek behiak trenari so bezala geratuko dira.
Vicent Partal en las jornadas "Gipuzkoa 2.0 elkarlanean", este apunte en castellano.
Eguneraketa. Irailak 30. 9:15. Hasier Etxeberriak 2009ko beste erreferentzia hau utzi dit: Puntu eus lortzearen eta google euskaratzearen garrantziaz.
Amaitzear da Zinemaldiaren 58. edizioa
Urtean zehar pelikula gutxi ikusten dituen horietakoa naiz. Telebistaren agintea azkar astintzen dut etxean eta kosta egiten zait zinema aretoetara joatea.
Normalean, Zinemaldiaren garaian hiruzpalau ikusten ditut. Aurten, berriz, bi jai-egun hartu eta filmak ikusten egon naiz: lehenengoan, hiru; bigarrenean, lau. Uste dut muga-mugan egon naizela, hortik aurrera erokeria baita film gehiago ikustea. Ondo pasa dut eta, ahal badut behintzat, datorren urtean ere antzekoa egiteko asmoa daukat.
Guztien artean gehien gustatu zaidana atzo arratsaldean ikusi nuen: Barney´s version. Bikaina Paul Giamatti eta pare-parean Rosamund Pike (bertatik bertara ikusi nuen eta ze guapa, gainera). Aurretik, Chicogrande, 2010eko Kimuak uzta, Cirkus Columbia, Amigo, Aita, Cerro Bayo, Agua fría de mar, Addicted to love eta, ondoren, Poetry ikusi ditut.
1.- John Sayles-ena kenduta, ez dago Estatu Batuetako filmik zerrenda horretan: Kanada, Mexiko, Euskal Herria, Bosnia, Argentina, Costa Rica, Txina, Hego Korea.
2.- Hiru filmetan alzheimerra ageri da gai gisa (pisu gutxiago edo gehiagorekin): Addicted to love, Poetry eta Barney´s version. Eta Pasqual Maragalli buruzko Bicicleta, cullera, poma ikusi ez dudala.
3.- Gehienak erritmo motelekoak izan dira. Aita filmeko etxezainak dioen bezala: Mantso doa Historia, azkarregi bizitza. Zinemak motelduko gaitu?
4.- Maila honetako zinemaldi batek dirua behar du, konpetentzia gero eta handiagoa baita. Futbol talde batek Champions League-a jokatzeko gutxieneko aurrekontu bat behar duen bezala. 6 milioiren bueltan dabil zinemaldia, baina beste 1 edo 2 beharko lituzke.
5.- Mikel Olacireguik hamar urte egin ditu zuzendari gisa (zorionak egindako lanagatik). Jose Luis Rebordinosek hartuko du lekukoa. Pertsonarik egokiena Donostiako Zinemaldia aurrera eramateko.
Agiri berri bat
Larunbat arratsaldean jakin genuen Gara eta Berria egunkariek igandean ETAren komunikatu berri bat publikatuko zutela. Igande arratsaldean baina, Madrilgo lagun bat galdezka zebilen ea non zegoen komunikatu horren gaztelaniazko bertsioa, agiria bere osotasunean irakurri nahi zuelako. Saiatu nintzen aurkitzen, baina ez nuen inon topatu.
Gauerdian, berriz, Izaskun Pérez-ek twitter bidez adierazi zuen gaztelaniazko itzulpenarekin hastekoa zela bera. Nik esku bat botako niola esan eta bion artean itzuli genuen komunikatua: Traducción del nuevo comunicado de ETA (Alderrai); Una traducción del nuevo comunicado de ETA (Pedradas). Astelehen goizean, berriz, jakin genuen El Periódicok bezperan, iluntzean, zintzilikatuta zuela gaztelaniazko bertsio bat.
Hasiera batetik harritu nau inon ez (El Periódicorena kenduta) agertzea agiri hori gaztelaniaz. Garak euskarazko bertsioa jarri zuen eta beste komunikabideak ez dakit hari begira geratu ziren edo zer kristo. Kazetari batek komentatu dit pribatuan bere periodikoan eguerdirako egina zutela itzulpena, baina edizio-politika tarteko, ez omen dute horrelako dokumenturik argitaratzen. Ez dakit, ulergarria egiten zait medio batekin, baina inork ez argitaratzea?
Ez al dute Espainiako irakurleek komunikatu hori gaztelaniaz irakurtzeko eskubiderik? Eta hori horrela bada, nork publikatu beharko luke?
Lobo Eléctrico taldearen bideoa
Aste honetan zehar ikusi nuen twitter-en Lobo Eléctrico taldearen Mutante kantaren bideoa. Aritz Moreno da erruduna. Berak dioenez, rotoskopia teknika erabiliz 4.536 fotograma egin ditu eskuz (bideoak segunduko 25 fotograma ditu). Kontatu didatenez, 7 hilabeteko lana izan da.
Ez du meritu makala egileak, ordainezina den lana baita eta adiskide ona izan beharra dago ahalegin hori beste baten proiektuari eskaintzeko, musutruk. Zorionak, Aritz.
Bide batez, Lobo Eléctrico taldearen MySpacen ikusi ditut zeintzuk diren hurrengo kontzertuak: urriaren 2an, Donostiako Bukowskin; urriaren 15ean, Iruñeko Infernu tabernan; urriaren 23an, Bilboko Rincón de la Lolan.
Lobo Eléctrico - Mutante from Moreno on Vimeo.
Kirol kontuak
Joan den astean egon nintzen Espainiako Itzuliko etapa batzuk ikusten eta asko poztu nintzen Igor Anton egiten ari zen karrerarekin. Gehienok jakingo duzue nola joan zen lurrera asteburuan eta astelehenean Mikel Nievek irabazi zuela beste etapa handi bat. Nik baino hobeto kontatzen du dena Ander Izagirrek.
Igandean, Urdaibaik irabazi zuen Kontxako Estropada lehenengo aldiz. Ederki ospatu zuten bermeotarrek garaipena, baina garaileak daudenean, beti daude galtzaileak. Kasu honetan, Sestaoko Kaiku eta taldea baino gehiago Jose Luis Korta. Irabazle txarra denez eta galtzaile okerragoa, dopin kontuak astindu zituen. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Azkenik, gaur enteratu naiz Bartzelona futbol taldearen Peñek Trobada antolatu dutela Donostian urrian. Enrique Ramos zinegotzi sozialistak horren inguruan idatzi du bere blogean: Sin comerlo ni beberlo. Ederra montatu du. Azken gabonetan kaleko argiak zirela eta ez zirela izandakoa etorri zait gogora.
Hala, Mariano
Igandean, Espainiako Itzuliko etapa komentatzen zuen bitartean, Perico Delgadori ikusle batek galdetu zion nola motibatzen zen txirrindulari gisa. Delgadok erantzun zuen barrutik ateratzen zituela indarrak, gutxi gorabehera. Dena den, bere garaian ba omen zegoen txirrindulari bat, Mariano Sánchez, ozenki animatzen zuena bere burua: "Hala, Mariano" eta horrelakoak botatzen omen zituen pelotoian zihoala.
Barregarria da anekdota eta, batez ere, 80. hamarraldian txirrindularitza karrera egin zuen ziklista honen adibideak balio dit gaurko egunez ohetik altxatu, gosaldu, prestatu eta lanera joateko.
Udako oporren ostean, gaur, ozenki, "Hala, Iturri" esan beharko diot nire buruari.
Agiria
Hamabost egun eman ditugu etxetik kanpo, Kroazia aldean, Montenegron eta Bosnia-Herzegovinan sartu-irten bat eginez: Cavtat, Dubrovnik, Kotor (Montenegro), Mostar (Bosnia-Herzegovina), Podstrana, Split...
Dubrovnik-eko aireportua erabili genuen herrialdean sartzeko eta ateratzeko. Azken egunean, ostiralean, hiri eder horretako kaleen barna geundela, Emilio Morenatti argazkilariaren Tribal regions erakusketaren berri ematen zuen kartel batekin egin genuen topo. Horrela deskubritu genuen War Photo Limited ekimena. Laburbilduz, gerra-argazkilaritza ezagutzera eman nahi duen galeria.
Argazki izugarriak ikusi genituen. Tartean, Yugoslavia ohiko 90. hamarkadako gerraren berri ematen zuten erretratuek. Ron Haviv-en hau geratu zitzaidan iltzatuta. Serie bateko azkena da eta lurrean dauden zerraldo horren lehenari batek nola laguntzen dion ageri da lehenengoan. Hurrengoan, laguntzailea ageri da lurrean, tirokatua. Azkenak, berriz, soldadu bat hildakoei ostikoa ematen erakusten du.
Zorionez, gurean gauzak ez daude hain gaizki eta aretoaren sarreran dagoen Clausewitz-en esaldiari buelta emateko modua topatu behar dugu. Hau da, "Politika da gudaren jarraipena, beste baliabideen bitartez".
Dagoeneko erreakzio asko irakurriko zenituzten sarean eta ez dizuet txapa gehiago sartuko, baina bai dela esanguratsua Argentinako periodiko progresista, ezkerrekoa, den Página 12-k moldatu duen azala (Página 12 egunkariari buruzko sarrera wikipedian). Samuel lagunak dio estilo horretako azalak egiten dituztela normalean.
Ea zer gertatzen den datozen egunetan, baina luze joko du honek guztiak.