A Serbian Film: ez da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean proiektatuko
Hona hemen atzo gauean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko antolakuntzak bidalitako oharra: Epailearen kautelazko neurria dela-eta, bertan behera “A Serbian Film” pelikularen proiekzioak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean.
"Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak ebatzi du, kautelazko neurri gisa, A SERBIAN FILM pelikularen proiekzioa bertan behera uztea Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan, Kode Penalaren 189. artikuluan tipifikatu eta zigortutako sexu askatasunaren kontrako ustezko delitua betetzen duen edo ez erabaki arte".
"Behin betiko ebazpenaren zain, Asteko zuzendaritzak obeditu eta errespetatu egiten du epailearen erabakia; behin betiko ebazpena iritsi arte, ez du beste iritzirik plazaratuko".
"Beraz, bertan behera geratuko dira aurreikusitako bi proiekzioak: gaur Antzoki Zaharrean, gauerdiko 00:30ean, eta bihar, Victoria Eugenian, gauerdiko 00:00etan. Sarrerak erosi dituzten ikusleek, sarrera horien kostua jasotzerik izango dute aipatu bi antzokietako lehiatiletan, bihartik aurrera".
Oharra: 00:40. Precríticasek igotako bideoa da hau. Bertan, José Luis Rebordinosek, Asteko zuzendariak, aurreko filma proiektatu aurretik publiko aurrean emandako esplikazioak.
A Serbian Film, zentsura gora, zentsura behera.
Azken bolada honetan hautsak gehien harrotu dituen pelikula da “A Serbian Film”.
Lehenengo eta behin, sinopsiari erreparatuko diogu: erretiratzeko bidean den Milos porno izarra lasai ederrean bizi da emaztearekin eta semearekin batera, baina diru arazoek eramango dute tipo misteriotsu baten lan eskaintza onartzera. Pornografia artistikoaren barruan kokaturiko filma egitea ei da kontua, baina berandu samar jakingo du hori baino gehiago dagoela tartean: nekrofilia, intzestua, bortxaketak, pederastia, heriotzak... eta gehiago.
Filmak komeriak izan ditu bere ibilbidean zehar (Britainia Handian, besteak beste). Ez da ahaztu behar genero filma dela, muturreko biolentzia tarteko.
Filma Sitgesko Zinemaldian bota zutela-eta, Concha García Campoyk Cuatro telebista katean zuzentzen duen programan filmari buruz aritu ziren solasaldian aurkezlea bera eta lau kazetari (Antonio San José tarteko; gainerakoak ez ditut ezagutzen). Inork ez zuen filma ikusi, baina, tira, kontra agertu ziren hasiera-hasieratik. Zuzenean hartzen du parte Zinemaldiko zuzendari den Angel Sala jaunak, baina, trakets, ez da gai gauzak behar bezala kokatzeko.
Hurrengo egunetan, Campoyren hitzak erabili zituen Nacho Vigalondok El País periodikuaren komunitatean duen blogean: Yo no soy pacato, pero... Bertan, kantabriarrak gauzak behar diren bezala planteatzen ditu: fikzioa gauza bat da eta errealitatea bestea. Eta hori funtsezkoa da.
Campoyk Vigalondori zuzendutako Vigalondo apuntea idatzi zuen Cuatron duen blogean eta Nachok berriro erantzun zion (Concha).
Pasa den larunbatean hasi zen Donostian Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Astea. Eta bertan botako dute filma. Ostegunean, oker ez banago, ETB2ko Aspaldiko programak Asteari buruz berba egitera gonbidatu zuen José Luis Rebordinos zuzendaria. Baina Asteari buruz hitz egin beharrean, aipatu filmari buruz hitz egin omen zuten (nik ez dut programa ikusi eta, oraindik, ez dago eitb.com-en).
Beste zenbait tokitan ere galdegin diote honi buruz Rebordinosi eta, gutxi gorabehera, arrazoi hauek aipatzen ditu: filma generokoa da (muturreko biolentzia), gauerdian egingo da proiekzioa, 18 urtetik gorako jendeak ikusi ahal izango du soilik eta, gainera, jaialdiko publikoak ikusi nahi du (eta jaialdi honetan, behintzat, publikoaren iritzia kontutan hartzen da).
Tartean, baina, ustez guraso katoliko batzuen interesak defenditzen dituen elkarte bat sartu da. Espero dezagun arazorik ez izatea. Amen.
P.S.: honek ez du zerikusirik Sánchez-Dragórenarekin. Honek aipatzen zuena benetakoa zelako. Hor dago koxka.
A Serbian Film, con la censura hemos topado, este apunte en castellano.
Eguneratzea. Azaroak 3. Arratsaldeko 16:45ean. Gaztelaniazkoa utzi dit Trónak izeneko batek lotura: ikusgai dago jada Rebordinosen partehartzea A2 saioan.
Eguneratzea. Azaroak 6. Arratsaldeko 17:30ean. Lortu dut bideoa behar den bezala itsastea hemen azpian. Azkenean, gainera, epaile batek bertan behera utzi zituen A Serbian Film pelikularen proiekzioak Donostiako Beldurrezko Astean.
Rafael Berrioren Simulacro kantaren bideoa
Twitter-en eta facebook-en aipatu dut jada bideo hau, baina bueltaka daukat buruan Rafaren blogean gaur iluntzean ikusi dudanetik.
Simulacro bideoa izango da 1971 diskoaren lehen singlea. Bideoa Parisen eta Donostian grabatuta dago eta esango nuke Jean Condé dela egilea.
Aurrez betetako planak betetzen badira, diskoa datorren astean aurkeztuko dute Donostian eta salgai ere orduan jarriko da.
Donostiarrok, eta ingurukook, kontutan izan Berriok emanaldia duela azaroaren 16an Victoria Eugenia Clubean. Argi ibili, areto horrek 120 lagunentzako tokia baitu.
XIX. mendera joan da Joseba Tapia
Horrelako zerbait egin zuen Andres Neumann idazleak orain irakurtzen ari naizen El viajero del siglo liburuan ("XIX. mendea XXI. mendeko begiekin irakurtzea", sinopsiari kasu eginez gero).
Eta egokia iruditu zait hori gogoratzea Joseba Tapiaren lan berriari erreparatzeko. Kasu honetan, II. Karlistaldiko bertsoak musika ditu Tapiak. Karlisten aldekoek eta liberalen aldekoek idatzitako testu anonimoak hartu (Serafin Barojarenak, Pio Barojaren aita, diren bi tartean) eta musika jarri.
Egitasmoaren berri izan nuenean, tentuz begiratu nuen. Ausarta izan zela ere pentsatu nuen. Alde batetik, XIX. Mendeko letra horiei erreparatzeagatik. Bestetik, bost lagunez osaturiko bandarekin ateratzeagatik zuzenekoetara (gauzak dauden bezala, zaila dago horrelako formatua mugitzea Euskal Herrian barna).
Elgetan egon zela irakurri nuen twitter-en (bai, Iban, hire twitter-en, ;-). Eta kontzertua ederra izan zela ere esan zidan norbaitek.
Ostiral iluntzean Tapia, boskote karlista lagun (edo liberalak ziren?), Lugaritzen egon zen. Jende multzo ederra bildu zen aretoan eta ordu t´erdiko emanaldiaren ondoren, esan beharra dago, ni ere gustura atera nintzela kalera.
Hona hemen Tapia Eta tira eta tunba diskoko Konstituzio berria kantua aurkezten Hernaniko Biteri Kultur Etxean.
Joseba Tapia viaja al siglo XIX, este apunte en castellano.
Nola neurtzen dira telebista-audientziak Espainian?
Gaur goizean ikusi dut El Abrevadero gunean ¿Cómo funcionan las audiencias televisivas? apuntea. Bertan Alejandro Pérez Blancoren bideo bat dago (¿Quién está ahí? / Nor da hor?). Hamar minututan Pérez Blancok kontatzen du nola neurtzen diren telebista-audientziak Espainian. 4.500 lagunek ikusten dutena erabiltzen da datu horiek ateratzeko. Aparatu hori daukan pertsona batekin hitz egin du egileak.
Zertan dabil Ibarretxe?
Esan bezala, azken urte honetan apenas agertu den Ibarretxe komunikabideetan, baina astelehen goizean doktore-tesia irakurri zuen Ibarretxek Donostiako Zuzenbide Fakultatean. Tesiaren izenburua: "Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen jasangarria: eredu demokratiko baten oinarriak".
Duela aste batzuk jakin genuen Koldo Ordozgoiti kazetariak idatzitako El futuro nos pertenece. Memorias políticas del lehendakari Ibarretxe liburua argitaratuko duela azaroan Alberdaniak. Hona hemen trailerra:
Lehendakari ohia nondik nora ibili den azken bolada honetan jakiteko, googlen begira egon naiz. Asteleheneko aurkezpenak betetzen du toki dezente, baina eguneratzeak izeneko aukerarekin izan dut Berria egunkarian urriaren 12an ateratako albiste honen berri: Ibarretxe berriro jendaurrean agertzea "normaltasunez" hartu behar dela dio EAJk. Izan ere, 13an Bruselan hitzaldia eman behar baitzuen.
Astelehen arratsaldean, gainera, beste hitzaldi bat eman zuen Kursaalen. Hona hemen Imanol Lasak igotako zortzi minutuko laburpena. Aurkezle lanetan Markel Olano aritu zen.
Gauzak horrela: zertan dabil Ibarretxe?
¿En qué anda metido Ibarretxe?, este apunte en castellano
Añana
Irailaren hasieratik genuen aste bukaera begiz jota Añana ingurua ezagutzeko. Gauzak, aldiz, konplikatu egin zaizkigu eta ostiraletik igandera bitarteko ibilaldia egun bakarrekoa bilakatu da. Lagunak bai joan zirela ostiralean paraje haietara eta oso gustura egon dira Gurendesko Arbaieta Etxean.
Donostiatik ordu t´erdira dago Añanako Gatz Harana, zaharberritze edo eraberritze prozesuan dagoen ingurua. Bisita bat hitzartuta genuen, ordubetekoa, eta gidari batekin ibili gara handik barna. Halere, euria hasi du eta laburtu behar izan dugu. Gero Bovedako Neithea Puellesen bazkaldu dugu. Ondo eta prezio egokian.
Ez dut esango indar berrituta egin dugula buelta, garai hobeak bizi izan baititugu, baina pila batzuk kargatu ditugu behintzat. Hona hemen eguerdiko bisita egin bitartean ateratako argazki batzuk.
Añana, este apunte en castellano.
Gobernu aldaketa Felipek egina dela dirudi
Dear JOR:
Atzo, Zapaterok gobernu-aldaketa egin behar zuela jakin nuenean, zutaz oroitu nintzen. Burutik pasa zitzaidan, beste behin, zer pentsatuko zenukeen Zapaterok gobernu-krisia egin zuela jakiterakoan. Hau da, ministro eta ministerio batzuk kendu eta boterea zure lagun Rubalcabari eman ziola ikusitakoan. Twitter-en galdetu nuen ea zertaz idatziko zenukeen gaurko egunez eta Samuelek erantzun zidan agian Rubalcabaz idatziko zenukeela.
Jordi Barbetak La Vanguardian argitaratutako analisian dio: Zapatero se rinde al felipismo (Zapaterok amore eman du felipismoaren aurrean). Ez da gutxiagorako: Kantabriakoaz gain, Jauregui sartu da eta hortxe darrai Chavesek ere.
Periodiko berean, Montserrat Domínguezek zioen, kargugabetutako ministroez eta Leire Pajínez gain, bidean geratu den beste bat Patxi López lehendakaria dela. EAJrekin loturiko akordioaz ari zen, noski.
Eta lehendakaria aipatzen dugula, ez zaizu iruditzen EAJko hurrengo lehendakarigaia izateko aukera asko dituela Josu Erkorekak?
Duela gutxi ikusi dut telebista kate batean, ministerio ezberdinetan egindako kartera-aldaketetan jendetza zegoela. Harrigarria iruditu zait datu hori.
Beno ba, Javier, ikusiko dugu zer eragin duen aldaketa honek gure herri ttiki honetan. Otegik, behintzat, gauza interesgarriak bota zizkion Carlini El Paísek pasa den igandean publikaturiko elkarrizketan.
Jaso ezazu nire besarkada tristea, lagun. Faltan botatzen zaitugu.
Parece que el cambio de gobierno lo ha hecho Felipe, este apunte en castellano
Carlinek Arnaldo elkarrizketatu du
Ez da izan aurrez aurreko solasaldia (gobernuak nahi izan ez duelako), galdera-sorta helarazi baitzion presondegira, baina askok espero genuena gertatu da: John Carlinek Arnaldo Otegi elkarrizketatzea. Eta Otegiren hitzak zer esana ematen ari dira. Politikarien erreakzioak albo batera utzita, lerro hauek idazterakoan elkarrizketak 663 komentario ditu egunkari espainolaren webgunean, adibidez.
Arnaldo 1997. urtean agertu zen lehen lerroan, orduko HBko Mahai Nazionala kartzelaratu zutenean. Lizarra-Garaziko atarian iritsi zen lidergora. 1998ko haize fresko hura pikutara joan zen eta urte latzak pasa genituen milurte berri honetan. 2006ko su-etena nekatuago eta eszeptikoago ikusi nuen. 2010eko hau, zer esanik ez.
Uste dut Arnaldo Historiara pasako dela the organizationen aroa amaitu zuen ezker abertzaleko lider gisa, baina hori denborak esango du.
Hasier Etxeberriak gaur dioen bezala, era injustuan dago Otegi barruan. Baina zaila izango da, bolada batez behintzat, kanpoan ikustea.
Bestalde, lastima da, baina El Paíseko elkarrizketa honek bigarren mailan utzi du Berria egunkariak igande honetan publikatu duen Joseba Egibar, Rufi Etxeberria, Pello Urizar eta Patxi Zabaletaren arteko solasaldia.
La entrevista de Carlin a Arnaldo, este apunte en castellano.
Musikaren etorkizuna
Hona ekarri nahi ditut No Format zigiluko buru den Laurent Bizot-en hitzak. Diskoetxe frantziarrak katalogo laburra baina fina du (15 erreferentzia horietan, besteak beste, Mélissa Laveaux eta Gonzales). Hilabete honetako Rock de Lux aldizkariaren zenbakian elkarrizketatu dute. Hara zer dioen zigiluaren estrategiari buruz:
"Gogor aritzea lanean, ahal diren disko hoberenak egitea, modaz eta denboraz kanpo, eta konfiantza izatea. Egunen batean modelo berri bat sortuko da eta joera aldatuko da. Ez gara irtenbide mirarizkoaren jabe, baina bai dugula fede asko urte amaieran botako dugun ideian. Abonu-formula bat da, jendeak aldez aurretik erosiko ditu hurrengo gure produkzio guztiak eta horrela zigiluko proiektuak finantzatzen lagunduko digu".
"Inoiz ez genuen orain bezainbeste CD eta binilo saldu korreoz.
Horrek ez du baztertzen nik pentsatzea gazteak debaldeko gauzetara ohitu direla eta ez da erraza haiei esplikatzea musika ekoizteak kostu bat duela".
"(Spotify) mundiala da entzulearentzat,
baina guretzat interesa urria du diru-sarreren aldetik. Ez dakit plataforma hauek ahalbidetuko duten egunen batean produkzio berriak finantzatzea; publikoa masiboki bildu beharko litzateke itzulkin ekonomikoak garrantzitsuak izan daitezen. Oraintxe bertan promozioa da, beste ezer baino gehiago".
"Musika behin baino gehiagotan aldatu da euskarriz eta paradigmaz. Doakoak den-dena zanpatzea da ekidin behar duguna soilik eta sormenezko ekonomia ez pobretzea.
Garai zailak pasatzeko prest egon beharra dago. Gure osasuna banaketa-kate handiekiko dugun independentziaren araberakoa da. (...) Auzoko jatetxe txiki on baten moduan, zeinak ´fast food´ kateen aldamenean beti izango baituen bere tokia".
Ikusiko dugu, baina aurre-ordainketaren formula iritsi dela ikusi dut eta ez zait ideia txarra iruditzen. Honela, Bidehuts diskoetxeak formula hori erabiltzen ari da Mikel Laboaren omenezko Txinaurriak diskoa aurrera ateratzeko.
Eta doakotasunari buruz aste honetan Koldo Almandozek bota du harribitxiren bat.
Ikusten duzuenez, ezer berririk ez, baina norabaitera jo beharko da.