Pakean utzi arte, RRVari buruzko jardunaldiak
Ez naiz izan Imanol Larzabal musikariaren jarraitzaile: ez zitzaidan haren musika gustatzen. Kitto.
Baina esan beharra dago malamaneran hil zela gizona Orihuelan. Aldenduta, baztertuta, bakarrik. Yoyesen alde ateratzeagatik haren aurkako pintadak zirela eta ez zirela, gaizki pasa zuen eta gero ezin izan zion buelta eman egoerari.
Badira jada urte batzuk Lugaritz Kultur Etxeko areto nagusiak Imanol Larzabal izena hartu zuela, Udalaren erabakiz. Gainera, musikariaren burua omentzeko garai honetan, gutxi gorabehera, egiten dira Imanol Oroituz jardunaldiak. Aurtengoek Rock Radical Vasco: Pakean utzi arte izena hartu dute eta interesgarriak dira oso. Hau da egitaraua:
Abenduaren 1etik 27ra bitartean Pakean utzi arte argazki erakusketa ikusgai egongo da Lugaritz Kultur Etxean.
Gaur, abenduak 1, iluntzeko 19:30etan, Eriz Zapirainen Salda Badago dokumentala botako dute. RRV garaiko protagonistekin eginiko elkarrizketek osatzen dute dokumentala. Oso-osorik dago sarean eta hemen itsatsiko dut:
Salda badago from Eriz Zapirain on Vimeo.
Abenduaren 2an, 80ko hamarkada, euskal rocka baino gehiago mahai-ingurua antolatu da. Gaztelaniaz, Josu Zabala (Hertzainak), Mamen Rodrigo (Vulpes), Marino Goñi (Soñua, Oihuka, Gor...) eta Jakue Pascual (soziologoa) solastuko dira Iñaki Zaratak markatutako erritmopean.
Abenduaren 3an, kasu honetan DOKAn, The Sparteens taldeak ye-ye doinuak jarriko dizkie 80ko hamarraldiko kanta esanguratsu batzuei. Egun horretan bertan afaria ere antolatu dute Antiguako Txirain Elkartean.
Bukatzeko, hona hemen berriki ETBko Orain saioak The Sparteens taldeari eskainitako tartea. On egin.
ORAIN: 64 THE SPARTEENS from debolex films on Vimeo.
Pakean utzi arte, jornadas sobre el RRV. Este apunte en castellano.